2011/03/30
Firefox 4 lehenengo inpresioak
Ez dut asmorik ez gaitasunik analisi bat egiteko, soilik Firefox berritik zer den gehien gustatu zaidana komentatuko dut.
Has gaitezen abiadurarekin, lan handia egin dute Mozillakoek eta nabarmen azkartu da programaren abioa eta nik esango nuke orrien karga ere bai. Ez Chromiun edo Opera beste; hala da, baina abiadurarenak ez nau gehiegi arduratzen.
Gehigarriei buruz zer esan: bertsio aldaketak daudenean gehigarri batzuk erortzen dira eta beste batzuk aplikazioak bereganatzen ditu. Lehenengo kasuan Siphon dago ekipoen artean gehigarriak sinkronizatzeko erabiltzen dudan gehigarria. Tira, haren garatzaileak laster egokituko du. Irentsitakoen artean EXTMren ordezkoa zen Restart Extension dugu, zeinak klikatuz gero sesioaren fitxak gogoratzen zituen sesio berrian ireki ahal izateko; Firefox-en bertsio berriak menuko Historia atalean "Berreskuratu aurreko saioa" aukera erantsi dute eta hartara horretarako gehigarririk ez da behar. Aipamen berezia merezi du Euskalbar gehigarriak zeinak 3.9 bertsioa atera du F4-rako eta bi aurrerapen handiak ekarri ditu: batetik euskalbar erakusteko eta ezkutatzeko botoia eta bestetik hainbat azpi-fitxa ikusteko fitxa bakarrean Shift+Enter egina. Zorionak egileei, zorionekoak erabiltzaileok.
Itxurari dagokionez eskertzekoa da zein erreza den aldatzea eta nor bere gustura egokitzea. Batetik nabigadorearen bertsio berrian fitxak goian agertzen dira, nonbait fitxa eta helbide-barraren arteko integrazioa irudikatzeko. Ba nik fitxak sarri erabiltzen ditut eta maiz erabiltzen ditudan lanabesak ez ditut goiko apaletan jartzen, beraz, berehala jaitsi ditut lehengo tokira. Nola? menu barran eskuin klik egin eta barra goian desaktibatuta.
Bestetik, pantaila txikien ugaritzea dela eta, barrak gutxitu ahal izateko aukera berriak ditugu: Menu-barra fitxen barrako botoia bihur dezakegu, horretarako menu-barran bertan eskuin klik egin eta menu-barra desaktibatuta.
Estatus-barra ere desagertu da. Orriaren kargari buruzko informazioa karga irauten den bitartean agertzen da eta karga burutzean espazioa libre geratzen da. Estatus barra ordea zenbait gehigarrik erabiltzen zuten. Nik horrela konpondu dut kontua: batetik eguraldiaren berri ematen duten ForecastFox-en informazioa menu-barrara eraman dut -gehigarriaren hobespenetan informazioa tokiz mugitzeko aukera ematen du- eta beste gehigarrien informazioa ikusi ahal izateko barra oso bat erabili gabe Barlesque gehigarria jarri dut. Honek gehigarrien barra txikitzen du behar duen minimora.
Edozein modutan aldaketarik potoloenak ematen dit nabigadorearen gaitasunean eman direla, azelerazio grafikoan eta html5 estandar berriaren inplementazioan baina horiek aipamen aparte merezi dute. Hurrengo mezuetan.
Konklusio moduan nabarmenduko nuke nabigadoreen arteko lehia erabiltzaileontzat onuragarria dela eta Firefox espero genuen neurria eman duela.
Firefox-en ezaugarri nagusiak errepasa ditzakezu orri honetan.
Eta nire gogoko gehigarriak beste honetan.
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina