2019/04/14

Korrika 21 Maialen Lujanbio. Lekukoaren mezua. Gasteiz.





Ondo ikusteko klika irudian.
https://zuzeu.eus/wp-content/uploads/2019/04/21_KORRIKAren_mezua.jpg

BigBlueButton: ikasteko eta bilerak egiteko bideo-konferentzia Moodle plataforman.

BigBlueButton (BBB) software libreko web-konferentzia sistema da. Web bidez funtzionatzen du eta euskaraz badaki (nabigatzailea euskaraz konfiguratuta baduzu horrela agertuko zaizu).


2007an sortu zuten Kanadako Carleton unibertsitatean eta bi lagunen arteko bideo-konferentzietan erabili badaiteke ere bere funtzionalitateek bereziki interesgarria egin dute bileretarako eta klase zein aurkezpen publikoetarako.




BigBluebutton-en funtzionalitateak

Hiru rol daude BBBn: moderatzailea, aurkezlea eta ikuslea. 

Moderatzailea saioa sortzen duen erabiltzailea da -usu irakaslea-. Saioa sortzean moderatzaileak aurkezle rola du baina -tarte baterako- aurkezle rol hori beste parte hartzaile bati -adibidez ikasle bati- uzten ahal dio.

Moderatzaileak zer egin dezake?
Moderatzaile gisa:

  • partaideak onartu (banaka, denak batera edo pasahitzaren bidez).
  • denak zein banaka isilarazi
  • partaide bat, behar izanez gero, bileratik egotzi.
  • partaideen zerrenda deskargatu.
  • partaide bati moderatzaile rola eman.
  • testu partekatua hainbat formatutan deskargatu.
  • azpitituluak jarri.
  • banatze azpitaldeak sortu.
  • bilera bukatu 
  • saioa grabatu, osorik edo parte bat.

Moderatzaileak, berez, aurkezle rola du eta aurkezle gisa:

  • Arbel zurian idatzi eta partekatu
  • Aurkezpenak edo bestelako pdf dokumentuak kargatu, erakutsi, haien gainean marraztu edo idatzi eta beste partaideekin dokumentua partekatu.
  • Bere pantaila partekatu: mahaigain osoa edo aplikazio zehatz bat.
  • Unean bertan erantzuteko inkestak diseinatu eta aktibatu.

Ikusleak zer egin dezake? Ikuslearen lana izan daiteke pasiboa edo guztiz parte-hartzailea bere jarrera eta moderatzaileak ematen dizkion baimenen arabera posible du:

  • Azalpenak ikusi eta entzun, aplikazioaren leihoak kontrolatuz. Hau da erabiltzaile bakoitzak kontrolatzen du zein leiho eta zein tamainan ikusi.
  • Txatean parte hartu: publikoa zein pribatua irakaslearekin edo beste ikasleekin.
  • Bere egoera adierazi ikonoen bidez, esate baterako eskua altxatu parte hartzea eskatzeko.
  • Ohar partekatuetan idatzi.
  • Inkestetan bozkatu.
  • Moderatzaileak aurkezle rola ematen badio aurkezlearen funtzio guztiak erabiltzen ahal ditu. 
 Konferentzia baten kasuan moderatzaileak konferentzia emaileari aurkezle rola eman diezaioke hizlariari eta moderazio lanaz arduratu: partaideak onartu, txatari zein partaideen ikonoei arreta eman, mikrofono irekiak isilarazi, dokumentu partekatuan akta egin, azpitituluak jarri, partaideen zerrenda deskargatu, grabazioa martxan jarri eta kontrolatu...
 



Moodle URL moduan gehitu daiteke ikastaro batean baina plugin moduan integratzen ahal da. Kasu horretan komeni da berariazko zerbitzari bat jartzea edo kontratatzea zeren eta pluginak probako zerbitzu mugatua eskaintzen du. Moodlen plugin bidez integratuz gero ikusleak -ikasleak- ez dira identifikatu behar zeren eta Moodlek identifikatzen ditu.

Nola sortu bilera-gela bat Moodle plataforman

Ohiko bideo-konferentzia sistemetan jendea elkartzeko deitu egin behar zaio edo URL bat bidali jendea bilerara sartzeko. Moodlen, ordea, BigBlueButton plugina instalatuta baduzu -EAEko Hezkuntza Saileko Moodlen tamalez ez dago- bilera-gela sortzen ahal dugu eta nahi dugun guztietan erabili. Bilera gela sortzen den ikastaroak markatuko du zein diren irakasle eta ikasleak edota ikastaroan bisitariak sar daitezkeen.


Zeregina prestatzean jartzen ahal diogu eguna eta ordu zehatz bat  edo zehaztu gabe utzi behar den unean erabili ahal izateko. Bestetik, definitzen ahal ditugu erabiltzaileen rolak.

Nola sortu bilera edo konferentzia gela Moodlen:



 Emanaldiak grabatzeko ezarpenetan aktibatu behar duzu grabazioa. Grabazioa emanaldian bertan martxan jarri eta gelditu (aukera dago etenak egiteko). Bukatzean ez da ezer egin behar. Minutu batzuk pasata grabazioa ikusteko aukera agertuko da BigBlueButton duzun toki berean.


 Hori bai komeni da probatzea serio hasi aurretik konprobatzeko diapositibaz gain mahaigainaren grabazioa, arbelaren oharrak, webkamera...grabatzen ote dituen. OBS Studio, Vokoscreen-NG edo bestelako pantailaren bideo-grabazioa egiten duen aplikazioa izan daiteke B plana.

BigBlueButton zerbitzariak

EAEko ikastetxe publiko batean lan egiten baduzu edo BigBlueButton plugina ez duen beste Moodle batean aritzen bazara zure erakundetik kanpoko zerbitzari batean dagoen BBB erabiltzen ahal duzu. Partaide asko batera erabili behar badute komeni da pagoko zerbitzu bat kontratatzea baina doako hainbat zerbitzari daude oro har nahiko ondo funtzionatzen dutenak. Librezale taldeak komunikazio eta elkarlanerako tresnak izeneko orrian hauek aipatzen ditu: demo.bigbluebutton.org, bbb.jitsi.rocks, bbb.nzoss.nz, edu.cisti.org, meet.nixnet.services, senfcall.de, demo.meet.coop, bbb-1.wsweet.cloud, bbb-2.wsweet.cloud, bbb-3.wsweet.cloud.
Zerbitzu hauek erabiltzeko erregistratu egin behar da, batzuetan iraupena edo parte-hartzaile kopurua mugatua dute edota saioak ezin dira grabatu.
Horrelako zerbitzuek erregistratzen denari gela bat edo gehiago esleitzen diote. Moodle erabiltzen baduzu aski duzu gela horri URL bidez eskaintzea.

2019/04/05

Nola instalatu Geogebra Classic Ubuntun


Geogebra erabili daiteke online Geogebra Web Start orritik edo offline Classic izeneko bertsioa ordenagailuan instalatuta, eta horrela besteak beste internet konexiorik gabe ondo funtzionatuko du.

Geogebraren deskarga orria hau da.

Ubuntu, Debian edo Mint-en instalatzeko deskargatu Linux (deb) 64biteko bertsioa (oso ordenagailu zaharra bada agian sistema 32 bitekoa duzu). Deskargatzean ireki software instalatzailearekin edo gorde eta egin klik bikoitza eta instalatuko da.

Instalatu ondoren euskaraz ikusteko goian eskuinean dagoen menua ireki Settings hautatu eta Language-ko zerrendatik Basque/Euskara hautatu.

2019/03/06

Avogadro molekulen deseinatzailea

Avogadro molekulak hiru dimentsiotan (3D) irudikatzeko software libreko aplikazioa da.

Euskaraz dago eta Linux, Windows eta MacOS-en funtzionatzen du.

Ubuntu eta deribatuetan instalatzeko Software-zentrotik egin daiteke edo terminalean hau itsatsita:

sudo apt install avogadro

Programa ahaltsua bada ere DBHko 2. mailatik erabiltzeko modukoa da zeren eta oinarrizko atazak errazak dira. Atomoak zerrenda batetik hautatzen dira eta zerrendan ez badaude taula periodikotik har daitezke. Molekularen ikuspegia hobetu daiteke nabigazio tresnaren bidez.

Avogadroren oinarrizko erabilpen baten irudiak
Diseinatutako molekulak irudi formatura esporta daitezke: PNG, JPG...
Eskuliburua ingelesez Learning Avogadro The molecular editor (PDF)


Beste aplikazio interesgarriak Ubuntun
Hezkuntzarako software-bilduma


2019/02/27

Moodle: nola erabili "Gaiak fitxetan" gaien formatua

"Gaiak fitxetan" formatua Onetopic plugin bidez instalatzen da Moodlen. EAEko ikastetxe publikoen Moodletan instalatuta dago eta bertan ikusiko dugu hainbat aholku errendimendua ateratzeko.

Izan ere, Moodle ikastaro batek gai asko eta eduki handikoak baditu ikaaaaragarri luzatzen da ikastaroa. Gaien edukiak bildu eta antolatzeko hiru era bururatzen zaizkit:

A- Gaiak formatua erabiltzen badugu diseinuan Atal bat orriko zehaztu dezakegu eta gaien edukiak biltzen dira edo...

Gaiak formatuan Atal bat orriko diseinua
B- Grid edo sareta formatua
Ikastaroaren formatu bat da eta "Grid format" plugina eskatzen du erabili ahal
izateko -EAEko ikastetxe publikoetan badago-. Gai bakoitza sareta bateko irudi bati lotuta dago eta irudia klikatzean irekitzen da gaia.


C- Lauza-formatua 
Plugin bidez instalatzen da, Tiles format pluginaren bidez hain zuzen (EAEko ikastetxe publikoen Moodleen instalatuta dago). Aurrekoaren antza handia du, gaiak sare edo matrize batean agertzen dira eta lauza sakatzean irekitzen dira. Ikono joko bat du, erabili edo lauzari atzeko plano bat jar dakioke. Animazio finak eta estetika landua du.



 D- Gaiak fitxetan formatua erabili dezakegu, plugina instalatuta badago (1)

Gaiak fitxetan ezarpenak eta itxura





Formatu honek jartzen du gai bakoitza fitxa edo erlaitz batean. Formatu hau jarri daiteke gaia sortu aurretik, ikastaroa sortzean, edo gaiak sortu ondoren formatua aldatuta.


Azpi-fitxak sortu eta fitxen formatua

Fitxetan azpi-fitxak sor daitezke. Ez du goitik beherako menua sortzen bi mailako menua baizik: goian lehenengo mailako gaiak eta behean lehengo mailako gai baten azpi-gaiak.

Informazioa 1. mailako gaia eta haren menpeko gaia.



Gaiaren maila eta haren testuaren eta atzeko planoaren kolorea  gaiaren ediziotik kontrolatu daiteke:


Horrela markatuko mantenduko dugu gaia normala bezala (lehen mailakoa) edo azpi-gaia, 2. mailako gaia edo aurreko gai nagusiaren menpeko modukoa. Bertan zehatz ditzakegu ere letra eta atzeko planoaren kolorea kolorearen ingelesezko izena adierazita edo, goiko irudian ikusten den moduan, kolorea formatu hamaseitarrean  -Gcolor2 moduko aplikazio baten bitartez-.


Gai fitxetan. Fitxetan testu zuria eta atzeko planoak hainbat koloretan.

Hemendik ondorioztatzen da azpi-gaiak gai nagusiaren eskuinean edo segidan sortu behar direla eta, ondoren, edizioaren bidez 2. maila ezarri.

Fitxak edota azpifitxen ordena aldatu

Tokiz mugitu nahi duzun gaiaren fitxan, edizioa aktibatuta dagoela, baliabide eta jardueren ondoren, Fitxen ediziorako tresnak esteka agertzen da. Bertan klikatu eta agertzen den zerrendan zure gaia gaiaren ezkerrean agertzea nahi duzun zehaztu.



Baliabide eta jarduerak gai batetik bestera eramateko edizioan ekintza asinkronoak gaitu behar ditugu...

... eta ondoren mugitu nahi dugun jarduera hautatu eta helburuko gaia eta kokalekuan klikatuta hara joango da.







(1) Moodle administraria bazara -orokorra, ez gunekoa- Onetopic plugina deskargatu eta instala dezakezu.




2019/02/22

Flameshot GNU/Linuxerako pantaila-argazkiak


 
Flameshot pantaila argazkiak ateratzek aplikazio arin, interesgarri eta librea da.

Abiarazi eta zehaztu dezakezu pantailaren zein zonaren argazkia egin. Behin area zehaztuta edizio trenak ditu:


utzi

gorde

arbelera kopiatu

desegin

mugitu

arearen tamaina

difuminatu

testua

arkatza

elipsea

laukizuzen betea

laukizuzena

gezia

lerroa

arkatza



Marrazteko tresnen kolorea eta lodiera zehaztu daiteke eskuin klik eginez eta saguren gurpilaren bidez hurrenez hurren.
Kolore paleta zabalagoa nahi badugu Zuriunea tekla sakatu eta ezkerrean kolorea hautatzeko panel bat irekiko da (bertan color grab edo kolorea hautatzeko tanta kontagailua ere badago).


Martxan jarriz gero sistemaren erretiluan geratzen da ikonoa eta bertatik aukera dugu pantaila argazkia egiteko eta ezarpenak zehazteko. Ezarpenetan zehazten ahal dugu zeintzuk tresna nahi dugu aukeran izan eta aplikazio beraren kolorea. Inportantea da testua tresna aktibatzea.























Instalazioa (deb paketea)
Azken bertsioa deskargatzeko jo https://github.com/lupoDharkael/flameshot/releases web orrira eta deskargatu zure sistemari dagokion bertsioa. Ondoren bi klik egin deb paketean edo gdebi-ren bidez instalatu.

Aplikazioa hau Luberri_18.04 erremasterizazioan instalatuta dago.
GNU/Linuxerako beste aplikazioak


Atzerapena
Interfaze grafikoan oraindik ez dago aukerarik argazkiari atzerapena ezartzeko baina egin daiteke aplikazioa abiatu sistemaren erretiluan ager dadin eta orduan terminalean agindu hau eman:

flameshot gui -d 5000

non 5000 bost segundo diren, alegia denbora milisegundotan adierazi behar da.