2020/03/29

Tux Paint marraztuz ondo pasatzeko aplikazioa

Tux Paint software librearen aplikazio klasiko bat da. Umeek marrazki arruntak egiteko aukeraz gain marrazketa tresna magikoak, eta zigilu bidez animaliak eta ehunka objektu itsasten ahal dituzte.

Aplikazioa euskaraz dago.


Instalazioa:

Ubuntu eta deribatuetan terminala ireki (Ctrl+Alt+t) eta agindu hau itsatsi:

sudo apt-install tuxpaint


Linuxeko beste distribuzioetarako Windows, Mac zein Android mugikor edo tabletan instalatzeko begiratu deskarga orrian.

Pantaila osoa moduan ikusteko konfigurazio aplikazioa ireki behar da
sudo tuxpaint-config

 eta Video fitxan pantaila osoa markatuko dugu.




2020/03/28

Radio.garden munduko 8.000 irrati-kate entzungai

Radio.garden munduko 8.000tik gora irrati-kate entzuteko aukera ematen du kalitate handiko datu-korronte edo streaming bidez.

Deigarriena bere interfazea da: lurraren eskera ikusten da esker, eskuin, gora eta behera nabigatzeko aukera ematen duena eta bertan puntu berdeak. Puntu berde horiek irrati-kateen kokapena adierazten du eta klik eginez entzun ahal izango dugu.



Holandako Soinu eta Ikusmen Institutuaren ekimen honek munduko irrati-kateetatik nabigatzeko parada ematen du ehunka hizkuntza eta musika estiloak disfrutatuz. Ikastetxeetan ere kontuan izateko baliabidea izan daiteke munduko kultura ezberdinak dastatzeko ematen duen aukeragatik.

Eta atzerrian bazabiltza etxeko irrati-kateak erraz bilatu eta entzun ahal izango dituzu.




Interfazeari dagokionez aukera dago hautatutako irrati-katearen gaineko informazioa eskuratzeko bere web orria bisitatuz edota irratiaren audio-korrontea partekatzeko posta bidez.


Ezkerreko paneleko giltzarrapoa sakatuta entzuten ari garen katea finkatuko
du mundutik nabigatzen dugun bitartean.




2020/03/23

Telegram desktop: nola desaktibatu zuzentzaile ortografikoa.

Telegram Desktop, alegia mahaigaineko Telegram asmakizun handia da. Telegram ordenagailuan erabili nahi baduzu, telefonoa aldean eduki beharrik gabe, mezu honetan duzu Ubuntu eta deribatuetan instalatzeko jarraibideak. Windows eta Mac-erako jarraibideak erraz topatuko dituzu Interneten.

Kontua da azken bertsioak, 1.9.21, zuzentzaile ortografikoa daukala eta berrogeita lau hizkuntza inguruan funtzionatzen duela baina euskaraz ez (ea jakintsuren batek aztertzen duen nola egin). Bitartean, euskaraz zuzentzen ez duen bitartean alegia, bertsio hori edo goragoko bat baduzu komeni da desaktibatzea zuzentzaile ortografikoa zeren eta euskarazko hitz guztiak gorriz azpimarratuko digu.

Zuzentzaile ortografikoak desaktibatzeko Telegrameko  menuan sakatu Advanded (bai, euskarazko itzulpenak oraindik baditu gauza batzuk euskaratzeko eta, gainera, itzulpena ez dago eguneratua) eta bilatu Spell cheker atala (zuzentzaile ortografikoa) eta desaktibatu.






2020/03/22

Arbelak online

Bideo bidezko eskolak ematean arbela antzeko pantaila bat erabili nahi badugu baditugu hainbat aukera offline aplikazioetan, esate baterako Xournal++ eta OpenBoard, baina ez badugu ezer instalatu nahi online arbela erabiltzen ahal dugu. Asko dagi, hona gogoko bost ekarriko ditut:

excalidraw.com:  interfaze argia erraza eta erakargarria.
  • Software librea da.
  • Ez da erregistratu behar eta proiektuak lokalki gorde daitezke.
  • Saioa partekatu daiteke beste erabiltzaileekin.
  • Interfazea euskaraz jar daiteke.
 


 
classroomscreen.com: interfaze polita eta euskalduna. Aukera asko ditu baina erabili aurretik aztertu behar da. Merezi du bideo-tutorial hau.
  • irudiak kargatu daitezke ordenagailutik.
  • arbelaren atzeko planoa, koloreak, eta saretak ezarri daitezke.
  • widget edo tresna bereziak ditu: erlojua-egutegia, atzerako kontuak.
  • arkatza eta testua bai, forma, lerro, gezirik ez. Ezin da ikasleekin partekatu arbela.
awwapp.com:  minimalista baina doako bertsio nahiko osatua dauka. Eta oso intuitiboa.
  • irudiak kargatu daitezke eta arbela irudi bezala deskargatu.
  • edizio tresnak: arkatza, lerroa, formak, testua...
  • ikasleei gonbidatzen ahal zaie arbela partekatuta ikusteko edo editatzeko baimenarekin. Partekatzea URL eta QR bidez egin daiteke.

 

idroo.com  erraza eta interesgarria, batez ere notazio matematikoa erabili nahi duzuenontzat.

  • laguntza formulak idazteko
  • edizio tresnak: arkatza, lerroa, formak, testua..
  • editatzeko partekatu daiteke URL bidez
  • pdf edo irudi formatuan gorde daiteke. 
  • doako bertsioak ez du irudirik, dokumentuak eta estekak onartzen eta bost arbel aktibo gorde daitezke.


 

 

 

 


2020/03/20

Heimer, kontzeptu-mapak egiteko aplikazioa

Kontzeptu mapa edo mapa mentala gai baten inguruko termino nagusiak lotzen dituen diagrama da. Diagrama hauetan kutxatiletan daude kontzeptuak eta haien arteko erlazioa gezien bidez irudikatzen dira. Gezi hauetan erlazioaren testua jar daiteke. Hierarkia ez da izaten oso zorrotza baina normalean kontzeptu nagusia erdian kokatzen da eta adarren bidez zabaltzen dira gainerako kontzeptuak.



Heimer aplikazioa librea da, C++ eta Qt bidez egina, eta Linux eta Windowserako bertsioak ditu. Aplikazioaren web orria Githuben dago.

Bere ezaugarri nagusiak dira arintasuna eta erabiltzeko erraztasuna. Ez dauka formatu aukera handirik, ezin dira irudiak edo estekak txertatu... baina ez dira beharrezkoak izaten kontzeptu mapetan. Aukera gehiago ditu CmapTools aplikazioak baina astunagoa eta erabiltzeko konplexuagoa da.

Sortutako mapak gordetzeaz gain png formatura esportatu daitezke, atzeko plano koloreduna edo gardenarekin eta nahi dugun tamainakoa.

Hau izan daiteke mezu honen kontzeptu mapa:



Instalatzeko web orriaren Releases orrira joango gara, behar dugun instalazio fitxategia deskargatu: exe Windows-erako eta deb Ubuntu eta deribatuetarako eta klik bikoitza eginda instalatuko da aplikazioa.

Kontzeptu mapak diseinatzea ez da gauza erraza, kontzeptuak hautatu, haien arteko harreman analizatu eta era argian antolatzeak entrenamendua eskatzen duen ataza da. Zirriborrotik abiatuta Heimer aplikazioaren bidez txukun jartzea, ordea, oso erraza da.

Testu batetik abiatuta horrelako eskema egiteak asko laguntzen du testuaren edukia analizatzen eta ezagutza bihurtzen.

2020/03/18

Moodle, nola kontrolatu ikasleen bertaratzea eta parte-hartzea

Moodle erabiltzen da aurrez aurreko ikastaroetan, soilik online diren ikastaroak eta mistoetan. Hori dela aztertuko dugu bertaratzea eta partaidetza.

A - Bertaratzea

Saioak aurrez aurrekoak  direnean edo  online BigBlueButton edo bestelako bideo-konferentzietan.

Bertaratze mota hori kontrolatzeko Moodleek berariazko jarduera bat du: Bertaratzearen erregistroa


Ikastaroaren hasiera izan daiteke toki egokia kokatzeko.



Ezarpenak. Ikas-saioen datak eta orduak zehaztu behar dira. Saioen data-orduen errepikapena zehaztu daiteke. Saio bakoitzean gaitu daiteke ikasleek auto-erregistratzea bere asistentzia -normalean pasahitza edo Qr baten bidez-.

Egoera multzoak editatu daitezke, ohikoak B bertaratua, FJ falta justifikatua, FE falta ez justifikatua, A atzerapena...

 

Erabili aurretik konfiguratu behar da: 

 


Erabilera: Saioaren data iristean gezi berdea sakatuta aktibatuko dugu erregistroa eta ikasle bakoitzaren egoeraren  erregistroa egingo dugu (edo haiek horrela markatu badugu).

Bertaratzea pantailan ikus daiteke hainbat formatutan Txostena eskatuta edo kalkulu orri formatura esportatu daiteke.


B - Parte-hartzea

Moodlera, ordea, ikasleak edozein tokitan eta unean sar daitezke baliabideak kontsultatzera edo jarduerak egitera.

Sartzen al dira gure ikasleak, ikusten al dituzte baliabideak?

Ikasleek zereginak bidaltzen dutenean haien jardueraren berri izaten dugu baina hortik kanpo nola jakin gure ikastaroan sartzen diren eta jarritako dokumentuak, estekak, orriak eta abar ikusten ote duten?.  Jakina, ikasleak matrikulatuta egon behar dute, bisitari gisa sartzen badira jai daukagu.

Hona hemen hiru modu:

1-  Sinple eta azkar, ikusteko ikasleak gure ikastaroan sartu diren menuko partaideetan klikatu eta taulan Azken sarrera ikastarora zutabea begiratu.



2- Txosten zehatzagoak ikusteko ikastaroaren engranajean klikatu eta aukera Gehiago sakatuta ikastaroaren kudeaketarako tresna guztiak ikusiko ditugu eta bertan Txostenak.















  • Txostenen artean ikasleen aktibitate guztia zehazki jasotzen duena Agerraldiak dira. Bertan menuaren bidez zehaztu dezakegu ikaslea, unea, jarduera... eta itxura honetako txosten bat sortuko du:

Zein unetan ikasleak zer egin duen eta zein IPtik




  • Ez hain zehatza baina oso grafikoa da txostenen artean jardueraren osaketa izenekoa. Erakusten duen taulan agertzen dira errenkadetan ikasleak eta zutabeetan jarduerak.

Taula hau oso adierazgarria da, baina kontuan eduki behar dira, gutxienez, pare bat gauza:
  • taula hau ikusteko ikastaroan (eta jarduera bakoitzean) aktibatuta eduki behar dugu jardueraren osaketa, bestetik,
  • kontrol laukietan ertza etena dutenak bidalketak izaten ohi dira eta irakasleak markatu behar du jarduera osatzeko bidalketa egin behar dela. Ertza jarraia dutenak ikasleak egintzat markatu ditu baina irakasleak ezin du bermatu.
 Egun berezi hauetan irakasleok pendiente egon behar gara "deskonektatuta" dauden ikasleak Internet ez dutelako, gailu egokirik ez dutelako... eta, kasu hauetan bide alternatiboak bilatuko dugu. Sikiera zerbait ikasiko bagenu...