2019/05/06

Nola ezarri atzerapena Flameshot bidezko pantaila argazki bati

Flameshot Linuxen pantailaren argazkiak edo kapturak egin eta berauek editatzeko aplikazio arina da. Mezu honetan hari buruz jardun nintzen.

Kontua da aplikazio berri honek oraindik zeregin batzuk faltan dituela, tartean argazkiaren unea atzeratzea gaitasuna -ingelesez delay-. Garrantzitsua da zeren eta pantaila argazkia aktibatzeko unean ezin dira menuak eta beste elementuak ikusi. Horretarako aplikazioei eskatzen zaie argazkia segundo batzuk atzeratzea.

Nola konpondu arazo hau -interfaze grafikoan nola jarri asmatu arte-?

Terminalean hau idatzita:

flameshot screen -c -d 5000

baldin eta pantaila osoa nahi baduzu 5 segundoko atzerapenarekin edo

flasmeshot gui -d 5000

baldin eta zona bat interesatzen zaizun edo edizio tresnak erabili behar dituzun.

2019/05/04

Geogebraren sareta isometrikoa

Sareta isometrikoa elkarren artean 60ºko aldea duten hiru ardatzen konbinazioz osatzen da.



Oso erabilgarria da forma geometriko lauak irudikatzeko eta 3Dko formak proiekzio isometrikoaren bidez plano batean irudikatzeko.



Geogebran erabili daiteke oso era errazean. Aski dugu ohiko lauki-saretaren ordez sareta isometrikoa jarri eta zuzenkien eta poligonoen erpinak saretara doitzea,



bai eta 3Dko objektuen perspektiba isometrikoz irudikatzea, bere faltsutasuna eta guztiz. (M.C. Escher-ek erakutsi zuenez).



Lanketa digitala oso ondo konbina daiteke, bai sareta isometrikoa duen paper baten gainean kolorezko margoekin marrazten edo taula baten gainean ziriz edo txintxeta luzeez egindako matrizea eta kolorezko gomen bidez.

2019/04/14

Korrika 21 Maialen Lujanbio. Lekukoaren mezua. Gasteiz.





Ondo ikusteko klika irudian.
https://zuzeu.eus/wp-content/uploads/2019/04/21_KORRIKAren_mezua.jpg

BigBlueButton: ikasteko eta bilerak egiteko bideo-konferentzia Moodle plataforman.

BigBlueButton (BBB) software libreko web-konferentzia sistema da. Web bidez funtzionatzen du eta euskaraz badaki (nabigatzailea euskaraz konfiguratuta baduzu horrela agertuko zaizu).


2007an sortu zuten Kanadako Carleton unibertsitatean eta bi lagunen arteko bideo-konferentzietan erabili badaiteke ere bere funtzionalitateek bereziki interesgarria egin dute bileretarako eta klase zein aurkezpen publikoetarako.




BigBluebutton-en funtzionalitateak

Hiru rol daude BBBn: moderatzailea, aurkezlea eta ikuslea. 

Moderatzailea saioa sortzen duen erabiltzailea da -usu irakaslea-. Saioa sortzean moderatzaileak aurkezle rola du baina -tarte baterako- aurkezle rol hori beste parte hartzaile bati -adibidez ikasle bati- uzten ahal dio.

Moderatzaileak zer egin dezake?
Moderatzaile gisa:

  • partaideak onartu (banaka, denak batera edo pasahitzaren bidez).
  • denak zein banaka isilarazi
  • partaide bat, behar izanez gero, bileratik egotzi.
  • partaideen zerrenda deskargatu.
  • partaide bati moderatzaile rola eman.
  • testu partekatua hainbat formatutan deskargatu.
  • azpitituluak jarri.
  • banatze azpitaldeak sortu.
  • bilera bukatu 
  • saioa grabatu, osorik edo parte bat.

Moderatzaileak, berez, aurkezle rola du eta aurkezle gisa:

  • Arbel zurian idatzi eta partekatu
  • Aurkezpenak edo bestelako pdf dokumentuak kargatu, erakutsi, haien gainean marraztu edo idatzi eta beste partaideekin dokumentua partekatu.
  • Bere pantaila partekatu: mahaigain osoa edo aplikazio zehatz bat.
  • Unean bertan erantzuteko inkestak diseinatu eta aktibatu.

Ikusleak zer egin dezake? Ikuslearen lana izan daiteke pasiboa edo guztiz parte-hartzailea bere jarrera eta moderatzaileak ematen dizkion baimenen arabera posible du:

  • Azalpenak ikusi eta entzun, aplikazioaren leihoak kontrolatuz. Hau da erabiltzaile bakoitzak kontrolatzen du zein leiho eta zein tamainan ikusi.
  • Txatean parte hartu: publikoa zein pribatua irakaslearekin edo beste ikasleekin.
  • Bere egoera adierazi ikonoen bidez, esate baterako eskua altxatu parte hartzea eskatzeko.
  • Ohar partekatuetan idatzi.
  • Inkestetan bozkatu.
  • Moderatzaileak aurkezle rola ematen badio aurkezlearen funtzio guztiak erabiltzen ahal ditu. 
 Konferentzia baten kasuan moderatzaileak konferentzia emaileari aurkezle rola eman diezaioke hizlariari eta moderazio lanaz arduratu: partaideak onartu, txatari zein partaideen ikonoei arreta eman, mikrofono irekiak isilarazi, dokumentu partekatuan akta egin, azpitituluak jarri, partaideen zerrenda deskargatu, grabazioa martxan jarri eta kontrolatu...
 



Moodle URL moduan gehitu daiteke ikastaro batean baina plugin moduan integratzen ahal da. Kasu horretan komeni da berariazko zerbitzari bat jartzea edo kontratatzea zeren eta pluginak probako zerbitzu mugatua eskaintzen du. Moodlen plugin bidez integratuz gero ikusleak -ikasleak- ez dira identifikatu behar zeren eta Moodlek identifikatzen ditu.

Nola sortu bilera-gela bat Moodle plataforman

Ohiko bideo-konferentzia sistemetan jendea elkartzeko deitu egin behar zaio edo URL bat bidali jendea bilerara sartzeko. Moodlen, ordea, BigBlueButton plugina instalatuta baduzu -EAEko Hezkuntza Saileko Moodlen tamalez ez dago- bilera-gela sortzen ahal dugu eta nahi dugun guztietan erabili. Bilera gela sortzen den ikastaroak markatuko du zein diren irakasle eta ikasleak edota ikastaroan bisitariak sar daitezkeen.


Zeregina prestatzean jartzen ahal diogu eguna eta ordu zehatz bat  edo zehaztu gabe utzi behar den unean erabili ahal izateko. Bestetik, definitzen ahal ditugu erabiltzaileen rolak.

Nola sortu bilera edo konferentzia gela Moodlen:



 Emanaldiak grabatzeko ezarpenetan aktibatu behar duzu grabazioa. Grabazioa emanaldian bertan martxan jarri eta gelditu (aukera dago etenak egiteko). Bukatzean ez da ezer egin behar. Minutu batzuk pasata grabazioa ikusteko aukera agertuko da BigBlueButton duzun toki berean.


 Hori bai komeni da probatzea serio hasi aurretik konprobatzeko diapositibaz gain mahaigainaren grabazioa, arbelaren oharrak, webkamera...grabatzen ote dituen. OBS Studio, Vokoscreen-NG edo bestelako pantailaren bideo-grabazioa egiten duen aplikazioa izan daiteke B plana.

BigBlueButton zerbitzariak

EAEko ikastetxe publiko batean lan egiten baduzu edo BigBlueButton plugina ez duen beste Moodle batean aritzen bazara zure erakundetik kanpoko zerbitzari batean dagoen BBB erabiltzen ahal duzu. Partaide asko batera erabili behar badute komeni da pagoko zerbitzu bat kontratatzea baina doako hainbat zerbitzari daude oro har nahiko ondo funtzionatzen dutenak. Librezale taldeak komunikazio eta elkarlanerako tresnak izeneko orrian hauek aipatzen ditu: demo.bigbluebutton.org, bbb.jitsi.rocks, bbb.nzoss.nz, edu.cisti.org, meet.nixnet.services, senfcall.de, demo.meet.coop, bbb-1.wsweet.cloud, bbb-2.wsweet.cloud, bbb-3.wsweet.cloud.
Zerbitzu hauek erabiltzeko erregistratu egin behar da, batzuetan iraupena edo parte-hartzaile kopurua mugatua dute edota saioak ezin dira grabatu.
Horrelako zerbitzuek erregistratzen denari gela bat edo gehiago esleitzen diote. Moodle erabiltzen baduzu aski duzu gela horri URL bidez eskaintzea.

2019/04/05

Nola instalatu Geogebra Classic Ubuntun


Geogebra erabili daiteke online Geogebra Web Start orritik edo offline Classic izeneko bertsioa ordenagailuan instalatuta, eta horrela besteak beste internet konexiorik gabe ondo funtzionatuko du.

Geogebraren deskarga orria hau da.

Ubuntu, Debian edo Mint-en instalatzeko deskargatu Linux (deb) 64biteko bertsioa (oso ordenagailu zaharra bada agian sistema 32 bitekoa duzu). Deskargatzean ireki software instalatzailearekin edo gorde eta egin klik bikoitza eta instalatuko da.

Instalatu ondoren euskaraz ikusteko goian eskuinean dagoen menua ireki Settings hautatu eta Language-ko zerrendatik Basque/Euskara hautatu.

2019/03/06

Avogadro molekulen deseinatzailea

Avogadro molekulak hiru dimentsiotan (3D) irudikatzeko software libreko aplikazioa da.

Euskaraz dago eta Linux, Windows eta MacOS-en funtzionatzen du.

Ubuntu eta deribatuetan instalatzeko Software-zentrotik egin daiteke edo terminalean hau itsatsita:

sudo apt install avogadro

Programa ahaltsua bada ere DBHko 2. mailatik erabiltzeko modukoa da zeren eta oinarrizko atazak errazak dira. Atomoak zerrenda batetik hautatzen dira eta zerrendan ez badaude taula periodikotik har daitezke. Molekularen ikuspegia hobetu daiteke nabigazio tresnaren bidez.

Avogadroren oinarrizko erabilpen baten irudiak
Diseinatutako molekulak irudi formatura esporta daitezke: PNG, JPG...
Eskuliburua ingelesez Learning Avogadro The molecular editor (PDF)


Beste aplikazio interesgarriak Ubuntun
Hezkuntzarako software-bilduma