2016/05/28

Sumnotes.net pdf-etan nabarmendutako testuak eta oharrak erauzten dituen web orria

Ikasleen azken birpasarako interesgarria izan daiteken web orria da sumnotes.net.

Pdf dokumentuetan testua nabarmentzeko eta oharrak egiteko hainbat aplikazio daude. Linuxerako pare bat gomendatu ditut blog honetan: MasterPdfEditor eta Foxit.

Sumnotes egiten duena da, behin erregistratu ondoren eta doako bertsioaren mugen barnean (50 orriko dokumentuak, 50 testu nabarmenduak, 50MB eta 5 irudi dokumentuko), pdf dokumentuan nabarmendu ditugun testuak eta egin ditugun oharrak erauzten ditu web orrira eta bertatik hainbat formatutan esporta daitezke.

Atzeko planoan pdf dokumentuan nabarmendutako testua, erdiko planoan Sumnotes orria erauzketa egin ondoren eta aurreko planoan erauzitako testua testu prozesadorean.

Azterketa aurreko orduetan dokumentuan nabarmendutakoa birpasatzeko interesgarria izan daiteke.

Hau eta beste web aplikazioak eskuin paneleko web-aplikazioak estekan

2016/05/25

Mapchart.net mapa mutuak editatzeko web aplikazioa

Mapa mutuak editatzeko web aplikazio interesgarria da mapchart.net.
Erabilera errazekoa.


  1. Lehenik eta behin mundua, kontinente edo estatua aukeratu (estatu gutxi batzuk ditu erregioetako banaketarekin: Frantzia, Alemania, AEB, Txina, Grezia...).
  2. Ondoren koloreen legendak zehaztu eta estatuetan klik eginez koloreztatu.
  3. Azkenik  irudia png formatuan deskargatzeko aukera dago. Beste aukera bat da pantaila kapturatzaile batez (esate baterako HotShots edo Shutter-ez) mapa atzeman eta, nahi izanez gero testua eta gainerako edizio lanez osatu eta mapa gorde.

Azpiko mapan, esate baterako, HotShoten bidez maparen titulua jarri dut.

Europako estatuen hezkuntza gastua BPGren %tan (Iturria: Wikipedia)


Hau eta beste web-zerbitzu interesgarriak blogaren eskuineko paneleko Web-aplikazioak loturan daude.

2016/05/23

Nola sortu stop-motion bat OpenShot bideo editorean

Stop-motion-ak eta argazkien bidezko time-lapse-ak sortzeko gakoa irudiak sekuentzia moduan inportatzea eta denbora-lerroan ere sekuentzia eran kokatzea da. Ikus dezagun nola egin daitekeen:

1- Deskargatu argazkiak ordenagailura.
2- Ireki OpenShot eta fitxategi-arakatzailea. Hautatu argazkiak arakatzailean, arrastatu eta jaregin OpenShoten proiektuaren fitxategien kutxan.

3- Editoreak galdetuko digu ea sekuentzia moduan inportatu nahi dugun: BAI.

(agian editoreak esango digu lehenengo irudia ez dela baliozko irudia, bideoa edo audioa. OK, onartu).

4- Hautatu argazki guztiak proiektuaren fitxategien kutxan Ktrl+A eginda.

5- Hautatutako argazkien gainean eskuin-klik egin eta agindu gehitzeko denbora-lerrora


6- Argazkiak nola gehitu behar diren ezartzeko leihoa irekiko da:

Bertan zehaztuko dugu hasiera-unea, pista eta irudien iraupena segundotan. Kasu honetan 0,20 segundo jarrita bideoan segundoko 5 fotograma izango ditugu. Zuk erabaki tartea.

7- Hortik aurrera nahi izanez gero tituluak, musika...eta esportatu bideoa.



2016/05/21

Gelditu, mesedez. Jaitsi nahi dut.

Keiichi Matsudak sei minutuko bideo honetan hiperkonektibitatea eta errealitate areagotuaren eskutik hurbiltzen ari zaigun etorkizun distopikoa erakusten digu.
Zer pentsa ematen du!


HYPER-REALITY from Keiichi Matsuda on Vimeo.

2016/05/20

Konpozer html editorea eta blogak

Blog batean bere editoreaz egin ezin diren elementuak txertatzeko, hala nola taulak, aukera bat izan daiteke html editore batean -hala nola, Konpozer- egitea, html ikuspegian ikusi (View > HTML source), kopiatu eta blogean HTML edizioan itsatsi.
Adibidez
proba
BERRIA ARGIA
ELHUYAR
berria
argia
elhuyar


2016/05/19

Screenkey aplikazioak erakusten du zer tekleatzen ari zaren

Linuxerako aplikazio hau oso interesgarria da, esate baterako, proiektorea erabiltzen duten irakasleentzat. Haren bidez ikasleek garbi ikusten dute irakasleak, edo dena delakoak, idazten duen testua eta sakatzen dituen laster-teklak.



Era berean bideo-tutorialetarako ere erabilgarria suerta daiteke.

Nola instalatu. Itsatsi eta exekutatu honako agindu hauek:

sudo add-apt-repository ppa:nilarimogard/webupd8
sudo apt update
sudo apt install screenkey

Aplikazioa gehigarrien multzoan azaltzen da eta exekutatzean ikonoa panelean agertzen da. Hortik aukera dugu gelditzeko edota konfiguratzeko. Esate baterako zenbat segundoz erakutsi behar duen testua, non eta nola.
Gelditzeko paneleko ikonotik egingo dugu.









Linuxerako beste aplikazio interesgarriak.



Oharrak:
- Argi ibili pasahitzekin. Desaktibatzeko bietako bat edo Ctrl ezker +Ctrl eskuin edo paneletik gelditu.
- Irakasle moduan irisgarritasuna ere gogoan izan behar duzu. Aplikazio hau baliagarria izan daiteke ikusmen arazoak dituzten ikasleentzat.