firefox etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
firefox etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014/10/19

Firefox: nola inprimatu hautapena

Badirudi Firefoxen 29. bertsiotik aurrera inprimatzeko menutik hautapena inprimatzeko aukera kendu zutela. Batek daki zergatik!

Edozein modutan bada trikimailu bat hautapena inprimatzeko. Hau da: inprimatu nahi dugun pasartea hautatu eta sakatu

Ctrl + p

Hori eginda hautapena inprimatzeko aukera ematen du.

2014/07/26

Nola ikusi swf fitxategi bat Linuxen Firefoxekin

swf fitxategiak erreproduzitzeko Firefox-ek Shockwive plugina  -baita Flash Plugin deituta-  behar du. Plugina instalatuta duzula egiaztatzeko Firefoxen menuan klikatu Gehigarriak > Pluginak eta ez baduzu instalatu jarraipide hauen bidez.



Kontua da badirudi Firefox-en azken bertsioek (31.a behintzat) akats bat dutela mime-type esleipenean. Mime-type edo Internet media type da posta bezeroek erantsitako fitxategiekin eta nabigatzaileek htlm formatua ez duten fitxategiak irekitzeko zer aplikazioa erabili behar duten adierazten duen identifikatzaile estandarra.

Konponbidea:

Editatu freedesktop-org-xml fitxategia terminalean hau itsatsita:


 sudo gedit /usr/share/mime/packages/freedesktop.org.xml

eta fitxategi horretan ordeztu
<mime-type type="application/vnd.adobe.flash.movie">

honekin:
<mime-type type="application/x-shockwave-flash"> 

gorde fitxategia eta kito, jadanik ikusi ahal izango duzu





2014/05/01

Firefox 29 eta Australis itxura berria

Sei asteroko zikloa beteta kalean da Firefox 29 eta azkeneko bertsioetan aldaketa txikikiak izan badira ere oraingoan erabiltzaile arruntarentzat aldaketa nabarmena dakar: Australis izeneko itxura berria.

Zertan datza? aldaketa ugari ditu baina nabarmenena da menu nagusia desagertu eta ezker aldeko Firefox testuko botoia ere bai eta haien ordez eskuinean hiru marratxoko botoia [1].
Botoia klikatuta ikono handiko aukerak agertzen dira, dudarik gabe tabletetan pentsatuz, baina ordenagailuetan ere garbi eta praktikoa.



 Koadro horren beheko izkinan, berdez, pertsonalizatzeko aukera: ezin errazagoa elementuak arrastatu eta jaregin panel nagusitik, aukeren koadrora edo biltegira [2]. Horrek ematen du aukera di da batean pertsonalizatzeko panela eta koadroa. Gehienetan dozena erdi aukera baino ez baitugu erabiltzen, hori bai, nork bereak.
Bestetik biltegiko ezker aldeko izkinan [3] aukera dago betiko menu barra eta lastermaken tresna barra aktibatzeko.

Onura handiena tableta eta pantaila txikietan ematen da baina bestelako ekipoei ez die kalterik egiten nire ustez.

Bestetik ekipoak sinkronizatzeko sistema berria du. Ba zegoen beharra. Sistema berria pasahitzaren bidez kudeatzen da baina oraindik ez dut frogatu. Sistema zaharra berriarekin batera mantenduko da.

Akats bat dela kausa bertsio berrian elementu batzuk erdaraz agertzen dira. Hori erraz konpon daiteke hizkuntza paketea deskargatu eta instalatuta.

Eguneratzea 2014/6/4ean
Aipatu akatsaz gain Firefoxen bertsio honetan deskargatutako PDF dokumentuak bere pluginarekin gaizki inprimatzen dira. Akats biak konpontzeko modua izan daiteke 29.0.1-ra bertsioberritzea. Horrela egin daiteke, terminalean ondoko aginduak hurrenez hurren itsatsi eta exekutatu:

sudo add-apt-repository ppa:ubuntu-mozilla-security/ppa
sudo apt-get update 
sudo apt-get upgrade

2014/03/19

Nola desaktibatu Firefoxen PDF ikustailea

Firefox nabigatzaileak duela gutxi PDF dokumentuen ikustailea jarri du eta, egia esateko, oraindik ez dabil bat ere fin. Batetik dokumentu osoa deskargatu beharrean zatika deskargatzen du, dokumentuan aurrera egin ahala, eta horrek dokumentuaren ikustea moteltzen du. Bestetik Firefoxen PDF ikustaileak ez du bat ere ongi inprimatzen.

Nirekin bat bazatoz eta Firefoxen PDF ikustailea desgaitu nahi baduzu menuan egin Edizioa > Hobespenak > Aplikazioak. Zerrendan bilatu PDFak eta  Aurrikusi Firefox(e)n esaten duen tokian Dokumentu ikustailea erabili (lehenetsia) jarri. Hartara lehenetsita duzun PDF ikustaileak irekiko ditu deskargatutako PDF dokumentuak.


2014/01/28

Nola konpondu seguritate-errorea Oracle Java 7-n

Javaren segurtasun akatsak sistema eragile eta interneteko nabigatzaileen garatzaileei buruko min handiak ematen omen dizkie eta gogor jarri dira Oraclerekin eta Oracle Java erabiltzen duten garatzaileekin. Segurtasun egiaztagiria eskuratzen ez duten aplikazioak ez dute funtzionatzen Oracle Java-ren gaur egungo azken bertsioarekin (7u51).
Hori gertatzen da matematika eta fisikako appletekin, jclic, geogebrako web-ekin...
Hau da azaltzen den pantaila:



Aplikazioek segurtasun-egiaztagiria eskuratu bitartean Oraclek proposatzen duen behin-behineko irtenbidea hau da:

1- Kopiatu exekutatu nahi duzun java-appletaren web orriaren helbide orokorra. Esate baterako Manuel Sadaren Matematika interaktiboen kasuan:

2- Ubunturen menu orokorrean Aplikazoak > Sistemaren tresnak > Hobespenak > Oracle Java 7 Plugin Control Panel-ean Security fitxa ireki eta Edit Site List.. klikatuko dugu. Bertan guretzat fidagarriak diren helbideak jarriko ditugu; horretarako Add egin eta agertzen den lehiatilan kopiatu dugun helbidea itsatsi Ctrl+V eginez:


OK klikatu onartzeko eta hemendik aurrera ekipo horretan zuk web orri horren java-appletak erabili ahal izango dituzu ohartarazpen guztiak onartu ondoren. Hori erabiltzaile bakoitzak behar dituen ekipo guztietan eta Oracle Java erabiltzen duten orri guztiekin egin beharko du.

Horrelako toki asko erabiltzen badituzu beste aukera bat izan daiteke Java-ren segurtasun maila jaistea. Horretarako lehen aipatutako Security fitxan gomendatutako segurtasun maila altutik (hight) tartekora  (medium) pasa behar duzu



2013/10/21

Eusbalbar 4.0-ren berritasunak

Euskalbar, hiztegiak, korpusak, sinonimoak, terminologi-baseak, lokuzioak eta abar biltzen duen Firefoxerako tresna barrutik berritu dute, aurreko bertsioaren erroreak zuzendu eta lanabes berriak erantsi dizkiote.

Euskalbarrako kontsulta aurreratua

Berritasun asko ditu eta bere web orritik kontsulta daitezke. Proba txiki bat eginda bi azpimarratuko ditut: azkarrago dabil eta Berriaren Estilo liburua.

Euskalbar instalatzeko Firefoxen Tresnak > Gehigarriak > Eskuratu gehigarriak eta Euskalbar idatzi bilatzeko leihatilan edo, bestela, hemen klikatu. Euskalbar berritzeko Gehigarrietan Kendu eta berriz instalatu.

2013/10/16

Firefox: nola iragazki zure lastermarkak

Firefoxen helbide-barran zerbait idazten hasi eta berak web orriak iradokitzen dizkigu. Zeintzuk?
  • historian ditugunak, alegia bisitatu ditugunak.
  • laster-marketan ditugunak.
  • une honetan fitxetan irekita ditugunak.

Iradokitzea findu nahi baduzu banaka iragaz ditzakezu idazten duzunaren aurrean honako ikurrak jarrita:
^  historiarako
*   laster-maketetarako
%  irekita dauden leihoetarako

Hiruetatik interesgarriena * laster-markena iruditzen zait ehunka laster-marka egina baititut eta karpetetan antolatu arren kosta egiten zaidalako orriak topatzea.

Beheko kapturan ikusten da "* eskola" idatzita nire laster-marketan eskola hitza duten web-orriak nola iradokitzen duen.



2013/07/30

Testu txikirik ez Firefoxen


Web editore batzuk ez dute letra tamainak zaintzen eta oso letra txikia erabiltzen dute; bestetik zenbait irakurleen begiek, nekeagatik edo dena denagatik, zailtasuna dute letra txikiak ikusteko.

Kasu baterako zein besterako No Small Text Firefoxerako gehigarria laguntza handia ematen du.

Instalazioa: No Small Text gehigarria.

Erabilera: Behin instalatuta -ez da berrabiarazi behar- tresna barran agertuko da. Ondoan beheranzko gezian klikatuta aukera dezakegu zein den nahi dugun gutxieneko testu tamaina. Bestetik ikonoa berdea badago funtzioa aktibatuta dago eta klikatzen badugu gorria jartzen da -desaktibatuta-. Bi eratara erabil daiteke: beti aktibatuta -berdea- edo desaktibatuta -gorria- eta beharra sumatzen klikatu aktibatzeko.

Desinstalazioa: Probatu eta gustura geratu ez bazara Tresnak > Gehigarriak > hautatu eta kendu.

Firefoxen beste gehigarri interesgarri

2013/07/17

Euskalbarraren kontsulta aurreratua

Euskalbar Firefox-erako gehigarri ezaguna da. Haren bidez termino baten hiztegi, sinonimo, corpus, lokuzio-kontsultak egin daitezke.

Badu gainera modu bat kontsultak multzoka egiteko, alegia laster-teklak erabiltzen hainbat hiztegi edo zerbitzuren kontsulta ematen digu instant batez eta pantaila bakarrean.

Behin Euskalbar instalatuta barra nagusian liburu gorri bat agertuko da. Haren ezkerreko gezian klika eta Hobespenak > Kontsulta aurreratua egingo dugu eta bertan definituko dugu hizkuntza-pare bakoitzerako tekla-konbinazio hori egitean (nahiko izaten da Shift+Enter-ekin) zein baliabide kontsultatzea nahi dugun.

Azpiko irudian ikus daiteke laster-tekla sakatzean batera agertu direla Euskalterm, Elhuyar, Morris eta Opentran itzulpen-memoria.


Oharra
Euskalbar soilik Firefoxen funtzionatzen du. Chromium/Chromerako Hiztegibar dago baina ez dakit kontsulta aurreratua duen.

2013/07/01

WebGL Water: 3D mugimenduan nabigatzailean

WebGL Water web orrien garapenean eta grafikoetan aditua den Evan Wallace-ren proiektua da eta WebGL-ren gaitasuna erakusten digu.
WebGL (Web Graphics Library) interneteko nabigatzaileetan hiru dimentsiotako grafikoak errendatu edo prozesatzeko erabiltzen den  javascript API bat da.

WebGL-ren erakustaldi honekin disfrutatzeko txartel-grafiko potente samar bat eduki behar duzu kontrolatzaile berriak dituena eta Chromium-Chrome edo Firefox nabigatzailea.  Hala bada irudian klik egitean irekitzen den web-orrian uraren simulazio harrigarria ikusiko duzu erreflexio eta errefrakzio efektuekin eta itzal ezin errealagoekin.

Zer egin daiteke:
uraren gainazalean klikatu edo saguarekin marraztu.
piszinan klik egin eta arrastatzen baduzu kuboa posizioz aldatuko da.
pilota ere mugi dezakezu, uretatik atera eta G klikatuta askatu eta erortzen utzi.
Espazio-barra klikatuta mugimendu oro gelditzen da.
L klikatuta argiaren norabidea alda daiteke.

Merezi du pantaila osoan ikustea (F11)
Martxan jartzeko klikatu irudian.


Zure ekipoan ez badabil bideo honetan ikus dezakezu aukerak. Arazoa nabigatzailea baldin bada Firefox hemendik deskarga eta instala dezakezu.

2012/12/02

Euskalterm berriz ere Euskalbarrean.

Euskalterm zaharra gelditu zutenetik ezin zen kontsulta egin Firefox-en Euskalbarrean baina bertsio berria, 3.11, martxan dago gaurtik eta berriz ere egin daitezke kontsultak, bai Euskalterm botoia sakatuta...

eta bai bilaketa konbinatuetan. Bilaketa konbinatuak hobespenetan definitzen dira hiztegitxo gorrian eskuin klik eginik.


Bertsioa berritzeko Firefoxera jo > Tresnak > Gehigarriak eta bilaketako leihatilaren ondoan agertzen den tresna-ikonoan egin klik eta Bilatu eguneratzeak eman.



Informazio gehiago Euskalbar berriari buruz hemen.
Euskalbar Firefoxen instalatzeko hemen.
Firefox instalatzeko hemen edo hemen,
Firefoxentzako beste zenbait gehigarri interesgarri hemen.

Eskerrik asko Julen eta Asierri. Lan bikaina.

2012/11/20

EpubReader, Firefoxen epub liburuak irakurtzeko gehigarria

Ordenagailua ez da gailurik egokiena liburu elektronikoak irakurtzeko, netbook-en kasuan ere gailuaren pisua eta argitasuna ez da egokiena baina gauzatxo batzuk kontuan hartua ezin da baztertu aukera erabilera intentsiboa ez bada.

Linuxen badira aplikazioak epub eta antzeko formatuak dituzten liburu edo dokumentuak irakurtzeko, besteak beste FBReader baina aplikaziorik instalatu gabe Firefox gehigarri baten bidez epub-ak irakurtzek aukera ematen digu: EpubReader.

Gehigarria instalatzeko egin klik hemen. Berrabiarazi eta prest. Hemendik aurrera web batek epub liburu bat deskargatzeko aukera ematen badizu EpubReaderrek irekiko du eta dagoeneko deskargatuta baduzu egin Fitxategia > Ireki fitxategia eta arakatu delako fitxategia. Liburu bat irekitzen denean katalogora sartzen du. Katalogoa ikusteko egin Tresnak > Epub Catalogo:

Liburu bat irekitzean ezkerreko panelean kapitulu edo atalak ageri dira eta eskuinean testua. Alboko panela ezkuta daiteke. Beheko barra batean ageri dira besteak beste konfiguratu, nabigatu eta ikusteko aukerak.

Kasu honetan nik atzeko planoa beltza eta letra zuria jarri dut. Kontuan izan behar dugu liburua edo dokumentua pdf formatuan baino hobeto irakurtzen dela epub formatuan zeren eta letra handitzeko aukera ematen du -pdf formatuan dokumentu osoa handitu behar da-. Pdf formatutik Epub formatura pasatzeko Calibre aplikazioa erabil dezakegu.

Hobeto ikusteko F11 sakatzea komeni da pantaila osoan ikusteko.

Dudarik gabe Firefox-en gehigarri hoberenen katalogoan egotea merezi duen gehigarria.

2012/09/02

Right Inbox: Gmail-en posta-bidalketa programatu edota jarraitu

Gmail-en posta mezu bat unean bidali beharrean programa dezakezu beranduago edo nahi duzun egun eta orduan bidaltzeko. Bestetik gehigarri honek aukera ematen dizu bidalitako mezu baten jarraipena egiteko eta jasotzaileak irekitzen badu mezu bat jasoko duzu.

Behin mezu baten bidalketa programatuta Zirriborroen karpetan kokatzen da eta bidali baino lehen damutzen bazara aski duzu karpeta horretatik ezabatzea.

Bestetik aukera ematen du ere mezu bat bidali eta jasotzaileak irekitzen badu horren berri ematen dizu -jasotzailea ohartu gabe-. Horretarako goiko irudiko menuan agertzen den Track laukitxoa aktibatu behar duzu.



Gehigarri hau Firefox, Chromium, Chrome eta Safari nabigatzaileetan dabil.
Doako instalazioak hilabetean 10 mezu programatzeko edo jarraitzeko aukera ematen du, gehiago behar izanez gero ordainpeko bertsioa instala dezakezu.

Informazio gehiago eta instalazioa hemen.



2012/02/19

Firefox Image Resizer



Firefoxen gehigarri honen bidez edozein web handiago edo txikiago ikus dezakezu.

Hemendik instala daiteke.

Web orriko irudia handiagoa ikusteko egin ezker-klik eta arrastatu eskuinerantz. Hasierako tamainan ikusteko egin eskuin-klik.
Txikiago ikusteko ezker-klik eta arrastatu ezkerrerantz.


Beste hainbat gehigarri interesgarri.

2012/01/30

Zuzentzaile ortografikoa Firefox eta Thunderbirden

Jende askok zuzentzaile ortografikoa testu prozesadorearekin lotzen du baina gaur egun idazten den gehiena nabigatzailean eta posta bezeroan idazten da.
Nabigatzailea web orriak ikusteko ezezik idazteko aplikazioa ere bada eta: web-postetan mezuak bidali, blogetan idatzi, txiokatu, formularioak bete, wikietan parte hartu, Google-Docs, sare sozialak eta abar. Eta idazten dugun toki guztietan hanka sartzen dugu -nik behintzat-.
Garai batean Firefox eta Thunderbirden zuzentzaile ortografikoa erabili ahal izateko gehigarrietan Xuxen instalatu behar zen. Gaur egun ez da deus instalatu behar erabili ahal izateko.
Ikus dezagun nola funtzionatzen duen eta nola aktibatzen den.
Idazten dugunean akatsa egiten badugu zuzentzaileak detektatu eta gorriz azpimarratzen du eta azpimarratutako hitzean eskuin klik egiten badugu zuzenketak proposatzen dizkigu (1).


Horretarako, eskuin klik egitean zabaltzen den alboko menuan, Zuzendu ortografia markatuta eduki behar dugu (2) eta haren azpiko Hizkuntzetan mezuaren hizkuntza egokia jarri behar dugu, kasu honetan euskara (3). Mezua gazteleran edo beste erdara batean badago zerrenda horretan hizkuntza aldatuko dugu.
Google Docs-en ez dabil.

Thunderbird posta bezeroan zuzentzaile ortografikoa ere badabil inolako gehigarririk instalatu gabe.



Zuzentzaileak akatsak detektatzea nahi badugu menuan egin behar dugu: Editatu > Hobespenak > Mezu prestatzea eta bertan zuzenketa markatu eta erabili behar dugun hizkuntza zehaztuko dugu.




2012/01/28

Firefox : Nola antolatu laster-markak






Hirugarren bertsioa arte Firefoxek bazuen menuko Laster-markak atalean berauek antolatzeko funtzioa baina bertsio berrietan kendu dute. Azken bertsioetan laster-markak antolatzeko aukerak agertzen dira eskuin-klik eginez.
Orduan azaltzen da karpeta eta marra bereizle berriak egiteko aukera bai eta laster-markak alfabetikoki ordenatzeko aukera Sailkatu izenez izenpean.

2012/01/17

Ubuntu Lucid eta Maverick Firefoxen azken bertsioak hartuko dituzte

Irudia Genbetatik hartua


Canonicalek ohar baten bidez agindu du Firefoxen azken bertsioak Ubuntu 10.04 eta 10.10-en, alegia Lucid eta Maverick-en biltegietan jarriko dituela. Ubunturen bertsio hauek Firefox 3.6a erabiltzen dute.  Firefoxen bertsio berriak hartzeko PPA biltegia ezarri behar zen mezu honetan azaldu nuenez. Gaurtik aurrera (2012/1/17) aski izango da PPA instalatu gabe zure Ubuntu eguneratzea Firefoxen azken bertsioa hartzeko.

Ubuntu eguneratzeko: Sistema > Administrazioa > Eguneratze-kudeatzailea

2012/01/11

zygotebody.com gorputza arakatzen






Gogoratzen duzu Google Body? Google-k proiektua bertan bera utzi zuen baina agindu zuen irudien hornitzailea den Zigote-k aurrera segituko zuela proiektuarekin. Zenbait hilabete eta gero martxan dago zygotebody.com.

Bertan gizon baten eta emakume baten irudia ikus daitezke eta azaletik hasi eta barreneko muinerano: azala, giharrak, hezurdura, organoak eta, azkenik, odol, linfa eta nerbio sistemak.

Gorputzak ikusteko WebGL duten nabigatzaileak behar dira, hala nola Firefox eta Chromium-Chrome.

Gorputzatik nabigatzeko saguaren gurpilak hurbildu eta urrundu egiten du, eskuin klika sakatura biraketak eta mugimenduak eta ezkerreko barran gora eta bera eginez biluztuko dugu gorputza edo markatzaileekin zehaztuko dugu zeintzuk sistema nahi ditugu ikusgai. Nerbio, gihar, organo, hezur batean klikatuta bere izena -ingelesez- ageri da eta etiketa jar dezakegu.

Oharra. Goiko animazioa Google Body zaharrarena da, Zygote Bodyn animazioaren eskuin aldean ageri diren tresnak, momentuz behintzat, ez daude. Irudien karga lehen baino motelagoa dela iruditu zait. Dena den anatomia ikasteko balio handikoa tresna da. Eskerrik asko Zygote.





2011/11/15

Google Reader-en espazioa nola kudeatu

Google Reader espazio zuriak txikituta eta titulua-barra kendu ondoren


Duela aste batzuk Google-k Greader-en itxura berritu zuen. Greader edo Google Reader RSS, jario edo harpidetzak irakurtzeko web orria da. Aldaketa horretan espazio zuriak handiek pantaila jaten dute, batez ere notbook eta tabletetan. Ikus dezagun nola konpondu arazo hori Firefoxen:

Google Reader Absolutely Customizable script-a bat instalatu behar da. Delako script-a instalatu ahal izateko aldez aurretik GreaseMonkey gehigarria instalatu behar dugu. Firefox berrabiaraziko dugu. Ondoren aipatu script-aren orrira joan eta install botoia klikatuko dugu. Berriro ere berrabiaraziko dugu Firefox eta GReader-en espazio zuriak dagoeneko ez dira ageriko.
Informazio area maximizatzeko ezkerreko zutabean Subscription-en eskuinean dagoen ikonoa klikatuko dugu eta zerrendaren bukaerako Customize-n klikatuko dugu. Ageriko zaigun leihoan hainbat atal ezkutatzeko aukera ematen du eta gu Logo eand Search bar markatuko dugu. Nik bide batez ezkerreko albo panela pixka bat zabaltzeko probestu dut -175-etik 200 pixelera-.



Horrekin askoz toki gehiago izango dugu informazioa irakurtzeko. Aipatutako scripta Chrmoium-Chromen ere funtzionatzen omen du -zuzenean, Grease Monkey gabe-.

EGUNERATZEA 2011/11/21ean
Gaur jakin dut Google-k jarri berri duela aukera espazio zuriak txikitzeko Google Reader-en ezarpenetan. Horretarako GReader-en ezkerraldeko goiko partean agertzen den gurpil horzdunean klik eginez sartuko gara ezarpenetan eta bertan Confortable modutik Compact modura pasako gara. Dena den logoa eta bilaketa barra kentzeko eta alboko panelaren zabalera kontrolatzeko segitu behar dugu egiten goiko mezuan azaltzen den moduan.

2011/10/28

HiztegiBar Chromium/Chrome nabigatzailean

Chromium, Chromeren bertsio libres, frogatu nahi nuen. Horretarako Ubunturen software-biltegian bilatu eta instalatu dut.
Inpresio ona eman dit. Firefox baino azkarragoa abiatzen da; memoria gehiago gastatzen du baina ez hainbeste; lastermarkak sinkronizatzen ditu -Google kontuaren bidez-; polita eta erabilgarria da; euskaraz dago eta euskara lehenetsi eta zuzentzen du (Hobespenak>Aurreratua>Web-edukia>Hizkuntza eta ortografia-egiaztatzailearen ezarpenak>Gehitu>Euskara). Gehigarriak instala daitezke, tartean Euskalbarren antzekoa den HiztegiBar.






Hori guzti hori ikusita Firefox baztertu eta Chromiumera pasako al naiz? Ba, ez. Nahiago dut segundo hamarren bat gehiago itxaron abiatze bakoitzean baina geratzen Firefoxekin eta Euskalbarrekin.