Ubuntu etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Ubuntu etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016/07/12

Nola aldatu Nautilusen hobespenak Ubuntu 16.04 bertsioan

Gnome tematuta dago bere aplikazioei aukerak kentzen. Ubuntu 16.04ko Nautilus arakatzailetik hobespenak edo ezarpenak kudeatzek aukera ere kendu dute menutik.

Bi irtenbide daude gutxienez arakatzailearen kontrola mantendu nahi baduzu: lehenengoa Nemo arakatzailera pasatzea,  eta bigarrena dconf-editor aplikazioaren bidez editatzea Nautilusen hobespenak.

Bigarrena egiteko:

1- Instalatu Dconf-editor. Terminalean:


sudo apt install dconf-editor

2- Abiatu Dconf-editor aplikazioa terminalean dconf-editor idatzita edo Aplikazioak > Sistemaren tresnak > dconf editorea

3- Bertan bide hau egin org > gnome > nautilus > preferences eta eskuineko panelean agertuko zaizkizu aukerak; esate baterako zakarrontzitik pasatu gabe fitxategiak ezabatu ahal izatea aktibatzea (enable-delete) edo karpetak eta fitxategiak irekitzeko klik bakarra erabiltzea (click-policy single).

Nautilusen hobespenak dconf-editorren interfazean.

2016/05/01

Arazoa: Linux berrinstalatu /home mantenduta eta erabiltzaileek ezin dute sartu (konpondua)

Linux bat berrinstalatzean, arazoren bat eman duelako edo bertsio berria nahi dugulako, bere egunean /home partizioa bereizi bagenuen eta berrinstalatzean mantendu badugu (mezu honetan deskribatzen den moduan) batzuetan lehengo erabiltzaileek ezin dute saioa hasi. Saiatzen da baina ez du lortzen.



Badirudi arazoa erabiltzaileen UID edo identifikazioarekin lotuta dagoela, erabiltzailearen UID berria eta zaharra ez datozela bat. 

Ikus dezagun nola konpondu.


Konpontzeko erabiltzaileen karpetei gogorarazi behar diegu zein den bere jabea. 

Sartu administratzailearen saioan, edo honek ere ezin badu, gonbidatu saioarekin (erabiltzailearen izena jarri behar den tokian gezia behera eta onartu, abisua onartu).

Terminala ireki: Ctrl+Alt+t

Identifikatu administratzaile gisa:

su erabiltzaile-izena

non erabiltzaile-izena jartzen duen tokian zure erabiltzaile-izena jarri behar duzun.

Erabiltzaileen karpetak gordetzen duen /home karpetara joan:

cd /home

eta bertan, huts egiten duten erabiltzaileentzat hau egingo dugu:

sudo chown -R erabiltzaile-izena erabiltzaile-izena


Non "erabiltzaile-izena"ren ordez sartu ezin den erabiltzailearen izena jarriko dugun, sartu ezin den erabiltzaile bakoitzarentzat. 

Kitto. Orain gonbidatuaren saioa amaitu eta zure erabiltzailearena ireki.


---------------------------------------------------

Ikastetxe, elkarte, enpresan gertatzen bazaizu eta erabiltzaile kopuru handia baduzu karpeta pertsonalak dauden direktoriora joan eta testu hau duen scripta exekutatu:

#!/bin/bash
if [ $UID != 0 ]
then
    clear
    echo ""
    echo ""
    echo "Script hau administratzaile moduan exekutatu behar da"
    echo ""
    echo "Scripta gelditua."
    sleep 5
    exit 1
fi
cd /home
clear
echo ""
echo ""
echo ""
echo "Script honek /home karpetako UIDak eguneratzen ditu."
echo ""
echo ""
echo "Script hau exekutatu behar da behin sistema eragilea eguneratu baduzu /home mantentzen eta lehengo erabiltzaileak ezin badute sartu."
echo
echo ""
echo ""
echo "Arazoa sortzen da sistema berriak UID berriak esleitzen dituelako"
echo "baina karpetek UID zaharra mantentzen dute."
echo ""
echo ""
echo ""
echo ""
echo "Scripta exekutatzeko idatzi \"bai\" eta sakatu ENTER."
echo "Exekuzio uzteko sakatu ENTER."
echo -n "Scripta exekutatu nahi duzu?: "
read RUN
if [ -z $RUN ] || [ $RUN != bai ]
then
    clear
    echo ""
    echo ""
    echo ""
    echo ""
    echo ""
    echo ""
    echo ""
    echo ""
    echo "Administratzaileak eskatuta exekuzioa bertan behera gelditu da"
    sleep 3
    exit 1
else
    for i in `ls`;do if [ -d $i ];then chown -R $i:$i $i;fi;done
    clear
    echo ""
    echo ""
    echo ""
    echo "Karpeten jabetzak egokitu dira."
    echo ""
    echo ""
    echo ""
    echo "Egiazta ezazu lehengo erabiltzaileak sisteman sar daitezkeela."
    sleep 3
fi


Horretarako scriptaren testua kopiatu, testu editorean itsatsi eta gorde izen honekin home_konpondu.sh. Fitxategi honen propietateetan exekutatzeko baimena eman.
Karpeta pertsonalak dauden direktoriora joan eta exekutatu scripta:

sudo sh home_konpondu.sh

Orain irten zure saiotik eta probatu beste erabiltzaileekin sartzen.

2016/04/25

Ubuntu 16.04 lehenengo inpresioak

Atera berri den Ubuntu 16.04 (Xerial Xerus) LTS instalatu dut eta, erabiltzaile soil bezala, lehenengo inpresioak kontatuko ditut.

Instalazioa
64 biteko desktop bertsioa deskargatu, instalazio-USBa sortu eta live moduan probatu dut mahaigaineko batean arazorik gabe. Ondoren, saiatu naiz portatil batean eta USBtik abiatzeko agintzean arazoa gertatu da: pantaila beltza jarri da eta mezu hau agertu da:
file: gfxboot.c32: not a COM32R image
Konpontzeko (1) TAB tekla sakatu eta live idatzita hasi da instalazioa, ondo, berritasunik gabe.
Kasualitatea? Portatilaren biosa legacy moduan egoteagatik?

Egonkortasuna eta eraginkortasuna
Blokeorik bat ere ez. Errore mezuak sarri samar baina, itxuraz, larritasunik gabekoak eta ezkuta daitezkeenak.
Neurketarik eta egin gabe nik esango nuke abiaduran hobetu duela, besteak beste abiatzen eta itzaltzen.



Atzemandako akatsak:
  • Toshiba Satellite L735 ekipoan (Eskola 2.0 DBH) disdiraren kontrola ez dabil Nouveau kontrolatzaile librearekin, bai, ordea NVIDIA 340.96 kontrolatzaile pribatiboarekin.
  • Wifian pasahitza jarri eta, denok erabiltzeko modukoa bada markatu behar da zeren eta ez dago lehenetsita.
  • Owncloud client aplikazioaren ikonoa ez da agertzen panelean.(2)

Ingurunea
Unity 7k orain beheko panelera pasa daiteke eta online bilaketak desgaituak ditu.
Ezkerrak Gnome klasikoa edo flashback instala daitekeen.

Aplikazioak
ISO irudia giga eta erdi pisatu arren (gogoan duzu CD batean sartzen zenean?) aplikazioz arina dator (bakoitzak jar ditzala bere gustukoak).
Kendu dituzte: Brasero (DVD sortzaile-kopiatzailea), Empathy (mezularia) eta Orca (pantailaren irakurlea) gutxi erabiltzen direlako eta Soinu grabatzailea aspaldi funtzionatzen ez zuelako.
Aldaketen kasuan, orain arteko software zentroa kendu eta haren ordez azkarrago dabilen Gnomerena jarri dute (Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Softwarea). Bertatik instala ditzakezu Brasero, Empathy edo bestelakoak.
Uste dut aplikazio berri bakarra dakarrela: gnome-calendar. Oso azkar kargatzen da. Google Calendarren hitzorduak  irakurtzen ditu baina sortzen dituenak bakarrik ekipoan gorde daitezke.

Mezu hau idazteko unean hainbat aplikazio ezin dira instalatu: Google Earth (orain bai, ikusi nola), Pogo eta Audio-recorder (orain bai, ikusi nola).

Dauden aplikazioetan bertsio-berriketak daude. Aipatzeko modukoa Gthumb eta Curlewren itxura aldaketa: koloreak kendu eta Gnome itxura eman diete; Curlewren kasuan, nire ustez, erabilgarritasunean kalte hartu du. Bestetik Nautilus fitxategi arakatzaileari pertsonalizatzeko aukerak kentzen segitzen dute: oraingoan zenbait gauza konfiguratzek aukera ematen zuen Hobespenak kendu diote. Eskerrak Nemo instalatzea dagoen.


Laster kontatuko dizut zer aldaketa eta instalazioak egin ditudan eta etxerako erremasterizazio bat jarriko dut deskargatzeko moduan. Eskoletarako bertsioak pixka bat gehiago itxaron beharko du.



(1) Konponketa hemen topatu nuen.
(2) Konponduta 2016/5/13an

2016/02/01

Pinguy Builder: Remastersys aplikazioaren oinordekoa

(Eguneratua 2016/4/25ean)

Remastersys aplikazioak aukera eman die Debian, Ubuntu, Linux Mint eta deribatuen erabiltzaileei euren erremasterizazio edo distribuzio propioa egiteko. Bere garatzaileak projektua bertan bera utzi zuen eta orain arte ibili bada ere orain Pinguy OS distribuzioaren arduradunek haren fork bat egin dute, Pinguy Builder, proiektua biziberritzeko.


Funtzionalitateak
Zure Debian-Ubuntu bertsio propioa sortzea eskolan, enpresan edo lagunen artean banatzeko.
Zure sistema osoaren segurtasun kopia sortzea.

Nola sortu erremasterizazioa:
Instalatu ondorena: Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Administrazioa > Pinguy Builder.

Settings fitxan ISO fitxategiari izen bat jarriko diogu. Fitxa horretan azaltzen da
ISO fitxategia zein karpetan sortuko den (/home/PinguyBuilder).






Actions fitxara joan, Dist
sakatu eta onartu.










Behin ISO fitxategia sortuta instalaziorako DVDa edo USBa prestatuko dugu.
DVDa prestatzeko Brasero aplikazioa erabiltzen ahal dugu














USBa prestatzeko Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Administrazioa
> Abio-disko-sortzailea erabiliko dugu. Horretarako sartuko diogu gutxienez 4 GBeko USB memoria huts bat eta (1) hautatuko dugu USB memoria (2) esango diogu zer ISO irudia instalatu nahi dugun eta (3) esango diogu USB hori ixteko, instalazioetarako soilik erabiliko dugula. Hamar bat minutu irauten du prestaketa eta, bukaeran, administratzailearen pasahitza eskatzen du.

Bai DVDa, bai USBa erabili ahal izango dugu erremasterizazioa instalatzeko edo liveCD moduan erremasterizazioa probatzeko instalatu aurretik.



Pinguy Builderren instalazioa:

Web orri honetatik http://sourceforge.net/projects/pinguy-os/files/ISO_Builder/ deskargatuko dugu deb fitxategia eta ondoren Ubuntu software aplikazioaren bidez instala dezakezu.
    Behin  komeni zaizun deb fitxategia deskargatuta haren gainean bi klik eginda software zentroa aplikazioak instalatuko du.


    Beste aplikazio interesgarriak software-bilduman eta Linux-aplikazioak

    2016/01/14

    'Linux instalazioa eta administrazioa eskolan' ikastaroa

    Irungo Berritzegunean 'Linux instalazioa eta administrazioa' izeneko ikastaroa
    emango dut datozen asteetan.

    Ikastaroa ikastetxetako IKT arduradunei zuzenduta dago eta helburua da hastea Linux  -zehazki Luberri erremasterizazioa-  instalatzeko, kudeatzeko eta erabilera zabaltzeko jarraibide, laguntza teknikoa eta irizpideak eskaintzea.


     Ikastaroa sei ordukoa da eta bi formatutan eskaintzen da:

    Goizeko formatua: bina orduko hiru saio, urtarrilaren 20a eta otsailaren 10a eta 24a, goizeko 9etatik 11etara.
    Arratsaldeko formatua: hiru orduko bi saio, otsailaren 24a eta martxoaren 2a, arratsaldeko 4etatik 7etara.

    Tokia: Irungo Berritzeguneko informatika gela.

    Programa:
    • Zertarako Linux. Software librearen abantailak.
    • Linuxen ezaugarri nagusiak.
    • Ubuntu: Mahaigaina, fitxategien arakatzailea, aplikazio nagusiak eta formatuen afera.
    • Luberri erremasterizazioaren ezaugarriak: Windowsen Active Directoryn integratu eta konpartitutako karpetak eta karpeta pertsonalak mapeatzea, erantsitako aplikazioak.
    • Ikastetxerako distribuzio propioa prestatu eta instalatu.
    • Ekipoen ezarpenak: wifia, inprimagailuak, IP finkoak... 
    • Ekipoen kudeaketa: softwarearen eguneratzeak, programen instalazioa...
    • Domeinuaren kudeaketa Linuxetik: Terminal Server Renminaren bidez.
    • Arbel digitala: Smart eta beste modeloen instalazioa eta kalibrazioa.
    • Instalazioen erritmoak eta irizpideak.
    • Laguntza teknikoa eskuratzeko bideak.
    • Linux eskolan posta-zerrenda.
    Ikastaroa aurrez aurrekoa da eta laguntzako dokumentazioa Moodle honetan dago.
    Ikastarora gutxienez 4GB duen USB memoria huts bat eraman behar da.
    Plaza kopurua: 15 (eskaerak kopuru hau gainditzen badu lehentasuna izango dute IKT arduradunek eta Bidasoa-Oarsoaldeko ikastetxetako irakasleek).

    Izena emateko Berritzeguneko web orritik egin daiteke, eskuineko atalean Prestakuntza ekintzak > Ekintza bilaketa > Izenburua Linux, edo zuzenean lotura hauetan klikatuta.

    2015/12/11

    Nola egin Terminal Server Ubuntun

    Zure eskola, enpresa edo elkartean Windows Server domeinu batean aritzen bazara eta, domeinuko administratzailea izanik, Ubuntu  duen ekipo batetik kontrolatu nahi baduzu zerbitzaria hona hemen nola egin dezakezu:

    Abiatu Remmina aplikazioa (Aplikazioak > Internet) eta sortu konexio bat ezaugarri hauekin:

    Konexioaren propietateak
    Izena: Zerbitzaria (edo nahi duzuna)
    Protokoloa: RPD - Urruneko Mahaigain Protokoloa)
    Zerbitzaria:  zerbitzariaren IPa
    Erabiltzaile-izena:  domeinuko administratzailea
    Pasahitza:  domeinuko administratzailearen pasahitza
    Domeinua:  domeinuko izena
    Erabili bezeroaren bereizmena
    Kolore-sakonera: kolore altua






    Urrutiko kontrola
    Behin irekitzen denean pantaila osora hedatzea komeni da. Behin hedatuta txikitu ahal izateko erakuslearekin leihoaren goiko aldean jo behar da.


    Konexioaren datuak gordetzen ditu, beraz, behin sartuta aski da. Gainera beste ekipoen kontrola erantsi daiteke bai Windows, Linux edo beste sistematakoak.


    2015/12/05

    Klik punteroa gelditzean Ubuntun

    Software librea orokorrean eta bai Linuxek zein Ubuntuk bereziki arreta handia jartzen dute zailtasunak dituzten pertsonengan, zentzumenen- edo mugimenduen zailtasun edo urritasunak dituztenengan. Software librearen izaera soziala dela eta irisgarritasuna funtsezko oinarri bat da.

    Kasu honetan laguntza behar duen ikasleak ezin du teklatua erabili eta erakusle edo punteroa joystick baten bidez mugitzen du baina zailtasun handiak ditu klik egiteko eskuz. Helburua da klik egitea erakuslea gelditzean, une batez geldirik egotean alegia.

    Hori egiteko, klik egiteko itxarote-denboraren bidez (dwell click) egingo dugu: Sistemaren ezarpenak > Sarbide unibertsala > Erakuslea kokatzea eta klik egitea > Egin klik enfokatzean aktibatuko dugu.

    Atzerapen edo itxarotearen bidez klik egitea aktibatzea eta haren ezarpenak finkatzea.


    Leihotxo bat irekiko zaigu hautatzeko itxaroteak zer aktibatuko duen eta bi kontrol mugikorren bidez ezarriko diogu itxarote edo atzerapenaren denbora eta zenbateko gelditasuna behar den aktibatzeko.

    Azpiko bideoan Nerea Pérez Anguas ergoterapeutak azalduko ditu nola aktibatu eta nola erabili eginbide hau.



    2015/11/02

    Nola ikusi EAEko hezkuntzako Alfresko Ubunturen arakatzailean

    Ubuntu erabiltzen baduzu EAEko hezkuntzako Alfresco zerbitzaria ikusteko bi aukera dituzu:


    Dokumentu asko kudeatu behar baduzu bigarrena arinagoa da. Ikus dezagun nola egin konexioa:

    Ubunturen goiko paneleko Lekuak klikatu eta zabaltzen den zerrendan aukeratu Konektatu zerbitzariarekin...

    Irekitzen den leihoan idatzi:  davs://alfresco.hezkuntza.net/alfresco/webdav irudian ikusten den bezala:



     Eskatuko dizu erabiltzailea eta pasahitza eta konexioa gogoratu behar ote duen. Ondoren zure fitxategia Nautilusean ikusiko dituzu:



    2015/03/27

    Nola deskargatu EITB Nahieran orriko bideoak: youtube-dl

    Eguneratzea 2015/07/22an: Badirudi aste batzuk direla aplikazio hau ez dabilela.

    EITB Nahieran zerbitzuko bideoak deskargatzeko aski dugu youtube-dl aplikazioa instalatzea. Youtube-dl tresna sinplea da Youtube, Vimeo, Dailymolition edo edozein bideo ostatuko bideoak jaisteko.  Ubuntu edo Debianen beste deribatuetan instalatzeko ireki terminala (Ctrl+Alt+t) eta honako agindua itsatsi:

    sudo apt-get install youtube-dl

    Bideoa jaisteko EITB Nahieran orrira joan eta ireki deskargatu nahi duzun bideoa, kopiatu orriaren URL edo helbidea, terminalean idatzi youtube-dl, tartea, itsatsi orriaren URLa eta Sartu sakatu.


    Bideoa karpeta nagusian deskargatzen da.

    Windowserako youtube-dl-ren orrira joan eta deskargatu.



    2015/03/15

    Arduino plakari buruzko dokumentazioa euskaraz

    (eguneratua 2016/3/4an)
    Arduino UNO R3

    Arduino kode irekiko plaka elektronikoa da. Elektronika eta robotikarako praktikak egiteko oso egokia.

    Hona hemen hainbat dokumentazioa euskaraz:
    Wikipedian
    Arduino ikastetxean. Aitor Azpiroz. Pdf. (CC-BY-SA)
    Arduino esperimentazio gida. Oomlout-ek egina eta GISAko Alex Zabalak euskaratua. Pdf. (CC-BY-SA)

    Arduinoren IDE edo programazio-ingurunearen azken bertsioa instalatzeko (euskaraz dagoena) Arduinoren web orriaren deskarga atalera joango gara:
    https://www.arduino.cc/en/Main/Software
    eta bertan gure sistemari dagokion bertsioa deskargatuko dugu. Ondoren deskonprimitu eta terminalean deskargatu dugun karpetara joan eta agindu hau itsatsiko dugu:
    sudo sh install.sh

    
    Plaka konektatu ondoren egiaztatuko dugu plaka eta aplikazioaren arteko konexioa dagoela hau idatzita:
    dmesg | grep ttyACM

    eta konexioa badabil terminalak erantzungo du:
    [  456.807121] cdc_acm 1-6:1.0: ttyACM0: USB ACM device

    Programak bidali ahal izateko erabiltzailea dialout taldean sartu behar dugu:
    sudo usermod -a -G dialout erabiltzailearen_izena

    eta atakari baimena eman behar diogu hau idatzita:
    sudo chmod 666 /dev/tttyACM0

    Ondoren probatzen ahal dugu plaka adibideren bat kargatuta. Esaterako Fitxategiak > Adibideak > Basics > Blink

    Programa hau kargatuta 13. posizioan dagoen leda segundu batez piztuta eta
    segundu batez itzalita egongo den begizta batean edukiko dugu.











    Beste era bat Arduino programatzeko da Scratch-en bidez. S4A edo Scratch for Arduino. s4a.cat orritik deskargatu daiteke. Ubuntun instalatzeko deskargatu Debian bertsioa karpeta nagusira eta gero terminalean exekuta ezazu:

    sudo dpkg -i S4A.deb




    2015/03/05

    Ubuntu: nola bihurtu administratzaile domeinuko erabiltzaile bat



    Likewise-open aplikazioaren bidez Linux ekipoa integratuta baduzu Windows domeinu batean eta domeinuko erabiltzailearekin terminalean root bezala atazak egin nahi badituzu erabiltzaile horrekin, alegia administratzaile lokalera aldatu gabe, zure erabiltzaile "sudo" (sudoers) taldean sartu behar duzu.
    Horretarako sartu ekipoan administratzaile lokal moduan, ireki terminala eta itsatsi agindu hau:

    sudo adduser <domeinuko erabiltzailea> sudo

    <domeinuko erabiltzaile> an administratzaile bihurtu nahi duzun erabiltzailea jarrita.
    Ekipoa berrabiarazi eta probatu.


    Beste era terminalean sudo egiteko gure erabiltzailea administratzailea (sudoer) izan gabe da terminalean agindu hau idaztea:

    su administratzailearen-izena

    eta, noski, eskatzen duenean administratzailearen pasahitza jartzea.

    2015/02/06

    "Linuxen instalazioa eta administrazioa eskolan" ikastaroa



    Ikastetxean Linux, Active Directory-n integratuta eta zerbitzariko karpetak konpartituta, nola dabilen probatu nahi baduzu agian ikastaro hau interesatzen zaizu. Bertan ikusiko dugu nola prestatu instalazio propioa zure eskolarako eta nola ezarri ekipoetan wifiak, inprimagailuak, arbel digitalak eta abar.

    6 orduko ikastaro bera bitan eskainiko dugu:
    • Asteazkenetan goizez (11:00-13:00) otsailaren 11 eta 25ean eta martxoaren 11ean.
    • Asteazkenean arratsaldez (16:00-19:00) otsailaren 25ean eta martxoaren 4an.

    EDUKIAK
    • Zertarako Linux. Software librearen abantailak.
    • Linuxen ezaugarri nagusiak.
    • Ubuntu: Mahaigaina, fitxategien arakatzailea, aplikazio nagusiak eta formatuen afera.
    • Linux-ekipoak Windowsen Active Directoryn integratu eta konpartitutako karpetak eta karpeta pertsonalak mapeatu.
    • Distribuzio propioa prestatu eta instalatu.
    • Ekipoen ezarpenak: wifia, inprimagailuak, IP finkoak... 
    • Ekipoen kudeaketa: softwarearen eguneratzeak, programen instalazioa...
    • Dominioaren kudeaketa: Terminal Server...
    • Arbel digitala: Smarten kalibrazioa, Open-Sankoré.
    • Instalazioen erritmoak eta irizpideak.
    • Juniper.
    • Laguntza teknikoa.
    • Posta-zerrenda.
    • Intraneta Linuxen.  
    PLAZAK
    15 ikastaro bakoitzean.

    TOKIA
    Irungo Berritzeguneko informatika-gelan (Karrika Nagusia 43).


    ZALANTZAK ARGITZEKO
    Tlf: 943625144 luz. 18

    PREZIOA
    doakoa 

    IZENA EMATEKO 
    Goizekoan
    Arratsaldekoan 

    2014/10/20

    Ubuntuk 10 urte bete ditu

    2004ko urriaren 20an Canonical-ek, Ubuntu garatzen duen enpresak, Ubuntu 4.10 Warty Warthog jaio zen Debian banaketaren fork bezala. Ubuntu da eragin handiena izan duen Linux banaketa, gehien bat, bere leloak adierazten duen bezala -Ubuntu for human beings-, lortu duelako adituentzat zen sistema eragile bat jende arruntera urbiltzea bere erabiltzeko erraztasunagatik.

     

    Mark Shuttleworth informatikari eta enpresari hego afrikarrak zuzentzen duen Canonical enpresak 600dik gora langile ditu, gehienak Londresen.

    Ubunturen banaketen izenak bi zati ditu: lehenengoak zenbakiz adierazten du agerpen urtea eta hilabetea eta bigarrena alfabetoaren hurrenkerako letra batez hasten den animali baten izena eta adjektibo bat. Ostegun honetan agertuko da 14.10 bertsioa, Utopic Unicorn. Dena den zabalduenak diren bertsioak bi urtean behin argitaratzen direnak dira; LTS -Long Time Support- esaten zaie bost urteko sustengoa dutelako; horrela apirilean agertu zen Ubuntu 14.04 Trusty Tahr LTS bertsioak 2019 urte arte jasoko ditu eguneratzeak.

    Ubuntuk hainbat mahaigaineko ditu (Unity, Gnome, Gnome klasikoa...) eta zenbait leiho gestoreen aldaerak (Kubuntu, Lubuntu, Xubuntu...). Era berean, haren gainean oinarritzen dira ehundik gora banaketa; ezagunenak Linux Mint eta Elementary OS.

    Zorionak Ubunturi eta bete dezala beste urte asko.


    2014/09/22

    Ubuntu 12.04: nola instalatu Promethean Activboard arbela



    Ubuntu 12.04 sisteman, 32 bitekoan, Promethean markako Activboard arbel digital interaktiboa eta Activeinspire eta Activtools aplikazioak instalatzeko hurrats hauek segitu behar dira:

    Lehenik eta behin dependentziak instalatuko ditugu. Horretarako terminalean ondoko agindua exekuta ezazu:

    sudo apt-get install libjpeg62

    Ondoren errepositorio edo software-biltegien zerrendan iturri bat gehituko dugu. Terminalean aginduko dutu sources.list fitxategia editatzeko:

    sudo gedit /etc/apt/sources.list

    eta fitxategiaren bukaeran lerro hau erantsiko dugu:

    deb http://activsoftware.co.uk/linux/repos/precise oss non-oss

    Gorde eta itxi fitxategia.
    Ondore, terminalean ondoko agindu hauek exekutatu:

    wget http://www.activsoftware.co.uk/linux/repos/Promethean.asc
    sudo apt-key add Promethean.asc
    sudo apt-get update
    sudo apt-get install activinspire activtools activdriver

    Instalazioa bukatzean arbelaren interaktibiatea gaituko da.



    2014/09/20

    Nemo fitxategi-arakatzailea Ubuntun

    Nemo Linux Minten Cinnamon ingurunearen fitxategi-arakatzailea da eta Ubuntuk lehenesten duen Nautilus baino hobeagoa da nire ustez, izan ere sinplifikatzearren Nautilusi kendu dizkioten pertsonalizazio aukera guztiak mantentzen ditu.



    Ikus ditzagun Nautilusekiko dituen abantaila batzuk:

    • Panel gehigarria arakatzeko bi karpeta batera (F3 teklaz edo menuko Ikusi opzioaz aktibatzen da).
    • Tresna barra konfiguragarria.
    • Zuhaitz ikuspegia ezkerreko panelean.
    • Behean egoera barra eta bertan zoom kontrola, ikuspegia aldatzeko aukerak, fitxategiaren tamaina eta bolumenean libre dagoen tokia.
    • Menu nagusia, tresna barra eta egoera barra ezkuta daitezke.
    • Fitxategiaren  ogi apurren bidea edo bide-izena (path) ikusteko aukera.
    • Karpetak alboko laster-marketara arrastatuz eransteko aukera.
    • Ikono ikuspegian terminalean ikusteko aukeraz gain root moduan irekitzeko aukera.
    • Zerrenda ikuspegian zutabeen ordena alda daiteke tituluak arrastatuz.
    • 'Ireki honekin' elkarrizketan beste aplikazio batekin irekitzeko aukeraz gain zerrendaz kanpoko aplikazioak hautatzeko aukera dago eta lehenetsitako aplikazioa aldatzeko aukera ere bai.



    Nola instalatu Nemo Ubuntun

    Ez da komeni Ubunturen biltegitik edota software-zentrotik instalatzea zeren hala eginez gero Cinnamon osoa instalatzen da eta horrek arazoak sor ditzake. Instalazio egokiena, Cinnamon-en dependentziarik ez duena, Jakob Zimmermann-ek prestatu eta Webupd8team-ek eskaintzen duena da. Instalazioa egiteko terminala ireki eta hurrenez hurren agindu hauek exekutatu:

    sudo add-apt-repository ppa:webupd8team/nemo
    sudo apt-get update
    sudo apt-get install nemo nemo-fileroller

    Biltegi horretan Nemo-ren hainbat gehigarri dago. Hauetakoren bat interesatzen bazaizu terminalean aginduaren hasiera jarri eta ondoren interesatzen zaizun gehigarria(k).

    sudo apt-get install nemo-compare nemo-dropbox nemo-media-columns nemo-pastebin nemo-seahorse nemo-terminal nemo-emblems nemo-folder-color nemo-image-converter

    Azkena bereziki interesgarria da irudien formatua aldatzeko eta, batez ere, tamaina aldatzeko era erraz eta azkar batean.


    Nola ezarri Nemo lehenetsitako fitxategi-nabigatzaile moduan

    Nautilus mantentzea komeni da zeren hain lotua dago Ubunturi bera desinstalatzekotan hainbat funtsezko aplikazio ere desinstalatzen dira, baina Nemo fitxategi-arakatzaile nagusia ezartzeko (adibidez Lekuak klikatzean edo usb-memoria bat sartzean bera ireki dadin) urrats hauek eman behar dira terminalean:

    sudo apt-get install dconf-tools
    gsettings set org.gnome.desktop.background show-desktop-icons false
    xdg-mime default nemo.desktop inode/directory application/x-gnome-saved-search

    Ordenagailuko beste erabiltzaileek Nemo lehenetsi nahi badute soilik azken bi aginduak exekutatu behar dituzte.
    Nik orain Nautilus fitxategi-bilatzaile moduan erabiltzen dut bere bilatzailea indexazioa erabilita bilaketa errekurtsiboak egiten ditu eta Nemorena baino eraginkorragoa da nire ustez.


    Nola desinstalatu

    Probatu ondoren damutzen bazara eta Nautilus lehenetsi eta Nemo desinstalatu nahi baduzu terminalean honako hauek exekuta itzazu:

    gsettings set org.gnome.desktop.background show-desktop-icons true
    xdg-mime default nautilus.desktop inode/directory application/x-gnome-saved-search
    sudo apt-get remove nemo nemo-*
    sudo rm /etc/apt/sources.list.d/webupd8team-nemo-*.list




    2014/09/03

    Nautilusen hobespenak Gnome klasikoan

    Nautilus edo Files izenekin ezagutzen den Ubunturen fitxategien arakatzaileak Gnome Klasikoa ingurunean ez du menu nagusia erakusten Ubuntu 14.04 bertsioan. Aplikazioaren errore bat ematen du.

    Menuaren eginkizun gehienak tresna barrako ezkerreko ikonoekin bideratzen dira baina bada bat bederen ikonoen bidez irits ezin daitekeena: hobespenak.

    Soluzioa:
    Bug edo errorea konpondu bitartean Nautilusen hobespenak ikusi eta aldatzeko modu alternatibo bat da dconf-editor aplikazioa.

    Nola erabili: terminalean dconf-editor sartuta abiatzen da aplikazioa eta Nautilusen hobespenetara iristeko bidea hau da:  org > nautilus > preferences



    2014/08/23

    Nola konpondu Panoramio zerbitzuko argazkien arazoa 64 biteko Ubunturen gaineko Google Earth-en




    64 biteko Ubuntu baduzu eta Google Earth-en Panoramio zerbitzuko argazkiak ikusi beharrean lauki zuri bat agertzen bazaizu, hona hemen nola konpo dezakezun, terminalean itsatsi hurrenez hurren agindu hauek:

    sudo apt-get install libfreeimage3

    cd /opt/google/earth/free

    sudo wget https://googledrive.com/host/0B2F__nkihfiNalQzN0ZmcjBPTGs/ge7.1.1.1580-0.x86_64-new-qt-libs-debian7-ubuntu12.tar.xz

    sudo tar xvf ge7.1.1.1580-0.x86_64-new-qt-libs-debian7-ubuntu12.tar.xz

    sudo apt-get install gufw

    Flash player seguru aski instalatuta duzu, bestela instalatu:

    sudo apt-get install flashplugin-installer


    Abiatu Google Earth eta probatu.

    2014/08/22

    Ubuntu 14.04 instalatu ondorengoak

    Gaur Windows 8.1 duen portatil batean (Toshiba Satellite Intel Celeron prozesadorea duena) Ubuntu 14.04.1 instalatu dut. Mezu honetan instalazio ondorengo doiketak deskribatuko ditut. Kontuan izan nire gustu eta ekipoaren ezaugarriei lotutako doiketak direla; hartu nahi baduzu erreferentzia bezala eta ez jarraipide moduan.

    Instalazioa egiteko erabaki dut mantentzea Windows 8 eta UEFI ezarpenak; horretarako Windows-ari 'abio bizkorra' desgaitu diot eta BIOSari 'secure boot'-a. Ubuntu deskargatu eta abio usb bat prestatu dut. Urrats hauek zehatzago ikus daitezke mezu honetan.

    Behin Ubuntu instalatuta nire gustuen eta ekipoaren potentzia eskasaren arabera moldatu dut. Hauek dira urratsak. Ez ditut ordenatu ordenak ez baitu, gehienetan bederen, garrantzi handirik:



    Gnome Klasikoa instalatu. Ubuntuk Unity mahaigain ingurua hobesten du baina nik ez dut gogoko. Gnome Klasikoa intuitiboago iruditzen zait eta arinagoa da (inportantea oso potenteak ez diren ekipoetan). Horretarako terminalean:

    sudo apt-get install gnome-session-flashback

    Informazio gehiago hemen.



    Softwarea eguneratu.
    Lehenik eta behin aldatu diot biltegi-zerbitzaria Espainako zerbitzaritik Europako beste batera (ez da nazionalismo kontua, abiadura kontua baizik), honela: Sistemaren ezarpenak >  Softwarea eta eguneratzeak > Ubuntu softwarea > Deskargatu hemendik  eta nik Frantziako zerbitzarien zerrendan lehenengoa hartzen dut. Bide batez 'Beste Softwarea' atalean 'Canonicalen kideak' gaitu eta Kontrolatzaile gehigarriak atalean begiratu kontrolatzaile pribatiborik behar ote duzun. Kontrolatzaile libreak onak diren arren hainbat txartel grafiko eta wifi hobeto funtzionatzen dute fabrikatzailearen kontrolatzaile pribatiboekin. 
    Bigarren: sistema eguneratzeko, Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Administrazioa > Updater manager.




    Restricted instalatu. Herrialde ezberdinen lizentzien gorabeherak direla eta hainbat kodek eta libreak ez diren elementu batzuk ez datoz jatorrizko instalazioan. Horiek instalatzeko, terminalean:

    sudo apt-get install ubuntu-restricted-extras



    Teklatu numerikoa hasieratik abiatzeko eta  sortuko ditudan erabiltzaileentzat Gnome Fallback lehenesteko numlockx aplikazioa instalatu eta Lightdm fitxategia, kontu handiz, editatu dut.
    Teklatu numerikoarena, zer esanik ez, bakarrik komeni da zure ekipoa teklatu numerikoa badu. Aplikazioa instalatzeko:

    sudo apt-get install numlockx

    eta ligthdm fitxategia egokitzeko:

    sudo gedit /usr/share/lightdm/lightdm.conf.d/50-ubuntu.conf

    eta horrela utzi dut:

    user-session=gnome-fallback
    greeter-setup-script=/usr/bin/numlockx on


    Informazio gehiago hemen.



    Hainbat instalazio egin ditut: batzuk biltegi orokorretik sudo apt-get install bidez: gdebi,  gthumb eta beste batzuk kontsultatuta: openshot, google-earth, owncloud bezero-sinkronizatzailea, master-pdf-editor... Beste aplikazio interesgarriak hemen. Eta desinstalazio bat: shotwell. Aplikazioetan Bestelakoak > Amazon ez ikusteko Aplikazioen gainean eskuin klik egin > Editatu menuak eta desgaitu Bestelakoak.



    Grub-aren itxaron denbora laburtzeko. Windows erabiltzeko asmoa ez baduzu instalatu Grubcustomizer eta 'General Settings" atalean itxaron denbora 0 edo 1 segundura txikitu.



    Desaktibatu errore-mezuen bidalketa. Horrela.



    Panela moldatu:
    Firefox, Thunderbird eta egunerokoa den beste aplikazioren ikonoa arrastatu panelera.
    Adierazle appleta indikadorean:
    Bluetooth gelditu eta indikadoretik kendu Sistemaren ezarpenak > Hardware > Bluetooth.
    Teklatu espainolaren indikadorea kendu honela.
    Erabiltzailearen izena ikusi honela.
    Ordua indikadorean  data ikusteko, instalatu gnome-tweak-tool (sudo apt-get install gnome-tweak-tool), exekutatu terminalean eta 'Top bar' atalean gaitu 'show date'.



    Erabiltzaileak sortu. Sistemaren ezarpenak > Sistema > Erabiltzaileen kontuak > Desblokeatu eta + ikurrean klikatuta gehitu erabiltzaileak.

    Ubuntu: nola egin Windowsen partizioak ez muntatzeko

    Linux sistemak bere partizioak ikusteaz gain beste sistemenak -Windowsenak esate baterako- ikus ditzake eta hori interesgarria izan daiteke partizio horiek konpontzeko edo erabiltzeko biltegi moduan. Baina Windows mantendu bazenuen Ubuntu instalatzean eta aukera horiek ez ba zaizkizu interesatzen edo zure ekipoa beste jendeak erabiltzen badu eta ez bazaizu interesatzen horiek Windowsen partizioak ikustea, nola egin partizio horiek  automatikoki ez muntatzeko?





    Adibide honetan ekipoaren hornitzaileak sortutako hiru NTFS partizio ikusten dira.

    Partizio horiek automatikoki ez muntatzeko fstab fitxategia edita dezakegu baina bada beste era bat errazagoa: egin Aplikazioak > Gehigarriak > Diskoak


    Muntatzea nahi ez duzun NTFS partizioa hautatu eta irudiaren azpiko hiru ikonoetan eskuinekoan -beste aukerak- klik egin.

    eta bertan hautatu 'Editatu muntatze-aukerak':




    pantaila honetan desmarkatu 'Muntatu abioan' eta ekipoa abiarazten duzun hurrengoan partizio hori ez da muntatuko.




    Aldaketok desegin nahi badugu aski dugu berriz markatzea 'Muntatu abioan'

    2014/08/10

    Bi gai ilun Ubunturako

    Linuxek duen puntu interesgarri bat da erabiltzaileak interfaze grafikoaren itxura eta, neurri batean, leihoen eta periferikoen jokamoldea pertsonalizatu daitezkeela. 

    Aukera horiek kontrolatzeko sistemaren ezarpenak (Itxura) motz geratzen da Ubunturen azken bertsioetan, baina badira hutsune hori betetzen duten hainbat aplikazio, hala nola, Unity Tweak (Unity erabiltzen duzunentzat, jakina), Ubuntu Tweak eta Gnome Tweak Tool. Azken hau instalatzeko terminalean itsatsi:

    sudo apt-get install gnome-tweak-tool

    Zure Ubuntu itxuraldatu nahi baduzu eta gai ilunak gustuko badituzu -oso lasaigarriak dira- hona hemen bi proposamen:

    Iluna eta urdina:  Cenodark gaia eta Zorindark ikonoak.

    Atzeko planoak grisak eta markadore urdinak jartzen ditu gaiak eta karpeta urdinak eta ikono adierazgarriak Zorin ikonoen bertsio iluna.



    Cenodark gaia instalatzeko terminalean itsatsi:

    sudo add-apt-repository ppa:noobslab/themes
    sudo apt-get update
    sudo apt-get install cenodark-gtk

    Zorindark ikonoak instalatzeko:

    sudo add-apt-repository ppa:noobslab/icons2
    sudo apt-get update
    sudo apt-get install zorinos-icons

    Eta gai eta ikono hauek ezartzeko ireki gnome-tweak-tool izen hori bera terminalean itsatsita edo aplikazioetan Tweak Tool bilatuta. Behin irekita
    apearance atalean GTK+ elementuan Cenodark hautatu eta Icons elementuan ZorinDark. Kito



    Iluna eta laranja: Ambiance dark gaia eta  Ubuntu-mono-dark ikonoak

    Atzeko planoak grisak eta markadore laranjak jartzen ditu Ambiance gaiak eta karpeta laranjak eta ikono estandarrak Ubunturen ikonoen bertsio iluna.





    Ambiance Dark gaia instalatzeko terminalean itsatsi:

    sudo add-apt-repository ppa:noobslab/themes
    sudo apt-get update
    sudo apt-get install ambiance-dark

    Ubuntu-mono-dark ikonoak ez dira instalatu behar distribuzioaren bat datozelako.
     
    Eta gai eta ikono hauek ezartzeko ireki gnome-tweak-tool izen hori bera terminalean itsatsita edo aplikazioetan Tweak Tool bilatuta. Behin irekita
    apearance atalean GTK+ elementuan Ambiance-Dark hautatu eta Icons elementuan Ubuntu-mono-dark. Kito


    Probatu ondoren ez bazaizkizu gogobetetzen aski duzu gnome-tweak-tool aplikazioan GTK+ elementuan Ambiance eta Icons elementuan Ubuntu-mono-light


    Oharrak:
    Kontuan izan gai ilunek arazo txiki batzuk sor ditzakela aplikazioren batekin (hala nola Master PDF Editor-ean paperaren kolorea grisa geratzen da) eta eremuak betetzeko dituzten web orrietan letra zuria edo oso argia erabiltzen du eta nekeza egiten da irakurtzea.