2021/11/15

Moodle 4.0 bertsioak itxuran berritasun handiak dakartza

2021 urtea bukatu baino lehen ikusiko du argia Moodle 4.0 bertsioak eta, besteak beste, itxuran eta nabigazioan hobekuntza nabarmenak ekarriko ditu. 

Hona hauetako batzuk:

Ezkerreko menu tolesgarrian elementu gehiegi elkartzen ziren: nabigazio orokorra, ikastaro barnekoa, gunearen administrazioa...  Ematen du ezkerreko menu hori bertsio honetan ikastaroaren barneko nabigaziorako erreserbatuko dela. Aurkibidean gaiak eta atazak ikusiko ditugu.

Ezkerreko menu tolesgarrian gaiaren aurkibidea

Goiko panelak jasoko du nabigazio orokorreko elementuak: Hasiera, Aginte panela, Nire ikastaroak eta Gunearen administrazioa. Edizioa aktibatzeko botoia ere panel horren ezkerrean kokatuko da. Kontuan izanda panel hori denbora guztian dagoela begi bistan aipatutako funtzioak eskuragarri egongo dira gora eta behera ibili gabe.

Goiko panelean gehitu da nabigazio orokorra eta edizioa aktibatzeko botoia

Ikastaro baten barnean gaudela, alegia gai batetik bestera pasatzeko, ezkerreko menutik egingo da. Ez dakit orain arteko gaien arteko ikastaro-formatuak  mantenduko diren: gaika, fitxak, lauzak... Badirudi zentsua galduko dutela. Orain ezkerreko menuan eta eskuineko goitik beherako menuan dauden hainbat elementu ikastaroaren panelera pasatuko dira:  Ezarpenak, Partaideak, Kalifikazioak, Txostenak, Galdera bankua eta beste.

Bestetik ezkerreko panela era finkoan betetzen zuten blokeak orain era tolesgarrian funtzionatuko dute, hartara menua eta blokeak tolestuta ikastaroak pantaila osoa hartuko du.

Era berean gaia tolesteko aukera ere badago.

Ikastaroko panelean ezarpenak eta kudeaketa tresnak


Ezkerreko menua ezezik blokeena ere tolestu daiteke.

Panel bat zabalik badago tolestuko da bestea zabaltzean.


Aktibitatearen panelak erakutsiko ditu orain ezkerreko engranajean dauden aukerak: Ezarpenak, Kalifikazio aurreratua, baimenak, erregistroak eta beste.

 

Laburpen hau bukatzeko aipatu behar da aktibitateen ikonoak aldatuko direla eta ikonoaz gain kolore bat izango dutela.

Eta aktibitateen hainbat datu, hala nola datak, egitekoak eta jarduera osatuta gisa markatzeko informazioa argiago agertuko da.


Nabigazio eta itxura aldaketa hauek telefono eta tabletentzako app-an ere isla izango dute.

 

Nire inpresioa da, aldaketa guztiek barneratzeko denbora eta ahalegin bat eskatzen badute ere, ikusitakoek nabigazioa eta kudeaketa erraztuko dute irakasle eta ikasleei. Kontrol elementuak irisgarriago eta hobeto antolatuta egongo dira eta edukiak zabalago eta argiago ikusiko dituzte ikasleek. Blokeen panela tolesgarria izatea aspaldiko eskaera zen; bertsio berrian gaiaren edukiak pantaila osoan ikusi ahal izango dira (gogoratzen al zarete Moodle klasikoan nola edukiak erdiko panelean ikusten ziren estu baino estuago?). 

Ni behintzat probatzeko irrikan nago. Plangintzak betetzen badira laster ikusiko du argia 4.0 bertsioak eta handik lasterrera MoodleCloud-en probatu ahal izango da. EAEko Hezkuntza plataformara seguruena uda honetan iritsiko da eta hurrengo ikasturtean aterako diogu zukua.

Informazioa honetan sakondu nahi baduzu ikus dezakezu Moodleko Michelle Lommna ingelesez gaia zabal azalduz bideo honetan.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina