2013/07/24

Xuxen LibreOffice 4 rako, orain hitzen zatiketarekin

EuskalGNU arduratu da azken urteotan OpenOffice eta LibreOffice euskaratzen. Guztiz eskertzekoa den lan eskerga eta txukuna egin dute baina EuskalGNU elkartea desegin zenetik proiektu hauen lokalizazioa geldirik egon da, eta hori batez ere LibreOffice-ren 4. bertsioan sumatu da: ingelesezko mezu ugari agertzeaz gain Xuxen zuzentzaile ortografikoa ez zetorren inplementatua eta euskadi.net-eko bertsioa ezin da instalatu LibreOffice berrian.

10 egun bakarrik pasatu dira Librezale elkarteak EuskalGNU mantentzen zituen  proiektuak bere gain hartu dituenetik eta emaitzak hasi dira ikusten, eta nola gainera.
Librezalek  Xuxen bertsio zaharra LibreOffice 4rako atontzeaz gain hitz-zatikatzailea erantsi dio. LibreOffice-ren hedapenak gestionatzen dituen LibreOffice Extensions gunetik deskarga daiteke. Instalatzeko, behin deskargatuta, LibreOfficeko menura joko dugu eta  Tresnak > Hedapen kudeatzailea > Gehitu eta arakatuko dugu deskargatu berri dugun xuxeniv-lo4-1-1.oxt fitxategia.

LibreOffice berrabiaraztean Xuxen berria martxan jarriko da. Ez dut azalduko nola funtzionatzen duen zuzentzaile ortografikoa baina bai zertarako eta nola erabil daitekeen hitzen zatikatzailea.

Hitzen zatikatzailearen funtzioa hauxe da: zutabeak erabiltzen ditugunean hitzak zatitzen ditu silabak puskatu gabe. Horrela tarte itsusiak ekiditen dira eta zutabeen justifikazioa hobetzen da.

Hona hemen adibide bat: lehenengo irudian era arruntean egina dago, hitzak zatitu gabe,

Bigarren irudian hitzak automatikoki marratxoz zatituta daude, silabak hautsi gabe:


Bistan dago bigarren diseinuak itxura hobea duela.

Nola aplikatzen da hitzen zatiketa testu batean?

Testua hautatu eta menu nagusian egingo dugu: Tresnak > Hizkuntza > Hitz zatiketa...  eta elkarrizketa koadro hau agertuko zaigu:

Koadro honetan guk erabaki dezakegu hitzak nondik zatitu edo -gomendagarria- Hyphenate All sakatu eta berak zatituko ditu ia beti ondo. Hyphenazio-algoritmoa hitzak marratxo baten bidez bi lerrotan zatitzeko arau multzo bat da.


Eskerrik asko LibreOffice-ren lokalizazioaren arduradun berriari eta irakurleei Librezale elkartearen bidez software librea euskaratzen eta zabaltzen laguntzeko animatzea.


LibreOffice 3 Debian, Ubuntu, Mint edo antzekoetan instalatuta baduzu begiratu mezu honetan nola instalatu 4. bertsioa PPA bidez.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina