2010/07/28

EGK elkarteak hezkuntza sistemaz dituen hainbat kezka

Eusko Jaurlaritzak Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak (LAA) dokumentua berritzeko asmoa du eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak hori dela eta "sektoreen eta gizarte-mugimenduen arteko elkarrizketa" sustatu nahian eztabaidarako dokumentu bat argitaratu du. Dokumentu horretan "garapen zentzuzkoa eta iraunkorrarekin" lotutako hainbat gai ukitzen ditu, sakontasunik gabe baina ikuspegi global interesgarriarekin.

Dokumentu osoa irakurtzeak merezi du. Nik blog honetara hezkuntzarekin loturatako bi pasarte ekarriko ditut, zer pentsa ematen duten hainbat puntu zerrendatzen dituztenak:

Ikastetxeen kudeaketa enpresa-egitura hierarkikoaren proiekzioa da, ikastetxeko zuzendariak edozein enpresa-korporaziotako buruaren antzeko aginpidea baitu. Irakaslearen eta ikasleen arteko erlazioa bertikaltasunean oinarrituta dago, eta gerora lan-munduan erlazio berdin-berdina sortzen da nagusien eta langileen artean. Hezkuntza-plangintzaren helburua da lana eraginkortasunez egingo duten langile adituak prestatzea. Saiatuak izaten, ikastetxera garaiz iristen eta esanekoak izaten irakasten digute; irakasleak esandako guztia egin behar dugula esaten digute [...]
Gaur egungo gazteak logaritmo bat egiteko eta taula periodikoa edo Machadoren olerki bat buruz ikasteko gai dira, baina ez dira olerki bat idazteko, iritzia emateko, jendaurrean hitz egiteko eta gure inguruko historia jakiteko gai. Badakizkigu preposizio guztiak, esaldi bat askatzeko eta hitzez hitz banatzeko gai gara, gramatika-konposizioa kontuan hartuta, baina gero eta okerrago irakurtzen eta idazten dugu. Ezertarako balio ez duten gauzetan adituak gara, eta benetan garrantzitsuak diren gauzetan gero eta ezjakinagoak. Nahiz eta gure aitona-amonek baino idazkera hobea izan, askoz gehiago kostatzen zaigu gauzak adieraztea. Ez digute irakasten gure barrena askatzen, gure bihotza askatzen. Irakasleak diktatu eta guk azpimarratu egiten dugu, zer azpimarratzen ari garen jakin gabe. Azterketak iristean, ikasgaiak buruz ikasi, azterketak gainditu eta automatikoki ahazten zaigu ikasitako guztia, disko gogorra hustu izan baligute bezala.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina