Ez dut wifiaren erabileraren eztabaidan posizionatzeko asmorik. Kontrako zein aldeko txosten zientifiko erabat fidagarrien berri izan dugu. Edozein modutan gauza bat nahiko argi daukat: zenbat eta kutsadura elektromagnetiko gutxiago hobe. Ildo horretan wifiaren erabilera murrizteko bi ideia dakartzat,
Lehenengoa; wifia erabiltzen ditugun tokietan access-point edo haririk gabeko seinalearen hargailu-transmisorea den antena itzalgailua duen base elektriko batean entxufatu eta erabili behar ez denean itzali.
Hainbat tokitan praktika honek ez dauka zentzurik zerbitzua etengabe eskaini behar delako baina beste batzuetan, hala nola etxean edo ikastetxetako geletan, neurri honekin denbora luzean emisioa ekidin daiteke.
Bigarrena; ethernet seinalea zabaldu ahal izateko kablea eta wifiaren ordezkoa PLC (Power Line Communications) izan daiteke, alegia komunikazio seinale digitala elektrizitate kabletik zabaltzea. Horretarako gutxienez bi hargailu-transmisore berezi behar dira (35€ bana gutti goitti behetti). Batak modem, routter edo switch batetik kablez hartuko du seinalea eta sare elektrikoan entxufatuta etxe osotik barreiatuko du seinalea. Bigarren hargailu-transmisorea ekipotik gertuen dagoen entxufean sartu eta kablez konektatuko dugu ekipoarekin.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina