2022/03/23

Nola sinkronizatu ikasle.eus edo irakasle.eus Luberri edo beste Linuxetan

EAEko Hezkuntza Sailaren  ikasle.eus eta irakasle.eus kontuak Microsoft-O365 kontuak izateaz gain Google kontuak ere badira.

Luberri sisteman eta oro har Linux Mint eta Ubunturen gaineko beste sistemetan aukera dago hodeiko kontuekin sinkronizatzeko sistemaren ezarpenetan. Ikasle.eus eta irakasle.eus kontuen kasuan Microsoftek ez ditu errekonozitzen:

Microsoftek ez du irakasle.eus kontuak onartzen

Baina Google-k bai.


Nola aktibatu sinkronizazioa:

Sistemaren ezarpenetara joan...

eta  Hobespenak multzoan bilatu Lineako kontuak


Klikatu eta Gehitu kontua > Google
Idatzi zure ikasle.eus, irakasle.eus edo bestelako Google kontua eta pasahitza. Ezagutzen duenean sinkronizatu daitezkeen zerbitzuen zerrenda agertuko da (ikusi mezu honen bigarren irudia) eta zerbitzuren bat interesatzen ez bazaizu desaktibatu. Leiho horretan ez da ezer onartu behar, aski da leihoa ixtea.

Nola erabili sinkronizazioa

 Nemo, Nautilus edo erabiltzen duzun fitxategien arakatzaileko ezkerreko panelean Sarea atalean zure kontuaren izena duen unitate bat agertuko zaizu muntatuta.

 

Unitate horretan gordetzen duzuna zuzenean kargatuko da zure kontuko Google Drivera. Erne! ez da gordeko ordenagailuan lokal moduan, beraz interneteko konexiorik gabe ezingo duzu erabili. Sinkronizazioa ez da osoa Nextcloud Desktopekin gertatzen den bezala baizik eta mugikorreko Drivearen antzera hodeian dauden karpeta eta fitxategien zerrenda ikusten da baina soilik klikatzean deskargatzen da eta asoziatua duen aplikazioak irekitzen du. Horrela gordetako fitxategiak eta karpetak beste ordenagailu edo mugikor batetik drive.google.com gunean ikusi eta deskargatzen ahal dituzu.

Beste aukera bat da aplikazioetatik zuzenean Drivetik irekitzea (deskargatzea) edo bertara gordetzea (alegia Drivera kargatzea). Azpiko irudian ikus daiteke nola ireki daitekeen Driven gordetako dokumentu bat:


 Antzera egin dezakegu beste edozein aplikazioarekin bai irekitzeko bai gordetzeko, kontuan izaten ireki eta gorde egitean Drivetik deskargatu eta kargatu egingo dugula eta ordenagailuan ez dela fitxategi lokalik gordeko.

Posta eta egutegia. Thunderbird eta bere egutegia (Lightning) erabiltzen badugu arazorik gabe konfiguratzen ahal dugu posta kontua ikasle-irakasle.eus helbidetik jaso eta bidaltzeko eta egutegia sinkronizatzeko:


Balorazioa

irakasleek zein ikasleek Fitxategiak, posta, kontaktuak, egutegiak non nahi eta noiz nahi eskuragarri behar baditugu badira moduak egiteko seguru, pribatutasuna zainduz eta software librearen bidez, hala nola Nextcloud (ikastetxekoa zein pribatua -https://disroot.org kasu-), Moodle... eta ez hain seguru eta pribatutasuna zainduz enpresen software pribatiboaren bidez (Mega, Google...). Aipatuta bi horiek aukera interesgarria izan daitezke tresna irekiak eskura ez daukagunean.

 


2022/03/22

luberri_20.04.6 argitaratu berri da

 Luberri_20.04.6 bertsioa deskargatzeko moduan dago eskuineko panelean Luberri instalazioa klikatuta. 

Bertsio honetan ez dago aldaketa handirik, izan ere lau hilabete pasa dira aurreko bertsiotik eta eguneraketak biltzea ondo dator. Hau izan daiteke, gainera, 20.04ko azken bertsioa ekain alderako 22.04a etor daiteke eta.

luberri-20.04.6_Sb.iso bertsioan, alegia Systemback bidez instalatzen den bertsioan aldaketa bakarra da sistema eta aplikazioen eguneraketa. 

luberri_20.04.6_Ub.iso bertsioan, Ubiquity bidez instalatzen dena bi instalazio jaso ditu -Sb bertsioak bazituenak-:  Remmina eta TuxPaint.

Eguneraketak: sistema eta aplikazioak 2022/03/22, Kernela 5.4.0-104 Sb bertsioan eta 5.13.0-37 Ub bertsioan. 

BigBlueButton-en aurrerapenak

 Bideo-konferentziak egiteko aplikazio libreen artean Jitsi eta BigBlueButton dira ezagunenak. Lehenengoa sinple eta arina, bigarrena eskolak emateko funtzionalitatez hobeto hornitua.

BigBlueButton mezu hau idazteko unean 2.5-alpha bertsioan badago ere martxan ikus daitezkeen aurrerapenak 2.4 bertsioarenak dira. Horien artean hauek nabarmendu daitezke:

  • Azpitaldeen gelei sortu ahala ematen ahal zaie izena.
  • Kudeatzaileak martxan dauden azpitaldeen gelen iraupena luzatu dezake.
  • Pantaila partekatzean murriztu da ispilu-efektua.

 

  • ikusleentzat partekatutako kanpoko bideoen ikuspegia hobetu da.
  • Grabaketaren txat publikoak inkesten emaitzak eta partekatutako bideoen estekak biltzen ditu.
  • Txat publikoan moderatzailearen mezuak nabarmenduak ikusten dira.
  • Erabiltzaileren bat irteten denean alerta bat ikusten da.
  • Kudeatzaileak bere ezarpenetan zehaztu dezake ikasleen pantailaren diseinua.

 

  •  Erabiltzaileek euren web-kameren atzeko planoa lausotu dezakete edo atzeko plano birtual bat ezar dezakete.

Atzeko plano lausotu daiteke edo birtual bat ezarri.
  • Saio hasita ere edozein unean aldatzen ahal dira mikrofonoak (kaskoena, web kamerarena...) edo bozgorailuak.


 

Informazio gehiago ingelesez azken bertsioei buruz:

2.4 

2.5 

2022/02/13

Excalidraw.com lineako arbela funtzionala, ederra, librea, partekagarria eta orain euskaraz.

 

Nola jarri martxan:

https://excalidraw.com/

Nola ipini interfazea euskaraz: ezkerreko beheko iskinean hautatu daiteke

Lizentzia librea: MIT license

Funtzionalitateak

  • marrazteko tresnak

    Giltzarrapoa markatuta tresna gogoratzen du. 
Tresnak bektorialak dira, beraz, kurtsorearekin dimentsioa eta tokia alda daitezke. Era berean, planoan aurrera eta atzera eraman daitezke.
Tresna bakoitzak zenbaki bat du asoziatua eta laster-tekla gisa funtzionatzen du, sinez praktikoa.
 
  • oihalaren aukerak

 
Atzeko plano edo oihalaren kolorea ezar daiteke eta, ilargian klikatuz gero, gai ilunera alda daiteke.



  • tresnen aukerak




    Marraren kolorea

    Atzeko planoaren kolorea

Atzeko planoaren testura.

Marren estiloak eta lodierak.

Ertzen estiloa.

Opakutasuna.

Planoko posizioa.
Bikoiztu, ezabatu, estekatu URLa.

  • ikonoak edo formak inportatu eta irudiak txertatu


Githuben gordetako ikono eta formak inportatu daitezke edota irudia, mapak eta abar fitxategi bidez txertatu.





  • gorde, esportatu

     Arbela gorde daiteke lokalean ondoren berriro editatzeko edo png zein svg formatuko irudi gisa. Ordainduz gero hodeia eskaintzen da.

  • elkarlanean aritu


    Arbela URL bidez parteka daiteke.


    Erabilera

     
  •  arbel digitala
  •  diagramak
  •  bideo-konferentziako arbela
  •  ideia jasak 

Mahaigainerako

Lineako hainbat arbel probatuta Excalidraw da, nire ustez, interesgarriena funtzionalitate, estetika eta hizkuntzagatik. Diagramak egiteko ere Draw.io baino errazago. Luberri eta Linux Mint-en webgunea aplikazioen antza ematen ahal zaio (Aplikazioak > Internet > Web aplikazioak eta bertan URLa jarri).

Edozein modutan, ahal izanez gero, offline Xournal++ hobesten dut, izan ere, arbela moduan antzeko funtzionalitateak ditu baina PDFak editatzeko aukera era badu.

Nola sortu lasterbide Androiden

  1. Mugikorrean edo tabletan Excalidraw-ri lasterbide bat egiteko urratsak:
  2. Play Storen instalatu Shortcut Creator app-a.
  3. Ireki Firefox eta bertan excalidraw.com
  4. Excalidraw-ren menua ireki (sandwicha beheko ezker aldean), jarri Hizkuntza: euskara eta klikatu menua ixteko. 
  5. Firefoxen menua ireki (hiru puntutxoak), bidaltzeko ikonoa klikatu:

 


eta hautatu Shortcut-en ikonoa:  Ondoren Excalidraw-ren logoa hautatu eta + (plus) sakatu lasterbidea sortzeko.
 
 
 Androiden erabiltzean kontuan eduki behar da menuak eta tresnen aukerak zabaltzean hauek marrazteko zona hartzen dutela, behin aukera eginda, berriz sakatu behar da menua edo paleta (tresnen aukerak) hauek minimizatzeko.



2022/02/02

Wifiaren kontrolatzailea Lenovo Thinkpad L14 Gen1 modeloan

 Ordenagailu honetan Linux instalatu eta wifia ez duela funtzionatzen ikusten baduzu, ez larritu soluzio erraza baitu.

Ordenagailu honen wifia Realtek markako RT8852AE da eta bere kontrolatzaile edo driverra instalatzeko aski da Github-eko orri honetako jarraibideak aplikatzea: https://github.com/lwfinger/rtw89

 


 

2022/01/10

CryptPad elkarlanerako suitea euskaraz

CryptPad 4.13.0 bertsiotik euskaraz dago. 


Cryptpad elkarlanerako sortutako dokumentuen ediziorako suite bat da, Google Docs edo Office365en tankerakoa. Hauekiko diferentzia da CryptPad-ek software libreko online aplikazioak erabiltzen dituela.

Cryptpad-ek duen beste ezaugarri garrantzitsu bat da muturretik muturrerako zifratzea erabiltzen duela eta horri esker bai saretik bidaltzen dugun informazioa bai urrutiko zerbitzarietan gordetzen duguna zifratuta dagoela. Beraz, erabat konfidentziala da.

Jatorrizko CryptPad cryptpad.fr da eta zerbitzua izena emanda edo gabe erabili daiteke. Edozein kasutan ez digute informazio pertsonalik eskatuko. Cryptpad.fr, Frantziako eta Europako Batasunaren administrazioen laguntza du.

Izena eman gabe erabiltzen baduzu dokumentuak zerbitzaritik ezabatzen dira aktibitaterik gabe 90 egun egon ondoren. Edozein kasutan, tarte horretan zehar zure ordenagailura deskargatzen ahal duzu. 

Izena ematen baduzu cryptpad.fr zerbitzariak 1GBko hodei bat eskaintzen dizu -pandemia dela eta beste abisu bat jaso arte-. Sortzen dituzun dokumentuak eta ordenagailutik kargatzen dituzunak bertan gorde dezakezu denbora mugarik gabe eta gailu desberdinetatik atzitu ditzakezu. Espazio gehiago behar baduzu zure hodeian hileko 5 eta 15€ arteko planak dituzte. Cryptpad.fr webgunean kontsulatu daitezke modalitateak.

Cryptpad software libreko paketea denez beste enpresa eta elkarteek ere euren zerbitzarietan instalatu eta eskaintzen dute, besteak beste Disroot.org elkarteak (https://cryptpad.disroot.org/) -une honetan 4.12 bertsioa dute-.

Aplikazioak

Cryptpad suiteak enkriptatutako komunikazioa eta biltegiratzea eskaintzen du baina beste batzuen software librea ere erabiltzen du. Elkarlanerako eskaintzen dituen aplikazioak hauek dira:

  • Testu aberastuko prozesadorea (Etherpad-en aldean irudiak eta taulak ditu)
  • Kalkulu orria. OnlyOffice-rena erabiltzen du -oraindik euskaratu gabe-.
  • Kanban taulak (Trello estiloan)
  • Kode editorea
  • Inkestak egiteko inprimakia
  • Arbela
  • Markdown diapositibak

eta izena ematen dutenentzat

  • CriptDrive hodeia sortutako dokumentuak zein igotakoak gordetzeko. 

 


Dokumentu guztiek dute elkarlanerako edizioa. Eskuin aldean ikusten dira parte-hartzaileen izenak eta txata du. Parte hartzaile bakoitzak gehitutako testua kolore batez identifikatzen da. 

Testu aberastua: ezkerrean fitxategi-aukerak eta eskuinean erabiltzaileen zerrenda.


Dokumentuei iraungitze data jartzen ahal zaie (izena emana baduzu dokumentuaren kopia bat geratuko da zure Drivean).

Dokumentuak partekatzen ahal dira esteka bidez ikusteko edota editatzeko. Dokumentuari jar dakioke pasahitz bat kontrolatzeko nor ikusi edo editatzen duen. Partekatze zerrenda sortzen baduzu bakarrik zerrendakoek erabili ahal izango dute. 

CryptDrive-n karpetak eta karpeta partekatuak sor daitezke.

Cryptpad.fr webgunean (edo dagoeneko 4.13 bertsioa inplementatuta duen beste instantzia batean) izena emana baduzu baina interfazea erdaraz agertzen bazaizu goiko ezker aldean agertzen den zure profilaren izenean klik egin eta  Ezarpenak (Settings) aukeratu...


... eta Hizkuntza (Language) atalean Euskara aukeratu. Automatikoki interfazea euskaraz agertuko zaizu.