2022/01/10

CryptPad elkarlanerako suitea euskaraz

CryptPad 4.13.0 bertsiotik euskaraz dago. 


Cryptpad elkarlanerako sortutako dokumentuen ediziorako suite bat da, Google Docs edo Office365en tankerakoa. Hauekiko diferentzia da CryptPad-ek software libreko online aplikazioak erabiltzen dituela.

Cryptpad-ek duen beste ezaugarri garrantzitsu bat da muturretik muturrerako zifratzea erabiltzen duela eta horri esker bai saretik bidaltzen dugun informazioa bai urrutiko zerbitzarietan gordetzen duguna zifratuta dagoela. Beraz, erabat konfidentziala da.

Jatorrizko CryptPad cryptpad.fr da eta zerbitzua izena emanda edo gabe erabili daiteke. Edozein kasutan ez digute informazio pertsonalik eskatuko. Cryptpad.fr, Frantziako eta Europako Batasunaren administrazioen laguntza du.

Izena eman gabe erabiltzen baduzu dokumentuak zerbitzaritik ezabatzen dira aktibitaterik gabe 90 egun egon ondoren. Edozein kasutan, tarte horretan zehar zure ordenagailura deskargatzen ahal duzu. 

Izena ematen baduzu cryptpad.fr zerbitzariak 1GBko hodei bat eskaintzen dizu -pandemia dela eta beste abisu bat jaso arte-. Sortzen dituzun dokumentuak eta ordenagailutik kargatzen dituzunak bertan gorde dezakezu denbora mugarik gabe eta gailu desberdinetatik atzitu ditzakezu. Espazio gehiago behar baduzu zure hodeian hileko 5 eta 15€ arteko planak dituzte. Cryptpad.fr webgunean kontsulatu daitezke modalitateak.

Cryptpad software libreko paketea denez beste enpresa eta elkarteek ere euren zerbitzarietan instalatu eta eskaintzen dute, besteak beste Disroot.org elkarteak (https://cryptpad.disroot.org/) -une honetan 4.12 bertsioa dute-.

Aplikazioak

Cryptpad suiteak enkriptatutako komunikazioa eta biltegiratzea eskaintzen du baina beste batzuen software librea ere erabiltzen du. Elkarlanerako eskaintzen dituen aplikazioak hauek dira:

  • Testu aberastuko prozesadorea (Etherpad-en aldean irudiak eta taulak ditu)
  • Kalkulu orria. OnlyOffice-rena erabiltzen du -oraindik euskaratu gabe-.
  • Kanban taulak (Trello estiloan)
  • Kode editorea
  • Inkestak egiteko inprimakia
  • Arbela
  • Markdown diapositibak

eta izena ematen dutenentzat

  • CriptDrive hodeia sortutako dokumentuak zein igotakoak gordetzeko. 

 


Dokumentu guztiek dute elkarlanerako edizioa. Eskuin aldean ikusten dira parte-hartzaileen izenak eta txata du. Parte hartzaile bakoitzak gehitutako testua kolore batez identifikatzen da. 

Testu aberastua: ezkerrean fitxategi-aukerak eta eskuinean erabiltzaileen zerrenda.


Dokumentuei iraungitze data jartzen ahal zaie (izena emana baduzu dokumentuaren kopia bat geratuko da zure Drivean).

Dokumentuak partekatzen ahal dira esteka bidez ikusteko edota editatzeko. Dokumentuari jar dakioke pasahitz bat kontrolatzeko nor ikusi edo editatzen duen. Partekatze zerrenda sortzen baduzu bakarrik zerrendakoek erabili ahal izango dute. 

CryptDrive-n karpetak eta karpeta partekatuak sor daitezke.

Cryptpad.fr webgunean (edo dagoeneko 4.13 bertsioa inplementatuta duen beste instantzia batean) izena emana baduzu baina interfazea erdaraz agertzen bazaizu goiko ezker aldean agertzen den zure profilaren izenean klik egin eta  Ezarpenak (Settings) aukeratu...


... eta Hizkuntza (Language) atalean Euskara aukeratu. Automatikoki interfazea euskaraz agertuko zaizu.



2022/01/07

Nola jarri euskaraz zure Rainloop webposta

Rainloop software libreko webmail bat da, alegia web bidezko posta bezeroa eta hainbat zerbitzu emailek erabiltzen dute, besteak beste disroot.org.

Rainloop 1.06.0 bertsiotik aurrera euskaraz dago baina nabigatzaileek ez dute detektatzen hizkuntza eta ingelesez agertzen da. 

Rainloop erabiltzen baduzu eta euskaraz jarri nahi baduzu hizkuntza konfiguratu behar duzu. Horretarako webpostan zaudela Rainloop-en ezarpenetara jo behar duzu. Bi tokitatik egin daiteke engranajea klikatuta:

Ezarpenetan zaudela General atalera jo behar duzu, eta bertan Language atalean klikatu:


Euskara hautatzeko Basque klikatu:


Eta hortik aurrera interfazea euskaraz izango duzu. Atzera tekla klikatu eta prest dago.



2022/01/05

Storyboarder: storyboard-ak egiteko aplikazioa

Baina, zer da storyboard bat? 

Wikipediak dioenez: irudi edo zirriborroen segida da; bere helburua animazio edo film bat egin aurretik horren egitura irudikatzea eta planoen ezaugarriak zehaztea da. Bineta bakoitzean plano baten irudikapena agertzen da eta kamera mugimendua badago geziz markatua agertzen da. 

Paperean egina komiki baten antza du. Zirriborroetan definitzen da plano mota, pertsonaien kokapena, kameren zein argien posizioa eta mugimendua.

Storyboard-a animazio, film eta edozein grabazioa zuzendu behar duenarentzat lan-eskema da.

Zer abantaila du storyboard-a digitala egiteak? Irudigintza digitalak dituen guztiak: tresnak, desegin-berregin, mugitu, kolore-paletak, modu digitalean gorde eta bidaltzea...

Storyboarder

Doako aplikazio multiplataforma (Linux, Mac, Windows) erraz eta intuitibo xamarra. Badirudi software libre lizentzia duela*


Ezaugarriak

Bi interfaze konbinagarriak ditu:

  • Esku hutsezko interfazea non pintzelak, koloreak, borragoma, mugitzeko eta berrenkoadratzeko aukera, fotogramak bikoiztu, ordenatu daitezke... Zirriborroaren azpian segida ikusi daiteke bere hartan edo animatzeko denbora-lerro moduan. Interfaze honetan aritzeko guztiz gomendagarria da tableta digitala erabiltzea.

https://github.com/wonderunit/storyboarder    
 


  • Open Shot Generator. Interfaze honetan 3D eszena batean pertsonaiak, objektu nagusiak, efektuak, kamerak, argiak... hautatu, kokatu, noranzkoak eskuz zein parametroen bidez zehaztu eta eszenaren argazkia egin eta aipatutako sekuentziaren interfazera gehituko dugu.

Ezkerreko panelean elementuen kokapena (pertsonaiak, kamera, argia) eta euren parametroak ikusten dira. Panel nagusian eszenaren ikuspegia eta pertsonaien gorputzak mugitzeko nodoak.

 

Hasieran hautatzen da fotogramen aspektu erlazioa.

Proiektu bakoitza karpeta batean gordetzen da era automatikoan. Bertan testu fitxategi batek biltzen ditu elementuen ezaugarriak eta irudiak eta bestelakoak azpikarpetetan gordetzen dira.

Irudien edizioa findu nahi bada zuzenean fotograma zuzenean ireki daiteke Gimp, Krita, Photoshop edo bestelako editorean.

Esportatu daiteke PDF gisako komiki antzeko dokumentu batean, GIF animatuan, bideoan, Premiere fitxategia...

 

Instalazioa

Esan bezala aplikazioa multiplataforma da eta Githubeko orri honetatik deskargatu daiteke.

Ubuntu, Linux Mint eta deribatuentzat nire gomendioa da .deb bertsioa deskargatzea eta klik bikoitza eginez instalatzea.


Oharrak

  • Badirudi MIT lizentzia duela. Informazio gehiago hemen.
  • Aplikazio honek prozesadore eta memoria dezente erabiltzen du. Ezarpenetan kalitatea murriztu daiteke aplikazioa arinago ibili dadin.

* Linuxerako nire aplikazioen bilduma hemen.

 


2021/12/05

Nola sinkronizatu Nextcloud egutegi bat Lightning egutegiarekin

 Lightning Thunberbird posta bezeroaren egutegia da. Bertan egutegi lokalak sor daitezke baina interesgarriena lineako egutegiak sinkronizatzea da. Ikus dezagun nola sinkronizatu daiteke Nextcloud hodeian oinarritutako egutegi bat:

Lehenik eta behin egutegiaren webgunera joango gara eta egutegi pertsonalaren esteka pribatua arbelean kopiatuko dugu.

Ondoren Thunderbird ireki eta egutegiaren fitxara joango gara. Bertan klikatuko dugu + ikurrean adierazteko egutegi berri bat nahi dugula.


Esango diogu egutegia sarean dagoela.


Eta CalDav formatua duela. Eskatuko digu jatorrizko egutegiaren hodeian dugun erabiltzaile izena eta itsatsiko dugu arbelean kopiatu dugun arbelaren helbidea.


Azkenik egutegi honentzat asmatuko dugu izen adierazgarri bat eta ditugun beste egutegietatik bereiziko duen kolore bat.

Onartu eta segundo batzuetan ditugun gertaerak sinkronizatuko dira. Hemendik aurrera Lightning-en ikusiko ditugu egutegian sortzen ditugun gertaerak eta bertatik sortu ahal izango ditugu. 

Lightning egutegiaren abantaila handi bat da hainbat egutegietako gertaerak ikusten ahal ditugula batera: pertsonala, lanekoak, elkartetakoak... Zenbait editagarriak izango dira eta beste batzuk ikusteko soilik (jaiegunak...).



2021/11/30

Nola konfiguratu Foliate epub fitxategiak irakurtzeko aplikazioa ikusteko arazoak dituzten ikasleentzat

 Foliate Linux sistemarako liburu elektronikoen irakurtzeko aplikazioa da. Aurreko mezu batean deskribatu nituen bere ezaugarri nagusiak, erabilera, ezarpenetako oinarrizko aukerak eta instalazioa.

Gaur bere posibilitateetan sakonduko dut ikusteko zailtasunak dituzten ikasleei begira (eta ikusmen nekatua dugun irakasleei begira).

Ikusteko zailtasunak dituzten pertsonek bere saioan Foliaten konfigurazioaren aukerak ezagutzea komeni da. Nik aukera batzuk komentatuko ditut baina ez norberak ebaluatu behar du zein komeni zaion. Menuan ditugu aukera guztiak:

  • Letra mota eta tamaina. Orokorrean letra txikia denean serif letrek, alegia bukaeretan dekorazioa dutenak,  errazago irakurtzen omen dira. San serif -dekorazio gabeak- garbiagoak dira baina tamaina batetik aurrera komeni dira.
    San serif eta serif
     
  • Irakurgarritasunari begira propio diseinatutako letra mota bat dago: Atkinson Hyperlegible. Mezu honetan azaldu nuen nola instalatu. Horrela ezarri eta ikusten da Foliaten: 

 

Kaptura honetan ikusten da letra mota eta tamainaz gain pantailaren distira, lerroartea, marjinak eta zabalerak ere kontrola daitezke.

  • Unai Elorriagaren hitzak Atkinson Hiperlegible letran.


  • Itxura edo gaia. Irakurgarritasunari begira kontraste handiko itxurak erabiltzea komeni da.

Argia eta Negatiboa dira, berez kontraste handiena dutenak. Nire ustez atzeko plano iluna dutenek bista gutxiago nekatzen dute.

 Menuko aurreratuetan ere erabaki dezakegu bi zutabeetan edo bakarrean ikustea. Eta ez luzatzeko, azkenik beste parametro garrantzitsu bat aztertuko dugu:

  • Testutik-hizketara. Ikusmen arazo larrietan eta ahoskatzea lantzeko ordenagailuari eskatzen ahal diogu testu irakurtzeko (TTS text-to-speach).
Baina horretarako TTS aplikazio bat gutxienez instalatu beharko dugu.

 

Bi TTS aplikazioak probatu ditut eta eSpeak NG da hoberen funtzionatzen duena euskara eta gazteleraren kasuan, nahiz eta ahotsa oso metalikoa izan. Ubuntu eta deribatuetan instalatzeko terminalean agindu hau itsatsi:

sudo apt install espeak-ng

Ingelesezko testuak, ordea, hobeto irakurtzen ditu, nire ustez, Festival aplikazioa. Ubuntu eta deribatuetan instalatzeko:

sudo apt install festival

Behin aplikazioa(k) instalatuta eta Foliateko hobespenetan hautatuta, erabiltzeko bi era daude: saguarekin pasarte bat hautatu, eskuin klik egin eta kaskoen ikonoan klikatua pasartea irakurriko du edo letra bat edo batzuk hautatu eta Irakurri ozen hemendik klikatu eta irakurriko du harik eta guk, beheko panelean, kaskoen ikonoan klikatu arte.

Irakurgailua aktibatzeko bi moduak

2021/11/25

Luberri_20.04.5 bertsio berria eskuragarri dago

 Luberri Linux ikaskuntzara bideratutako distribuzioak bertsio berria du: Luberri_20.04.5 eta, aurrekoak bezala bi aldaerak ditu Ub Ubiquity instalatzailearekin eta Sb Systemback instalatzailearekin.

Hona hemen bertsioaren berritasunak:

Ubiquity bertsioan harrera-pantailaren (Lightdm-ren) sistemaren ezarpenetatik aldatzea galarazten zuen errorea konpondu da.

Aplikazioa berriak:

  • Scratux 1.4.0.6ren ordez Scratch Desktop 3.3.0 Internet erabili gabe Scratch-en azken bertsioa erabili ahal izateko. Euskaraz jartzeko panelean lurraren ikonoa klikatu behar da.
  • Kruler (Irudiak) pantailako objektuak pixeletan neurtzeko. Praktikoa webgintzan.
  • BackInTime (Sistemaren tresnak): seguritate kopiak egiteko aplikazioa. Hautatu daiteke zeren babeskopia egin eta non, esteka gogorrak erabiltzen dituenez dokumentuen bertsioak gordetzen ditu asko okupatu gabe. Ikastetxeetan zerbitzariak egiten ditu karpeta pertsonalen babeskopia baina bestelakoetarako interesgarria izan daiteke.
  • Tuxmath (Hezkuntza) oinarrizko eragiketa matematikoak jolasen bidez lantzeko. Momentuz ingelesez dago baina erraza da erabiltzen.
  • Sb bertsiotik kimikarako Avogadro eta Kalzium kendu behar izan ditut tokia egiteko. Ondoren instalatu daitezke.

Eguneraketak: sistema eta aplikazioak 2021/11/24 datan eguneratuta. Kernela 5.4.0-89 Sb bertsioan eta 5.11.40 Ub bertsioan.  

Deskargatu nahi baduzu eskuineko panelean Luberri instalazioa elementuan klikatu eta bertsioak eta instalatzeko jarraibideak topatuko dituzu bertan.