2016/06/21

Hobelex zuzentzaile lexikoa orain LibreOfficerako

UZEIk duela hilabete batzuk atera zuen Hobelex zuzentzaile lexikoa MS Officerako eta orain software libreko LibreOfficerako bertsioa atera du.

Zer aldea dago Xuxen zuzentzaile ortografikoa eta Hobelex zuzentzaile lexikoa? Bada lehenengoak hitz ezezagunak (okerrak) detektatu, gorriz azpimarratu  eta zuzenak proposatzen dituela eta Hobelex ezezagunak detektatzeaz gain egokiak ez direnak urdinez markatu eta egokia den aukerako beste termino bat proposatzen du.

LibreOfficerako bertsioa hemendik deskarga dezakezu. Gorde, ireki LibreOffice Writer eta menuan klika Tresnak > Hedapenen kudeatzailea... > Gehitu eta arakatu deskargatutako oxt luzapena duen gehigarria.
Bertan zaudela desinstala dezakezu Xuxen zeren eta Hobelex-ek zuzenketa ortografikoa ere egiten du.



Oharrak:
  • Probatu dut eta ematen du zuzenketa lexikoak Writerren egiten dituela, Calc eta Impressen bakarrik ortografikoak.
  • Ubuntu 14.04 eta LibreOffice 5.1.4.2rekin ez dit utzi instalatzen. Ubuntu 16.04 eta LibreOffice 5.1.3.2rekin bai.

2016/06/16

Hainbat proiektu mota eta tresna digital Plastika materian lantzeko

Errenteriako eskola batean galdetu didate ea nola landu daiteke Plastika tresna digitalen bidez.

Buelta pare bat eman diot eta eskematxo bat egin dut. Bertan materia horretan tresna digitalen bidez egin daitezke hainbat lanketa eta horiek egiteko erabili daitekeen softwarea jarri dut. Eskeman aipatzen diren aplikazioa gehienak offline motakoak dira, libreak eta Luberri distribuzioan daude. Horietaz aparte bi webgune jarri ditut (weebly.com eta canva.com) offline aplikazioetan parekorik topatu ez dudalako.

Hona hemen eskema:


Eskertuko nuke zuen ekarpenak komentarioetan eskema osatze edo zuzentze aldera.

Bestetik eskema baliatu nahi baduzue posible duzue hemendik deskargatzea Xmind bidez editatzeko: http://www.xmind.net/m/fR6i



2016/06/03

Moodleren erabilera irakasleentzako sarbide mugatuko orria moduan (intranet, irakaslegunea)

(2016/12/20an eguneratua)

Ez dago dudarik Moodleren erabilerarik interesgarriena pedagogikoa dela, ikasleekikoa alegia. Baina ez dugu baztertu behar eskolaren kudeaketan bete dezakeen papera. Hortaz arituko naiz mezu honetan.

Ikastetxe asko hainbat kudeaketa-lan eskolaren esparru fisikotik harago eraman nahi dute. Zuzendaritza eta irakasleen arteko komunikazioa digitalizatu eta hainbat dokumentazio eta zerbitzu irakasleek nonahi eta noiznahi erabili ahal izateko saretik Internetera mugitzen ari dira, baina sarbide mugatuko orritara (gaizki izendatutako intranetera) zeren eta komunikazio eta zerbitzu horiek ez dira edozeini zabaldu behar.

Sarbide mugatuko orriak hainbat eratan egin daitezke: Liferay (Jaurlaritzak ikastetxe publikoei eskainia), Google Sites, kudeaketa enpresek eskaintzen dutenak... eta Moodle.



Matrikula

Irakasleentzako zerbitzurako orri bat muntatzen ahal dugu ikastaro bat sortuz -nik Irakasleen gunea deitu diot- non irakasle arruntak ikasle rolean matrikulatuko ditugu eta zuzendaritza taldea irakasle rolean.

Behin matrikula eginda taldeak sortuko ditugu. Taldeak gehien bat komunikaziorako erabiliko dira beraz zein talderi zuzendu behar zaizkio mezuak horrenbeste talde eratuko ditugu (zikloak, eraikinak, tutoreak, mintegiak, errekreoko-zaintzak...). Ondoren, taldeei partaideak esleituko diegu. Bi eratara egin daiteke: taldeak elikatuz edo matrikula-zerrendatik beheko irudian ikus daitekeenez:
Partaide baten talde-partaidetzaren kudeaketa erabiltzaileen zerrendatik.

Gogoan izan sistema honek mantenu lan bat eskatzen duela: irakasle berriei alta eman eta taldeak esleitu behar zaizkie eta uzten dutenei baja.


Zerbitzuak

Hainbat zerbitzu eskain dezake, gehien bat komunikazio eta irakaskuntzaren kudeaketarekin lotura; horietariko asko EAEko IKT heldutasun ereduak eskatzen dituenak.

a - komunikazioa.


Ezker paneleko Partaideak atalean klikatuta edozein irakaslek irakasleen zerrenda ikusi eta nahi duenei mezu digitala bidal diezaieke.

Berriak tresnaren bidez zuzendaritzak bileren deia, oharrak eta ekitaldien informazioa zabal diezaioke klaustrokideei. Jakinarazpenak kide guztiei edo talde zehatz batera bidali daiteke.

Foroen bidez bai zuzendaritzak bai edozein irakaslek proposamenak edo galderak zabal ditzake. Foroko mezuak ere talde zehatz batera zuzendu daitezke.


b - egutegia.

Moodleren egutegiak lau egutegi biltzen ditu:
  • gune edo ikastetxearena (Moodle kudeatzaileak sartzen ditu bertan ikasturtearen hasiera eta bukaera datak, jaiak eta opor egunak besteak beste).
  • ikastarokoa: kasu honetan irakasleei soilik dagozkien ekintzak.
  • taldekoa: sortutako talderen bati dagozkionak.
  • pertsonala: bertan nork bereak diren gertakizunak jartzen dira.

Ikastaro honetan zuzendaritzak ikastaroko ekitaldi moduan sartuko ditu ikastetxeko irakasleriari dagozkion ekitaldien datak: klaustro, batzorde pedagogiko, prestakuntza saioak...

Irakasle bakoitzak bere egutegian guneko ekitaldiak, matrikulatuta dagoen ikastaroen ekitaldiak eta ekitaldi pertsonalak ikusten ditu kolorez bereizita.

Moodleren egutegia esporta daiteke, esate baterako, Google Calendar-era eta hortik Thunderbird-era edo bestelako egutegietara (azalpena mezu honetan).


c- dokumentuak

Ezkerreko panelean eransten ahal dira HTML blokeak testu, irudi, estekak eta abar libreki gehitzeko.

Bloke horietako batean nonahi ikusteko moduko dokumentuak (hala nola heldutasun ereduak eskatzen dituenak) esteka ditzakegu, hala nola urteko plana, programazioak, protokoloak...

Esteka horiek egiteko HTML blokean dokumentuaren izena idatzi, hautatu eta esteka klikatu, estekaren URL koadroaren eskuineko ikonoan klikatu eta bertan arakatu eta igo dagokion dokumentua.
Dokumentu asko estekatu behar baditugu jar dezakegu lotura Google Driven edo Alfrescon  konpartitutako karpeta bati (EAEko ikastetxe publikoek eskuragarri dute edukiera handiko Alfresco gune bat).


d- zerbitzuei estekak

Komeni da ikastaro honetan biltzea esteken bidez irakasleek behar izaten dituzten zerbitzu gehienak. Nik adibidezko gune honetan zerbitzu hauek estekatu ditut:

  • notak eta faltak hezkuntzako aplikazioa
  • Matxuren partea (Google Form-en bidez egin daiteke).
  • Matxuren segimendua (matxuren Google Form-ek sortzen duen kalkulu orria)


e- erreserbak eta zaintzak (booking system)

Erreserbak

Moodlek fitxaketa handia egin du: software libreko zerbitzari-bezero motako Meeting Room Booking System (MRBS) aplikazioa. Software libreko bi zerbitzuen sinbiosi ederra.
Erreserba sistema hau gehituko dugu booking system blokearen bidez.








Bloke hau EAEko eskola publikoen Moodlen aktibatuta dago. Besteetan plugin baten bidez instala daiteke.
 
Moodle gunearen kudeatzaileak gestionatzen du ikastetxean erreserba daitezkeen baliabide motak (gelak, gailuak...) eta kategoria bakoitzean zer elementu dauden. Erreserbarako saioen ordutegia moldatu nahi baduzu EAEko ikastetxe publikoetan CAUra eskatu behar zaio (aukerak: 1.saioa, 9:00 orduka, ordu erdika...).

Erne!! Erreserba sistema irakasleek soilik ikusten dute. Ikastaro honetan irakasleek ikasle rola izanik erreserba sistema ikusi ahal izateko guneko kudeatzaileak ikastetxeko irakasleei MRBS Editor rol globala esleitu behar dizkie (Guneko kudeaketa> Erabiltzaileak> Baimenak> Rol globalak esleitu eta bertan MRBS Editor rola eman ikastetxeko irakasleei). Rol globalen artean MRBS Editor rol globala ikusteko baimena EAEko ikastetxe publikoek CAUri eskatu behar diote.

Irakasleak gela edo baliabide bat erreserbatzeko zerbitzuan klikatu baliabide multzoa hautatu eta egutegi moduan ikusten dute erreserba sistema (eguna, astea edo hilabete ikuspegian). Baliabidea eta unea hautatu eta fitxa bat betez erreserba egiten dute (errepikatzen diren erreserbak ere egin daitezke, ikasturte osokoak barne).

Erreserba sistema. Hilabete ikuspegia.
Zaintzak

Baliabideen erreserbarako erabiltzeaz gain zaintza sistema moduan ere erabil daiteke. Horretarako Zaintzak izeneko baliabide mota sortuko du kudeatzaileak eta bertan talde bakoitza izango da elementu bat. Zaintzak utzi behar dituen irakasleak etxetik marka ditzake utziko dituen zaintzak eta deskribapenetan zehatz ditzake ikasleen egin behar dituzten lanak.



Egunean zehar zaintzako irakasleek kontsultatuko dute zer zaintzak dauden eta bakoitzean ikasleek zer lanak egin behar dituzten.


Norbaitek (atezainak?) ardura hartu behar du azken unean edo bidean gertatutako gora-beherek sortutako zaintzak sartzen.


d- deialdiak 

Ikastaroaren erdiko panela erreserbatu dezakegu zuzendaritzak bilera eta ekitaldien deialdiak egiteko: klaustro, batzorde pedagogiko, prestakuntza saioak, hitzaldiak...

Deialdi bakoitzak "gai" bat har dezake eta gai horretan bildu daitezke gai-proposamenak, deialdia bera gai-ordenarekin, deialdirako behar diren dokumentuak eta akta. Gaiak beheko aldean sortzen dira eta komeni da goraino igotzea blog baten antzera funtzionatzeko, alegia berrienak goian ordena kronologikoan.

Deialdien prozedura hau izan daiteke: Deialdia orria formatuarekin egin daiteke eta bertan bileraren tokia, ordua eta gai-ordena zehaztu daitezke, ondoren haren edukia kopiatu eta goiko Berriak eta jakinarazpenak erabiliz zabalduko dugu irakasleen artean eta egutegian ekitaldia sortuko dugu eta  ekitaldiaren deskripzioan gai-ordena itsatsiko dugu. Deialdiaren gai-ordenaren aurretik jartzen ahal dugu proposamenak biltzeko wiki bat edota jarrerak jasotzeko inkesta bat. Deialdiarekin batera bilerarako behar diren dokumentuak gehituko ditugu. Bileran bertan edo ondoren haren akta gehituko dugu orria formatuan.



Irakasleen gune posible bat deskribatu dut hemen baina sistema bera erabili daiteke beste kolektiborentzat, hala nola gurasoentzat edo eskola kontseiluko partaideentzat.

Nahi baduzu bisitari gisa sar zaitezke probarako prestatu dudan ikastaro honetan.

(MoodleMoot Euskadi 2016 jardunaldian aurkeztua P3 petxakutxa)

2016/05/30

Feedly RSS jarioen irakurlea

Egun berriak eskuratzeko moduetan sare sozialek pisua irabazi badute ere, nire ustez kalitateko informazioa zabaltzeko eta jasotzeko erarik hoberena blogak eta albistegiak dira.

Hori bai, informazio bila albistegietara eta blogetara jo beharrean hobe da horietan RSS bidez harpidetu eta informazioa guregana etor dadila RSS jario irakurleen bidez. Zergatik? Badira blog batzuk egunero zerbait argitaratzen dutenak, hala nola Sustatu edo Zuzeu, baina beste batzuk, hau adibidez, ez dute gaitasun hori. Gauzak horrela zure gogokoak diren blog eta albistegietara aldiro jo beharrean ea zerbait berri ote dagoen, hobe da horietan harpidetu eta zure gogoko blog guztien mezu berriak jario irakurlearen bidez jasotzea.

Harpidetzen edo RSS jarioen irakurleak hiru motakoak izan daitezke gutxienez: posta aplikazioak, jarioak irakurtzeko programak eta jarioak irakurtzeko web orriak eta app-ak.

Niri web orriak orriena iruditzen zait modurik praktikoena eta RSS jarioak irakurtzeko web orrien artean -asko dira- Feedly.com da nire gustukoena estetika eta funtzionalitatearen aldetik.

Nola ireki kontua eta harpidetzak egin:

1- Web orrira joan eta erregistra zaitez (horrelakoetan Google, Facebook edo horien bidez egin beharrean erregistroa orrian bertan egitea hobe, kasu honetan Feedlyn) kontu bat izateko.

2- Feedlyren ezarpenak konfiguratu. Ezkerreko paneleko beheko aldean aukera asko dago, inportanteenak dira More > Themes ezkerreko panelaren fondoko kolorea hautatzeko eta preferences-en barrenean: start page > today eta default view > magazine albistearen laburpena eta irudi bat ikusteko.

3- Orain ikusiko dugu nola harpidetu blog batean -hau esate baterako- RSS Atom-en) bidez. Blogen eskuin panelaren edota beheko aldean mezuetan edota komentarioetara RSS edo Atom-en bidez harpidetzeko aukera dago, bestela nabigatzailearen menuan beti agertzen da Harpidetu aukera.
Bi horietako edozein hautatuta Feedly-ra harpidetzeko aukera agertzen bada saka ezazu, bestela kopiatu URL helbidea, kasu honetan http://alexgabi.blogspot.com/feeds/posts/default?alt=rss, Feedly.com-era joan eta ezker paneleko Discover and follow atalean klikatu eta,



 bertan, (1) itsatsi blogaren harpidetzaren url-a eta (2) zerrendatik lehenengo aukera hautatu.
Ondoren harpidetza onartu Feedly + botoian sakatuta.

Horrela nahi duzun harpidetza guztiak egin ditzakezu.
Behin harpidetzak eginda -aurrerago nahi haina egingo dituzu- ikusiko dugu...


...nola irakurri jarioak

Hemendik aurrera Feedly.com irekitzen duzunean berau irakurri zenuen azkenengo unetik hona harpidetutako blogetan argitaratutako mezuak erakutsiko dizu horrelako itxura batez:


Mezuen irudi bat, titulua eta lehenengo hitzak ikusiko ditugu. Tituluan klikatuta (1) mezu osoa edo haren laburpena ikusiko dugu eta, bertan, berriro tituluan klikatuta jatorriko blogera joan gaitezke.
Irakurri ondoren irakurrita bezala markatuko dugu (2) eta hurrengoekin segituko dugu.

Kuxkuxean aritzen bazara hainbat aukera aurkituko duzu: eskuineko ikurretan esate baterako albistea beranduago irakurtzeko aukera edo blog horren harpidetza ezabatzekoa kasu.


Mugikorrerako app-a badago Androiderako eta IOSerako.


Hau eta beste web aplikazioak eskuin paneleko web-aplikazioak estekan


2016/05/28

Sumnotes.net pdf-etan nabarmendutako testuak eta oharrak erauzten dituen web orria

Ikasleen azken birpasarako interesgarria izan daiteken web orria da sumnotes.net.

Pdf dokumentuetan testua nabarmentzeko eta oharrak egiteko hainbat aplikazio daude. Linuxerako pare bat gomendatu ditut blog honetan: MasterPdfEditor eta Foxit.

Sumnotes egiten duena da, behin erregistratu ondoren eta doako bertsioaren mugen barnean (50 orriko dokumentuak, 50 testu nabarmenduak, 50MB eta 5 irudi dokumentuko), pdf dokumentuan nabarmendu ditugun testuak eta egin ditugun oharrak erauzten ditu web orrira eta bertatik hainbat formatutan esporta daitezke.

Atzeko planoan pdf dokumentuan nabarmendutako testua, erdiko planoan Sumnotes orria erauzketa egin ondoren eta aurreko planoan erauzitako testua testu prozesadorean.

Azterketa aurreko orduetan dokumentuan nabarmendutakoa birpasatzeko interesgarria izan daiteke.

Hau eta beste web aplikazioak eskuin paneleko web-aplikazioak estekan

2016/05/25

Mapchart.net mapa mutuak editatzeko web aplikazioa

Mapa mutuak editatzeko web aplikazio interesgarria da mapchart.net.
Erabilera errazekoa.


  1. Lehenik eta behin mundua, kontinente edo estatua aukeratu (estatu gutxi batzuk ditu erregioetako banaketarekin: Frantzia, Alemania, AEB, Txina, Grezia...).
  2. Ondoren koloreen legendak zehaztu eta estatuetan klik eginez koloreztatu.
  3. Azkenik  irudia png formatuan deskargatzeko aukera dago. Beste aukera bat da pantaila kapturatzaile batez (esate baterako HotShots edo Shutter-ez) mapa atzeman eta, nahi izanez gero testua eta gainerako edizio lanez osatu eta mapa gorde.

Azpiko mapan, esate baterako, HotShoten bidez maparen titulua jarri dut.

Europako estatuen hezkuntza gastua BPGren %tan (Iturria: Wikipedia)


Hau eta beste web-zerbitzu interesgarriak blogaren eskuineko paneleko Web-aplikazioak loturan daude.