2015/04/16

Moodle: zuzenketak bidalitako zereginetan

Moodle plataformak 2.7 bertsioan aldaketa interesgarria dakar. Irakasleak jarritako zeregin batean oharrak eta zuzenketak ikasleak bidalitako zereginean bertan egin ditzake: testua nabarmendu, marratu, azpimarratu, eta koloreak erabilita oharrak ikaslearen testuan bertan sar ditzake.

Horretarako irakasleak markatu behar ditu zein erantzun edo feedback iruzkin motak erabili ahal izango ditu:


Ikaslearen lana jasotzean editorean ikusten du eta aukera du testua nabarmentzeko eta oharrak sartzeko. Komeni da koloreak erabiltzea.


Irakasleak zuzenketok kalifikazio-taulan ikusten ditu:


Eta ikasleak ere bai:


2015/04/15

Nola aktibatu abio menua Toshiba Satellite Pro netbooketan

Toshiba Satellite Pro netbook ekipoek, Eusko Jaurlaritzak Eskola 2.0 programa barrenean 2014-2015 ikasturtean hornitu dituenek, USB batez martxan jartzeko behar dugun abio menua (boot menu) agertzeko F12 tekla sakatu behar da, Fn tekla sakatu gabe.






2015/03/27

LibreOffice ikustailea Android gailuetarako

Badirudi denbora gutxi falta dela LibreOffice online izateko ordenagailu eta mugikorretan. Buru-belarri daude horretan IceWarp eta Collabora enpresak. Bitartean Androidetan LibreOffice Viewer app-rekin konformatu beharko dugu.
Haren bidez, Android 4 edo bertsio aurreratuagoa baduzu besteak LibreOfficek eta OpenOfficek erabiltzen duten ODF formatuak ikusi ahal izango dituzu, soilik ikusi.

Hauek dira irakurtzen dituen formatuak:

- Open Document Format (.odt, .odp, .ods, .ots, .ott, .otp)
- Microsoft Office 2007/2010/2013 (.docx, .pptx, .xlsx, .dotx, .xltx, .ppsx)
- Microsoft Office 97/2000/XP/2003 (.doc, .ppt, .xls, .dot, .xlt, .pps)

Beta bertsioa bada ere badirudi nahiko ongi dabilera.

Deskargatu nahi baduzu, klika ezazu:

https://play.google.com/store/apps/details?id=com.collabora.libreoffice

Nola deskargatu EITB Nahieran orriko bideoak: youtube-dl

Eguneratzea 2015/07/22an: Badirudi aste batzuk direla aplikazio hau ez dabilela.

EITB Nahieran zerbitzuko bideoak deskargatzeko aski dugu youtube-dl aplikazioa instalatzea. Youtube-dl tresna sinplea da Youtube, Vimeo, Dailymolition edo edozein bideo ostatuko bideoak jaisteko.  Ubuntu edo Debianen beste deribatuetan instalatzeko ireki terminala (Ctrl+Alt+t) eta honako agindua itsatsi:

sudo apt-get install youtube-dl

Bideoa jaisteko EITB Nahieran orrira joan eta ireki deskargatu nahi duzun bideoa, kopiatu orriaren URL edo helbidea, terminalean idatzi youtube-dl, tartea, itsatsi orriaren URLa eta Sartu sakatu.


Bideoa karpeta nagusian deskargatzen da.

Windowserako youtube-dl-ren orrira joan eta deskargatu.



2015/03/21

Ktouch 2.3 mekanografia


Aurreko batean idatzi nuen mekanografia ikasteko KDE inguruneak garatu duen Ktouch aplikazioaz. Ubuntu 14.04 bertsioarekin batera Ktouch 2.3 bertsiora pasatu da eta bertsio honen ezaugarri batzuk iruzkinduko ditut.

Ubuntun Ktouch software-zetrotik instala daiteke edo terminalean agindu hau itsatsita:

sudo apt-get install ktouch

Behin instalatuta martxan jartzeko Aplikazioak > Hezkuntza atalera joko dugu.

Ezarpenak

(1) Hasi baino lehen aplikazioaren ezarpenak egokituko ditugu. Lehenik eta behin ikasgaien hizkuntza: aplikazioa irekitzean Catalá proposatuko digu; gezi berdearekin aurrera egingo dugu Euskara hizkuntzara iritsi arte.

(2) Euskara ariketak 38 ikasgaik osatzen dute. Ikasgai batetik bestera pasatzeko abiadura eta zuzentasun minimo batzuk gainditu behar dira. Aplikazioak lehenesten duen abiadura, nire ustez, gehiegizkoa da eta komeni da egokitzea. Horretarako eskuineko goiko ertzean agertzen den eta ezarpenen menua zabaltzen duen giltza ingelesean klikatuko dugu eta bertan Konfiguratu typewriter training... klikatuko dugu eta abiadura minutuko 90 pultsazio ingurura jaitsiko dugu. Beste ezarpenak bera hartan uztea proposatzen dizut: teklatua eta estatistikak pantailan ikustea, lerroa bukatzean Sartu tekla sakatzea hurrengo lerrora pasatzeko eta zuzentasuna %98an.


Eskuen posizioa

Ikasgaiekin hasi aurretik kontuan izan hatzen kokalekua eta hatz bakoitzaren lan esparrua.


Kontuan izan:
  • Hatz erakusleak F eta J tekletan kokatuko ditugu. Teklok dituzten koskei esker jakingo dugu, teklatua begiratu gabe, eskuak ondo jarriak ditugula. 
  • Koloreen bidez jakingo dugu letra berriak zein hatzez sakatu behar dugun. Argi ibili C teklarekin¡¡
  • Beste lerro batean dagoen tekla zapaldu ondoren hatza jatorrizko posiziora bueltatu behar dugu. 
  • Hitzen arteko tarteak erpuruez zurigune-tekla sakatuta egingo ditugu. 
  • Lerroa bukatzean hatz txikiaz Sartu (Enter) tekla sakatuko dugu. 
  • Okerreko tekla sakatuz gero zuzendu behar dugu (bestela ez du hurrengo lerrora pasatzen) J askatu gabe eskuineko hatz txikiaz Atzera (Backspace) tekla sakatuta.
  • Maiuskulak egiteko letra sakatu behar ez duen eskuko hatz txikiaz Maiuskula (Shift) tekla sakatu behar dugu. (15. ikasgaian). Soilik hainbat maiuskula jarraian idatzi behar dugunean erabiliko dugu maiuskulen blokeoa (Caps Lock).
  • Teklatua ez begiratu¡¡. Duda baduzu begiratu pantailako teklatua.

Ekin
Hasteko Start Trainig botoia sakatu.



38 ariketetatik lehenengo 14tan letrak lantzen dira. Hurrengoetan errepasoko abestien artean zenbakiak eta gainerako ikur grafikoak.
Ariketak ondo egiteak kontzentrazio handia eskatzen du: aukeratu momentu egokia. Ahal dela egunero egin ariketak baina pasa gabe (ordu erdi bat nahikoa izan daiteke).

Izan kontuan mekanografia ikasteko egin behar den denbora eta esfortzu inbertsioa segituan amortizatuko duzula idazteko abiadura eta zehaztasunari esker  eta, batez ere, begiak pantailatik ez kentzeak dakarren produktibitate erosotasuna eta ergonomiari esker.
Animo.