2012/03/28

Ilargia Artizarra eta Jupiter

Egun oskarbi hauek ikuskizun polita eskaintzen digute iluntzean, izan ere Eguzkia sartzen den unetik gau erdi arte hiru astroak elkarren ondoan ikus daitezke Mendebaldean.

Irudia Stellarium programaren pantaila argazkia da.







Josu Barandiaranek egina 2015eko urriaren 9an

2012/03/24

Okular: PDF dokumentuak ikusi baino gehiago.

Ubuntuk PDF dokumentuak irakurtzeko instalatzen duen programa Evince da. Aplikazioetan ez da agertzen baina PDF batean klikatzen dugunean berak erakusten digu. Aplikazioa arina da baino nahiko pobrea. Haren aldean KDE interfazeren Okular aplikazioak, dokumentuak irekitzeko denbora pixka bat gehiago behar badu ere, hainbat tresna interesgarri ditu:

Alboko barran edukia (aurkibidea), koadro txikiak (orrien irudia), berrikuspenak (markak eta oharrak) eta laster-markak ikus daitezke.


Markak eta oharrak egiteko tresna du (Tresnak > Berrikusi F6)

  1. Oharrak
  2. Testua
  3. Arkatz librea
  4. Nabarmendu, fosforito
  5. Kutxak eta beste poligonoak
  6. Tanpoi edo sigiluak
  7. Tatxatuak
  8. Elipsea
Markak eta oharrak ken daitezke eskuin klik eta ezabatu aukeratuta.
Tamalez Okular bidez egindako markak eta oharrak  Okularrek bakarrik ikusten ditu. Are gehiago, USB memoria batean eramateko edo lagun bati bidaltzeko Okular formatuan gorde behar da (Dokumentua > Esportatu honela > Dokumentuaren artxiboa).

Dokumentua pantailatik herrestan eramateko aukera: dokumentuan esker klik egin eta zapalduta mantentzen badugu punteroak eskuaren itxura hartzen du eta dokumentua herrestan eraman dezakegu gora-behera eta ezker-eskuin desplazamendu barrak erabili beharri gabe. Aukera hau bereziki interesgarria da dokumentua plano handi bat denean.

Bukatzeko, testua ez ezik irudiak ere aukeratzen ahal dira kopiatzeko, edo testua bera irudi moduan kopiatu.

Okular Ubunturen software-biltegitik instala daiteke edo terminalean honako hau itsatsita:
sudo apt-get install okular 
Probatu ondoren gustukoa ez baduzu software-biltegitik desinstala dezakezu edo terminalean hau itsatsita:
sudo apt-get remove okular

2012/03/13

Remastersys, nola prestatu zure distribuzio propioa

(2014/7/8an eguneratua)

Remastersys zure Debian, haren deribatu edo Ubuntu instalatzeko ISO irudi propio bat sortzen duen aplikazioa da. Seguritate kopiak egiteko balio badu ere hainbat ekipo instalatu behar duenarentzat da bereziki interesgarria, izen ere zure distribuzio propioa egiteko aukera ematen du. Ekipo bat baten sistemaren irudia sortzen du Remastersys-ek. Ondoren, irudi horrekin instalazio USB edo DVDa prestatuko dugu. USB edo DVD hori erabiliko dugu gainerako ekipoak instalatzeko. Instalazioa askoz azkarragoa izango da eta, bukatzean, ekipoak gure gustura ibiltzeko prest egongo dira.

Nola egiten da?

A- Esan bezala lehenengo urratsa eredu izango den Linuxa prestatzea da. Arretaz prestatu behar dugu: behar izanez gero sources.list aldatu, restricted-extras eta gustuko aplikazioak instalatu, gogokoak ez ditugunak desinstalatu, eguneratu eta ezarpenak gure beharretara egokituko ditugu(1).

B- Ekipoa prest dagoela Remastersys instalatuko dugu, horretarako sources.list fitxategia editatuko dugu
sudo gedit /etc/apt/sources.list
eta bukaeran honako hau erantsiko diogu:

# Remastersys Precise
deb http://www.remastersys.com/ubuntu precise main

beste bertsio bat bada precise-ren ordez bertsioaren izena jarri, ondoren gordeko dugu.
Gero terminal batean exekutatuko dugu:
sudo apt-get update
sudo apt-get install remastersys remastersys-gtk


C- ISO irudia sortzeko egiaztatuko dugu interneteko konexioa dugula -EAEko ikastetxe publikoetan Juniperren identifikatu- eta aplikazioa abiatuko dugu: Sistema > Administrazioa > Remastersys. Settings fitxan sartuko gara eta hor CD Label eta Filename-n distribuzio berriari izena jarriko diogu. Komeni da izenean data jartzea.






Ondoren Actions fitxara joko dugu, bertan Dist klikatuko dugu eta hasiko da ISO irudia sortzen (10-30 minutu ekipoaren arabera).


Bukatzean ISO irudia /home/Remastersys/Remastersys karpetan egongo da.




D- Instalaziorako USBa edo DVDa prestatu.
Irudiarekin USBa prestatzeko Abio Disko Sortzailea aplikazioa erabiltzen ahal dugu (Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Administrazioa >Abio disko sortzailea).
  1. Tamaina nahikoa duen USB bat sartuko dugu. Kontua izan eduki guztia galduko dela. Ezabatu diskoa egingo dugu.
  2. Distribuzioaren ISO fitxategia bilatuko dugu /home/Remastersys/Remastersys karpetan.
  3. Itzaltzean galdu aukera markatuko dugu USBak persistentziarik eduki ez dezan, bestela USBa instalazioak egin ahala hondatzen da.



DVDa nahiago baduzu (instalazioak motelagoak dira) bera prestatzeko Brasero edo K3B aplikazioak erabiliko ditugu.

Prozesu hau (remastersys + USB) EAEko ikastetxe batean egiten baduzu eta bertan Juniper jarrita baduzu prozesua dirauen bitartean internetera konektatuta egon behar duzu, alegia Juniperren logoeatuta.


Hortik aurrera instalazioak egingo ditugu. Abiatzean Install - start the installer directly aukeratu eta ondoren instalazio arruntari ekingo dio...



... hizkuntza aukeratu; bertsio-berritu, berrinstalatu edo partizioak listatu; administratzailea; ekipoaren izena eta abar. Ekipo berdin batean egin dut froga eta instalazioa sei minututan burutu du (besteak beste ez ditu hizkuntza fitxategiak jaitsi behar).
Instalazioa bukatu ondoren azken ukituak eman beharko ditugu agian, hala nola gainerako erabiltzaileak sortzea.

Hainbat zehaztapen:
  • Sortzen den ISOa 4GB baino handiagoa bada ezin da USB memorian erabili.
  • Klonazioa al da? Ez. Instalazioa klonazioa baino hobea da zeren aukerak ematen ditu, ekipora egokitzen da, ekipoari izena ematen zaio...

Oharrak;
(1) Begiratu hemen Eskola2.0ko ikasleen Toshibentzako eta irakasleen Acerentzako moldaketak.




2012/02/29

Lerro anitzeko testua LibreOffice Calc 3.5ean

LibreOffice 3.5 Ubuntu Lucid eta Oneiric-en biltegian sartu berri dute eta berritasunak aztertzen ibili naiz. Kalkulu orrian lerro anitzeko testua sartzeko eta ikusteko erraztasuna sartu dute; hagitz interesgarria iruditu zait eta dokumentatzeko animazio txiki bat egin dut.

Testuak lerro bat baino gehiago betetzea nahi baduzu  sarrera leihoan lerro jauzia egiteko Ctrl+Sartu egin behar duzu eta sarrera horretan sartu duzun testu guztia ikusteko sarrera leihoaren eskuin aldean gezi itxurako kontrol bat sartu dute. Oso praktikoa datuen etiketa luzeak sartzeko.

Animazio honetan ikusten da nola erabil daitekeen. Errepara ezazu teklen erabileran (Keymon).


2012/02/23

Eskola 2.0 irakasleen ekipoak eta Linux

Mezu hau  EAEko Eskola 2.0 programako institutuetako Premia edo IKT arduradunentzat dago pentsatua.

Lehengoan ikasleen Toshiba gorrien erabilera hobetzeko aholku batzuk eman nituen eta oraingoan administrazioak irakasleen erabilerarako hornitu dituen Acer TravelMate ekipoez arituko naiz.


Beste arazo larria dute ekipo hauek Ubuntun: softwarea klonatuta dago eta halakoetan ezinbestekoa da ekipoari izena aldatzea sarean gatazkarik sor ez dadin, denak izen berarekin -eskola20TM- sar ez daitezen. Administrazioak hori badaki baina badirudi batzuek "Linux gaizki dabil, arazoak ematen ditu" bilatzen dutela. Beraz guk jarri beharko diegu ekipo bakoitzari bere izena. Horrela egin daiteke: terminal batean idatzi:
sudo gedit /etc/hostname
idatzi ekipoaren izena (komeni da Windosen duenaren antzekoa baina berbera ez izatea, hala nola SKL 000000). Gorde eta ondoren:
sudo gedit /etc/hosts
eta  bertan agertzen den testuan horrela utzi:
127.0.0.1 localhost
127.0.1.1 zure_ekipoaren_izena
Gorde eta kito.

Eskola20 erabiltzailearen interfazea euskaraz jarri (irakasleok euskaraz ederki moldatzen gara eta). Horretarako egin Sistema > Administrazioa > Hizkuntza sostengua eta zerrendan euskara bilatu, hautatu eta zerrendako lehenengo postura eraman herrestan (animazio honetan bezala baina euskararekin). Aplikatu sisteman zehar markatu. Saioa berrabiarazi eta, eskatzen duenean, karpeten izenak berritu. Komeni da hau egitea hurrengo puntuari ekin baino lehen, bestela Smart gazteleraz instalatuko da.

Ekipo hauek Ubuntun erabiltzeko dakarren Smart Driver eta Notebook gaizki instalatuta daude eta arbelek ez dute ekipoa ezagutzen. CAU jakinaren gainean dago baina ez dut uste irtenbide orokorra emango dionik. Edozein modutan Indra-ri intzidentzia emanez gero teknikoa bidaliko dute okerreko instalazioak kentzeko eta ondo instalatzeko.
Zu zeuk egin nahi baduzu Synaptic-en sartu eta smart hitzez hasten diren aplikazioak desinstalatu, ondoren instalazioa egiteko segi jarraibide hauek. Instalatu eta gero Notebook ireki eta aplikazioa balidatzea komeni da.
Wifia instaladoreek ondo konfiguratuta utzi dute.


Hemendik aurrera norbere gustuko aldaketatxoak. Nik egiten dut:

Adminpremialocal sortu. Ekipo hauek prestatu dituzte irakasleak eskola20 erabiltzailearekin sar daitezen. Erabiltzaile hau administratzailea da -instalazioak egin ditzake, sudo aginduak eman...- baina administrazio-tresnak paneletik eta aplikazioetatik ezkutatu dizkiote. Ezarpen hauek aldatu beharrean nik adminpremialocal administratzailea sortu dut; horretarako egin Sistema > Administrazioa > Erabiltzaile eta taldeak > Gehitu erabiltzailea eta gero aldatu erabiltzaile mota eta jarri administratzailea.


Instalazioak.  Lehen esan bezala oinarrizko software guztia daukate ekipoek -marrazketa teknikoa ezik-. Dena den orain da unea faltan duguna instalatzeko. Nik instalatuko dudana jarriko dut; ezin azaldu banan banan zergatik. Norberak ikusiko du zer kendu eta zer jarri. Terminalean:
sudo apt-get  install gthumb fotowall ktouch okular compizconfig-settings-manager fbreader shutter gnome-gmail pykaraoke
LibreCAD ez dago errepositorioetan, beraz, behar baduzu terminalean jarri:
sudo add-apt-repository ppa:librecad-dev/librecad-stable
sudo apt-get install librecad

Sistemaren ezarpenak aldatu: paneleko itzaltzeko botoian klika > Sistemaren ezarpenak >
Touchpad-ean bi hatzez. Hardwarea > Sagua eta Touchpad-a fitxan > Bi hatzeko korritzea aktibatu eta itxi. Horrela touchpadean gora eta bera, urbildu eta urrundu erraz egingo dugu.
Interfaze klasikoa Unityren ordez. ...bertan zaudela Hautatu atalean Ubuntu-ren ordez Ubuntu Clásico eta itxi. Horrek Ubunturen itxura klasikoa lehenesten du.

Gnomeren ezarpenak
Irakasle guztiek profil bera erabili behar badute -eskola20- bere panela blokeatzea komeni da; terminalean:
gconf-editor /apps/panel/global/locked_down 
eta aktibatu locked down. Itxi.

Saioaren blokeoa desaktibatzea. Segurtasunagatik aktibitaterik gabe minutu batzuk pasata saioa blokeatzen da. Hori ekiditeko terminalean:
gconf-editor  /apps/gnome-screensaver/lock enabled
eta desaktibatu lock enabled. Itxi.

Efektu grafikoen ezarpenak
Terminalean:
ccsm
eta konfigurazio aukeretan honako hauek aktibatu: 
Erabilerreztasunetan: negative (Super+M) eta Zoom Desktop (Super+Gurpila)
Efektuetan: Dardara duten leihoak
Leiho kudeaketan: Shift Switcher (Super+Tab)

Desinstalazioak. Arrazoi ezberdinengatik. Zuk ikusi. Terminalean:
sudo apt-get remove --purge shotwell pitivi picasa klavaro avidemux gwibber ubuntuone-client evolution

Softwarearen eguneratzea
Terminalean:
sudo apt-get update
sudo apt-get upgrade

2012/02/22

GPSBabel GPS fitxategien konbertsorea

GPS formatu pila bat dago eta egia bada ere gpx formatua estandar bezala nahiko onartua dagoela badira hainbat aplikazio onartzen ez dutenak (nirea esate baterako). Horregatik aritu naiz konbertsore bat bilatzen eta Ubuntuko Gebabel nahiko ondo badabil ere beste bat probatu dut: GPSBabel eta gustatu zait.
Web-zerbitzu bezala ere badabil www.gpsvisualizer.com helbidean baina aplikazioak aukera gehiago ditu eta hobeto dabil. Windows, Mac eta Linuxerako bertsioak ditu.

Nola instalatu Ubuntun:
Terminala ireki eta hurrenez hurren exekuta itzazu:
sudo apt-get install gpsbabel
sudo apt-get install gpsbabel-gui

ondoren egin eskuin klik Aplikazioak atalean eta Editatu elementuak, Gehigarriak atalean hauta elementu berria eta zehaztu Izena: GPSBabel, Komandoa: /usr/bin/gpsbabelfe

Orain hautatu jatorrizko fitxategia, zehaztu bere formatu eta zein formatura eta zein izenarekin bihurtu nahi duzu, aplikatu eta jatorrizkoa dagoen karpeta berean azalduko da berria.