2011/11/14

Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak


Ikasmaterialetako hizkuntzaren egokitasun-irizpideak finkatzeko Aholku Batzordearen eskutik eta EIMA programaren barruan Jose Ramon Etxebarria koordinatu duen taldeak Zientzia eta Teknika alorretako "unibertsitatera iritsi arteko irakaskuntzako testugintzan ageri diren zenbait arazo espezifikori buruzko aholku-gomendioak biltzen dituen liburua argitaratu du Eusko Jaurlaritzak.

Gomendio hauek irakasleentzat ez ezik alor hauen inguruan idazten edo lan egiten duen ororentzat dira interesgarri. Batetik atal orokorrak jorratzen ditu, hala nola sinboloak, zenbakiak eta laburdurak, eta beste aldetik zenbait alor zehatzen arazoak: fisika, matematika, kimika, biologia eta informatika.

Kontsulta liburua da dudarik gabe baina erraz asko eman daiteke aren gaineko begirada orokorra. Paperezko liburua salgai dago eta  pdf formatuan hemendik jaitsi daiteke.

Informatikari dagokionean gomendioen artean bik nabarmenduko ditut -betetzen ez nituelako jakina-. Lehenengoa neurrien gainekoa: kilo edo mila adierazten duen k hain zuzen minuskulaz idazten dela, kb, kB -kilobit eta kilobyte- eta haren gainekoak -mega, giga, tera eta abar- maiuskulaz. Bigarrena ingelesen antzera ahoskatzen ohi dugun hainbat izenen gainekoa, hala nola Google eta Apple; izan ere "l"-z ahoskatzeko ohitura dugu baina idazterakoan irizpide fonetikoaren ordez ortotipografikoa aplikatu behar  da eta deklinatzean Google-k, Google-ren, Apple-k, Apple-rentzat... idatzi behar da.
Esamoldeen aldetik neurtu aditzaren erabilerari gomendioak nabarmenduko nituzke: "Leirek irudia neurtu du eta 800 pixel zabal da "tankerakoak egokiak dira eta ez "irudiak 800 pixel neurtzen ditu" modukoak.

Eskerrik asko parte hartu duten guztiei, batez ere, nabaritzen ez den arren, irakasle izan ditudan Jose Ramon Etxebarria eta Juankar Hernandez-i.

2011/11/13

Linux: bidali dokumentua LibreOffice-tik

Errore mezua bidaltzen saiatzean
LibreOffice-k (eta OpenOffice-k) tresna barran dokumentua zuzenean bidaltzeko aukera ematen duen botoia dute -goiko irudian markatua- baina konfiguratu gabe eta horregatik goiko irudiko mezua agertzen ohi da.

Botoi hori klikatzean posta bezeroa ireki behar da eta berau konfiguratzeko honela egiten ahal dugu: Tresnak > Aukerak > Internet > Posta elektronikoa eta agertzen den leihoan idatziko dugu:  /usr/bin/thunderbird -edo Evolution edo erabiltzen duzun posta bezeroa-.


2011/11/07

Mint Gnome Shell Extension

Ubuntuk saltsa ederra dauka interfazeekin. Azken bertsioan (11.10 Oneiric Ocelot) lau interfaze eskaintzen ditu eta, nire ustez, bakar batek ere ez du ematen 11.04ren Ubuntu Clasic interfazearen maila. Nire aholkua, beraz, argia da: zalantzan bazaude gera zaitez 11.04 bertsioan.

Honezkero bertsio berritzea egin baduzu eta aukerak probatu nahi badituzu Gnome Shell eta  Ubuntu klasikoaren bertsio deskafeinatu bat instala ditzakezu horrela:

sudo apt-get install gnome-shell

Interfaze berriak erabiltzeko amaitu saioa eta erabiltzailearen kutxako gurpiltxoan klikatu:


Zerrenda horretan GNOME Gnome Shell da eta GNOME Classic aurreko bertsioaren Ubuntu klasikoaren imitazio txar bat.


Gnome Shell ibiltzeko azelerazio grafikoa behar du eta Classic azelerazio grafikorik gabeko alternatiba moduan eskaintzen du. Edonola ere badirudi Gnomek lortu duela Gnome Shell azelerazio grafikorik ibiltzea eta litekeena da Ubunturen hurrengo bertsioak klasikoa ez erabiltzea.

Linux Mint Ubuntun oinarritutako distribuzioak Unity eta Shell interfazeekin gustura ez eta Gnome2ko interfaze klasikoaren alde egiten du. Horretarako bi lineatan lan egiten ari da: batetik Gnome2ko fork-a den Mate proiektua bultzatzen du eta bestetik Gnome3ko Shell interfazeari Gnome2ko itxura eta prestazioak emateko gehigarriak prestatzen ari da: Mint Gnome Shell Extension. Bigarren linea horretan aurrerapausoak egin ditu eta dagoeneko probatu daitezke horietako gehigarri batzuk Shell interfazean. Horien bidez lor daiteke:
  • Beheko panela aktiboak dauden atazen adierazleekin.
  • Aplikazioen menu klasikoa.
  • Lekuak, hau da gogoko karpetak agerian. Azken bi hauek eskuineko txokoko Menu-an.

Hona irudi adierazgarri bat:


Zehaztasun gehiago nahi baduzu egin klik irudia zabaltzeko.
Irudian ikus daiteke beheko panela -bi ataza irekita dituela- eta txokoan dagoen Menu klikatuta ageri dira abiarazle-multzo edo dock-a, aplikazio taldeak eta beheko Places botoian klikatuta agertuko litzateke karpeta nagusiak.

Probatu nahi baduzu Gnome Shell-erako gehigarri multzo hau batetik instalatu behar dituzu terminalean ondoko aginduak exekutatuz:
sudo add-apt-repository ppa:webupd8team/gnome3
sudo apt-get update
sudo apt-get install mgse-bottompanel mgse-menu mgse-windowlist
Bestetik abiatu behar duzu gehigarri edo extension hauek: abiatu Advanced Settings aplikazioa eta Shell extensions atalean aktiba itzazu instalatutako hiru gehigarriak (Botton panel, Menu eta Windows list):


Bukatzeko aldaketa hauek aktibatzeko saioa berrabiarazi behar duzu.






2011/10/30

Portugalen GNU/Linux aurrera



Portugalgo gobernuak eskola publikoetako 50.000 ekipoetan software pribatiboko lizentziak ez berritzea erabaki du. Ekipo hauek GNU/Linux sistema eragilearekin funtzionatuko dute. Neurri honen bidez gobernuak 1.16 milioi euro aurreztuko du.

Kuriosoa da austeritate garaiotan gainerako gobernuek berez justifika-ezinak diren lizentzia horietako gastuak ezabatzen dituzten bitartean Eusko Jaurlaritzak diru murrizketak irakasle gutxiago kontratatuz egiten dituzte eta Eskola 2.0 programan Windows-en lizentziez gain software libreko LibreOffice kendu eta haren ordez Microfsoft Office 2010eko lizentziak erosi dituzte.

Iturria: Publico

2011/10/28

HiztegiBar Chromium/Chrome nabigatzailean

Chromium, Chromeren bertsio libres, frogatu nahi nuen. Horretarako Ubunturen software-biltegian bilatu eta instalatu dut.
Inpresio ona eman dit. Firefox baino azkarragoa abiatzen da; memoria gehiago gastatzen du baina ez hainbeste; lastermarkak sinkronizatzen ditu -Google kontuaren bidez-; polita eta erabilgarria da; euskaraz dago eta euskara lehenetsi eta zuzentzen du (Hobespenak>Aurreratua>Web-edukia>Hizkuntza eta ortografia-egiaztatzailearen ezarpenak>Gehitu>Euskara). Gehigarriak instala daitezke, tartean Euskalbarren antzekoa den HiztegiBar.






Hori guzti hori ikusita Firefox baztertu eta Chromiumera pasako al naiz? Ba, ez. Nahiago dut segundo hamarren bat gehiago itxaron abiatze bakoitzean baina geratzen Firefoxekin eta Euskalbarrekin.

Leihoetako beheko botoiak nola ikusi

Blog honetako mezuek maila teknikok handirik ez dute baina oraingo hau tentelkeri hutsa da. Baina zenbat denbora galtzen dugu honelako tentelkeriengatik?
Harira.

Arazoa:
Batzuetan irekitzen dira pantailan sartzen ez diren leihoak eta hauen azpiko aldea pantailatik kanpo geratzen da. Leihoaren parte horretan geratzen dira besteak beste Utzi, Onartu, Gorde eta tankera horretako botoiak. Hau batez ere  pantaila panoramikoetan eta portatil txikietan gertatzen da.

Leihoaren beheko botoiak ez dira ikusten eta korritze-barrarik ez dago.


Irtenbidea:
Sinplea. Leihoaren aplikazio barrako kontroletan leihoa maximizatzeko aginduko diogu eta pantaila osoa hartzean beheko botoiak agerian geratzen dira.

Lehengo leiho bera baina maximizatuta. Orain beheko botoiak ageri dira.