2011/10/28

Linux: Nola partekatu inprimagailuak

Etxean edo lantokian baldin badaude hainbat ekipo Linux dutenak eta horietako batek inprimagailua badu hemen ikusiko dugu nola konfiguratzen ahal den beste ekipoek inprimagailu hori erabili ahal izateko.

Hasiko gara inprimagailua duen ekipoarekin.
Administrazio atazetan "Inprimatzea" irekiko dugu (suposatuko dut inprimagailua instalatuta dagoela). Inprimagailuaren izena bere marka eta modeloa izango da seguru asko. Etxean horrela utziko dugu baina lantokian inprimagailua ondo identifikatzen duen izen bat jarriko diogu (departamentua, bulegoa, ikasgela...). Horretarako eskuin klik egin eta "berrizendatu".

Egiaztatuko dugu inprimagailua aktiboa (Enabled) eta partekaturik dagoela.

Bertako menuan Zerbitzaria > Ezarpenak klikatuko dugu eta honako aukera hauek markatuko ditugu: "Publish shared printers connected to this system" partekatutako inprimagailua beste ekipoetatik ikusi ahal izateko eta  eta , nahi izanez gero "Allow remote administration" beste ekipoetako erabiltzaileek eurek bidalitako dokumentuen inprimaketa kontrolatu ahal izateko.



Orain beste ekipoetara joango gara, partekatutako inprimagailua erabili nahi duten horietara eta Sistema >Administrazioa > Inprimaketa egingo dugu. Bertako menuan Zerbitzaria > Ezarpenak egingo dugu eta honako aukera hau markatuko dugu: "Show printers shared by other systems", hau da erakuts dezala beste ekipoek partekatutako inprimagailuak.
Hori eginda eta, noski, inprimagailua konpartitzen duen ekipoa eta inprimagailua bera piztuta badaude inprimagailuen leihoan ikusiko dugu eta erabiltzeko prest egongo da.

Irudi honetan ikusten da Antigua-Luberri institutuko ekipoek inprimatzeko dituzten aukerak: sareko inprimagailua lehenetsita dago eta mintegietakoak aukeran.

2011/10/27

Ubuntu: nola berreskuratu leihoetako kontrolak



Aplikazioaren barran ixteko, minimizatzeko eta maximizatzeko kontrolak desagertu bazaizkizu berreskura ditzakezu terminal batean ondokoa itsatsita:
nohup metacity --replace

Nola berreskuratu Grub



Arazoa:
Ekipo batean Grub pantailara ez da iristen, batzuetan honelako mezua ager daiteke:

GRUB loading
Error: unknown filesystem
grub rescue>
Konpontzeko:
Abiatu ekipoa Linux liveCD batez -instalazio diskoa alegia- eta saiatzeko edo instalatzeko aukerara iristean euskara eta saiatu aukera ezazu.
Kontsola bat ireki eta ondoko aginduak kopiatu eta bertan itsatsi:
   sudo su              (supererabiltzaile baimenak izateko)
   fdisk -l                (ikusteko ekipoaren partizioak, begiratuko dugu zein den Linux sistema duena)
   mount /dev/sdxy  /mnt  (non x diskoaren letra den eta y Linux partizioaren zenbakia. Honen bidez Linuxen partizioa muntatuko dugu)
   mount --bind /dev /mnt/dev  (gainerako gailuak muntatzeko)
   chroot /mnt                          (CDaren Linuxean root moduan sartzeko)
   grub-install --recheck  /dev/sdx (non x lehenengo diskoaren letra den. Garrantzitsua partizio zenbakirik ez jartzea, soilik sda edo hda -lehengo zerrendan begiratu-). Bukatzen duenean halt idatzi eta return berrabiarazteko.

2011/10/23

gLabels, etiketak egiteko aplikazioa

gLabels etiketak egiteko aplikazio jantzia eta erraza da. Linux eta Mac sistemetan lan egiten du. Ubuntun software biltegitik instala daiteke, beste distribuzioetarako eta Mac-entzako bere orritik jaits daiteke.

Etiketak editatu eta inprimatzeko datu baseak erabili ohi dira. Gure kasuan, datu basea erabili nahi ez badugu edo dugun datu baseak etiketak inprimatzeko aukera grafiko nahikorik eskaintzen ez badigu gLabel erabil dezakegu etiketa txukunak egiteko. Ikus dezagun, gainetik bada ere, nola erabiltzen da:

Aplikazioa martxan jarriko dugu (Ubuntun Bulegoa atalean) eta proiektu berria irekiko dugu (File > New); une honetan adieraziko diogu aplikazioari zein etiketa modelo erabiliko dugu -haren araberakoa izango da etiketaren tamaina-. Ondoren etiketa editatuko dugu:


Tresna barran ikus daitekeenez hauek dira etiketan erabili daitezkeen elementuak: testua, laukizuzena, marra, elipsea, irudia eta kode-barra.
Testua idatzi ondoren formatua ematen ahal diogu (aurreko irudiaren beheko barran ikus daitekeenez). Baina batez ere interesgarria den aukera hau da: datu taula bat erabili daiteke etiketen datu-iturri moduan. Horretarako datuen taula osatuko dugu kalkulu orri batean eta ondoren CSV formatuarekin gordeko dugu. Ondoren tresna barrako azken ikurra den "fusio-propietateak" sakatuko dugu -eskuineko irudian gorriz markaturik- eta bertan zehaztuko dugu zein CSV formatodun fitxategian dauden datuak eta dauden datuetatik zeintzuk inprimatu nahi ditugun.

Datuok etiketan kokatzeko testu erreminta hauta eta "Key" koadroan adieraziko  diogu zutabea eta ondoren "Insert merge field" klikatuko dugu. Horrela zutabe guztiekin.


Aipatu behar dut ere barra-kodeak sartu daitezkeela etiketetan; horretarako GNU barcode aplikazioa erabiltzen du.

Etiketa eredua bukatutakoan, proiektua gorde -nahi beste aldiz erabili ahal izango dugu eta baita aldatu ere- eta ondoren etiketak inprimatuko ditugu.


2011/10/16

Xmind korritze-barrekin

Xmind eskemak adierazteko aplikazio interesgarri bat da (lehengo batean aurkeztu nuena). Kontua da zenbait Linuxetan -gutxienez Ubuntu Natty eta Oneiric-en- korritze-barrak ez dutela funtzionatzen. Gora behera egiteko ez dago arazo handirik zure saguak gurpila badu baina ezker eskuin egiteko ez dut modurik asmatu.

Sarean bilatuta irtenbide bat topatu dut: Xmind abiatzea bere korritze-barrekin eta ez sistemaren Overlay korritze-barrekin. Horretarako ondoko agindua kopiatu eta terminal batean itsatsi.
LIBOVERLAY_SCROLLBAR=0 /usr/local/xmind/xmind
Tamalez ez dut lortu funtzionaraztea aplikazioen menuan ez eta agindu honekin abiarazlerik sortzea, beraz, Xmind abiarazi nahi duzun bakoitzean terminalean jarri behar da agindu hau. Bestela Xmind abiatzen da baina korritze-barrarik gabe. 

Nola moldatu panelak Oneiric Oceloteren Gnome klasikoan

Goiko eta beheko panelak moldatuta Oneirik Ocelote-ren Gnome klasiko interfazean.


Aurreko mezuan komentatu dut Gnome klasikoaren panela blokeatuta zegoela baina trasteatzen topatu dut soluzio bat panelak Oneiric-en pertsonalizatu ahal izateko.

Dock bat erabili beharrean gehien erabiltzen dituzun bizpahiru aplikazioen abiarazleak panelean jartzeko orain ezin da aplikazioan eskuin klik egin eta "erantsi panelera" egin baina saguarekin klikatu eta herrestan eraman daitezke.

Bestetik goiko panelari ohiko elementuak eransteko edota tokiz aldatzeko panelean eskuin klik egin beharrean egizu Alt+eskuin-klik egin. Era berean beheko panelari propietateak aldatzeko edota Mahaigaina erakutsi edo Paperontzia eransteko eta euren ohiko tokian jartzeko ere Alt+eskuin klik egin.

Bestetik Nautilusean zuhaitza ikuspegia lekuak ikuspegia baino gogokoagoa baduzu bertako menuan egin Ikusi > Albo panela > Zuhaitza. Bestetik ikono, zerrenda eta ikuspegi trinkoa aldatzeko aukera kendu badute ere lehenetsita datorren ikono ikuspegia alda dezakezu Nautilusen Editatu > Hobespenak.