2011/10/27

Ubuntu: nola berreskuratu leihoetako kontrolak



Aplikazioaren barran ixteko, minimizatzeko eta maximizatzeko kontrolak desagertu bazaizkizu berreskura ditzakezu terminal batean ondokoa itsatsita:
nohup metacity --replace

Nola berreskuratu Grub



Arazoa:
Ekipo batean Grub pantailara ez da iristen, batzuetan honelako mezua ager daiteke:

GRUB loading
Error: unknown filesystem
grub rescue>
Konpontzeko:
Abiatu ekipoa Linux liveCD batez -instalazio diskoa alegia- eta saiatzeko edo instalatzeko aukerara iristean euskara eta saiatu aukera ezazu.
Kontsola bat ireki eta ondoko aginduak kopiatu eta bertan itsatsi:
   sudo su              (supererabiltzaile baimenak izateko)
   fdisk -l                (ikusteko ekipoaren partizioak, begiratuko dugu zein den Linux sistema duena)
   mount /dev/sdxy  /mnt  (non x diskoaren letra den eta y Linux partizioaren zenbakia. Honen bidez Linuxen partizioa muntatuko dugu)
   mount --bind /dev /mnt/dev  (gainerako gailuak muntatzeko)
   chroot /mnt                          (CDaren Linuxean root moduan sartzeko)
   grub-install --recheck  /dev/sdx (non x lehenengo diskoaren letra den. Garrantzitsua partizio zenbakirik ez jartzea, soilik sda edo hda -lehengo zerrendan begiratu-). Bukatzen duenean halt idatzi eta return berrabiarazteko.

2011/10/23

gLabels, etiketak egiteko aplikazioa

gLabels etiketak egiteko aplikazio jantzia eta erraza da. Linux eta Mac sistemetan lan egiten du. Ubuntun software biltegitik instala daiteke, beste distribuzioetarako eta Mac-entzako bere orritik jaits daiteke.

Etiketak editatu eta inprimatzeko datu baseak erabili ohi dira. Gure kasuan, datu basea erabili nahi ez badugu edo dugun datu baseak etiketak inprimatzeko aukera grafiko nahikorik eskaintzen ez badigu gLabel erabil dezakegu etiketa txukunak egiteko. Ikus dezagun, gainetik bada ere, nola erabiltzen da:

Aplikazioa martxan jarriko dugu (Ubuntun Bulegoa atalean) eta proiektu berria irekiko dugu (File > New); une honetan adieraziko diogu aplikazioari zein etiketa modelo erabiliko dugu -haren araberakoa izango da etiketaren tamaina-. Ondoren etiketa editatuko dugu:


Tresna barran ikus daitekeenez hauek dira etiketan erabili daitezkeen elementuak: testua, laukizuzena, marra, elipsea, irudia eta kode-barra.
Testua idatzi ondoren formatua ematen ahal diogu (aurreko irudiaren beheko barran ikus daitekeenez). Baina batez ere interesgarria den aukera hau da: datu taula bat erabili daiteke etiketen datu-iturri moduan. Horretarako datuen taula osatuko dugu kalkulu orri batean eta ondoren CSV formatuarekin gordeko dugu. Ondoren tresna barrako azken ikurra den "fusio-propietateak" sakatuko dugu -eskuineko irudian gorriz markaturik- eta bertan zehaztuko dugu zein CSV formatodun fitxategian dauden datuak eta dauden datuetatik zeintzuk inprimatu nahi ditugun.

Datuok etiketan kokatzeko testu erreminta hauta eta "Key" koadroan adieraziko  diogu zutabea eta ondoren "Insert merge field" klikatuko dugu. Horrela zutabe guztiekin.


Aipatu behar dut ere barra-kodeak sartu daitezkeela etiketetan; horretarako GNU barcode aplikazioa erabiltzen du.

Etiketa eredua bukatutakoan, proiektua gorde -nahi beste aldiz erabili ahal izango dugu eta baita aldatu ere- eta ondoren etiketak inprimatuko ditugu.


2011/10/16

Xmind korritze-barrekin

Xmind eskemak adierazteko aplikazio interesgarri bat da (lehengo batean aurkeztu nuena). Kontua da zenbait Linuxetan -gutxienez Ubuntu Natty eta Oneiric-en- korritze-barrak ez dutela funtzionatzen. Gora behera egiteko ez dago arazo handirik zure saguak gurpila badu baina ezker eskuin egiteko ez dut modurik asmatu.

Sarean bilatuta irtenbide bat topatu dut: Xmind abiatzea bere korritze-barrekin eta ez sistemaren Overlay korritze-barrekin. Horretarako ondoko agindua kopiatu eta terminal batean itsatsi.
LIBOVERLAY_SCROLLBAR=0 /usr/local/xmind/xmind
Tamalez ez dut lortu funtzionaraztea aplikazioen menuan ez eta agindu honekin abiarazlerik sortzea, beraz, Xmind abiarazi nahi duzun bakoitzean terminalean jarri behar da agindu hau. Bestela Xmind abiatzen da baina korritze-barrarik gabe. 

Nola moldatu panelak Oneiric Oceloteren Gnome klasikoan

Goiko eta beheko panelak moldatuta Oneirik Ocelote-ren Gnome klasiko interfazean.


Aurreko mezuan komentatu dut Gnome klasikoaren panela blokeatuta zegoela baina trasteatzen topatu dut soluzio bat panelak Oneiric-en pertsonalizatu ahal izateko.

Dock bat erabili beharrean gehien erabiltzen dituzun bizpahiru aplikazioen abiarazleak panelean jartzeko orain ezin da aplikazioan eskuin klik egin eta "erantsi panelera" egin baina saguarekin klikatu eta herrestan eraman daitezke.

Bestetik goiko panelari ohiko elementuak eransteko edota tokiz aldatzeko panelean eskuin klik egin beharrean egizu Alt+eskuin-klik egin. Era berean beheko panelari propietateak aldatzeko edota Mahaigaina erakutsi edo Paperontzia eransteko eta euren ohiko tokian jartzeko ere Alt+eskuin klik egin.

Bestetik Nautilusean zuhaitza ikuspegia lekuak ikuspegia baino gogokoagoa baduzu bertako menuan egin Ikusi > Albo panela > Zuhaitza. Bestetik ikono, zerrenda eta ikuspegi trinkoa aldatzeko aukera kendu badute ere lehenetsita datorren ikono ikuspegia alda dezakezu Nautilusen Editatu > Hobespenak.

2011/10/15

Oneiric Ocelot, lehen inpresioa



Etxean bi ekipo ditut, mahaigainekoa eta netbooka. Txikian instalatu dut Ubuntu 11.10a eta hau da hartu dudan inpresioa.

Instalazioa oso ondo joan da. Mahaiganekoan torrent bidez jaitsi dut irudia eta abio-USB memoria prestatu dut. Haren bidez instalatu dut. Nobedade bezala datuak mantenduz instalatzea eskaini dit aukeren artean eta ondo eta azkar egin du.

Interfazeena bukaerarako utziko dut.

Gauza positiboen artean, aipatutakoaz gain, Flash Player eta Dropbox kideen biltegitik instalatzen direla eta Thunderbirden integrazioa sisteman, bai bere leihoan bai paneletik. Eta besterik ez.

Negatiboen artean Gnome3 da inpresio txarren egin didana, sinplifikatzeko asmoz edo pertsonalizatzeko eta kontrolatzeko aukera gehienak kendu dizkiote. Goiko panela blokeatuta dago, ez bakarrik Unity eta Gnome Shell-en, baita Gnome klasikoan ere. Nautilusen tresna barrari aukera gehienak kendu dizkiote: fitxategiak ikono moduan, zerrendan edo era trinkoan ikusteko aukera, zooma eta abar. Egitura ikusteko aukera ere ezkutatu dute (lekuak, zuhaitza eta abar). Nik uste dut hurrengoan arakatzailea bera kenduko dutela.
Bestetik goiko paneletik leihoak itxi, minimizatu edo aldatzeko ikonoak ezkutatu dituzte (sagua gainean jartzean agertzen dira). Beste zailtasun bat.
Software-biltegia, Oneiric-en software-zentroa, motel baino motelago dabil eta irekitzen denean Canonical-ek salgai dituen aplikazioak ageri dira beste ezer baino lehen. Eskubide guztia dute baina...  Google Earth , momentuz bederen, ezin da bertsio honetan instalatu.
Itxura aldatzeko aukerak ia desagertu dira, bai eta pantaila-babeslea kudeatzekoa. Compizconfig-settings-manager (ccsm) ez omen du funzionatzen eta usten du sistema panelik gabe.

Interfazeak direla eta lehenik eta behin instalazioarekin batera datorren Unityak probatu ditut eta ez diet aurrerapenik ikusten. Aplikazioak topatzea -dock-enak aparte noski- abentura handia da. Iragazkiak jarri dituzte kategoriak hobeto ikusteko baina kategoriek beraiek kentzen diete tokia aplikazioen ikonoei eta gainera behera egiteko kontrolik ez da agertzen. Bilaketak egiteko aplikazioak, fitxategiak edo musika kategoriak jarri dituzte baina bilatzailea oso gaizki dabil.
Ez diot aurrerapenik ikusi Unity-ri. Beheko panela eta menuena kenduta irabazten den pantaila da duen abantaila bakarra, tableta eta netbook-entzako jakina.

Gnome Shell eta Gnome klasikoak aukeratu ahal izateko instalatu egin behar dira:
sudo apt-get install gnome-shell

Gnome Shell probatu dut eta, oro har Unity baino finoago badabil ere, ez zait batere praktikoa iruditzen, paneleko ikonoak eta mezuak gaizki ikusten dira eta gainera deustarako balio ez duen eta pantaila jaten duen barra zuri bat agertzen da aplikazio guztietan. Itzaltzeak ere lanak ematen ditu¡

Dezepziorik handiena Gnome klasikoa izan da. Lehen aipatu dudan bezala oraingoan Gnome klasikoa ez da Gnome2 Gnome3 baizik eta horren ondorioz goiko panela ezin da konfiguratu -Firefox eta gehien erabiltzen ditugun aplikazioen abiarazleak ere ezin dira jarri-, Nautilus, lehen esan dudan bezala lehen zenaren itzal bat da.

Hau dena ikusita momentuz Oneric nire netbook-ean geratuko da Unity 2Drekin eta mahaigainekoan, puska baterako behintzat, Natty geratuko da Gnome2-rekin eta Virtual-Box instalatuko dut Ubunturen ondokoa zein izango den frogatzeko. Momentuz lehen hautagaiak Linux Mint eta KDE erabiltzen duen dristroren bat.