2011/03/30

Firefox 4 lehenengo inpresioak



Ez dut asmorik ez gaitasunik analisi bat egiteko, soilik Firefox berritik zer den gehien gustatu zaidana komentatuko dut.



Has gaitezen abiadurarekin, lan handia egin dute Mozillakoek eta nabarmen azkartu da programaren abioa eta nik esango nuke orrien karga ere bai. Ez Chromiun edo Opera beste; hala da, baina abiadurarenak ez nau gehiegi arduratzen.

Gehigarriei buruz zer esan: bertsio aldaketak daudenean gehigarri batzuk erortzen dira eta beste batzuk aplikazioak bereganatzen ditu. Lehenengo kasuan Siphon dago ekipoen artean gehigarriak sinkronizatzeko erabiltzen dudan gehigarria. Tira, haren garatzaileak laster egokituko du. Irentsitakoen artean EXTMren ordezkoa zen Restart Extension dugu, zeinak klikatuz gero sesioaren fitxak gogoratzen zituen sesio berrian ireki ahal izateko; Firefox-en bertsio berriak menuko Historia atalean "Berreskuratu aurreko saioa" aukera erantsi dute eta hartara horretarako gehigarririk ez da behar. Aipamen berezia merezi du Euskalbar gehigarriak zeinak 3.9 bertsioa atera du F4-rako eta bi aurrerapen handiak ekarri ditu: batetik euskalbar erakusteko eta ezkutatzeko botoia eta bestetik hainbat azpi-fitxa ikusteko fitxa bakarrean Shift+Enter egina. Zorionak egileei, zorionekoak erabiltzaileok.


Itxurari dagokionez eskertzekoa da zein erreza den aldatzea eta nor bere gustura egokitzea. Batetik nabigadorearen bertsio berrian fitxak goian agertzen dira, nonbait fitxa eta helbide-barraren arteko integrazioa irudikatzeko. Ba nik fitxak sarri erabiltzen ditut eta maiz erabiltzen ditudan lanabesak ez ditut goiko apaletan jartzen, beraz, berehala jaitsi ditut lehengo tokira. Nola? menu barran eskuin klik egin eta barra goian desaktibatuta.
Bestetik, pantaila txikien ugaritzea dela eta, barrak gutxitu ahal izateko aukera berriak ditugu: Menu-barra fitxen barrako botoia bihur dezakegu, horretarako menu-barran bertan eskuin klik egin eta menu-barra desaktibatuta.
Estatus-barra ere desagertu da. Orriaren kargari buruzko informazioa karga irauten den bitartean agertzen da eta karga burutzean espazioa libre geratzen da. Estatus barra ordea zenbait gehigarrik erabiltzen zuten. Nik horrela konpondu dut kontua: batetik eguraldiaren berri ematen duten ForecastFox-en informazioa menu-barrara eraman dut -gehigarriaren hobespenetan informazioa tokiz mugitzeko aukera ematen du- eta beste gehigarrien informazioa ikusi ahal izateko barra oso bat erabili gabe Barlesque gehigarria jarri dut. Honek gehigarrien barra txikitzen du behar duen minimora.

Edozein modutan aldaketarik potoloenak ematen dit nabigadorearen gaitasunean eman direla, azelerazio grafikoan eta html5 estandar berriaren inplementazioan baina horiek aipamen aparte merezi dute. Hurrengo mezuetan.

Konklusio moduan nabarmenduko nuke nabigadoreen arteko lehia erabiltzaileontzat onuragarria dela eta Firefox espero genuen neurria eman duela.

Firefox-en ezaugarri nagusiak errepasa ditzakezu orri honetan.
Eta nire gogoko gehigarriak beste honetan.

2011/03/28

Ubuntu: nola desaktibatu hibernazioa bateria maila kritikora iristen denean.

Institutuan badugu portatil bat bateria pot egina duena; ez du kargatzen eta, karga oso baxua duenez, Ubuntuk itzaltzen du ekipoa entxufatuta egonda ere¡.
Soluzioa: administradore moduan terminala ireki eta agindu hau itsatsi:
sudo gconf-editor

Konfigurazioa-editorea irekiko da eta egin apps > gnome-power-manager > actions
Bertan lehenengo itemak dio: critical_battery    hibernate. Hibernate esaten duen tokian nothing idatzi, eskuin klik egin eta ezarri derrigorrezko gisa, identifikatu eta kito Benito.


Bateria maila kritikora iristean deus ez egiteko ezarpena.


Ezarpen hauek salbuespenekoak dira ez baita ohikoa ekipo bat entxufatuta egonda hibernatzea bateria baxuagatik.

2011/03/27

Ubuntu: itzaltzeko botoia ez da ikusen

Tarteka honelakoa gertatzen da:

erabiltzailearen izenaren kopiak itzaltzeko botoia ezkutatzen du.

Zer egin holakoetan?

Itzali nahi duzu? Ba teklea ezazu terminalean "halt". Bestela, teklea ezazu Ctrl+Alt+Supr

Zure saioa itxi nahi duzu? Ba teklea ezazu terminalean "killall5". Bestela, teklea ezazu
Ctrl+Alt+Atzera. Azken hau aktibatu behar duzu.

2011/03/26

Ubuntu: sistemaren errendimendua ikusi.

Linuxen ekipoaren errendimentua ikusteko aplikazio ikusgarria dago: Sistemaren monitorea. Prozesadore, memoria eta sarearen erabilera erakusten digu era oso garbian. Martxan jartzeko menu nagusiko Sistema > Administrazioa > Sistema-monitorea ireki eta eskaintzen dizkigun lau fitxetatik Baliabideak hautatuko dugu.

Sistemaren-monitorea: baliabideak pantaila.
Noizbehinka begirada bat ematea ondo dago ikusteko prozesadorearen, Ram eta Swap memoriaren erabilera nolakoa den.

Edozein modutan informazio hori beti begi bistan eduki nahi baduzu agian System Monitor Indicator aplikazioa interesatuko zaizu. Berau instalatuta panelean ikus dezakezu prozesadorearen -cpu- eta Ram memoriaren erabilera:


Instalatu nahi baduzu bertatik jaitsi eta instalatu ondoren Aplikazioak > Gehigarriak taldean ageriko zaizu. Informazio hori goiko panelean beti ikusgai eduki nahi baduzu egin Sistema > Hobespenak > Abioko aplikazioak > Gehitu eta horrela bete:

Aplikazioak gogobetetzen ez bazaitu Abioko aplikazioetatik kendu eta desinstalatzeko egizu: Sistema > Administrazioa > Synaptic pakete kudeatzailera jo, System monitor indicator bilatu, eskuin klik, desintalatzeko markatu eta aplikatu.

2011/03/22

Nola instalatu Firefox 4 Ubuntun


Gaur, martxoak 22, Firefox 4 aterako da -mezua idazteko unean oraindik ez dago eskuragai- eta bertan azalduko dut nola instalatu ahal izango da PPA bidez. Horrela Firefox 4 instalatzeaz gain datozen bertsio-berritzeak ere egingo ditu. Sistema honek balio du Ubuntu 9.10, 10.04 eta 10.10erako.


Firefoxen bertsio egonkorren PPA*-biltegi edo errepositorioa erantsiko dugu software-jatorrietara. Horretarako terminal batean idatziko dugu:

sudo add-apt-repository ppa:mozillateam/firefox-stable

ondoren biltegien zerrenda freskatuko dugu

sudo apt-get update
eta begiratuko dugu ea aplikazioen bertsio berriak dauden -artean Firefoxena-.
sudo apt-get upgrade
eta euskaraz ager dadin

sudo apt-get install firefox-locale-eu 


*PPA: Personal Package Archives, Ubuntun software garatzaileak bere bertsioak igotzeko biltegiak. Bertsioak alfak, betak, release candidate eta stable izan daitezke burutze edo heldutasun mailaren arabera. Bertsioa ez ba da egonkorra -stable- ez da komeni erabiltzeko ekipoetan instalatzea.

2011/03/20

DraftSight CAD profesionala Linuxen eta dohain



Dassault Systèmes besteak beste SolidWorks aplikazioaren garatzaile eta hornitzailea den frantziar enpresak DraftSight kalitate handiko bi dimentsioko CAD aplikazioa dohan jarri du -ez du liberatu- Linuxen instalatzeko (baita Mac eta Windows-en ere).

Linuxen Instalatzeko (ikusi gutxienekoak behean)
Lehenik eta behin deskargatu. Ubuntu eta Fedorarako bertsioak daude (68,8 MB). Gogoan izan lizentziaren terminoak onartu behar dituzula. Garrantzitsua da horrela instalatzea bestela sinaptic instaladorea blokeatzen da.

Ubuntu arrunta baduzu (32bitekoa):
Behar dituen libreriak instalatu. Terminalean itsatsi:
sudo apt-get install libdirectfb-extra libxcb-render-util0 libaudio2
Terminalean: deskargatu duzun karpeta joan eta honakoa itsatsi:
sudo dpkg -i DraftSight.deb

64biteko Ubuntu baduzu behar dituzun libreriak hauek dira:
sudo apt-get install libdirectfb-extra libxcb-render-util0

eta deskargatutako karpetan hau exekutatu:
sudo dpkg --force-architecture -i DraftSight.deb

Autocaden erabiltzailea bazara ez zaizu ezer kostatuko jartzea, bestela ondo etorriko zaizu oinarrizko manual hau: DraftSight Unit1.pdf.
Aplikazioa eta manuala Shakespearen hizkuntzan daude baina baina tira nik ingelesa eta CAD jakin gabe moldatu naiz manualarekin eta marrazkitxo bat egiten.

Ezaugarri interesgarri batzuk:

  • DrafSight-ek dwg formatua erabiltzen du baina dxf hau da ASCII binari drawing -QCADek erabiltzen duena- onartzen du.
  • Txantiloiak egin daitezke dwt formatuan.
  • Pdf formatura esporta daiteke.
  • 3D irudiak ikusten dira.
Gutxieneko ekipoa Linuxen. Hauek dira zure ekipoak behar dituen minimoak Draftsight instalatzeko eta ibiltzeko:
  • Prozesadorea 1Ghzkoa (Windowsen 3Ghzkoa).
  • 1GB RAM  memoria
  • 1024x788ko VGA grafika
Zure ekipoa ez bada ezaugarri horietara iristen QCAD aplikazioa probatzen ahal duzu.

Linuxen erabiltzaileentzat albiste ona dudarik gabe zeren marrazketa teknikoaren esparruan aplikazio libreak eskas xamarrak omen dira.

Dohako aplikazioen katalogoa