2010/07/31

Stellarium euskaraz

Betidanik gustukoa izan dut Stellarium, ortzian dauden izar, planetak, galaxiak eta abar, bai eta konstelazioak ere denbora errealean ikusteko aplikazioa.
Sorpresa atsegina izan da ikustea dagoeneko euskaraz dagoela, bederen Ubuntun, bai interfazea bai astroen izenak ere.

Hiru ikuspegi: ilargia gertutik, ezarpenak eta konstelazioak.

Software libreko aplikazio hau Mac, Windows eta Linuxen gainean ibiltzen da. Informazio gehiago bere web orrian. Ubuntun  Software biltegitik instala daiteke edo terminalean hau itsatsita:
sudo apt-get install stellarium

Behin instalatuta kokagunea ematea da eta kontrol botoiak frogatzea komeni da. Garrantzia du bilaketak egiten ikastea eta saguaren gurpilarekin zoom edo hurbilketak egitea astroak tamaina handian ikusteko.

Eskerrik asko lokalizazioan parte hartu duzuen guztiei. Lan bikaina.

Gogoan izan abuztua dela izar iheskor gehien ikusten den garaia (Pertseidak) eta ez direla pantailan ikusten. pantailan ikusten diren arren ez da gauza bera eta ez dut uste desirak era digitalean beteko direnik. (Mezua idatzi eta gero, ortzia arakatzen nengoela, hara non pasa den izar loka bat pantailaren alde batetik bestera).

2010/07/29

VLC, Windows Media eta Quicktime arteko konparatiba

Eroski Consumer aldizkari digitalak nagusi diren musika eta bideo erreproduzigailuak: Windows Media Player 11, Apple-en Quicktime 7.6.6 pribatiboak eta software libreko VLC Media Player 1.1 konparatu ditu.
Analisi horrek nabarmentzen du VLC dela audio eta bideo formatu gehien erreproduzitzen dituena programa bera barne dituelako codecak, beste biek codecak internetetik jaitsi behar dituzte bereak ez diren formatuak erreproduzitu ahal izateko -kasurik hoberenean, zeren gehienetan ez dituzte topatzen-.
Hona erreproduzigailu bakoitzak erreproduzitzen dituen bideo formatuak:



Horretaz gain VLC-k azpititulu formatu gehienak erreproduzitzen ditu, GPU bideo txartelen azelerazioa erabiltzen du, DVD eta Blu-Ray diskoak erreproduzitzen ditu -beraz, ez dugu horretarako beste programa instalatu behar-, Windows, Mac eta Linux sistemetan ibiltzeaz gain telefono mugikor eta beste gailuetako Android, IOS4 eta PalmOS sistemetan ere badabil. Eta guztietan doan jaitsi daiteke.

Batzuk esaten dute interfaze itsusia duela baina horretarako ere erremedioa badago zeren eta haren itxura alda daiteke skin edo azalak jaitsita.

Linux distribuzio batzuk erreproduzigailu horrekin etortzen dira beste batzuetan instalatu egin behar da. Ubuntun Software biltegitik instala daiteke.
Aplikazioa erdaraz dago. Badirudi Librezaleko jendea ari dela euskaratzen baina ez dago argi noizko.

2010/07/28

EGK elkarteak hezkuntza sistemaz dituen hainbat kezka

Eusko Jaurlaritzak Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak (LAA) dokumentua berritzeko asmoa du eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak hori dela eta "sektoreen eta gizarte-mugimenduen arteko elkarrizketa" sustatu nahian eztabaidarako dokumentu bat argitaratu du. Dokumentu horretan "garapen zentzuzkoa eta iraunkorrarekin" lotutako hainbat gai ukitzen ditu, sakontasunik gabe baina ikuspegi global interesgarriarekin.

Dokumentu osoa irakurtzeak merezi du. Nik blog honetara hezkuntzarekin loturatako bi pasarte ekarriko ditut, zer pentsa ematen duten hainbat puntu zerrendatzen dituztenak:

Ikastetxeen kudeaketa enpresa-egitura hierarkikoaren proiekzioa da, ikastetxeko zuzendariak edozein enpresa-korporaziotako buruaren antzeko aginpidea baitu. Irakaslearen eta ikasleen arteko erlazioa bertikaltasunean oinarrituta dago, eta gerora lan-munduan erlazio berdin-berdina sortzen da nagusien eta langileen artean. Hezkuntza-plangintzaren helburua da lana eraginkortasunez egingo duten langile adituak prestatzea. Saiatuak izaten, ikastetxera garaiz iristen eta esanekoak izaten irakasten digute; irakasleak esandako guztia egin behar dugula esaten digute [...]
Gaur egungo gazteak logaritmo bat egiteko eta taula periodikoa edo Machadoren olerki bat buruz ikasteko gai dira, baina ez dira olerki bat idazteko, iritzia emateko, jendaurrean hitz egiteko eta gure inguruko historia jakiteko gai. Badakizkigu preposizio guztiak, esaldi bat askatzeko eta hitzez hitz banatzeko gai gara, gramatika-konposizioa kontuan hartuta, baina gero eta okerrago irakurtzen eta idazten dugu. Ezertarako balio ez duten gauzetan adituak gara, eta benetan garrantzitsuak diren gauzetan gero eta ezjakinagoak. Nahiz eta gure aitona-amonek baino idazkera hobea izan, askoz gehiago kostatzen zaigu gauzak adieraztea. Ez digute irakasten gure barrena askatzen, gure bihotza askatzen. Irakasleak diktatu eta guk azpimarratu egiten dugu, zer azpimarratzen ari garen jakin gabe. Azterketak iristean, ikasgaiak buruz ikasi, azterketak gainditu eta automatikoki ahazten zaigu ikasitako guztia, disko gogorra hustu izan baligute bezala.

2010/07/27

Laster teklak

Laster teklak, hots, ekintzak egiten dituzten teklen konbinazioak erosotasuna, eraginkortasuna eta produktibitatea emendatzen duten tresnak dira.



Azpiko taulan, nire aburuz interesgarrienak aipatuko ditut:

TEKLA KONBINAZIOA EKINTZA
Ctrl+Z Desegin
Ctrl+X Ebaki
Ctrl+C Kopiatu
Ctrl+V Itsatsi
Ctrl+A Dena hautatu
Ctrl+F Bilatu
Ctrl+S Gorde
Ctrl+P Inprimatu
Ctrl+Gurpila Zoom dokumentua
Super + → Leihoa eskuin aldera
Super + ← Leihoa esker aldera
Super+P Aldatu pantaila aktiboa
Alt+Tab Aldatu aplikazio aktiboa
Impr Print Pantaila inprimatu
Alt+Impr Print Leihoa inprimatu
F11 Dokumentua pantaila osoan



2010/07/26

Broadcom wifi txartelak aktibatu Ubuntun

Hainbat markako ekipoak: Dell, Hp, Lenovo... Broadcom markako wifi txartelak dituzte eta Ubuntun ez dute funtzionatzen.
Zure ekipoko wifia ez badabil begira dezakezu hori al den zure wifiaren marka; horretarako terminal bat ireki eta idatzi:
$ lspci -nn | grep Broadcom
Agertzen bada lerro bat 802.11b/g protokoloa aipatzen duena Broadcom da zure txartelaren marka.
Nola konpondu? Konektatu zure ekipoa sarera kable baten bidez eta terminal batean idatz ezazu:
$ sudo apt-get install bcmwl-kernel-source
Berrabiarazi ekipoa ethernet kablea kenduta eta hauta ezazu dagokiona topatzen dituen sareen artean.
Zerbaitegatik desinstalatu nahi baduzu egin Sistema>Administrazioa>Synaptic pakete kudeatzailea eta, root pasahitza idatzi ondoren, bilaketa bizkorreko leihoan idatzi bcmwl-kernel-source, marka ezazu kentzeko eta aplikatu.

2010/07/24

Sagu-teklak

Noizbait teklatua hondatzen bazaizu eta ez baduzu touchpad edo beste sagurik eskura gogoan izan tekla konbinazio hau:

Alt + Shift + Bloq Num

Tekla konbinazio honen teklatu numerikoaren bidez saguaren kontrola hartzen du funtzio hauekin: