2010/05/06

Wifi gutxiago

Ez dut wifiaren erabileraren eztabaidan posizionatzeko asmorik. Kontrako zein aldeko txosten zientifiko erabat fidagarrien berri izan dugu. Edozein modutan gauza bat nahiko argi daukat: zenbat eta kutsadura elektromagnetiko gutxiago hobe. Ildo horretan wifiaren erabilera murrizteko bi ideia dakartzat,

Lehenengoa; wifia erabiltzen ditugun tokietan access-point edo haririk gabeko seinalearen hargailu-transmisorea den antena itzalgailua duen base elektriko batean entxufatu eta erabili behar ez denean itzali.

Hainbat tokitan praktika honek ez dauka zentzurik zerbitzua etengabe eskaini behar delako baina beste batzuetan, hala nola etxean edo ikastetxetako geletan, neurri honekin denbora luzean emisioa ekidin daiteke.



Bigarrena;  ethernet seinalea zabaldu ahal izateko kablea  eta wifiaren  ordezkoa PLC (Power Line Communications) izan daiteke, alegia komunikazio seinale digitala elektrizitate kabletik zabaltzea. Horretarako gutxienez bi hargailu-transmisore berezi behar dira (35€ bana gutti goitti behetti). Batak modem, routter edo switch batetik kablez hartuko du seinalea  eta sare elektrikoan entxufatuta etxe osotik barreiatuko du seinalea. Bigarren hargailu-transmisorea ekipotik gertuen dagoen entxufean sartu eta  kablez konektatuko  dugu ekipoarekin.

2010/05/03

Firefox: fitxa berriak eskuinean edo bukaeran.

Gaur egun nabigatzaile guztiek badute ere Firefoxek estreina egin zuen fitxen sistema. Esteka bat uneko fitxan ordez beste batean irekitzeko egiten ahal dugu:
  • eskuin klik eta "ireki fitxa berrian",
  • ezker klik Ctrl zapalduta edo
  • gurpilean zapaldu

Kontua hainbat fitxa irekita ezker aldeko fitxa baten estekan halako klik bat egitean non ireki nahi duzu fitxa berria? esteka duen fitxaren ondoan edo fitxa guztien bukaeran?


Modu lehenetsia azkena da, alegia, fitxa berriak bukaeran irekitzen dira. Bestela, hau da estekaren ondoan irekitzea gustuko dugunok bagenuen gehigarri bat (Next Tab) hori egiten zuena baina Firefox 3.6-an oraindik -begiratu mezuaren data- ez dabil.

Irtenbidea:
  1. helbidean idatzi: about:config
  2. onartu kontuz ibiliko zarela
  3. iragazki-leihoan itsatsi: browser.tabs.insertRelatedAfterCurrent  eta balioan, false gainean klikatu true jar dadin.
Kito. Orain fitxa berriak estekaren ondoan irekiko dira.

2010/04/28

Agur Bloglines

Bloglines blogen mezu berrien biltzailea da, jario irakurlea. RSS edo Atom sistemaren bidez blog edo orri dinamiko batean harpidetuz gero berak mezu berriak biltzen ditu eta eskaintzen dizkizu blogetik blogera ibili gabe.
Bloglines, betiereko beta zerbitzua

Jario biltzaileen artean aitzindari da Bloglines baina azkenaldi honetan makal xamar dabil. Blogetan komentatzen da utzita dagoela, hainbat jario ez zituen eguneratzen eta azken egunetan bere zerbitzaria behin baino gehiagotan geldirik edo zintzilik egon da.

Horregatik, penaz baina aldatzea erabaki dut Google ahalguztidunen besoetara.
Aldatzeko Bloglineseko harpidetzak esportatu...
eta Google Readerren inportatu.
Lehenengo bista kolpean Googlen irakurgailuak hobexeagoa da: mezuak gurpilarekin gainditzean hartzen ditu irakurritzat eta aukera gehiago ditu mezuak bistaratzeko: berriak edo denak, zerrenda moduan edo edukiak eta abar.
Tira, puska baterako hemen geratuko naiz.

2010/04/15

Ubuntu: Namoroka kendu eta Firefox berrinstalatu

Antza denez Firefoxen garatzaileak urrats bat aurrerago dabiltzate Windowsen Linuxen baino eta lehenengoan 3.6 dagoen bitartean Linuxen 3.5 bertsioa dabil egonkor eta 3.6a, frogan, Namoroka izenarekin. Kontua da eguneratzea batean Namoroka instalatu zitzaidala eta azken egunetan flash plugina ez zebilela. Kontsultatu ondoren Namoroka kendu eta Firefox 3.5 berrinstalatu dut. Arazo bera baduzu eta zeuk ere egin nahi baduzu urrats hauek segi ditzakezu:

  • Frogako bertsioa berriz instala ez dadin software-jatorrietatik http://ppa.launchpad.net/ubuntu-mozilla-daily/ppa/ubuntu kenduko dugu.
    Sistema > Administrazioa > Software jatorriak (pasahitza jarri) Beste softwarea atalean aipatu jatorria desmarka ezazu.
     
  • Namoroka desinstalatzeko terminala irekiko dugu: Aplikazioak > Gehigarriak > Terminala, eta bertan:
sudo su
apt-get remove firefox
apt-get autoremove
  • Eta Firefox instalatzeko:
apt-get update
apt-get install firefox

2010/04/04

Firefox gehigarriak: zenbait gehigarri interesgarri.

Firefox 🦊 nabigatzailerako ehunka gehigarri daude eta neurriz instalatu behar ditugu zeren eta nabigatzailearen funtzionamendua moteltzen dute -batzuk besteak baino gehiago-. Gomendatutakoak, interesgarriak iruditzen bazaizkizu, instalatu, frogatu eta ondoren erabaki  mantentzea edo desinstalatzea.
Hemen dituzu ordena alfabetikoan interesgarriak iruditzen zaizkidanak:
  • Adblock Plus: Web orrietako propaganda blokeatzeko. 
  • Dark Reader: webgunea gai ilunean ikusteko.
  • EpubReader epub formatuko liburu digitalak irakurtzeko. Maiz irakurtzen baduzu, ordea, Foliate aplikazioa instalatzea komeni zaizu.
  • Euskalbar: euskara eta gaztelania, frantsesa, ingelesaren arteko hiztegiak, Euskalterm, corpusak, esaera zaharrak... eta zer dakit nik dena batera.
  • Lehen hitza euskaraz euskarazko edukia lehenesten du.

2023ko urtarrilaren 1ean eguneratua.

2010/03/30

Naturaren geometria

Infografia eder honek zenbakiek eta geometria naturan duten isladaren hiru adibide erakusten digu: Fibonacciren segida, urrezko laukizuzena eta Tiessenen poligonoak.


Nature by Numbers from Cristóbal Vila on Vimeo.


Etérea animazio estudioetako Cristobal Vilak egin du. Horri honek fundamentu matematikoak azaltzen ditu.
Ez dakit matematikaren estetika den edo estetikaren matematika.