2011/02/27

Viking GPS manuala



Lehengo batean Viking GPS aplikazioaren ezaugarri nagusiak komentatu nituen.

Badirudi software librearen katalogoan GPS ibilbideak ikusteko eta editatzeko aplikazioen artean hoberenetarikoa dela. Bere erabilera ez da oso konplikatua baina ez da egunero erabiltzen ditugun aplikazio horietarikoa eta erabili behar nuen aldiro ez nuen gogoratzen nola egiten ziren gauzak. Hori dela eta erabilpena dokumentatzea otu zait. Manual txiki bat egin dut wiki formatuarekin. Batetik errez edita daitekeelako eta bestetik publikoa jarri dut nahi duenak editore lanak egin ditzan, zuzenketak eginez edo materiala osatuz. Editatzen animatzen dena nahikoa du wikiaren ezkerreko panelean "elkartu zaitez wiki honetan" klikatzea eta Wikispacen erregistratzea.  Hona manualaren lotura:

2011/02/26

Extemm hil da. Gora Restart Extension.

Firefox nabigatzailearen gehigarrietan aldatetatxoa egin dut.

Nabigatzailea ixten den aldiro ea fitxak gorde nahi ote dituzun galdetzen du harik eta, nazka eginda, berriz ez galdetzeko esaten diozun arte. Baina, hara, kontua da lantzean behin, presak aginduta, nabigatzailea itxi behar duzula baina fitxak gorde nahi dituzula.
Fitxak gorde eta irekitzen den hurrengoan fitxak berreskuratzeko orain arte Extemm gehigarria erabiltzen nuen baina badirudi orain ez dagoela eskuragai. Haren ordez funtzio bera betetzen duen Restart Extension instalatu dut. Gehigarri honek Fitxategia atalari "restart" eta "exit - keep tabs" funtzioak eransten dizkio. Extemm gogoan, tresna barrari fitxak gordetzeko ikonoa jarri diot: hori egiteko tresna barran eskuin klik egin eta "pertsonalizatu" hauta, Exit ikonoa saguarekin arrastatu tresna barrara eta kito.


Firefoxen zenbait gehigarri interesgarri.

Berdel garaia

Euskaltelen iruzurra



Gaur Euskaltelen gutun bat jaso dut esaten duena unilateralki kontratua aldatuko dutela 2Mb-eko konexiotik 5 Mb-eko konexiora pasatuz hilean 3 euro -eta bere zergak- gehiago kobratuta. Kontratuaren oraingo baldintzak mantendu ahal izateko ez dakit zein web orritan sartu behar omen da, zure datu pertsonalak sartu, halako kodea bidali, posta-jakinarazpenak onartu, posta mezu bat balidatu...

Holakoek, hemen eta hirugarren munduko gainerako herrietan izen bat dute: IRUZURRA.

Iruzurra batez ere jende heldua eta kontratuko baldintzak mantentzeko egin beharreko tramiteak egiten asmatuko ez dituztenentzat. Hamaika ikusteko jaio gara baina enpresen prepotentziak hamaika baino gehiago erakutsi dizkigu dagoeneko.

2011/02/20

Zuzenketa tableten instalazio instrukzioetan

Hilan 14an Ubuntun zenbait tableta digitalizatzaile instalatzeko instrukzioak jarri nituen mezu batean. Jarri bai, bai eta gaizki jarri ere. Hiru agindutan bi akats. Hau marka¡

Mezua zuzendu dut.

Norbaitek saiatu bada instrukzio horiekin instalazio bat egiten barka nazala. Mea culpa.

2011/02/18

Nola desbloketatu netvibes.com EAEko ikastetxe publikoetan


Netvibes.com zure nabigatzailean mahaigain birtual fitxadun bat sortzen laguntzen dizun web orria da. Behin erregistratuta modulo-leihoen bidez (widget) diseinatzen ahal duzu orria. Modulo horietan aukera handia da: egutegia, eguraldia, egunkarietako berriak, RSS... eta abar. Nik pertsonalki egitekoak edo ataza pendienteak zerrendatzeko erabiltzen dut. Zerbitzua euskaraz dabil.

Kontua da Jaurlaritzaren guraizeek hainbat sare sozialen erabilera galaraztean (Twuenty, Facebook) Netvibes ere bloketatu dutela. Kasu berean baldin bazaude jakizu konponbidea login pantailatik sartzea izan daitekela.



Iturria: bitácora de galeón.

2011/02/17

etb3ko filmen azpitituluak

Duela aste batzuk Etb3-k ostegunetan 10:30etan kalitate oneko filmak eskaintzen ari da bertsio originalean. Hasieran euskarazko azpitituluekin, gero azpitituluak kendu zituzten eta ohartxo bat jarri zuten esaten zuena euskarazko azpitituluak ikusi nahi izanez gero teletexto erabili behar zela.

Orain ez azpititulu eta ez azpitituluak aktibatzeko oharrik.

Utzikeria? EZ.

Azpitituluak teletextoaren 888 zenbakia sakatuta ikusten dira.

2011/02/15

Nola ikusi Kutxaren Onkologikoko mamografiak Windows eta Internet Explorer gabe

Irudi digitalak analogikoaren aldean dituen abantailak profitatuz  osasun zentroak erradiografiak pazienteei formatu digitalean ematen hasi dira. Gipuzkoako Kutxaren Onkologikoak ildo horretatik jo du ere baina soilik Windows eta Internet Explorer duten pazienteak izan ditu gogoan.
Irudiak dicom formatuan daude. Dicom formatua medikuntzan erabiltzen omen den formatu estandar bat da eta beste ezaugarrien artean pazientearen identifikazioa irudiari lotzen du.
Bada Kutxaren Onkologikoak CD batean ematen dizkio pazienteari irudiak baina ikusi ahal izateko Centricity Dicom Viewer instalatu behar da eta Windows eta Internet Explorer eskatzen du.


Tira, holako tesitura batean zaudenean ez baduzu programarik instalatu nahi edo Mac edo Linux erabiltzailea bazara eta beraz oinarrizko eskubiderik gabeko hiritarra ba zara hau da soluzioa: Gimp.
Nola? Araka ezazu CDa irudiak topatu arte (img0000 motako izena dute). Eskuin klik egin, ireki honekin eta aukera ezazu Gimp. Pazientzia izan zeren oso astunak dira baina gero ondo ikusten dira eta zooma erabili daiteke.



Nork esaten zuen Gimp soilik argazkiak erretokatzeko balio zuela?

Dena den horrelako irudi asko ikusi behar baduzu Ubunturen Software zentroan baduzu propio hainbat programa: Aeskulap, Ginko, Dicompiler...

2011/02/14

Nola instalatu tableta digitalizatzaile bat Ubuntun

Fabrikanteak Linuxerako instrukzioak eta kontrolatzaileak eskaintzen ez baditu -tableten kasuan sarritan gertatzen dena-, gailua konektatu (usb, bluetooth...) eta internetera joko dugu. Web honetan ikus daiteke non bilatu behar den kontrolatzailea markaren arabera Aiptek, Wacom eta eGalax bere kontrolatzaileak dituzte; Genius eta beste hainbat marka Wizardpen kontrolatzailea erabiltzen dute. Azken hau erabili dut nik goiko irudiko Genius Mousepen 5x4 modeloa instalatzeko: lehenik eta behin software jatorri berria erantsi diot:

sudo add-apt-repository ppa:doctormo/xorg-wizardpen

Ondoren iturriak freskatu eta kontrolatzailea instalatu.

sudo apt-get update
sudo apt-get install xserver-xorg-input-wizardpen

Gero ekipoa berrabiarazi eta prest erabiltzeko.

2011/02/13

Ubunturekin bateragarria diren osagaiak



Lehengo batean komentatu nuen Canonicalek Ubuntun bateragarritasun egiaztatuta zuten markako ekipoentzako agiriak banatzen hasi zela. Bada agiri hori orain osagaietara zabaldu dute, alegia prozesadore, oinarrizko plakak, CD-ROM, audio eta bideo-txartelak eta abarretara.

Web honetan egin daiteke kontsulta, bai marka bai osagai-motaren arabera.


Zerrenda honetan ez agertzeak ez du esan nahi osagaia ez dabilela Ubuntun baina...

Edozein modutan katalogo hau erabiltzaile arruntontzat baino ekoizle, muntatzaile, saltzaileei begira egina dago. Erabiltzaileok gehien bat behar duguna periferiko bateragarrien katalogoa da, hau da inprimagailu, eskaner, tableta digitalizatzailea, web-cam edo antzekorik erosi behar dugunean gustu txarreko sorpresarik ez hartzeko. Ea laster batean holakorik eskaintzen diguten.

2011/02/08

NTFS Configuration Tool konpondu Maverick-en

NTFS Configurarion Tool administratzaileak ez diren erabiltzaileei Windowsek erabiltzen dituen NTFS partizioak ikusi, irakurri eta idazteko baimena emateko erabiltzen den aplikazio txiki bat da.  Ubuntu 10.10 bertsioan, Maverick-en, software biltegitik instala daiteke baina akats edo bug bat du eta ez da abiatzen. Hau konpontzeko nahikoa da /etc/hal/fdi karpeta sortzea, horretarako ireki terminala eta hurrenez hurren exekuta ezazu:

sudo mkdir /etc/hal
sudo mkdir /etc/hal/fdi

Hori eginda erabiltzen ahal duzu Sistema> Administrazioa>NTFS Configuration Tool

2011/02/06

Zereko zeraren bakarrizketak

Atzo Baginaren bakarrizketak antzezlana ikusi nuen eta ez dut aholkatzeko aukera galduko.
Eve Esleer idazlearen lanaren lokalizazio bikaina Ainhoa Garai eta Aitziber Garmendia aktoresek borobiltzen dute  interpretazio ezin hobearekin.
Barre suelto eta zer pentsa ere ematen duten pasartez josita emakumearen sexualitateari buruzko obra da.
Interneten hoztasuna baztertuta  antzerkiaren berotasunaz gozatzeko galdu ezin den aukera.

2011/02/02

Ubuntu ez da itzaltzen eta saioa ez da ixten

Libreoffice paketeari buruz egin nuen mezuan aipatu nuen Openoffice baino azkarragoa zela eta bazegoela modu bat azkarrago abiatzeko, hain zuzen aukeretan "Gaitu erretiluko abiatze bizkorra". Honek quickstar izeneko programa bat egikaritzen du zeinak paketearen hainbat modulu aldez aurretik memorian kargatzen omen dituena. Hori eginda panelean Libreofficeren ikono agertzen da eta haren bidez aplikazioak azkarrago irekitzen dira.

Kontua da hori aktibatuz gero, ez galdetu zergatik -bug bat suposatzen dut-, Ubuntuk arazoak ematen dituela interfaze grafikotik itzaltzeko eta saioa ixteko. Konpontzeko delako ikono horretan klikatu behar dugu eta desgaitu.

Hortik aurrera zure sistemak ez du arazorik izango itzaltzeko eta saiotik irteteko. Ea bug hori konpontzen duten.

Barkamena eskatzen dizuet aholkua segituz arazoa izan duzuen guztioi baina pila bat kostatu zait lotzea efektu eta kausa. Mezu originala zuzenduko dut aholkua ager ez dadin.