2021/11/15

Moodle 4.0 bertsioak itxuran berritasun handiak dakartza

2021 urtea bukatu baino lehen ikusiko du argia Moodle 4.0 bertsioak eta, besteak beste, itxuran eta nabigazioan hobekuntza nabarmenak ekarriko ditu. 

Hona hauetako batzuk:

Ezkerreko menu tolesgarrian elementu gehiegi elkartzen ziren: nabigazio orokorra, ikastaro barnekoa, gunearen administrazioa...  Ematen du ezkerreko menu hori bertsio honetan ikastaroaren barneko nabigaziorako erreserbatuko dela. Aurkibidean gaiak eta atazak ikusiko ditugu.

Ezkerreko menu tolesgarrian gaiaren aurkibidea

Goiko panelak jasoko du nabigazio orokorreko elementuak: Hasiera, Aginte panela, Nire ikastaroak eta Gunearen administrazioa. Edizioa aktibatzeko botoia ere panel horren ezkerrean kokatuko da. Kontuan izanda panel hori denbora guztian dagoela begi bistan aipatutako funtzioak eskuragarri egongo dira gora eta behera ibili gabe.

Goiko panelean gehitu da nabigazio orokorra eta edizioa aktibatzeko botoia

Ikastaro baten barnean gaudela, alegia gai batetik bestera pasatzeko, ezkerreko menutik egingo da. Ez dakit orain arteko gaien arteko ikastaro-formatuak  mantenduko diren: gaika, fitxak, lauzak... Badirudi zentsua galduko dutela. Orain ezkerreko menuan eta eskuineko goitik beherako menuan dauden hainbat elementu ikastaroaren panelera pasatuko dira:  Ezarpenak, Partaideak, Kalifikazioak, Txostenak, Galdera bankua eta beste.

Bestetik ezkerreko panela era finkoan betetzen zuten blokeak orain era tolesgarrian funtzionatuko dute, hartara menua eta blokeak tolestuta ikastaroak pantaila osoa hartuko du.

Era berean gaia tolesteko aukera ere badago.

Ikastaroko panelean ezarpenak eta kudeaketa tresnak


Ezkerreko menua ezezik blokeena ere tolestu daiteke.

Panel bat zabalik badago tolestuko da bestea zabaltzean.


Aktibitatearen panelak erakutsiko ditu orain ezkerreko engranajean dauden aukerak: Ezarpenak, Kalifikazio aurreratua, baimenak, erregistroak eta beste.

 

Laburpen hau bukatzeko aipatu behar da aktibitateen ikonoak aldatuko direla eta ikonoaz gain kolore bat izango dutela.

Eta aktibitateen hainbat datu, hala nola datak, egitekoak eta jarduera osatuta gisa markatzeko informazioa argiago agertuko da.


Nabigazio eta itxura aldaketa hauek telefono eta tabletentzako app-an ere isla izango dute.

 

Nire inpresioa da, aldaketa guztiek barneratzeko denbora eta ahalegin bat eskatzen badute ere, ikusitakoek nabigazioa eta kudeaketa erraztuko dute irakasle eta ikasleei. Kontrol elementuak irisgarriago eta hobeto antolatuta egongo dira eta edukiak zabalago eta argiago ikusiko dituzte ikasleek. Blokeen panela tolesgarria izatea aspaldiko eskaera zen; bertsio berrian gaiaren edukiak pantaila osoan ikusi ahal izango dira (gogoratzen al zarete Moodle klasikoan nola edukiak erdiko panelean ikusten ziren estu baino estuago?). 

Ni behintzat probatzeko irrikan nago. Plangintzak betetzen badira laster ikusiko du argia 4.0 bertsioak eta handik lasterrera MoodleCloud-en probatu ahal izango da. EAEko Hezkuntza plataformara seguruena uda honetan iritsiko da eta hurrengo ikasturtean aterako diogu zukua.

Informazioa honetan sakondu nahi baduzu ikus dezakezu Moodleko Michelle Lommna ingelesez gaia zabal azalduz bideo honetan.




2021/10/29

Luberri_20.04.4 kalean dago. Gainera bi bertsiotan: Systemback eta Ubuquity.

 

(2021/11/12ean eguneratua)

Systemback izan da urteetan Luberri sortzeko -eta instalatzeko- erabili dugun aplikazioa. Bitxi bat. Haren bidez egina dago Luberri_20.04.4_Sb.iso berria eta ikastetxeko ekipo gehienetan orain arte bezala instalatu daiteke. Baina aspaldi honetan zenbait eramangarri berrietan (Lenovo Ideapad 3, BHko ikasleen Acer Travelmate berriak...) ezin izan du instalaziorik egin UEFI moduan prestatuta ere. 

Hori dela eta, bertsio honen aldaera bat prestatu dut Cubic aplikazioaren bidez: Luberri_20.04.4_Ub.iso.  Ubuntu eta Linux Minten instalatzailea den Ubiquity bidez instalatzen da. Instalatzailea desberdina bada ere behin instalatuta ia berdinak dira. Etxeko ordenagailuetarako ere hau da bertsiorik egokiena.

Gura duzun bertsioa deskargatzeko egin klik eskuineko paneleko Luberri instalazioan.

 


Ub (Ubiquity) bertsioaren berezitasunak eta instalatzeko bigarren hezkuntzako institutuetan instalatzeko aholkuak:

  • BHko ikasleei EAEn esleitutako ordenagailuetan instalazioa Windowsen "enrolatu" aurretik egin behar da.
  • LIveUSBa prestatu: ISOa deskargatu eta Live USBak egiteko aplikazio baten bidez USBa prestatu. Ez da zertan Rufus erabili behar. Prestatzen den USBa UEFI kategoria du.
  • Instalazioa zuzenean hasiko dugu:
    • Live-USBa sartu.
    • Piztu eta F2 sakatu BIOSean sartzeko. (BIOSean sartu beharrean Windowsen hasten bada begiratu (1) oharra).
    • Memuan > Boot > USBa hirugarren posizioan egongo da. F6 bidez lehenengora ekarri eta F10 sakatu, gorde eta abiatzeko.
    • Instalazioan kable zein wifi bidez konektatzea komeni da. Aukeretan instalazio arrunta -multimediak instalatuta ditu dagoeneko- eta  Windowsekin batera hautatu eta aurrera. Norberaren etxeko ordenagailuan hemen bukatzen da prozesua.
    • Ikastetxeen kasuan, bukatzean administratzaile moduan sartu eta -domeinuan sartu gabe(3)- sistemaren konfigurazioan, sortu erabiltzailea ikasleari. Pasahitza sartzen den lehenengo aldian berak jarriko du (gutxienez 8 karaktere, zenbakia, maiuskula, minuskula eta karaktere grafikoa).
  • Instalazioa bukatu ondoren, BHko ordenagailuen kasuan enrolatze prozesua egin daiteke arazorik gabe.
  • Ikastetxeko gainerako ekipoetan domeinuan sartzeko prozedura birritan egin behar da -lehenengoan berrabiarazita-.

 Oharrak:

(1) F2 sakatuta BIOSa ireki beharrean Windowsen sartzen hasten bada (hori gertatzen da itzalita beharrean hibernatzen uzten dituzten ekipoetan) utzi Windowsen sartzen (ez bortxatu itzaltzea botoia sakatuta). Eskatuko du hizkuntza, teklatua eta wifia. Wifia eman ondoren minutu gutxi batzuk irauten duen prozesu batean sartzen da eta esaten du berrabiarazi behar dela. Adi!, egiaztatu USBa sartuta duzula eta berrabiarazten hasten denean F2 sakatu eta BIOSean sartuta Menu > Boot eta USB lehenengo posiziora eraman eta gorde.

Istripu batean bigarrenez sartuko bazen Windowsen agian ez luke emango Windowsekin instalatzeko aukera. Kasu horretan Hiren's Boot USB batekin arrankatu beharko genuke Windowsen NTFS partizioa txikiagotzeko eta gero sortutako hutsunean instalatuko genuke Linuxa.

(2) Berrinstalazioak: Proposatutako instalazio motak (Windowsekin batera) ez du /home partiziorik sortzen baina, bertsio berria edo bestelako Linux bat nahi duzulako, beste instalazio bat egin nahi baduzu hautatu Nire aukera mota, aukeratu ext4 partizioa eta bertan markatu sistema erabiltzeko, EZ FORMATEATU eta /home mantentzen du. Aski da administratzaileaz gaineko erabiltzaileak sortzea.

(3) Ikastetxeren batek ISO irudia pertsonalizatu nahi badu Cubic bidez egin dezake. Desinstalazioak eta instalazioak erraz egiten dira, pertsonalizazioak ez hainbeste. Domeinuan sartuko diren ordenagailuei begira Pam_mount.conf.xml ordeztu daiteke ikastetxekoa /etc/security/ karpetara kopiatuta. Beste aukera bat da Luberri arrunta erabili eta bukatzean ikastetxeko pam_mount.conf.xml aipatutako karpetara kopiatzea.

(3) Ikastetxeko ordenagailuetan erabiltzailea sortu ordez komeni da domeinuan sartzea.


2021/09/26

H5P ariketa berriak: Crossword, Sort the Paragraphs eta Image Choice

Moodle ikasteko plataforman eduki interaktibo erakargarriak H5Pren eskutik etorri dira. HTLM5 oinarritutako 50 eduki desberdin sortu daitezke gehitutako hiru berriak kontuan izanik. 

Hauek dira ariketa mota berriak: 

 

Crosswor, gurutzegrama. 

Moodlek bazeukan lehendik gurutzegramak sortzeko lanabesa jolasen kategorian. Ohiko gurutzegrama automatikoki sortzen da glosario bat zehaztuta, glosario horren termino eta azalpenak erabiltzen ditu.

H5Pko gurutzegraman, ordea, irakasleak editatu behar ditu terminoak eta definizioak. Glosariorik ez badugu praktikoagoa da aukera hau. H5P ariketa gehienak bezala gurutzegrama osatu ondoren zuzentasuna egiazta daiteke, baita soluzioa ikusi ere.

Klikatu hemen gurutzegrama pare bat probatzeko. 

 

Sort the paragraphs, ordenatu paragrafoak.

Ariketa honetan irakasleak ordena bat duten gertaera edo ekintza batzuk zerrendatuko ditu, gehienetan segida kronologiko bat. Ikasleak sekuentziatu edo ordena egokian jarri behar ditu.

Segidaren ordena zehaztu ondoren berdez agertuko dira zuzenak eta gorriz okerrak. Ikaslea berriro saia daiteke edo soluzioa ikusi. Antzeko ariketa bat dauka H5Pk baina irudien bidez (Image Sequencing).

Adibideak ikusteko egin klik hemen.

 

Image Choice, irudiak aukeratu.

Ariketa honetan irakasleak irudi multzo bat bistaratuko du eta ikasleak baldintza bat bete edo kategoria batean sartzen direnak aukeratu behar ditu. 


Adibideak ikusteko egin klik hemen.


Oharrak:

  • Gogoan izan Moodlen sortutako ariketak deskargatu edota kapsulatu daitezkeela berrerabili ahal izateko.
  • Zure Moodle gunean ariketa mota hauek agertzen ez badira eskatu zure ikastetxeko Moodle arduradunari instalatzeko.

2021/09/04

Linuxen Ricoh inprimagailuen erabiltzailearen identifikazioa nola sahiestu

 Irungo Lekaenea eskolan Linuxerako migrazioa egitean inprimagailuekin izan dugun arazo teknikoaren konponketa deskribatuko dut beste kasu batean erabili ahal izateko.

 

openclipart

Eskola honek hiru inprimagailu ditu Ricoh markakoak:

  • Ricoh IM C3000
  • Ricoh MP C3003
  • Ricoh Aficio MP c2050

 Lehenengo ordenagailua migratzean ezarpenetatik  instalatu genituen hiru inprimagailuak marka eta modeloa aukeratuta. Gerora hornitzaileak esan zigun Ricoh Aficio MP c2050rena ez zuela funtzionatzen eta instalatzeko PPD bidez kontrolatzaile hau deskargatuta: https://www.openprinting.org/download/PPD/Ricoh/PXL/Ricoh-Aficio_MP_C2050_PXL.ppd

Probatzean, ordea, ordenagailuak bidaltzen zuen baina ez inprimagailuek ez zuten inprimatzen erabiltzailearen identifikazio sistema aktibatuta zutelako. Hornitzaileari kontsulta eginda proposatu zuen inprimagailuen PPD fitxategiak (/etc/cups/ppd/ karpentan) editatzea erabiltzaile eta gakoen zerrenda eranzteko.  Erabiltzaile eta gakoen zerrenda ikusi daiteke inprimagailuaren ezarpenetan, interneteko nabigatzailean http://xxx.xxx.xxx.xxx non ixen ordez inprimagailuaren IPa sartu behar den.

Ikusita horrek zer mantenu lana suposatzen zuen, batez ere erabiltzaileen zerrenda eguneratzeko, eskolak erabaki zuen Windowserako identifikazio sistema mantentzea eta Linuxen saihestea.  Horretarako editatu genituen banaka inprimagailuen PPD fitxategiak eta erabiltzaileen identifikazioa zehazten den tokian:

*OpenUI *UserCode/User Code (up to 8 digits): PickOne
*FoomaticRIPOption UserCode: string CmdLine A
*FoomaticRIPOptionMaxLength UserCode:8
*FoomaticRIPOptionAllowedChars UserCode: "0-9"
*OrderDependency: 104 AnySetup *UserCode
*FoomaticRIPOptionPrototype UserCode: "/usrcode(%s)def\n"
*DefaultUserCode: None
*UserCode None/None: "/usrcode()def\n"
*UserCode 1001/1001: "/usrcode()def\n"
*UserCode 1002/1002: "/usrcode()def\n"
*UserCode 1003/1003: "/usrcode()def\n"
*CloseUI: *UserCode

aukera bat zen erabiltzaile bakoitzaren izena eta gakoa zehaztea formatu honekin:

*UserCode urlia/urlia. "/usrcode(0000)def\n"    non 0000ren ordez urlia erabiltzailearen gakoa jarriko genuen (izenak eta gakoak inprimagailuaren ezarpenetan begiratzen ahal dira). 

Baina identifikazioa saihesteko egin genuena izan zen lerro honetan:

*UserCode None/None: "/usrcode()def\n"

edozein erabiltzailearen gakoa sartu horrela utziz:


*UserCode None/None: "/usrcode(0000)def\n"  non 0000ren ordez erabiltzaile baten gakoa jarri genuen.

Probatu eta ongi inprimatzen zuela ikusita hiru inprimagailuen PPD fitxategi editatuta USB memora batera kopiatu eta handik instalatu ditugu irakasleen ordenagailuetan. Horretarako instalazioa egitean PPD instalazioa aukeratuta.

 

Zerrendatik aukeratu beharrean hemen zehazten zaio PPD fitxategi baten bidez egingo dugula instalazioa.


2021/08/31

Gromit-MPX Linuxen pantailan marrazteko aplikazio txikia


Eskolak ematean arbel edo monitore digitala erabiltzen baduzu edo bideo-tutorialak grabatzean interesgarria da pantailaren gainean markatu edo idatzi ahal izatea, gehien bat nabarmentzeko botoi bat edo zona bat. Horretarako erabili daiteke software libreko Gromit-MPX (GRaphics Over Miscellaneous Things) aplikazioa Linuxeko edozein ingurunean.

Erabilera

Gromit-MPX sistemaren erretiluan kargatzen den aplikazioa da eta laster-tekla konbinazio gutxi batzuen bidez funtzionatzen du.

 

Inportanteenak hauek dira:

F9: marrazteko jarri edo kendu. Erakusleak itua edo jo puntuaren itxura hartzen du. Saguz, ukimen pantailaz, taula grafikoz... Xinput onartzen duen edozein gailuz idazten ahal dugu. Saguaren bidez gorriz eskuineko botoiaz eta gezi berdez gurpila sakatuta. Tableta grafikoan presioa hautematen du baina linearen zabalera pixel batetik laura pasatzen da. 

F10: desegin azkena. Gehienetan puntu, botoi edo antzekorik nabarmentzeko erabiliko dugu. Nabarmendu ondoren F10 bidez kenduko dugu nahi izanez gero.

Shift+F9: garbitu denak. Pantaila batean hainbat elementu markatu badugu. Konbinazio honek denak kenduko ditu.


Animazio honetan sakatzen den tekla Screenkey aplikazioaren bidez ikusten da.


Instalazioa:

Ubuntu, Linux Mint eta deribatuetan instalatzeko ireki terminala (Ctrl+Alt+t) eta itsatsi agindu hau:

sudo apt install gromit-mpx

 

desinstalatzeko 

sudo apt remove gromit-mpx


Linuxerako beste aplikazio interesgarriak hemen.

2021/08/18

Nola pasa mugikorreko argazkiak eta bideoak ordenagailura Telegram aplikazioaren bidez

Mugikorrean egindako argazkiak, bideoak eta bestelako fitxategiak mugikorretik ordenagailura Telegram aplikazioaren bidez aplikazioa eduki behar dugu bai mugikorrean bai ordenagailuan (Telegram Desktop).

Bat edo gutxi badira aski dugu mugikorreko galeriatik-edo aukeratzea eta partekatu edo bidaltzea Telegram bidez (1) gure buruari Gordetako mezuak (2) kontaktuaren bidez.

 


 
Berak proposatzen du konprimatuta bidaltzea, jatorrizkoa baino gutxienez 10 aldiz arinagoa, baina jatorrizkoa bidali nahi badugu kalitate osoa mantentzeko konprimitzearen aukera desmarkatu behar dugu.
 

Behin ordenagailuan jasota, Gordetako mezuak kontuan begiratu eta fitxategiaren gainean eskuin klik egin eta nahi duzun karpetan gorde.

Honen arazoa da fitxategiak banan bana gorde behar direla. Baina bada multzoka transferitzeko modu erraz bat: fitxategi asko transferitzeko galeriatik-edo hautatuko ditugu intereseko batean klik luzea egin eta borobiltxoak agertzen direnean interesatzen zaizkigun gainerakoak aukeratuko ditugu, edo egun horretako guztiak aukeratuko ditugu.

 


Aurrekoan bezala bidaliko ditugu Telegram bidez gure buruari Gordetako mezuak kontaktuaren bidez. Oraingoan ordea egun horretan bidalitako guztiak multzo batez gordeko ditugu. Horretarako ordenagailuko Telegramen Gordetako mezuak kontuan gaudela menua zabalduko dugu hiru puntuetan klikatu eta Esportatu txat historiala klikatuko dugu.

 

eta esportazioaren aukerak zehaztuko ditugu:

  • fitxategi motak
  • fitxategiaren gehienezko tamaina
  • bidea, alegia nora deskargatu. Deskargak/Telegram Desktop dator lehenetsita baina alda dezakegu.
  • eta bidalitako zein egunetik zein egunera. Gaur bidalitakoak esportatzeko egutegian zehaztuko dugu Hemendik: gaur, hona: gaur.


eta zehaztutako baldintzak bidalitako fitxategi guztiak zehaztutako karpetan gordeko dira.