2021/06/02

Moodle: nola ebaluatu-kalifikatu digitalak ez diren jarduera edo zereginak.

 Ikasleek egiten dituzten hainbat zeregin edo jarduera ez dira digitalak baina, agian, irakasleak euren ebaluazio-kalifikazioa Moodlen bidez kudeatu nahi ditu;  zertarako?

  • Ikastaroko sekuentziazioan jarduera guztiak -digitalak eta ez digitalak- ager daitezen. Hartara hobeto planifikatzeko, denboralizatzeko... aukera izango du.
  • Moodleko ebaluazio tresnak erabili ahal izateko: feedback digitala, errubrikak...
  • Moodleko kalifikazio liburuan txertatzeko.
  • Moodleko konpetentzien ebaluazioa erabili ahal izateko.
  • ...

 

Bi kudeaketa bereizten ditut:

a.- produktu analogikoak digitalizatzea: paperezko idazkiak, matematikako ariketak, marrazkiak, eskemak... eskaneatzea edo argazkia ateratzea; eskulanei argazkiak ateratzea, narrazioak grabatzea... Digitalizazio horri esker produktuaren kopia digital bat gorde dezake irakasleak. 

Bi aukera daude: 

  • a1: ikasleak, ikastetxean edo etxean, digitalizatzea eta bidaltzea.
  • a2: irakasleak digitalizatzea.

b.- produktu analogikoa ez digitalizatzea. Formatu digitalean behintzat ez gordetzea.

 
Nola prestatu zeregina Moodlen
 
 a.1: ikasleak digitalizatuko du produktua.

Kasu honetan ikasleak produktu analogikoa digitalizatuko du, argazkia ateraz, eskaneatzen, ahozkoa-musika grabatzen... eta fitxategia bidaliko du. Horretarako irakasleak jardueraren ezarpenetan konfiguratu behar du ikasleak fitxategi bat (argazkia, audioa...) bidali behar duela.

Ebaluatzeko momentuan, bidalitako fitxategia irudi bat bada komeni da PDF oharrak markatzea zeren eta horrela irudiaren gainean editatu ahal izango dugu. 


Hortaz gain, testu komentario orokorrak egin ahal izateko feedback-iruzkinak ere erabiliko ditugu.




a.2: irakasleak digitalizatuko du produktua.
 
Erabiliko dugu zeregina jarduera. Zeregina diseinatzean, ezarpenetan, zehaztuko dugu izena, definizioa, epeak... eta bidalketa motan dena hutsik utziko dugu, ikasleak ez baitu ezer bidaliko.
 

Eta Feedback motan markatuko dugu feedback-iruzkinak -irakasleak idazten duena ikasleari iritsiko zaio- eta feedback-fitxategia markatuko dugu digitalizazioa -argazkia, eskaner-irudia, grabazioa...- erantsi nahi badugu (lehen aipatutako a.- kasua).





Nola kalifikatu-ebaluatu. Kasu honetan kalifikazio zuzena jarri dut baina kalifikazio irizpideak edo errubrika erabili daiteke. Kasu honetan produktua marrazki baten argazkia da, eskaneatutako dokumentua edo audio-grabazio bat izan zitekeen.


b: produktua ez da gordeko, formatu digitalean behintzat.

Irakasleak ez badu interesik kopia digitala gordetzen, joka dezake aurreko kasuan bezala, alegia bidalketarik aktibatu gabe, eta iruzkinetan Feedback-iruzkina markatuko du baina ez Feedback-fitxategia, edo markatuta badago ere ez du erabiliko. Beraz a.2 edo b modalitateak berdin diseina daitezke.

2021/05/27

Nola konfiguratu Xournal++ arbel edota monitor interaktiboan erabiltzeko.

 Honen aurretik beste bi mezu Xounal++ aplikazioaren gainean:

Hirugarren honetan arbel eta monitore interaktiboak erabiltzeko zein konfigurazio komeni den jartzea.

Menu nagusian  Edizioa > Hobespenak > Sarreraren sistema fitxan bilatuko dugu arbela edo monitorea eta ezkerreko menuan zehaztuko dugu Ukipen pantaila.



Hobespenak > Ukipen pantaila fitxan:

  • Gailuan: ez dago gailurik dio, ez du ardura. Horren azpian zehazten ahal dugu zein tresnarekin hasi nahi dugun: arkatza zuzenean idazteko edo eskua irudia edo PDFa eskuz mugitzeko.
  • Gailuan hatzak urrunduz pantaila handitzeko aukera dago. Zuk ikusi interesatzen zaizun. Edonola, aktibatzen baduzu zehaztu %50a gutxienez bestela ezingo duzu korritu bi hatzen bidez.
  • Azkenik, baina inportanteena, aktibatu arbelean marraztu ahal izatea (Enable touch drawing).

Oharra:

  • Konfigurazio hau erabiltzaile bakoitzak egin behar du.

2021/05/24

Promethean arbelak Luberri 20.04, Ubuntu 20.04 eta antzekoetan

 Urte bete pasa da Ubuntu 20.04-k argia ikusi zuela eta Promethean arbel interaktiboak saltzen dituen enpresak oraindik ez du kontrolatzailerik plazaratu baina bere foroan Didier Severin izeneko erabiltzaile batek kontrolatzailea, arbela kalibratzeko tresna eta bertan idazteko Activinspire aplikazioak instalatzeko programa prestatu eta eskaini du.

Aplikazioen menua

Instalazio scripta probatu dut eta ongi dabil. Hona hemen bada Promethean arbelak Ubuntu 20.04n eta haren deribatuetan, tartean Luberri 20.04n, instalatzeko jarraibideak:

  1. Didierren Drivetik fitxategiak deskargatu behar ditugu. Denak batera deskargatzeko hautatu guztiak Ctrl+A eginez eta haien gainean eskuin klik egin eta Deskargatu. Tarte baten ondoren Zip fitxategia prest dagoenean gorde ordenagailuan (edo USB batean hainbat ordenagailutan erabili behar baduzu).
  2. Deskargatutako Drive-Download....zip fitxategia erauzi (deskonprimitu) propio sortutako karpeta batean.
  3. Karpeta horretara joan eta installActivBoard.sh fitxategia exekutagarria bihurtuko dugu. Horretarako haren gainean eskuin klik egin eta Propietateak > Baimenak eta bertan Baimendu fitxategia programa bezala exekutatzea markatu.
  4. Karpeta horretan bertan eskuin klik egin eta Ireki terminalean klikatu. Eta terminal horretan, administratzaile saioan gaudela, instalazio scripta exekutatuko dugu.

    sudo bash installActivBoard.sh

  5. Instalazioa bukatzean ordenagailua berrabiarazi behar dugu.
  6. Behin berrabiarazita arbela probatuko dugu kalibrazioa behar ote duen. Goiko paneleko sistemaren erretiluan ActiveBoard-en ikonoa dugu eta eskuin klik eginez kalibratu > 9 puntuko kalibrazioa erabili ahal izango dugu.
Geogebran arbelean marrazten

Oharrak:

  • Komeni da arbela erabiltzen duen irakasle bakoitzak arbela ikusteko ezarpenak bere nahierara egokitzea Sistemaren ezarpenak > Pantailak. Aukera dago monitore eta arbela osagarri ibiltzea edo biak berdina erakustea (islatu pantailak). Kontuan izan arbelak 4:3 aspektu-erlazioa duela.
  • Pantailan idazteko ActiveInspire aplikazioa erabiltzen ahal dugu edo Xournal++. Azken hau erabili ahal izateko idazteko modua konfiguratu behar da. Horretarako Xournall++en gaudela Editatu > Hobespenak > Ukipen Pantaila eta bertan Gailua hautatu eta aktibatu Enable touch drawing
  • Promethean-en kontrolatzaileak eta aplikazioak ez daude Luberri barnean. Promethean arbela erabiltzen duten ordenagailuetan erabili behar da taktila izan dadin.

2021/05/21

Luberri_20.04.3 prest dago

 Euskara eta hezkuntza bereziki zaintzen dituen Luberri erremasterizazioaren bertsio berri bat atera da labetik: luberri_20.04.3

Hona hemen bertsio honen berritasunik nabarmenenak:

  • Aplikazio berriak
    • Subtitle Editor azpitituluen editorea
    • Avogadro molekulen ikustaile eta editorea
  •  Euskara ikasi dituzten aplikazioak
    • Minder buru mapen editorea.
    • Celluloid erreproduzigailua.
    • Kgeography-ren hizkuntza paketea eguneratuta.
  • Tuxpaint pantaila osoan exekutatuko da.
  • Eguneraketa bereziak: Libreoffice 7
  • Eguneraketak: sistema eta aplikazioak 2021/5/21era eguneratu dira. 

 

Deskarga, instalazio jarraibideak eta abar blog honen eskuineko paneleko "Luberri instalazioa" atalean. 

Luberriren posta-zerrendan harpidetu eta Luberriren gaineko informazioa jasoko duzu eta zure ekarpenak eta zalantzak jasoko ditugu.

2021/04/22

Nola konektatu ordenagailuaren DVI-D irteera eta VGA sarrera duen pantaila edo arbel bat

 Ikastetxeetan dauden monitore eta arbela gehienek bideo sarrera bakarra dute eta VGA tankerakoa da.

VGA emea konektorea (in Wikipedia)

 Dorre motako ikastetxeko hainbat ordenagailutan bi bideo irteera daude VGA eta DVI-D.


Zenbait ikastetxetan multiplexadore baten bidez bikoizten dute VGA konektoretik ateratzen den seinalea baina niri iruditzen zait egokiagoa dela aprobetxatzea bi irteerak. Horretarako DVI-D > VGA egokigailu edo adaptadore bat beharko dugu.

Puntu honetan bi gauza kontuan izan behar dugu:

  • DVI oinarrizko bi konektore mota daude: 
    • DVI-I: beheko irtengunearen inguruan lau pin dituena. Konexio mota honek seinale analogikoa eta digitala bidaltzen du. 
    • DVI-D: ohikoa ikastetxeetan, irtengunea inguruan pin-ik ez duena. Konexio mota honek soilik seinale digitala bidaltzen du.

Goitik hasita laugarrena da ohiko DVI-D 
(in Wikipedia)

 

  • DVI-D > VGA  bi konektore mota daude:
 
    • DVI-D > VGA egokigailu pasiboa
       Pasiboa. Ez du seinale digitala analogikoa bihurtzen. Mota hau oso merkea da baina ez digu balio. Ez du funtzionatzen.
 
    • Aktiboa. Seinale digitala analogikoa bihurtzen du. Hori da VGA hargailuak hartzen duena. Pixka bat garestiagoak dira (9€ inguru) baina horiek dira funtzionatzen dutenak. 

 

Erreferentzia bat ematearren nik UGREEN markakoa probatu dut eta primeran funtzionatu du.

UGREEN markako DVI-D VGA egokigailu aktiboa

Egokigailuaren USB elikadura
Konektore bat proiektagailu batera badoa badirudi hobe dela DVI-D konexioa proiektagailuari ematea eta jatorrizko VGA uztea monitorerako. Ikastetxe bateko proba batean proiektagailua jatorrizko VGAra konektatuta 640x480 bereizmena baino handiagoa ezin izan zuen eman. DVI-Dra konektatuta proiektagailuaren Full HD erabili ahal izan da, eta pantailarena ere bai.

Egokigailuaren atzeko aldean mikro-USB hargailu bat du, izan ere, hainbat kasutan bihurketa egiteko energia gehigarria behar du. Kasu horietan USB ataka batean konektatu beharko genuke. Nik egin dudan proban ez da beharrezkoa izan.

 

Ordenagailuaren bi bideo-irteera erabilita bi pantailak detektatuko ditu eta modu ispilatua erabili ahal izango dugu edo bakoitza bere aldetik.


2021/04/18

Nola gehitu Google bilatzailea Linux Mint-eko Firefoxen

Linux Mint-en nabigatzaile lehenetsia Firefox da, eta haren bilatzaile lehenetsia Yahoo. Yahook, nire ustez, ez ditu bilaketa onak egiten. Aukera dago beste bilatzailea bat aukeratzeko baina parrilan ez dago Google. Luberri20.04.0 eta 20.04.1 bertsioek arazo hau ere badute.

 

Hurrengo lerrotan azalduko dut nola ezarri Google Linux Minteko Firefox-eko bilatzaile lehenetsi gisa. Kontuan izan hobespenetako aldaketa hau, nahi izanez gero, erabiltzaile bakoitzak egin behar duela:

Firefox-eko menuan Hobespenak ireki.


Bertan Bilaketa atalera jo. Yahoo agertzen da bilaketa-motor lehenetsi gisa eta Google ez dago aukeretan. 

 


Google ager dadin honako hau egingo dugu. Orri horretan bertan Bilaketa-lasterbideak agertzen dira eta haren azpian Bilatu bilaketa-motor gehiago.

Irekiko den web orrian irudiak markatzen duen Google ikonoan klikatuko dugu.


Ondoren Firefoxeko bilaketa leihatilan klikatu eta Gehitu Google



edo, bilaketa leihatilarik ez baduzu, klikatu hiru puntutxotan eta Gehitu


Bilaketa hobespenetara bueltatu eta orain Google aukeratu ahal izango duzu.