2021/05/21

Luberri_20.04.3 prest dago

 Euskara eta hezkuntza bereziki zaintzen dituen Luberri erremasterizazioaren bertsio berri bat atera da labetik: luberri_20.04.3

Hona hemen bertsio honen berritasunik nabarmenenak:

  • Aplikazio berriak
    • Subtitle Editor azpitituluen editorea
    • Avogadro molekulen ikustaile eta editorea
  •  Euskara ikasi dituzten aplikazioak
    • Minder buru mapen editorea.
    • Celluloid erreproduzigailua.
    • Kgeography-ren hizkuntza paketea eguneratuta.
  • Tuxpaint pantaila osoan exekutatuko da.
  • Eguneraketa bereziak: Libreoffice 7
  • Eguneraketak: sistema eta aplikazioak 2021/5/21era eguneratu dira. 

 

Deskarga, instalazio jarraibideak eta abar blog honen eskuineko paneleko "Luberri instalazioa" atalean. 

Luberriren posta-zerrendan harpidetu eta Luberriren gaineko informazioa jasoko duzu eta zure ekarpenak eta zalantzak jasoko ditugu.

2021/04/22

Nola konektatu ordenagailuaren DVI-D irteera eta VGA sarrera duen pantaila edo arbel bat

 Ikastetxeetan dauden monitore eta arbela gehienek bideo sarrera bakarra dute eta VGA tankerakoa da.

VGA emea konektorea (in Wikipedia)

 Dorre motako ikastetxeko hainbat ordenagailutan bi bideo irteera daude VGA eta DVI-D.


Zenbait ikastetxetan multiplexadore baten bidez bikoizten dute VGA konektoretik ateratzen den seinalea baina niri iruditzen zait egokiagoa dela aprobetxatzea bi irteerak. Horretarako DVI-D > VGA egokigailu edo adaptadore bat beharko dugu.

Puntu honetan bi gauza kontuan izan behar dugu:

  • DVI oinarrizko bi konektore mota daude: 
    • DVI-I: beheko irtengunearen inguruan lau pin dituena. Konexio mota honek seinale analogikoa eta digitala bidaltzen du. 
    • DVI-D: ohikoa ikastetxeetan, irtengunea inguruan pin-ik ez duena. Konexio mota honek soilik seinale digitala bidaltzen du.

Goitik hasita laugarrena da ohiko DVI-D 
(in Wikipedia)

 

  • DVI-D > VGA  bi konektore mota daude:
 
    • DVI-D > VGA egokigailu pasiboa
       Pasiboa. Ez du seinale digitala analogikoa bihurtzen. Mota hau oso merkea da baina ez digu balio. Ez du funtzionatzen.
 
    • Aktiboa. Seinale digitala analogikoa bihurtzen du. Hori da VGA hargailuak hartzen duena. Pixka bat garestiagoak dira (9€ inguru) baina horiek dira funtzionatzen dutenak. 

 

Erreferentzia bat ematearren nik UGREEN markakoa probatu dut eta primeran funtzionatu du.

UGREEN markako DVI-D VGA egokigailu aktiboa

Egokigailuaren USB elikadura
Konektore bat proiektagailu batera badoa badirudi hobe dela DVI-D konexioa proiektagailuari ematea eta jatorrizko VGA uztea monitorerako. Ikastetxe bateko proba batean proiektagailua jatorrizko VGAra konektatuta 640x480 bereizmena baino handiagoa ezin izan zuen eman. DVI-Dra konektatuta proiektagailuaren Full HD erabili ahal izan da, eta pantailarena ere bai.

Egokigailuaren atzeko aldean mikro-USB hargailu bat du, izan ere, hainbat kasutan bihurketa egiteko energia gehigarria behar du. Kasu horietan USB ataka batean konektatu beharko genuke. Nik egin dudan proban ez da beharrezkoa izan.

 

Ordenagailuaren bi bideo-irteera erabilita bi pantailak detektatuko ditu eta modu ispilatua erabili ahal izango dugu edo bakoitza bere aldetik.


2021/04/18

Nola gehitu Google bilatzailea Linux Mint-eko Firefoxen

Linux Mint-en nabigatzaile lehenetsia Firefox da, eta haren bilatzaile lehenetsia Yahoo. Yahook, nire ustez, ez ditu bilaketa onak egiten. Aukera dago beste bilatzailea bat aukeratzeko baina parrilan ez dago Google. Luberri20.04.0 eta 20.04.1 bertsioek arazo hau ere badute.

 

Hurrengo lerrotan azalduko dut nola ezarri Google Linux Minteko Firefox-eko bilatzaile lehenetsi gisa. Kontuan izan hobespenetako aldaketa hau, nahi izanez gero, erabiltzaile bakoitzak egin behar duela:

Firefox-eko menuan Hobespenak ireki.


Bertan Bilaketa atalera jo. Yahoo agertzen da bilaketa-motor lehenetsi gisa eta Google ez dago aukeretan. 

 


Google ager dadin honako hau egingo dugu. Orri horretan bertan Bilaketa-lasterbideak agertzen dira eta haren azpian Bilatu bilaketa-motor gehiago.

Irekiko den web orrian irudiak markatzen duen Google ikonoan klikatuko dugu.


Ondoren Firefoxeko bilaketa leihatilan klikatu eta Gehitu Google



edo, bilaketa leihatilarik ez baduzu, klikatu hiru puntutxotan eta Gehitu


Bilaketa hobespenetara bueltatu eta orain Google aukeratu ahal izango duzu.


2021/04/17

2021/04/16

Nola instalatu Promethean arbelen softwarea Luberri 20.04n

 Luberri 20.04 (zein Ubuntu 20.04 edo deribatua) duen ordenagailua


Promethean arbel interaktibo bati konektatuta baldin baduzu hauek dira eman behar diren pausuak arbelaren kontrolatzaileak, tresnak eta ActiveInspire aplikazioa instalatzeko:

1- Joan google drive honetara: https://drive.google.com/drive/folders/1rImDYEevRXhjVXD9ORMN67u32OVXmG_q?usp=sharing

eta deskargatu bertako fitxategiak ordenagailuko karpeta batera (hainbat ordenagailutan egin behar baduzu agian komeni zaizu USB batera deskargatzea eta hortik pasatzea ordenagailuetara).

2- Deskarga egin duzun karpetan terminala ireki,(eskuin klik eta Ireki terminalean) eta installActivBoard.sh fitxategiari exekutatzeko baimena emango diogu: 

chmod +x installActivBoard.sh

eta, ondoren, scripta exekutatuko dugu:

sudo ./installActivBoard.sh

3- Behin instalazioa bukatzen duenean berrabiarazi ordenagailua. Arbelaren interaktibitatea funtzionatuko du. Ondo kalibratuta ez badago panelean agertzen zaizun Promethean ikonoan klikatu eta kalibratu.

4- Arbelean idazteko eta PDF editatzeko Xournal++ erabili dezakezu. Horren ordez Promethean-en  ActivInspire erabili ahal izateko, lehenengo aldia administratzaile gisa zaudela terminal batean exekutatu:

sudo activinspire

Lehengo abiatze honetan arbelaren serie zenbakia erregistratuko du. Hortik aurrera edozein erabiltzailek erabili ahal izango du menutik abiatuta.


Oharrak:

  • Instalazio hau ez da ofiziala, Didier Severin izeneko erabiltzaileak prestatu du.
  • Egin dudan proban dena joan da ongi salbuespen pare batekin: batetik zerbait hautatu ondoren laster-menua agertzeko (eskuin-klikaren parekoa) sakatuta mantendu behar omen da baina niri ez dit funtzionatu. LibreOfficeko menuak bai baina azpimenuek ez dute arbelarekin funtzionatzen (uste dut aurreko bertsioekin ere gertatzen zela).
  • Erabiltzaileentzat interesgarria izan daiteke Xounal++ eta Onboard teklatu birtuala aplikazioak panelera gehitzea azkarrago abiatzeko.
  • Probatu ondoren zerbait komentatu nahi baduzu idatzi bertan iruzkin bat edo mezu bat bidali luberri abildua framalistes.org helbidera.

2021/03/30

Subtitle Editor euskaraz

 Probatu dut Subtitle Editor azpitituluen editorea eta oso interesgarria iruditu zait.

 Ezaugarriak

  •  GTK+3n egina GNU/Linuxen funtzionatzen du.
  • Bereziki diseinatuta azpitituluak ondo sinkronizatzeko. Integratzen dut bideo-erreproduzigailua eta soinu-uhinak erakusten ditu.
  • Soinu erreproduzigailuan azpitituluak ikusten dira. 
  • Erroreak atzematen ditu.
  • Sinkronizazio tresnak ditu. Azpitituluak zatitu eta batu ditzake.
  • Azpitituluak itzultzeko erabili daiteke.
  • Azpititulu formatu askotara esportatu daiteke.

 

Pantaila-argazkia 



Instalazioa

Debian, Ubuntu eta deribatuetan terminala ireki (Ctrl+Alt+t) eta agindu hau itsatsi:


sudo apt install subtitleeditor


Euskaraz jartzea

Lokalizazioa egina dago eta hurrengo eguneraketa, seguru aski, euskaraz egongo da baina orain dagoen bertsioa 0.54.0 euskaraz erabili nahi baduzu deskargatu dezakezu subtitleeditor.mo fitxategia, ireki terminala fitxategia duzun karpetan eta agindu hau itsatsi:


sudo cp subtitleeditor.mo /usr/share/locale/eu/LC_MESSAGES/


Erabilera

Ikastetxeei erreparatuta, bi erabilera nagusi bururatzen zaizkit:

  • Filma, dokumental edo bestelako bideoren azpitituluak eskuratu -hainbat bilduma daude- zatitu, banatu, euskaratu, batu, zuzendu eta azpitituluak.eus webgunera kargatu. Praktika honekin itzulpena lantzen da.
  • Filma, dokumental edo bideoa baten fitxategia eskuratu eta haren azpitituluak sortu. Praktika honekin lantzen da gehien bat transkripzioa, alegia hizketatik testura pasatzea (irakurketaren alderantzizko prozedura). Euskarazko bideo fitxategiak lortzeko hainbat bide daude, besteak beste: 

Landu daitezke euskalkiak, kale-hizkuntza edo erregistro informalak...  

Bideo tutorial honetan ikusi daiteke aplikazioaren oinarrizko erabilera: