2017/11/02

LibreOffice online Firefox gehigarria

Edozein dela arrazoia erabiltzen duzun gailuan LibreOffice ezin baduzu instalatu aplikazioa gehigarri baten bidez Firefoxen erabiltzeko aukera dago.



Hainbat ezaugarri:
  • Testu prozesadorea, kalkulu orria eta aurkezpenak egiteko aplikazioak ditu. 
  • Ez da erregistratu behar. Ez dauka biltegirik.
  • Ez ditu funtzio aurreratuak baina oinarrizko guztiak bai.
  • Firefox euskaraz baduzu Libreoffice online ere euskaraz agertzen da (ez guztiz).
  • Sor daitezke dokumentuak baina ezin dira dokumentuak kargatu eta editatu.
  • Odt, pdf, doc eta docx formatuetan deskargatu daiteke.
  • Chromium-ek badu gehigarri bera baina ezin da euskaraz jarri.
  • Berez ez dakit barruan Libreoffice duen (editore bera da Word online gehigarriak erebiltzen du) baina itxura guztia du eta odt, odx eta odp formatuak darabiltza eta software libreko lizentzia du.
  • Androiden instalatu dut baina ez dut modurik ikusi abiatzeko (ikonoa ez dit sortu)

Probatu ondoren iruditzen bazaizu epe motzean ez duzula erabili behar komeni da desinstalatzea, izan ere gehigarriek Firefox moteltzen dute.

2017/10/30

Nola ikusi, editatu eta pdf bihurtu LibreOffice-n gaizki ikusten diren diren M.Office-ko dokumentuak

Sarritan gertatzen zaigu LibreOffice-ren zaleei Word edo Power Point bidez egindako hainbat dokumentu gaizki ikustea. Arazo hori bereziki larria da Linuxen ibilita Microsoft Office erabiltzeko aukera ez dugunean.

Officeko dokumentu batzuk gaizki ikusten dira erabilitako letra-motak ez daudelako LibreOfficen edo, formatu pribatiboa izanik, LibreOffice-k ez duelako asmatzen efektu batzuk erreproduzitzen.

Ikus dezagun nola konpondu daiteke, neurri batean bederen, arazo hori: irtenbidea izan daiteke erregistratzea Outlook.com atarian. Hori eginda Microsoften posta bat izango dugu, doako 5GBeko OneDrive bat eta aukera onlineko Word, Power Point, Excell... erabiltzeko.

Arazoa ematen digun dokumentua OneDrivera igo eta erreproduzitzeko esanda arazorik gabe ikusiko dira onlineko Word edo Power Pointen. Ikusi ez ezik editatu ere ahal izango dugu eta, behar izanez gero, itxura oneko PDF formatuan ere deskargatzeko aukera izango dugu.

Ondoko bideoan ikusiko dugu power-point bat LibreOfficen nola ikusten den desitxuratua eta, Linuxetik atera gabe, Outlook-OneDrivera kargatuta nola ikusten den egoki eta nola deskarga daitekeen PDF formatuan.

Monopolioen aurrean software librea

Microsoftek izan du urte luzetan softwarearen monopolioa gure inguruko ikastetxeetan baina bere moteltasuna eta sortzen dituen arazoak direla batetik eta EAEko administrazioak hezkuntza kudeaketarako baliabideen eskasia dela medio atea ireki zaio lehiakide duen Googlei, zeina  aurrena Google Suite-ren bidez eta orain Chromebook-en bidez bere ezarpena zabaltzen ari den.

Suiteren bidez erabiltzaileen kudeaketa, haientzako hodeia -Drive- eta Classroom bezalako aplikazioak eskaintzen ditu; Chromebook-en bidez offline aplikazioak erabiltzea galarazten du Internet-Google menpekotasuna lotzen du. Ekipo merkeak, errazak eta kontrolatuak diren neurrian ikastetxeentzat mantenu lan asko -instalazioak, antibirusak, eguneraketak...- kentzen ditu baina, neurri batean, ikasle sortzailearen ordez ikasle kontsumitzailea bultzatzen du.

Horren aurrean zer? Bi jarrera: multinazional horien artean bat hautatu eta mendean jarri edo software librearen bidez bide propio bat eraikitzea. Bide propio horretan ekipoak, haien instalazioak eta mantenua, eta kudeaketarako tresnak eskaini behar dira.

Irudia: educastur (cc-by-nc-sa)


Hausnarketa horretan hainbat ekimen daude, tartean ehun partaide dituen Linux eskolan posta zerrenda eta sortu berri den eta hamar egunean ehun kide baino gehiago duen Hezkuntzan ere librezale Telegram taldea.

Gaia pil pilean dago, Durangoko Azokaren Kabian izango da mintzagai eta Mikel Garciak Argia-n ere Google ikasgeletan? Hobe software librea artikulua plazaratu du.

Inoren aurka jarri gabe, hirugarren bidea hau jorratzeko gogo handia dagoela ez dago dudarik.

Bestetik zer ekipo eta aplikazioak erabiltzen diren funtsezko da ere  horiek zertarako eta zer metodologiaren bidez funtsezkoago. Ba zertaz aritu.

2017/10/28

Metodo zientifikoa eta ingeniaritza metodoa

Hezkuntzako metodologia berrietan garrantzi handia hartu du "egiten-ikasi" edo "learning by doing" metodoak.

Metodo hau, neurri handi batean, Bloomen taxonomian oinarritzen da.
Memorizazioa baino analisia, esperimentazioa eta sormena hobesten da kontsideratzen baita horrela goi mailako gaitasunak lantzen direla.

Testu inguru honetan interesgarria izan daiteke  ikasleekin lantzea prozesuen sistematizazioa eta, haien barrenean, atzera-elikadura, eta auto eta ko-ebaluazioaren bidez hobekuntza sustatzea.

Hona hemen lagungarri izan daitekeen metodo zientifikoa eta ingeniaritza-metodoa alderatzen dituen eskema.


2017/10/18

Nola erabili daiteke mikroskopio digitala Linux sistemetan

Badira salgai hainbat mikroskopio edo lupa digital x60 eta x1000 bider handitzen dutenak eta 8 ledeko argia eta USB konexioa dutenak. Ez dut markarik eta saltzailerik aipatuko baina 18-30€ artean ibiltzen da bere prezioa -euskarriaren arabera, gehien bat-.


Mikroskopio hauek oso interesgarriak dira ikasgelarako oihalen egitura, intsektuak, orbela, ilea, ur-putzuen fauna...  Web-kamera dute, beraz ez da lagina xaflatu behar, mikroskopioa urbildu fokatze distantzia doitu arte eta gozatu.

USB bidez konektatzen da ordenagailura eta bertatik hartzen du elikadura elektrikoa. Portatil txiki bati lotuta mendian erabiltzen ahal da ederki asko.

Mikroskopio hauek Microsoft-erako kontrolatzaileak eta aplikazioa ekartzen dute baina Linux-en erabiltzen ahal dira web-kamera ikusteko edota grabatzeko aplikazioen bidez, hala nola:

A.- Cheese edo Guvcview: Nik Guvcview probatu dut eta oso ondo. Ikusi argazkiak zein bideo kapturak egin daitezke.

Guvcview-ren tresnak eta kontrolak ezkerrean eta atzitutako irudia eskuinean.


B-  OBS-Studio grabazio eta transmisiorako aplikazioa -informazio gehigarria mezu honetan eta instalazioa web honetan-.

Bideo batez deskribatu dut  nola prestatu eszena bat web-kameran oinarrituta eta nola ikusi ordenagailuan pantaila osoan:



Zure ordenagailua portatila bada web-kamera propioa edukiko du eta bideoak deskribatutako prozesuan ekipoarena baztertu eta mikroskopioaren web-kamera hautatu beharko duzu.

Behin OBS-en ezarrita dugula mikroskopioa egiten ahal dugu pantaila argazki arruntak Imp Pant teklaren bidez edo edizio elementuak Ksnip-en bidez. Argazki segidak eginez gero stop motion moduko bideoa egin dezakegu OpenShot-en bidez.

Neurketak egiteko Screen Ruler erabili dezakegu, beti ere proportzioak kalkulatuta.


C- VLC erreproduzigailuarekin pausu hauek emanez:  Multimedia > Ireki kapturagailua > Kapturatze modua: Video camera
Bideo-gailuaren izena: portatila bada /dev/video0 ekipoaren webcama izango da eta mikroskopioa /dev/video1


Pantaila beltza ateratzen bada menuan Tresnak > efektuak eta iragazkiak > v4l2 kontrolak > Berrezarri lehenetsiak

Pantaila osora erreproduzitzen ahal dugu, grabatu bideoa (Erreproduzitu > Grabatu) eta fotogramen argazkiak egin (Bideoa > Atera argazkia)



Ikasleek -edo seme-alabek- gauzen eta bizidunen izaera aztertzea bultzatu nahi baduzu gailu oso interesgarriak dira.

Hona hemen Berritzegune Nagusiak mikroskopio-lupa digitala LH-en eta DBH-en erabiltzeko prestatutako hainbat jarduera interesgarri:

Bukatzeko bideo honetan ikus dezakegu honelako lupa digital baten bidez etxean edo ikasgelan nola azter dezakegun mendiko putzu baten bizitza.



2017/10/12

Nola jakinarazi zure kokapena Telegram bidez

Telegram mezularitza aplikazioak 4.4 ekarri duen berritasunen interesgarri bat kontaktu bati edo talde oso bati kokapena jakinaraztea da .
Ikus dezagun nola egin daitekeen:


1. Telefonoan kokapena gaitu.

2. Telegram ireki, aukeratu kontaktua edo taldea eta mezuaren tiran eranskinaren ikonoa (klipa) sakatu.


3. Agertzen diren aukeren artean kokapena sakatu.


4. Pantailan uneko kokapena agertzen da eta bi aukera: uneko kokapena bidali edo hainbat denboraz kokapena jakinarazi.

Ezkerrean kokapena eta aukerak. Eskuinean kokapena zenbat denboraz partekatzeko aukera.


Unekoa interesgarria da kontaktuak edo taldeak jakiteko momentu honetan non zauden eta bigarrena erabili daiteke mendira joatean, bizikletaz...