2017/04/04

Her filmaren euskarazko azpitituluak

2013an estreinatutako film hau informatika gaia duen filma bat baino amodiozko filma goxo bat da baina etorkizuneko sistema eragileez edota etorkizuneko gizakiez zer pentsa eta eztabaidagaia eskaintzen du.


Filmaren oinarrizko datuak eta jatorrizko bertsioaren erreferentziak, eta Open Data Euskadik eskainitako euskarazko azpitituluak azpitituluak.com web orrian daude deskargatzeko.

2017/04/02

Moodle: jardueren inportazioa "Gaiak fitxetan" formatuko ikastaroetan

Gaur saiatu naiz "Gaiak fitxetan" formatua duen ikastaro batera beste ikastaro baten jarduera bat inportatzen eta "inportazioa ondo egin da" mezua erakusten zidan Moodle baina nik inportatutako jarduera ikusi ez.

Proba hemendik, proba handik, azkenean ikastaroaren ezarpenetan  "Gaiak fitxetan" formatutik "Gai-formatu"ra pasatu dut eta hara non agertu den inportatutako "Jarduera umezurtzak" izeneko bloke berri batean.

Hortik zegokion gaira herrestan eraman eta ikastaroari bere jatorrizko "Gaiak fitxetan" formatura ekarri dut.

Beraz, "Gaiak fitxetan" formatua duen ikastaro batera jarduerak inportatuz gero kontuan izan inportatutako elementuak ikusteko ikastaroaren formatua aldatu beharko duzula.

Oharra:
Akats hau Moodle 2.9.7an atzeman dut

2017/04/01

Openshot bueltatu da Luberri sistemara

Bideo editorearen 2.2 bertsioa Luberri sisteman ez zebilen -hobe esanda, ez zen ikusten- baina atera berri duten 2.3 bertsioa bai.

Gainera berritasun interesgarri batzuk ekarri ditu. Hona hemen, labur deskribatuta, deigarrienak:
  • Eraldatzeko tresna (Transform Tool): haren bidez klip batean eskuin klik eta "Eraldatu" hautatzean ikusteko leihoko fotograman nodoak agertzen dira eta klipa txikiagotu (Ctrl sakatuta proportzioa mantendu nahi baduzu) eta pantailaren edozein tokitan koka daiteke. Erreproduzitzeko markatzailea beste puntu batean kokatu eta bertan tokiz edo lekuz aldatzen baduzu bertan marka bat egiten du eta erreproduzitzean tamaina edota kokapena aldatuko du.
  • Hobekuntzak zoom tresnan: Orain denbora-eskala alda daiteke klipak hobe kontrolatzeko  Ctrl tekla eta saguaren gurpil aurrera (handiagotu) eta atzera (txikiagotu) eginez eta, hori egitean, fotograma aktiboa ez da galtzen eta zentratuta geratzen da.
  • Labana tresna (razor tool) edo klipak ebakitzeko artazia tresna barrara bueltatu da.
  • Hobekuntzak tituluetan: titulu motak orain koadro txikitan agertzen dira sareta batean eta tituluaren izena eta testuak fitxa bakarrean agertzen dira.

Bideo honetan ikus daiteke nobedade hauen demostrazio bat:


Beste berritasunak eta konpondutako akatsak ikusteko, eta aplikazioa deskargatzeko jo proiektuaren blogera.


Oharrak:
  • Probak egiten proiektua itxi da. Badirudi egonkortasuna aplikazio honen puntu ahula izaten segitzen duela, batez ere proiektua tamaina eta efektuak hartzen dituen neurrian. Hori kontutan izanda proiektu bat hastean egin behar dugun lehenengo gauza proiektua gordetzea eta izen bat ematea da. Horretaz gain sarri gordetzea komeni da edota hobespenetan gordetze automatikoa sarriago egitea agintzea -nik minutu bat jarri dut-.
  • Luberri 16.04.5 bertsioan, noski, Openshot-ek bere tokia edukiko du (Kdenlive-en ondoan).

Ubuntu eta deribatuetan PPA bidez instalatzeko irekin terminala (Crtl+Alt+t) eta azpiko aginduak banaka kopiatu eta terminalean exekuta itzazu:

sudo add-apt-repository ppa:openshot.developers/ppa
sudo apt update
sudo apt-get install openshot-qt

2017/02/28

Nola lausotu edo pixelatu irudi baten edo bideo baten area

Eskolan ikasleen argazkiak egin edo bideoak filmatzean argi ibili behar gara eta senaz jokatu.

 Ikasleek ez dute dantzatu edo antzeztu behar euren irudiak erakusteko. Filmatzean ikusezin izaten saiatu behar dugu ekintza ez baldintzatzeko. Lehenengo planoak ekidin behar dugu. Barregarri edo iraingarri izan daitezkeen irudiak ezabatu behar ditugu eta, funtsean, zuhurtziaz jokatu behar dugu.

Ikasleren baten irudiak argitaratzeko baimenik ez badugu saiatuko gara irudietan ez ateratzen, baina, beti ere, ikaslea baztertuta sentitu gabe. Aukera bat izan daiteke berak ateratzea argazkiak.

Talde osoa ateratzen bada irudian aukera bat da ikaslearen burua lausotzea edo pixelatzea ezagutu ahal ez izateko.

Hainbat aukera daude, nik proposatzen ditudanak software libreko aplikazioak dira: irudietarako Gimp eta bideoetarako Kdenlive.

Irudiaren kasuan Gimp editorearen bi tresna erabil ditzakegu: zirriborroa edo difuminatzailea eta pixelatzeko iragazki edo filtroa.


Bideoaren kasuan Kdenlive editorea  proposatzen dizut automaskara efektuaren bidez:


.

Irudia eta oinarria den bideoa Virtual Tour of Grove Children's Preschool haureskolako Creative Commons lizentzia duen bideoa da.

2017/02/15

Ubuntu: ekipoa piztean web bat irekitzea automatiko

Ordenagailua Ubuntuko saio bat hastean automatikoki web bat irekitzea nahi baduzu horrela egin daiteke:

Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Preferences > Abio aplikazioak

Bertan ikusten dugu, erabiltzaile partikular moduan, zein aplikazio ireki behar diren automatikoki saioa hastean. Beste bat gehitzeko esango diogu eta fitxa bat irekiko da non abiarazleari izen bat jarri behar diogun eta iruzkinean, nahi izanez gero, azalpentxo bat jar dezakegun eta, garrantzitsuena, Komandoa atalean zehaztu behar diogun zein aplikazio abiarazi behar den eta, kasu honetan, web orriaren helbidea parametro moduan:

firefox http://ezdakitzer.eus



Gorde eta probatu.

Gustukoa ez baduzu edo, dena denagatik, kendu behar baduzu Abio aplikazioen zerrendan hautatu eta ezabatu.