2013/01/18

Create Launcher Ubuntun abiarazleak sortzeko aplikazioa

Create Launcher aplikazioei, web-orriei, web-aplikazioei (web-app), fitxategiei eta abarri Gnome Classic-en Aplikazioetan eta Unity-ren Dash-ean abiarazleak sortzeko aplikazioa da.


Gnome klasikoan aplikazioen abiarazleak sortzeko aski da Aplikazioak-en gainean eskuin-klik egin eta Editatu menuak klikatzea baina horrela sortutako abiarazleak bakarrik sortu duen erabiltzailearen saioan ikusiko da. Create Launcher-en berezitasuna da erabiltzaile guztientzako abiarazleak sor daitezkeela Create Launcher (Administrator) erabilita.

Nire kasuan, institutuan, erabiltzen dut gehien bat bi kasutan:
  • Intranetari abiarazlea egiteko -gehien bat kontuan edukita Likewise-open erabilita /etc/skel karpeta ez dela baliagarria.
  • Java aplikazioetarako (hala nola VUE, Giftedmotion...), deskargatu bai, ibili ere bai baina ez dira azaltzen Aplikazioetan.
Ikus dezagun nola jokatu bi kasu hauetan.

Lehenik eta behin Create Launcher instalatuko dugu. Ez da software librea baina doakoa da eta Ubunturen Software-zentrotik instala daiteke -erregistratu behar da-.
Behin instalatuta Aplikazioak > Sistemaren tresnak atalean agertuko da.

Aplikazioa martxan jarri baino lehen terminalaren bidez edo, kontu handiz, sudo nautilus erabilita aplikazioaren edo dena delakoaren ikonoa /opt/create-launcher/Icons karpetara kopiatuko dugu; bigarren kasuan, deskargatutako java aplikazioa /usr/share/java karpetan gordeko dugu.

Administrator opzioa erabiliko dugu erabiltzaile guztientzako abiarazlea sortu nahi badugu. Lehenengo kasuan, alegia intranetaren kasuan, eta berdin edozein web-orriarentzako egingo dugu...

  1. Abiarazleari izena eman.
  2. Kopiatutako ikonoa hauta.
  3. Kasu honetan, eta bestelako web edo web-zerbitzuetan Web-Application hauta.
  4. Abiarazlea zein aplikazio taldean agertzea nahi dugun.
  5. Web-orriaren URL edo helbidea.
  6. Save as System-Launcher erabiltzaile guztientzako bada.
  7. Sortzeko abiarazlea.








Bigarren kasuan, java aplikazio baten kasuan (hala nola VUE kontzeptu-mapak egiteko, GiftedMotion, JOSM mapa libreen editorea...) egingo dugu...



  1. Abiarazleari izena eman.
  2. Kopiatutako ikonoa hauta.
  3. Kasu honetan, eta bestelako java aplikazioetan Run in terminal hauta.
  4. Abiarazlea zein aplikazio taldean agertzea nahi dugun.
  5. Puntu honetan klik eginez hautatuko dugu /usr/share/java karpetan kopiatutako .jar fitxategia eta izenaren aurretik java -jar idatziko dugu.
  6. Save as System-Launcher erabiltzaile guztientzako bada.
  7. Sortzeko abiarazlea.


Langintza honi etekina ateratzeko ikastetxe, udaletxe, enpresa batean Remastersys bidez lantokiaren edo elkartearen distribuzio propioa sortuta instalazioak egitean sortutako abiarazle hauek ageriko dira.



Sortutako abiarazlea ezabatu nahi baduzu /usr/share/applications karpetatik administratzaile-eskubidez ezabatu behar duzu.


Sortu duzun abiarazlea web-orri edo web-aplikazio batena bada eta beste hainbat ekipotan jarri behar baduzu beste ekipoetan ez duzu Create Launcher instalatu behar, aski duzu /usr/share/applications karpetatik jarri_duzun_izena.desktop fitxategia usb-memoria batera kopiatu eta hortik beste ekipoaren izen bereko karpetara itsatsi root moduan (sudo nautilus).  Abiarazle honentzat ikono bat jarri nahi baduzu karpeta berean koka dezakezu eta abiarazlea edita dezakezu sudo gedit /etc/share/applications/jarri_duzun_izena.desktop eginez. Horrelako zerbait agertuko zaizu:




2013/01/15

Nola aldatu Ubunturen harrera irudia

Lightdm programa da ordenagailua piztu eta Ubuntu zein Linux Mint-en saioaren hasiera kudeatzen duen programa. Ubuntun (Luberri 18. bertsioan eta zaharragoetan)  fitxategi bat editatuta alda daitezke parametroak eta Mint-en (Luberri 20) aplikazio grafiko baten bidez.

Luberri 18 eta zaharragoetan

Ubuntu 12.04 Presise institutuko domeinura integratuta testatu ondoren itxura eta funtzionaltasun ukituetan zentratu naiz.

Lehenik eta behin harrera- edo login egiteko pantailaz pare bat gauza: Lightdm saio-kudeatzaileak du haren ardurak eta aurreko batean deskribatu nuen nola aldatu haren ezarpenak. Pantaila honetako erabiltzaileen zerrendan gora eta beharera egitean erabiltzaile bakoitzaren mahaigaineko atzeko-planoa azaltzen da baina ikastetxe, enpresa, elkarte eta abarretan erabiltzaileen zerrenda azaldu beharrean erabiltzailea eta haren pasahitza eskatzeko leihatilak agertzen dira eta atzeko planoa finkoa da (warty-final-ubuntu.png).
Bada finkoa den irudi hori aldatu nahi badugu elkarte, ikastetxe, enpresa edo dena delakoaren irudi korporatiboarekin bat egiteko honela egin dezakezu:

1- Atzeko planoa diseinatu. Pantaila guztietan ondo ikus dadin bereizmen handikoa izatea komeni da: 1920x1280. Formatua png edo jpg izan daiteke.

2- Irudia /usr/share/backgrounds/ karpetara kopiatu (sudo nautilus erabiliz edo terminalean honelako agindu batez: sudo cp ~/Irudiak/atzeko_planoa.jpg /usr/share/backgrounds/).

3- Ubuntu-Tweak aplikazioa instalatuko dugu terminalean honako aginduak itsatsita:

sudo add-apt-repository ppa:tualatrix/ppa
sudo apt-get update 
sudo apt-get install ubuntu-tweak

4-Ubuntu-Tweak aplikazioa abiatu (Aplikazioak > Sistemaren tresnak) eta Tweaks fitxan Startup ataleko Login-Settings klikatuko dugu.  Leihoaren ezkerreko goiko aldean giltzarrapoa baten irudia eta Unlock testuan klikatuko dugu eta, administratzailearen pasahitza emanez, desblokeatuko dugu leihoa. 

Irudian klik egingo dugu eta backgrounds karpetako irudien zerrenda ageriko zaigu, tartean bigarren pausuan sartu dugun irudia dagoela. Bera hautatu eta kito. Egiaztatzeko aplikazioa itxi eta amaitu saioa.

Luberri 20an

Aurreko bertsioek Gnome erabiltzen dute eta 20.ak Linux Minten Cinnamon. Honek ere Lightdm erabiltzen du hasierako pantaila, saioa hasteko pantaila alegia, kudeatzeko baina badu aplikazio grafiko bat lan hori egiteko. Aplikazioa Saio-hasieraren leihoa izena du eta horrela iristen da bertara:

Paneleko ezker aldean, erabiltzailean egin klik eta  Sistemaren ezarpenak > Administrazioa > Saio-hasieraren pantailara iritsiko zara. Ezarpen hauek aldatzeko administratzaile rola eduki behar da, horregatik administratzailearen pasahitza eskatzen du.

Bertan alda daitezke parametro guztiak agertzen dira: itxura, erabiltzaileak eta ezarpen orokorrak kategorietan banatuta. Hain zuzen Itxuraren fitxan alda daitezke atzeko plano nagusia eta ezkerreko beheko txokoan agertzen diren irudiak.


2013/01/06

Bide bat Google Maps-etik Earth-era eta GPS-ra

Google Maps ez da oso tresna egokia menditik ibiltzeko baina mendiko bizikletarako errepide eta pistak erabili daitezke. Ikus dezagun urratsez urrats nola sortu bide bat Maps-en, nola gorde bide hori .KML formatuan eta nola pasa Earth-era perfila ikusteko eta GPSra.

Has gaitezen Google Maps-ekin.

Demagun joan nahi dugula Oiartzungo Gurutze auzotik Aiako Harriaren ondoan dagoen Urdaburu mendira. Google izenaren azpian dagoen Get directions item-ean sakatuko dugu.



Bidearen abiapuntuan klik egin eta Directions from here sakatuko dugu.


Bidearen helmuga lokalizatu, eskuin klik egin eta Directions to here  sakatuko dugu.


Ondoren bidea bilatzeko eskatuko diogu abiapuntu eta helmuga azpiko Get directions urdinean sakatuta.

Bidea zehazteko hainbat aukera dugu: bidea egiteko modua -autoz, garraio publikoz, oinez, bizikletaz-; eta zehaztea dugu bitarteko hainbat puntu, azpiko bideoan ikus daitekeenez.


Behin bidez zehaztuta berau gordeko dugu.

Horretarako ezkerreko panelean bidearen zehaztasunen azpian letra urdinez agertzen den Save to My Maps klikatuko dugu. Izen aukeretan Create a new map... hautatu eta Save klikatuko dugu.





Une honetan ezker panela guztiz aldatzen da eta besteak beste KML aurera agertzen da. Sakatu eta bidea .KML formatuan eta izen egoki batez gordeko dugu.


Google Earth irekiko dugu eta File > Open egin eta gordetako kml fitxategia hautatuko  dugu. Automatiko bidea kargatuko da eta zoom egingo du bidera urbilduta. Bidearen gainean eskuin klik egin eta Show Elevation Profile klikatzen badugu bidearen profila ikusi ahal izango dugu.


Eskuin aldeko goiko iparorratzarekin jolastuz  3D ikuspegi egokiena lor dezakegu.


Bukatzeko gorde dugun .KML formatudun fitxategia GPSean erabili nahi badugu eta gure gailuak KML formatua onartzen ez badu formatu bihurtzaile bat erabili beharko dugu: Linux sisteman GPSBabel aplikazioa oso ondo dabil, bestela bere online bertsioa erabil dezakegu.

Bidea edo track editatu nahi badugu Google Maps-en bertan egin daiteke edo Linux-en Viking aplikazioa erabil dezakegu behin fitxategia GPX formatura bihurtuta eta OpenCycleMaps mapa libreak kargatuta.



2013/01/02

GPicView Gnomerako txol arina den irudi ikustailea


Ubuntuk oro har aplikazio errazak eta arinak hobesten baditu ere bere irudi ikustailea motel samarra da. Segundo bat argazki bat irekitzeko gehiegi da nire ustez.

Horregatik aurkeztu nahi dizut GPicView, LXDE mahaigain ingurunearen irudi ikustaile lehenetsia eta Gnome erabiltzen den edozein sisteman ederki dabilena. Azpimarra daitekeen ezaugarria bere arintasuna da, berehalakoan irekitzen ditu irudiak, bat-batean. Behin irudia irekita berau ikusteko hainbat era eskaintzen ditu eta lanabes gutxi batzuk ere bai; irudiak editatzeko, inprimatzeko edo irudiekin batera bideoak ikuskatzeko Gthumb edo antzeko aplikazio bat erabil dezakegu.

Ezaugarriak
  • Menurik ez du. Lanabes guztiak beheko panel batean ditu.
  • Panelaz gain, irudiak pasatzeko saguaren gurpila erabil dezakegu.
  • Irudian klik bikoitza eginez irudia pantaila osora hedatzen  da.
  • SlideShow edo diapositiba-pasea egitea dugu. Diapositiben iraupena hobespenetan alda daiteke.
  • Irudia handiagotzeko edo txikiagotzeko Ctrl+saguaren gurpila erabil daiteke.
  • Irudia tamaina errealean ikusten badugu ezker klika mantentzen irudia herrestan mugitzen ahal dugu.
  • Gorde honela aplikatuz irudiaren formatua alda dezakegu (jpeg, png, tiff...).
Instalazioa

Ubuntun Software-zentrotik instala daiteke edo terminalean honako hau itsatsita:

sudo apt-get install gpicview

Irudi-ikustaile moduan lehenesteko bere hobespenetan markatu default viewer:


Gustukoa ez baduzu Software-zentrotik desinstala dezakezu.

2012/12/31

2013 egutegia

2012 badoa eta 2013 bertan dago. Egutegi honetan egunaren zenbakiaren ondoan tokia duzu gogoan hartzekoak edo oharrak idazteko.
LibreOfficeren kalkulu orriaz egina, gura baduzu hemendik


deskargatu (Download)

Lehenengo orrian urte osoa agertzen da:


eta ondoko fitxetan urteko 12 hilabeteak: