2012/04/22

Web orriak egiteko eta ebaluatzeko hainbat irizpide

Ikasleei gai bat gai bat garatzeko eskatzen diegunean gehien bat paper euskarrian pentsatzen dugu. Aukera bezala web euskarria dugu gaur egun informazioa eskuratzeko ohiturei lotuagoa eta ikasleengan kapazitate berriak lantzeko parada ematen duena.
Webguneak egiteko bi era nagusi daude: offline editoreak (Kompozer, Frontpage...) eta online editoreak (Weebly, Google Sites, Moodle...).
Edozein dela egiteko erabiltzen dugun modua web orriak diseinatzeko eta osatzeko garaian ikasleek irizpide batzuk kontuan izan behar dituzte eta irizpideen bilduma hau oinarri moduan erabil daiteke:

BALIAGARRITASUNA
  • Web orriaren helburuak zehatzak eta ondo definituak egon behar dute.
  • Balizko erabiltzaileen helburuak eta beharrak kontuan eduki behar dira.
  • Web orriak argi erakutsi behar du eskaintzen dituen edukiak eta zerbitzuak.
  • URLa egokia, argia eta gogoratzeko erraza behar du. 
  • Edukiak ez dira sobera luzeak izan behar. Dokumentazio osagarria pdf formatuan jar daiteke erabiltzaileak, nahi izanez gero, deskargatzeko eta irakurri edo inprimatzeko.
  • FAQ edo ohiko galderen atala egotea komenigarria izan daiteke.
  • Eragiketa konplexuak badaude (formulario betetzeak esate baterako) laguntza argia eduki behar dute.

ERABILERRAZTASUNA
  • Eduki zabalak badira menua bidez antolatuko dira. Ez da komeni gai ezberdinak web orri berean jartzea.
  • Menua argia, antolatua eta ordenatua izango da.  Antolaketan honako irizpideak erabili daitezke: atazei zuzendua, alfanumerikoa, geografikoa, kronologikoa...Menua ez da luzeegia izan behar; elementu asko baditu era hierarkikoan antolatuko dugu.
  • Edukien eta menuetan erredundantzia ekidin behar da. Edukiak ez dira errepikatu behar atal ezberdinetan eta toki batera iristeko aukera ez dira anitzegiak izan behar.
  • Edukiak zabaltzeko estekak erabiltzen ahal ditugu. Esteken helburua garbia izan behar du (ez erabili egin klik hemen tankerakoak). Edozein modutan kontuan izan kanpora bidaltzen duten estekan klikatuz gero  erabiltzailea agian ez da webgunera bueltatuko.
  • Orri umezurtzak -edukirik ez dutenak- ekidin behar dira.
  • Orriaren edukia zabala bada barne bilatzaile bat edukitzea komeni da.

IDENTIFIKAZIOA
  • Web orria eskaintzen duen enpresa, erakundea edo ikaslea argi ageri behar da orri guztietan.
  • Enpresa, erakunde edo elkarteen kasuan logotipoa edo leloak (slogan) erabilgarriak izan daitezke.
  • Enpresa edo web arduradunaren kontaktua ageri behar da edo berarekin kontaktuan jartzeko modua.

DISEINUA, ESTETIKA, MAKETAZIOA, ITXURA
  • Koloreek, irudiek, letra-motek, estetika zaintzeaz gain, bat egin behar dute orriaren ezaugarriekin, erabiltzaile-motarekin eta eskaintzen dituen zerbitzu motekin.
  • Era berean diseinua eta aipatutako elementuak uniformeak eta koherenteak izan behar dute. Orriak web-gunean integratu behar dira eta orriaren itxurak lagundu behar du web-gunea identifikatzen. Letra estilo pare bat baino gehiago erabiltzea saiestu behar dugu.
  • Interfazea garbia, gehiegizko kargarik ez du eduki behar. Zuriuneek edo marrek orriaren elementuak eta paragrafoak bereizi behar dituzte.
  • Web orriaren edukia handia ez bada orrialdearen luzera ez da pantaila baino luzeagoa izan behar korritzea erabili behar ez izateko. Edukia handia bada berau zatikatu eta hainbat orritan banatzea planteatuko dugu.
  • Efektu tipografikoak (buletak, azpimarrak, letra lodia, lerrokatzeak) erabili behar dira, neurriz, testua erraz irakurtzeko.
  • Kontrastea egon behar du atzeko fondoa eta letraren kolorearen artean. Kolore nekagarriak ekidin behar da. Atzeko plano moduan tono ez berdinak dituen irudi bat erabiltzeak letren kontrastea oztopatzen du.
  • Orria, ahal den neurrian, arina izan behar du, nabigatzaile guztietan ikusi behar da ongi eta pluginen beharra saiestu behar dugu.

HIZKUNTZA
  • Hizkuntza anitzetan ikusteko aukera baloratzeko kontua da.
  • Erabiltzen den hizkuntza erabiltzaile-motari egokitu behar da.
  • Testuak oro har laburrak eta argiak izan behar dute.
  • Paragrafoen egitura zaindu behar da: ideia bat paragrafo bat, paragrafo bat ideia bat.
  • Ortografia errebisatu behar da.

MULTIMEDIA
  • Irudiek, animazioek, bideoek, audioek... informazioa baliagarria eman dezakete. Hala ez balitz bere erabilera birplanteatu beharko genuke, beste gauzen artean orriaren pisua nabarmen handitzen dutelako.
  • Irudien egokitasunaz gain haien bereizmena, handitzeko aukera, epigrafeak baloratu behar dira.
  • Ikonoak eta irudi-metaforak erabiltzen badugu argiak izan behar dute eta alt etiketak -sagua gainean jartzean azalpena agertzea- komeni da.
  • Testuen kasuan bezala elementu multimediak webgunearen egilearenak izan behar dute edo lizentzia librea izan behar dute (ikusi Creative Commons ohikoenak).

INFORMAZIO EGUNERATUA
  • Web orrian azaltzen den informazioa eguneratua egon behar du.
  • Web guneak albisteak, aldaketen eta aktibitateen berri ematea estimatzen da eta erabiltzaileak sarri sartzea lortzen da.
  • Albisteetara harpidetu edo sindikatzeko aukera (RSS, Atom, Facebook, Twitter...) interesgarriak izan daitezke.
 
EBALUATU ETA GERO EZABATU 
Ariketa moduan egindako web orriak, salbuespenak salbuespen, ez dugu sarean jarriko edo, jartzen badugu, ebaluatu ondoren ezabatuko ditugu. Sitesen kasuan pribatu moduan ezar daiteke eta irakaslearekin partekatu. Weeblyren kasuan automatikoki gordetzen da argitaratu beharrik gabe.
Irizpideak egokiak iruditzen bazaizkizu eta web-guneak kalifikatu behar baduzu agian kalifikazio-txantiloia baliagarria izango zaizu.


2012/04/19

Nola instalatu Oracle Java Ubuntun

Ubuntuk ekartzen duen Javaren bertsio librea, OpenJDK eta Icedtea plugina, orokorrean ondo ibiltzen dira baina kasu zehatz batzuetan ez dute behar bezala erantzuten. Nire kasuan Maverick eta Natyrekin arazoak ditut nabigatzailean Geogebra bidez egindako appletak martxan ipintzeko. Antzeko arazoren bat baduzu irtenbidea izan daiteke OpenJDK desintalatzea eta Oracleren Java instalatzea. Hori egiteko urratsak hauek dira:

1- OpenDJK eta Icedtea desintalatzeko Software biltegira joan Java bilatu eta     OpenJDK Java 6 Runtime desinstalatzeko agindu.

2- Oracle-ren Java PPA bidez instalatu, horretarako terminal batean egin:
sudo add-apt-repository ppa:webupd8team/java
sudo apt-get update
sudo mkdir -p /usr/lib/mozilla/plugins 
sudo apt-get install  oracle-java8-installer 
 
 


2012/04/15

Arte modernoaren izen eta eskola nagusiak

Londonek museo apartak ditu eta nagusiak publikoak eta oso hurbilak dira: sarrera doakoa dute, espazio zabalak dituzte, kafetegiak, dokumentazio guneak... Turisten bisitaz gain londrestarrak denbora pasa bertaratzen dira.
Horren adibide garbia arte modernoko Tate Modern museoa da. Ateak 2000. urtean ateak ireki zituen geldirik zegoen elektrizitate zentral batean. Neurri batean Bilboko Gughenheim-aren antitesia da.


Kontua da bertako horma batean oso diagrama interesgarria dagoela, nonbait Sara Fanelli izeneko ilustratzaile batek egina; bertan azken ehun eta hamar urteko artearen protagonista eta eskola, mugimendu edo ismo nagusiak ageri dira. Datorren argazkiko eskuineko horman agertzen da.



Argazkiak presaka atera eta gaur panorama batean lotzen saiatu nahiz baina gaineko argazkian gorriz ageri den bideo-aretoak galarazi dit denak lotzea. Horregatik bi diagramatan jarriko dut. Lehenengoa 1900etik 1970 arte,


eta bestea 1970etik 2010 arte.


Kalitatea ez da ona eta argazkien arteko loturak ez dira finak presaka eta baldar atera nituelako baina irakurtzeko modukoa da.

Kalitate gehiago nahi duenak internet bidez eros dezake paper formatuan.

2012/04/06

SmART Gallery: eskemak LibreOffice-n

Ez da lehenengo aldia blog honetan eskemak egiteko aplikazioen aipamenak egiten ditudala (Xmind, Vue...). Oraingoan LibreOffice-rako gehigarri edo hedapen bati egingo diot aipamen: SmART Gallery. Haren bidez era erraz batean txerta ditzakegu eskemak aurkezpenetan (Impress) eta irudi bektorialetan (Draw) eta azkenengoaren bidez bai eta testu prozesadore eta kalkulu orrian.

Instalatzeko hemen klikatu, azken bertsioaren zenbakian klikatu (orain 0.94),  avaliable downloads azpian agertzen oxt fitxategian klikatu, gorde eta gero LibreOffice ireki > Tresnak > Hedapen kudeatzailea > Gehitu, arakatu jaitsitako fitxategia eta instalatu. LibreOffice berrabiarazi eta eskema laguntzailea erabiltzeko Impress eta Draw-en tresna barren ezkerrean agertuko da ikono berria klikatu edo egin Txertatu > SmART Gallery.

Smartek bi eskema klase eskaintzen ditu: hierarkikoa eta harreman-eskema.

Hierarkikoen klasean lau tipo daude aukeran:
  • sinplea
  • horizontala
  • taula itxurakoa
  • organigrama
 eta harreman-eskemen artean aukerak dira:
  • Venn diagrama
  • zikloa
  • piramidea
  • jopuntua
Interesatzen zaigun mota aukeratu ondoren nodoak editatzeko, eransteko eta eskema-mota aldatzeko aukera ere eskaintzen du.

Oso tresna interesgarria eta fin dabilena. Gogoan izan gehigarria edo hedapena den neurrian administratzailea izan gabe ere instala dezakezula eta zure erabiltzailerako soilik instalatzen dela.

Iturria: el atareado

EGUNERATZEAK
  • 2012ko abuztuan Libreoffice 3.5.4.2-rekin ez dabilkit.

2012/04/04

Jaizkibelek izurdeen bisita hartu du

Sardinen sardek erakarrita agian Jaizkibelera urbildu eta Pasaiako badian barru barruraino sartu dira izurde talde pare bat. Ongi etorri. Ea Ulia-Jaizkibelgo kostak merezi duen lege-babesa eskuratzen duen eta horrelako bisitak hartzen segitzen dugun.

Iturria: Eguzki

2012/04/02

Nola instalatu Linux lau partizio primario dituen HP portatil batean

HPren portatilek -batzuk bederen- lau partizio primario dituzte eta horrek edozein Linuxen instalazioa galarazten du ez baitu behar den partizioak sortzen uzten.
Hori konpontzeko modu bat hau da:
  1. Windowsen sartu eta Easus Partition Manager instalatu (Windows Home Editionerako doako softwarea da) eta martxan jarri.
  2. Lau partizio agertuko dira: bi txiki (hainbat megabyte), Windows7 eta Recovery. Bi partizio txikiak logikoak bihurtu.
  3. Bide batez Windows7 partizioari tamaina txikituko diogu (begiratu ondo zenbat duen okupatua eta horren arabera erabaki zein tamaina eman). 
Hau egin ondoren itzali eta has daiteke Linuxen instalazioa.