2012/04/06

SmART Gallery: eskemak LibreOffice-n

Ez da lehenengo aldia blog honetan eskemak egiteko aplikazioen aipamenak egiten ditudala (Xmind, Vue...). Oraingoan LibreOffice-rako gehigarri edo hedapen bati egingo diot aipamen: SmART Gallery. Haren bidez era erraz batean txerta ditzakegu eskemak aurkezpenetan (Impress) eta irudi bektorialetan (Draw) eta azkenengoaren bidez bai eta testu prozesadore eta kalkulu orrian.

Instalatzeko hemen klikatu, azken bertsioaren zenbakian klikatu (orain 0.94),  avaliable downloads azpian agertzen oxt fitxategian klikatu, gorde eta gero LibreOffice ireki > Tresnak > Hedapen kudeatzailea > Gehitu, arakatu jaitsitako fitxategia eta instalatu. LibreOffice berrabiarazi eta eskema laguntzailea erabiltzeko Impress eta Draw-en tresna barren ezkerrean agertuko da ikono berria klikatu edo egin Txertatu > SmART Gallery.

Smartek bi eskema klase eskaintzen ditu: hierarkikoa eta harreman-eskema.

Hierarkikoen klasean lau tipo daude aukeran:
  • sinplea
  • horizontala
  • taula itxurakoa
  • organigrama
 eta harreman-eskemen artean aukerak dira:
  • Venn diagrama
  • zikloa
  • piramidea
  • jopuntua
Interesatzen zaigun mota aukeratu ondoren nodoak editatzeko, eransteko eta eskema-mota aldatzeko aukera ere eskaintzen du.

Oso tresna interesgarria eta fin dabilena. Gogoan izan gehigarria edo hedapena den neurrian administratzailea izan gabe ere instala dezakezula eta zure erabiltzailerako soilik instalatzen dela.

Iturria: el atareado

EGUNERATZEAK
  • 2012ko abuztuan Libreoffice 3.5.4.2-rekin ez dabilkit.

2012/04/04

Jaizkibelek izurdeen bisita hartu du

Sardinen sardek erakarrita agian Jaizkibelera urbildu eta Pasaiako badian barru barruraino sartu dira izurde talde pare bat. Ongi etorri. Ea Ulia-Jaizkibelgo kostak merezi duen lege-babesa eskuratzen duen eta horrelako bisitak hartzen segitzen dugun.

Iturria: Eguzki

2012/04/02

Nola instalatu Linux lau partizio primario dituen HP portatil batean

HPren portatilek -batzuk bederen- lau partizio primario dituzte eta horrek edozein Linuxen instalazioa galarazten du ez baitu behar den partizioak sortzen uzten.
Hori konpontzeko modu bat hau da:
  1. Windowsen sartu eta Easus Partition Manager instalatu (Windows Home Editionerako doako softwarea da) eta martxan jarri.
  2. Lau partizio agertuko dira: bi txiki (hainbat megabyte), Windows7 eta Recovery. Bi partizio txikiak logikoak bihurtu.
  3. Bide batez Windows7 partizioari tamaina txikituko diogu (begiratu ondo zenbat duen okupatua eta horren arabera erabaki zein tamaina eman). 
Hau egin ondoren itzali eta has daiteke Linuxen instalazioa.

2012/03/28

Ilargia Artizarra eta Jupiter

Egun oskarbi hauek ikuskizun polita eskaintzen digute iluntzean, izan ere Eguzkia sartzen den unetik gau erdi arte hiru astroak elkarren ondoan ikus daitezke Mendebaldean.

Irudia Stellarium programaren pantaila argazkia da.







Josu Barandiaranek egina 2015eko urriaren 9an

2012/03/24

Okular: PDF dokumentuak ikusi baino gehiago.

Ubuntuk PDF dokumentuak irakurtzeko instalatzen duen programa Evince da. Aplikazioetan ez da agertzen baina PDF batean klikatzen dugunean berak erakusten digu. Aplikazioa arina da baino nahiko pobrea. Haren aldean KDE interfazeren Okular aplikazioak, dokumentuak irekitzeko denbora pixka bat gehiago behar badu ere, hainbat tresna interesgarri ditu:

Alboko barran edukia (aurkibidea), koadro txikiak (orrien irudia), berrikuspenak (markak eta oharrak) eta laster-markak ikus daitezke.


Markak eta oharrak egiteko tresna du (Tresnak > Berrikusi F6)

  1. Oharrak
  2. Testua
  3. Arkatz librea
  4. Nabarmendu, fosforito
  5. Kutxak eta beste poligonoak
  6. Tanpoi edo sigiluak
  7. Tatxatuak
  8. Elipsea
Markak eta oharrak ken daitezke eskuin klik eta ezabatu aukeratuta.
Tamalez Okular bidez egindako markak eta oharrak  Okularrek bakarrik ikusten ditu. Are gehiago, USB memoria batean eramateko edo lagun bati bidaltzeko Okular formatuan gorde behar da (Dokumentua > Esportatu honela > Dokumentuaren artxiboa).

Dokumentua pantailatik herrestan eramateko aukera: dokumentuan esker klik egin eta zapalduta mantentzen badugu punteroak eskuaren itxura hartzen du eta dokumentua herrestan eraman dezakegu gora-behera eta ezker-eskuin desplazamendu barrak erabili beharri gabe. Aukera hau bereziki interesgarria da dokumentua plano handi bat denean.

Bukatzeko, testua ez ezik irudiak ere aukeratzen ahal dira kopiatzeko, edo testua bera irudi moduan kopiatu.

Okular Ubunturen software-biltegitik instala daiteke edo terminalean honako hau itsatsita:
sudo apt-get install okular 
Probatu ondoren gustukoa ez baduzu software-biltegitik desinstala dezakezu edo terminalean hau itsatsita:
sudo apt-get remove okular

2012/03/13

Remastersys, nola prestatu zure distribuzio propioa

(2014/7/8an eguneratua)

Remastersys zure Debian, haren deribatu edo Ubuntu instalatzeko ISO irudi propio bat sortzen duen aplikazioa da. Seguritate kopiak egiteko balio badu ere hainbat ekipo instalatu behar duenarentzat da bereziki interesgarria, izen ere zure distribuzio propioa egiteko aukera ematen du. Ekipo bat baten sistemaren irudia sortzen du Remastersys-ek. Ondoren, irudi horrekin instalazio USB edo DVDa prestatuko dugu. USB edo DVD hori erabiliko dugu gainerako ekipoak instalatzeko. Instalazioa askoz azkarragoa izango da eta, bukatzean, ekipoak gure gustura ibiltzeko prest egongo dira.

Nola egiten da?

A- Esan bezala lehenengo urratsa eredu izango den Linuxa prestatzea da. Arretaz prestatu behar dugu: behar izanez gero sources.list aldatu, restricted-extras eta gustuko aplikazioak instalatu, gogokoak ez ditugunak desinstalatu, eguneratu eta ezarpenak gure beharretara egokituko ditugu(1).

B- Ekipoa prest dagoela Remastersys instalatuko dugu, horretarako sources.list fitxategia editatuko dugu
sudo gedit /etc/apt/sources.list
eta bukaeran honako hau erantsiko diogu:

# Remastersys Precise
deb http://www.remastersys.com/ubuntu precise main

beste bertsio bat bada precise-ren ordez bertsioaren izena jarri, ondoren gordeko dugu.
Gero terminal batean exekutatuko dugu:
sudo apt-get update
sudo apt-get install remastersys remastersys-gtk


C- ISO irudia sortzeko egiaztatuko dugu interneteko konexioa dugula -EAEko ikastetxe publikoetan Juniperren identifikatu- eta aplikazioa abiatuko dugu: Sistema > Administrazioa > Remastersys. Settings fitxan sartuko gara eta hor CD Label eta Filename-n distribuzio berriari izena jarriko diogu. Komeni da izenean data jartzea.






Ondoren Actions fitxara joko dugu, bertan Dist klikatuko dugu eta hasiko da ISO irudia sortzen (10-30 minutu ekipoaren arabera).


Bukatzean ISO irudia /home/Remastersys/Remastersys karpetan egongo da.




D- Instalaziorako USBa edo DVDa prestatu.
Irudiarekin USBa prestatzeko Abio Disko Sortzailea aplikazioa erabiltzen ahal dugu (Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Administrazioa >Abio disko sortzailea).
  1. Tamaina nahikoa duen USB bat sartuko dugu. Kontua izan eduki guztia galduko dela. Ezabatu diskoa egingo dugu.
  2. Distribuzioaren ISO fitxategia bilatuko dugu /home/Remastersys/Remastersys karpetan.
  3. Itzaltzean galdu aukera markatuko dugu USBak persistentziarik eduki ez dezan, bestela USBa instalazioak egin ahala hondatzen da.



DVDa nahiago baduzu (instalazioak motelagoak dira) bera prestatzeko Brasero edo K3B aplikazioak erabiliko ditugu.

Prozesu hau (remastersys + USB) EAEko ikastetxe batean egiten baduzu eta bertan Juniper jarrita baduzu prozesua dirauen bitartean internetera konektatuta egon behar duzu, alegia Juniperren logoeatuta.


Hortik aurrera instalazioak egingo ditugu. Abiatzean Install - start the installer directly aukeratu eta ondoren instalazio arruntari ekingo dio...



... hizkuntza aukeratu; bertsio-berritu, berrinstalatu edo partizioak listatu; administratzailea; ekipoaren izena eta abar. Ekipo berdin batean egin dut froga eta instalazioa sei minututan burutu du (besteak beste ez ditu hizkuntza fitxategiak jaitsi behar).
Instalazioa bukatu ondoren azken ukituak eman beharko ditugu agian, hala nola gainerako erabiltzaileak sortzea.

Hainbat zehaztapen:
  • Sortzen den ISOa 4GB baino handiagoa bada ezin da USB memorian erabili.
  • Klonazioa al da? Ez. Instalazioa klonazioa baino hobea da zeren aukerak ematen ditu, ekipora egokitzen da, ekipoari izena ematen zaio...

Oharrak;
(1) Begiratu hemen Eskola2.0ko ikasleen Toshibentzako eta irakasleen Acerentzako moldaketak.