2012/01/12

Komentarioei erantzun



Hemendik aurrera blog honetan, eta Blogger-en gainerako blogetan, komentarioei erantzun ahal izango zaio. Erantzunak, pentsatzen dut, komentarioaren azpian eta koskarekin agertuko dira.

2012/01/11

Nola lehenetsi Ubuntu Klasikoa Nattyn

Eskoletara iristen ari diren ekipoetan Ubuntu Natty edo 11.04 bertsioa dago instalatuta. Nattyk bi mahaigain interfaze ditu: Unity eta klasikoa. Unity dago lehenetsita baina alda daiteke. Erabiltzaile bakoitzak egin dezake bere erabiltzaile hautatu edo idatzi ondoren azpiko barran Ubunturen ordez Ubuntu Classic jarrita.

Dena den Ubuntu sarean integratuta dugun eskoletan ekipo bakoitzak dozenaka erabiltzaile izaten ditu eta merezi du sortzen diren erabiltzaile berriak izan dezatela lehenetsita interfaze klasikoa beraiek aldatu behar izan gabe.

Nola egin?

1- Ekipoaren administradoreak egin behar du klik goiko paneleko eskuineko botoian eta bertan Sistemaren Ezarpenak hauta.


2- Sistema atalean Sistema hasteko pantaila hauta.
3- Desblokeatzeko eskatu eta pasahitza idatzi.
4- Saio lehenetsi gisa Ubuntu Classic hauta eta kito.



zygotebody.com gorputza arakatzen






Gogoratzen duzu Google Body? Google-k proiektua bertan bera utzi zuen baina agindu zuen irudien hornitzailea den Zigote-k aurrera segituko zuela proiektuarekin. Zenbait hilabete eta gero martxan dago zygotebody.com.

Bertan gizon baten eta emakume baten irudia ikus daitezke eta azaletik hasi eta barreneko muinerano: azala, giharrak, hezurdura, organoak eta, azkenik, odol, linfa eta nerbio sistemak.

Gorputzak ikusteko WebGL duten nabigatzaileak behar dira, hala nola Firefox eta Chromium-Chrome.

Gorputzatik nabigatzeko saguaren gurpilak hurbildu eta urrundu egiten du, eskuin klika sakatura biraketak eta mugimenduak eta ezkerreko barran gora eta bera eginez biluztuko dugu gorputza edo markatzaileekin zehaztuko dugu zeintzuk sistema nahi ditugu ikusgai. Nerbio, gihar, organo, hezur batean klikatuta bere izena -ingelesez- ageri da eta etiketa jar dezakegu.

Oharra. Goiko animazioa Google Body zaharrarena da, Zygote Bodyn animazioaren eskuin aldean ageri diren tresnak, momentuz behintzat, ez daude. Irudien karga lehen baino motelagoa dela iruditu zait. Dena den anatomia ikasteko balio handikoa tresna da. Eskerrik asko Zygote.





2012/01/08

Aktak egiteko hainbat baliabide




Bileren aktak egitea eta zabaltzea lan nekosoa baina sarritan beharrezkoa da. Lan hori errazteko baliabide batzuk aurkeztuko ditut: pare bat formatuari dagozkio eta hirugarren bat hizkuntzari.

Formaturako pare bat ideia:

Lehenengoa aktak egiteko blog bat sortzea da. Blogak eskaintzen digu aukera informazioa gordetzeko eta informazio hori edozein tokitik kontsultatzeko aukera. Blogaren egitura ondo egokitzen da akten kontsultetarako: azken akta ageriko da bloga zabaltzean eta haren atzetik aurrekoak. Albo batean aurkibide kronologikoa jar dezakegu eta hitzen bidezko bilaketa-leihoa.
Ez dut gomendatuko plataforma zehatzik baina oso kontuan hartu beharreko puntua da nolako zabalkundea eman nahi diogu aktei. Aukera bat da guztiz publikoa egitea, bilatzaileek informazioa topatzeko aukera ematea eta erakundearen web orrian estekatzea bloga.
Beste muturreko aukera litzateke bloga pribatua egitea eta soilik batzordearen partaideei ematea akta kontzultatzeko haien helbide elektronikoa zehaztuta. Bi aukera horien artekoak hainbat badira, hala nola publikoa izatea baina bilatzaileen arakatzeetatik kanpo eta web orrian estekatu beharrean intranetean jartzea lotura. Edozein kasutan akta bakoitzak mezu bat eta mezuaren izena bileraren data izatea komeni da. Baloratu daiteken posibilitate bat da deialdia bera sartzea -eta bilerarako dokumentazioa estekatzea- eta bilera eta gero deialdiaren mezua ezabatzea.

Bigarren aukera, tradizionalagoa, paperetik hurbilagoa, testu prozesadorea erabiltzea eta sare-lokalean gordetzea, horretarako dokumentu eredua edo akta-txantiloia jaitsi, zure beharretara egokitu eta erabiltzen ahal duzu. Dokumentu txantiloia forma bateko dokumentuak sortzeko erabiltzen da. Txantiloia hemendik jaits dezakezu. LibreOffice eta OpenOfficerako ott formatua du eta bertan klikatzean forma bereko dokumentu arrunta edo odt sortzen du. Dokumentu eredua aldatu nahi baduzu ott formatuarekin gorde behar duzu. Behin akta bukatua berau zabaltzeko pdf formatura esportatzea komeni da (Fitxategia > Esportatu pdf gisa) edozein ekipotik irekitzen den eta editagarria ez den formatura alegia. Ondoren pdf-dokumentua postaz bidaliko dugu edo eskuragai jarri sareko edo hodeiko karpeta batean.
Txantiloiaren edukia euskadi.net-etik hartu dut.

Idazketarako hainbat gomendio:

Edorta EspaƱa Ocio, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko itzultzaileak IVAPeko Administrazioa euskaraz aldizkariko 73. alean idatzi zuen Aktak idazteko hizkuntza-baliabideak - Esaldiak eskuinera luzatzeko trikimailuak izeneko artikuluan akten idazketa erraztu eta irakurketa ulergarriagoa egiteko oso aholku interesgarriak ematen ditu. Hona hemen artikulua pdf formatuan.

2012/01/05

LibreCAD 1.0.0 eskuragai

 
LibreCAD bi dimentsiotako CAD marrazkiak egiteko aplikazioa da.
Aplikazio hau QCad community edition-ean oinarritzen da baina haien artean zenbait diferentzia daude: LibreCAD-ek Qt4 interfazea erabiltzen du eta QCad-ek Qt3; autogordetze sistema du, DXF fitxategiak hobeto irakurtzen omen ditu eta plataforma nagusietan dabil (Linux, Mac OSX eta Windows).
Dokumentazio propiorik ez du baina QCad-ena erabili daiteke.

Bertsio hau da egonkor kontsidera daitekeen lehenengoa eta badirudi proiektuak aurrerapen handiak egiten ari dela.

Ubuntun instalatzeko software biltegitik egin daiteke baina azken bertsioa eduki nahi baduzu hobe duzu terminaletik horrela instalatzea:
sudo add-apt-repository ppa:librecad-dev/librecad-stable
sudo apt-get update
sudo apt-get install librecad
Beste Linux distribuzioetan, Windows edo Mac OSX-n instalatzeko jo LibreCAD-en web orrira.

Instalatu dut eta itxura ona du. Bigarren Hezkuntzan marrazketa teknikoa lantzeko oso kontuan hartzeko aplikazioa iruditzen zait. Software librekoen artean agian egokiena izan daiteke. Drafsight ere kontuan hartzekoa da, libre izan gabe doakoa da bigarren hau.


Beste software gomendagarria web honetan.

2012/01/01

2012rako Librezaleen egutegia



Lehengoan kalkulu orri batean oinarritutako 2012rako egutegi zuria aurkeztu nuen mezu honetan, gaurkoan ordea aurkezpen batean oinarritutako bat aurkeztuko dut. Gorka Azkaratek sortu du Librezale.org sustatzeko eta lan txukuna egin du alajaina. Hilabete bakoitzean agertzen dira hilaren hainbat izen, aurreko eta ondoko hilabeteen miniaturak, eta sasoiarekin zerikusia duen esaera zahar bat.

Hona  egutegia Slidesharen ikusteko eta pdf formatuan deskargatzeko.
    Egutegia jaisteko Download klikatu behar da:


    Egutegia editatu nahi baduzu hobe duzu odp formatuan jaistea. Irekitzeko LibreOffice edo OpenOffice behar duzu.