2010/10/18

Ubuntu Unity ukimen-pantailetan

Ubuntu Unity netbookentzako 10.10 bertsioak duen interfaze berria da. Bertsio hau diseinatuta dago pantaila txikiei etekin handia ateratzeko. Atentzioa deitu dit ukimen pantailetan ibiltzeko aukera sartu dutela: Utouch. Aurrerapauso garrantzitsua kontuan izanda Ipad-en antzeko tabletak orain perretxikoak ateratzen diren moduan agertuko direla. Canonicalen blogean agertzen den bideo-aurkezpena duzu hau:


2010/10/17

Viking: GPS ibilbideak OpenStreetMap-en gainean ikusi eta editatu.

Aurreko mezuan ikusi dugu nola ikusi GPSeko ibilbideak Google Earthen argazkien gainean; oraingoan  aztertuko dugu nola ikusi OpenStreetMap-en maparen gainean.

Lehenik eta behin Viking aplikazioa instalatuko dugu.
Ubuntun software-zentrotik instala dezakegu edo, azken bertsioa eduki nahi baduzu, terminalean hau exekutatu:

sudo add-apt-repository ppa:rw-norris/viking
sudo apt-get update
sudo apt-get install viking

Instalatu ondoren Aplikazioak > Zientzia atalean agertuko da.

Windowserako instalazio-fitxategia jaitsi eta exekutatu.

Arrasto edo tracka ireki (gpx formatua soilik onartzen du) eta ondoren mapa kargatzeko egingo dugu: Geruzak > Map geruza berria > OpenStreetMap (Cicle)  -aukeren artean omen dabilen bakarra- eta markatuko dugu 'Autodeskargatu mapak' jaitsitako mapak disko gogorrean gordetzeko eta horrela azkarrago funtzionatzeko.

Kontuan izan behar dugu geruzen (layer) bidez funtzionatzen duela eta arrastoena (track) maparen azpian geratzen bada ez da ikusten eta geruza hori igo beharko dugu ikusi ahal izateko.



Viking aplikazioaren leiho-atzipena


OpenStreetMap-en mapak internetetik jaisten dira automatikoki eta oso zehatzak eta garbiak dira. Sestra-kurbak hamar metroka Txindokiko gailurraren azpiko irudian ikus daitekeenez.

Txindokiren tontorra OpenStreetMap-en

Ibilbideen gora-beherak edo perfila ikusteko bi aukera daude:  koordenada ardatzetan ikusteko arrasto edo ibilbidearen propietatetan 'Altuera-distantzia'  fitxa klikatuko dugu;

Leitzaran inguruko mendi bizikletarako ibilbide baten profila


bestetik  mapan bertan perfila ikusteko ibilbidearen geruzan eskuin klik egin Propietateak > Arrastoak  eta bertan Draw Elevation aktibatuko dugu. Beheko irudian ikus daiteke ibilbide bat perfila agerian duela.

Bitigarra mendiaren inguruko ibilbide baten profila


Tresna barran dugu lanabesetan nagusienak:  mapa mugitzeko tresna, zooma, erregela distantziak eta graduak neurtzeko, eta ibilbide (track) eta bide-puntu (waypoint) berriak markatu edo kargatutakoak aldatzeko tresnak. 
Ibilbide edo puntu berriak sortzen baditugu berauek gordetzeko panelean eskuin klik egingo dugu eta 'Esportatu geruza' eginda gorde ahal izango dugu, besteak beste, gpx formatuan. Ibilbide berrien kasuan aukera interesgarria da maparen zonaren sateliteko argazkia ikustea, horretarako Tresnak > Web-tresnak  > Google egingo dugu.

Viking-en eskuliburua euskaraz: https://sites.google.com/view/viking-euskaraz/

2010/10/10

10/10/10 Maverick Meerkat



Gaur, 10/10/10, Ubunturen 10.10 Maverick Meerkat edo Surikata Matxinoa bertsio berria eskuragarri dago. Ubuntuz gain bere aldaerak ere bai: Kubuntu,
Lubuntu, Edubuntu eta Xubuntu besteak beste.

Hona dakartzan hainbat berrikuntza:

  • Instalazio prozesu sinplifikatua eta azkarragoa.
  • Lehenetsitako itxuretan, Ambience eta Radiance gaietan, ikuspen hobekuntzak. Atzeko plano berria.
  • GOME 2.32
  • Irudiak ikusteko eta edizio txikietarako Shotwell F-Spoten ordez. Gthumb edo Gwenview gero instala daitezke. Edizio handiagoetarako Gimp ondoren instalatu beharko dugu ere.
  • Letra mota berria.
  • Software biltegia berritu dute eta Synaptic kanpoan utzi.
  • Soinua kontrolatzeko appletak informazio gehiago emango du.
  • OpenCL azelerazio grafikoa -momentuz Nvidiako txarteletan-.
  • Btrfs fitxategi sistemarako soportea.


GNU/Linuxen hasteko distribuzio egokia da Ubuntu. Frogatzeko iso fitxategia jaitsi, horrekin CD bat sortu, ekipoa berrabiarazi eta Ubuntu diskotik jarriko da martxan  deus ere aldatu gabe; froga ezazu -internet, pantaila, inprimagailua... , eta ondo baderitzozu instala ezazu Windowsekin batera edo bera bakarrik -aldez aurretik, informazioaren babeskopia egina, noski-.
Dagoeneko erabiltzailea bazara eguneraketen bidez bertsio-berritu dezakezu.

2010/10/09

Back In Time: babeskopiak GNU/Linuxen

Orain arte babeskopiak egiteko NssBackup aplikazioa erabili dut, eta mezu honetan komentatu nuen, baina gaur desgrazian erori da eta beste batek hartu du bere lekua: Back In Time.

NssBackup, eta oso antzekoa den SBackup, ez dira aplikazio txarrak baina nire kasurako ez dira egokienak: batetik babeskopia ez trinkotzeko agindu arren, beraiek konprimitzen dute eta  bestetik soilik babeskopia osoak egiten dituzte. Seguritate kopia txikietarako egokia izan daitezke, batez ere kopia horiek CD edo DVDtan gorde behar baditugu zeren eta kopiak diskoen tamainako zatitan bana daitezke.
Ez da hori nire kasua: 60 GBetik gora argazki, bideo eta dokumentuetan bigarren disko batean gordetzeko. Horregatik pasa naiz kopia inkrementalak egiten dituen Back In Timera. Kopia inkrementalak lehenengo aldian kopia osoa egiten du eta hortik aurrera soilik fitxategi berriak eta fitxategi zaharren aldaerak gordetzen ditu. Horrela babeskopiak, lehenengoa ezik, askoz azkarrago egiten dira eta, gainera, aldaketak pairatu dituzten fitxategien kasuan, nahi izanez gero, bertsio zaharrak berreskura ditzakegu.


Aplikazioaren erabilera, gainetik bada ere, azalduko dut. Instalatu ondoren -Ubunturen kasuan software biltegitik- Aplikazioak > Sistemaren trenak atalean agertuko da eta hau da bere interfazea:



Giltza ingelesa eta bihurkina dituen ikonoan klikatuta aplikazioaren ezarpenetan sartuko gara eta, bertan, zehaztuko dugu babeskopia -snapshot- zein unitate edo karpetan egin nahi dugun (interesgarria da babeskopia beste unitate batean egitea) eta babeskopia eskuz  -schelude disabled- edo maiztasun zehatz batez -egunero, astero, hilabetero...- automatikoki egin behar den. Bigarren aukera bereziki interesgarria da zerbitzarientzako.

Bigarren fitxan zehaztuko dugu zein unitate edo karpeten babeskopia egin nahi dugun.


Beste fitxetan zehatz ditzakegu zeintzuk karpetak eta fitxategi-motak baztertu behar diren, kopia zaharrak ezabatu behar diren eta abar.

Informazioa galduko bagenu berau berreskuratzeko aplikazioa martxan jarri, errekuperatu nahi dugun babeskopiaren data hauta -gehienetan azkena baina bertsio zaharrak ere berreskura ditzakegu-, berreskuratu nahi dugun fitxategia(k) edo karpeta(k) zehaztu eta gorriz markatutako ikonoa zanpatuko dugu.



Sinple, fidagarria, azkarra...

Instalazioa
Ubuntun software-zentroaren bidez egin daiteke edo terminalean agindu hau itsatsita:

sudo  add-apt-repository ppa:bit-team/stable
sudo apt-get update 

sudo apt-get install backintime-qt4

 



2010/10/07

Nola konfiguratu POP kontu bat Thunderbird posta bezeroan

Thunderbirdek, Mozillaren posta bezeroak, kontuen konfigurazio automatikoa darabil 3. bertsioan. Honek dezente errazten du kontuen konfigurazioa zerbitzaria  modernoa bada eta IMAP protokoloa erabiltzen badu -Gmail, Hotmail eta halakoak- baina, badirudi, POP protokolo zaharra darabilten zerbitzariekin ez duela asmatzen; are gehiago eskuzko konfigurazioa egin behar da eta lehen baino konplikatuagoa da.

Ikus dezagun bada nola konfiguratu POP zerbitzariko kontu bat.

  • Lehenik eta behin kontu berria ezarri nahi dugula esan behar diogu. Thunderbird estreinako aldiz martxan jartzen dugunean automatikoki abiatuko da ataza hau eta aurretik beste konturen bat ezarrita bagenuen Editatu > Posta eta berri-taldeen ezarpenak... egin beharko dugu. Lehen urratzean gure izen-abizen propioak, posta-helbidea eta haren pasahitza eskatzen digu.


  • Datuok ematean IMAP konfigurazioa automatikoki hasten da bilatzen. Bilaketa hau, bukatu baino lehen, gelditu egin behar dugu: GELDITU.


  • Aurrekoa bezalako leiho bat agertuko zaigu baina kontuaren zerbitzari-motan IMAP jartzen duena. Bada alda ezazu POP zerbitzarira aurreko leihoan ikusten den bezala, ondoren "Sartu kontuan" zanpatu eta, datuak zuzenak badira, ezarpen berriak onartuko ditu: kontuaren ezker aldeko borobiltxoak argituko dira azpiko irudian ikus daitekeen moduan.


Hortik aurrera kontua prest dago posta jaso eta bidaltzeko.

Zalantzaren bat baduzu idatzi komentarioa edo posta mezua bidali irudietako kontura.

2010/10/04

Nola sortu matrizak OpenOfficeko formula editorean

OpenOfficeko testu prozesadorean formula bat idazteko Txertatu > Objektua > Formula egin eta bi leiho agertzen zaizkigu: hautatze-leihoa eta komando- leihoa. Formulak lantzean behin idazten badugu hautatze leihoa erabiltzea komeni da -motela baina intuitiboa da eta-, baina sarri idatzi behar badugu merezi du gehien erabiltzen diren komandoak ikasita komando-lerroa erabiltzea.

Matrizeak egiteko hautatze leihoan bi errenkada eta bi zutabekoak egin daitezke: Parentesiak > Kortxeteak eta barrenean Formatuak > Matrize-pilak. Matrizea handitzeko komando-lerrora joko dugu eta traola bat  (#) txertatuko dugu zutabean eransteko eta bi traola (##) errenkada eransteko.




Dokumentazio zabalagoa Math txuletan.