Thunderbird etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Thunderbird etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015/01/05

Nola lehenetsi ezkutuko kopia edo BCCren erabilera Thunderbird posta bezeroan

 

Postaz mezu bat bidaltzean hartzailea hiru modutara sailka daiteke:

  • Nori, to, a , à
  • Cc
  • Bcc, bcc, co, cci

Lehenengo modalitatean (Nori) hartzaileek mezuarekin batera ikusten dute beste hartzaileen helbideak eta, bidaltzaileak identifikatuta badu, baita izen-abizenak ere. Ondo etortzen da lagunen, senide edo lankideen arteko zenbait mezutan ikusteko nor dagoen deitua, gonbidatua... eta, jakinda mezua nori iritsi zaion ez birbidali behar izateko.

Bigarrena (Cc -carbon copy-) gehien bat lan munduan erabiltzen da:  bezeroari mezua, nagusiari kopia; irakasleak guraso bati mezua eta tutoreari kopia...

Hirugarrena (Bcc -blend carbon copy-) edo ezkutuko kopia taldeko mezuetan erabiltzen da jasotzaileek elkarren berri, besteen helbideak ikusi behar ez dutenean. Hau da, horrelako mezu bat jasotzean ez dakigu nork gehiago jaso duen. Enpresak bezeroei, medikuak pazienteei, elkartearen arduraduna elkartekideei.

Azkena bada zure kasua eta saihestu nahi baduzu deskuidoz, Nori erabilita, zure bezero, sindikatu-kide, paziente, alkoholiko anonimoen taldekide, espioi sekretuen elkartekide edo antzeko kideen izen-abizen eta posta-helbideak agerian jartzea Thunderbird posta bezeroak badu gehigarri bat Bcc-ren erabilera lehenesten duena. Alegia besterik esan ezean hartzaileek ezkutuko kopia jasoko dute:


Instalatzeko egin klik aurreko estekan eta esan irekitzeko Thuderbird-en bidez.
Behin instalatuta berrabiatu Thunderbird eta menuan klikatu Gehigarriak atalean eta Use Bcc Instead-en hobespenak ireki:



Bertan behartu dezakezu Bcc-ren erabilera lehenengo kontrola markatuta edo jar dezakezu, nik dudan bezala: lehenesteko Bcc-ren erabilera (start new and fordwarded messages addressing wiht Bcc) eta  Nori edo Cc erabiliz gero emateko soinu abisu bat lau hartzaile edo gehiago jarriz gero. Zure gustura.


2014/12/20

Nola erantsi Nemo aplikazioaren goitik beherako menuan Thunderbird bidez bidaltzeko aukera



Nemo da Linuxerako nire gogoko fitxategi arakatzailea (ikusi hemen nola ordeztu Nautilus Nemorekin). Ordezkapena egitean, ordea, faltan nuen Nautilusen goitik beherako menuko "Bidali postaz" aukera hautatutako fitxategiak Thunderbird bidez bidaltzeko.

Ikus dezagun nola jar daiteke "Bidali posta bidez" aukera Nemoren goitik beherako menuan:
  1. Joan web orri honetara: https://github.com/linuxmint/mint-common/blob/master/usr/share/nemo/actions/mint-artwork-cinnamon-thunderbird.nemo_action
  2. Kopiatu zenbakia dituzten lerro guztiak eta itsatsi Gedit-eko dokumentu zuri batean.
  3. Gorde karpeta nagusian izen honekin postaz_bidali.nemo_action
  4. Kopiatu delako dokumentua terminalean hau itsatsita:
sudo cp postaz_bidali.nemo_action /usr/share/nemo/actions

2014/12/08

Thunderbird, nola aldatu zerrendetako dataren formatua

Oharra: Super Date Format momentuz ez dabil Thunderbird 60an eta haren ordez Configdate gehigarria erabili daiteke. Haren bidea eguneko mezuei, uneko astekoei eta gainerakoei bost formatu desberdin aplikatzen ahal zaie.

Thunderbird posta-bezeroan jasotako, bidalitako eta bestelako mezuen zerrendetako informazioan datak duen formatua sobera luzea da:


Horrek ikuspegi horizontala eta pantaila zabal batekin ez du arazorik suposatzen baina ikustegi bertikala edota pantaila txikia edo estua dugunean suposatzen du arazoak data osoa ikusteko:


Data eremuaren zabalera txikia denean dataren formatu luzeak eragozten du eguna eta ordua ikustea.

Nola konpondu?

Instalatzen den Thunderbird-ek ez du dataren formatua aldatzeko aukerarik ematen baina gehigarri bat erantsita hori egiteko aukera izango dugu. Gehigarriaren izena Super Date Format da. Ikus dezagun nola instalatu eta nola konfiguratu data toki estuan adierazgarria izan dadin.



1- Super Date Format gehigarriaren instalazioa:

web orri honetatik deskargatuko dugu:

https://addons.mozilla.org/eu/thunderbird/addon/super-date-format/

Gorde Deskargak edo nahi duzun karpetan.

Itxi Firefox eta ireki Thunderbird.

Thunderbird-en menuan Gehigarriak ireki...





Gurpil hortzdunean klikatu eta klika Instalatu gehigarria fitxategitik. Hautatu fitxategia deskargatu duzun karpetatik.




2- Konfiguratu data formatu estua.

Thunderbird-en menuan Hobespenak klikatuko dugu eta bertan Bistaratzea eta Date Format. Date Format eta Format Preferences fitxak ez daude jatorrizko Thunderbird-ean, Super Data Format gehigarriak gehitzen ditu.
Irudian, fondo zurian, ikusten dugu data formatu arrunta eta azpian formatua aldatzeko aldagaia.


Formatua era estuan ondo ikusteko proposatzen dudan formatua hau da:

%b %e,   %H:%M 

 Alegia, "asteko eguna" "egunaren zenbakia," "ordua:minutuak"
Formatu hori kopiatu eta Date format laukitxoan ohikoaren ordez itsatsi, ondoren ondoko fitxan, hau da, Date Format Preferences fitxan markatu Enable on Data column eta Received column.


 
 Orain berrabiarazi Thunderbird eta horrela ikusiko duzu datak:


Toki estuan data-orduaren informazio adierazgarria.
Noski nire proposamenaren ordez jolas dezakezu aldagaiekin zure gustuko formatua osatzeko.


2014/10/23

Estekak Thunderbirden mezuak idaztean

Thunderbird posta-bezeroan testu bat idaztean web baten helbidea idatzi edo itsasten denean lotura edo esteka ez da une horretan egiten baina bai mezua bidaltzen duzun unean.

Hona hemen edizio baten adibidea:

Eta hemen mezu hori jasota. Bertan ikusten da nola URL helbidea era automatikoan estekatu dela web orriarekin.


Beste aukera bat da hitz bat edo testu zati bat hautatu eta menuan Txertatu > Lotura egin.

2014/10/16

Thunderbird hiru zutabetan

Pantaila handia eta panoramikoa baldin baduzu agian gustukoa izango duzu Thunderbird Mozillaren posta-bezeroan mezuen laburpena eta mezuak era lehenetsia den horizontalean ikusi beharrean bertikalean, zutabetan alegia, ikustea. Horrek aukera ematen du pantailaren tamaina eta mezuaren luzera gora behera jasotako mezuen laburpena eta hautatutako mezua pantaila berean ikustea fitxak erabili beharrik gabe.

Hona hemen zer itxura duen diseinu bertikala:

Ezkerretik eskuinera: posta kontuen karpetak, mezuen zerrenda eta irekitako mezua.

Diseinu hau probatu nahi baduzu klikatu behar duzu eskuinean dagoen menua zabaltzeko ikonoan (1) > Hobespenak (2) > Diseinua (3) > Bistaratze bertikala (4)


Probatu eta gustukoa ez baduzu aski duzu Bistaratze horizontala markatu betiko moduan lagatzeko.

2014/09/04

Nola ireki winmail.dat fitxategiak Linuxen



Winmail.dat fitxategia Microsoft Outlook posta bezeroak mezu bati erantsitako fitxategiekin sortzen duen paketea da. 

Posta jasotzeko Thunderbird erabiltzen baduzu winmail.dat automatiko zabaltzen dituen LookOut gehigarria instala dezakezu.

Aldiz, posta web bidez jasotzen baduzu fitxategi horiek Linuxen irekitzeko tnef aplikazioa instalatu behar duzu. Horretarako Ubuntun terminala ireki eta itsatsi agindu hau:

sudo apt-get install tnef

Gorde winmail.dat fitxategia -ahal dela fitxategi asko ez duen karpeta batean-, terminalean joan karpeta horretara eta exekuta ezazu

tnef winmail.dat

karpeta horretan agertuko d(ir)a erantsitako fitxategia(k).

2014/07/17

Nola egin eta jaso gonbidapen edo hitzordu bat Thunderbird Lightning egutegian

Lightning Mozilla Thunderbird posta bezeroaren egutegi gehigarria da (hemen ikus daiteke nola instalatu eta Gcalendar eta openmailbox.org-eko ownCloud-ekin nola sinkronizatu egutegiak).

Lightning-etik bidali daitezke gonbidapenak postaz eta jasotakoak gure egutegira inportatu. Ikus dezagun nola:

Gonbidapen edo hitzordu bat postaz bidaltzeko:

1- Egutegira joan eta bertan gertaera sortu eta zehaztu (bilera bada gaiordena, aurretik egin beharreko atazak eta abar), era berean gonbidapenarekin dokumentuak eransten ahal ditugu menuko 'Erantsi' elementuaren bidez .





2- Gertaeraren menua 'Gonbidatu partaideak' sakatu eta agertzen den zerrenda gonbidatuak erantsi. Ikono-etiketen bidez zehaz dezakezu gonbidapenaren etiketak eta gonbidatzen ahal ditugu pertsonak zein taldeak, bata zein bestea Thunderbird-en kontaktuetatik hartuko ditu. Ados.


3- Gertaera gorde eta itxi. Gonbidapenak badaude postaz bidaltzea proposatuko digu aplikazioak. Markatu Outlook-eko bateragarritasuna eta baieztu. Mezua automatiko bidaliko da.



Jasotako gonbidapena egutegira inportatu:

Horrelako gonbidapen bat bidaltzen badizute mezuaren goiko aldean mezuak gertaera bat daukalaren oharra agertuko da. Egutegira gehitzeko klikatu.


Egutegi bat baino gehiago baduzu aukeratu beharko duzu zein egutegira gehitu eta ondoren zure egutegira inportatuko da:



2014/04/03

Zuzentzaile ortografikoa posta mezuetan

Testu prozesadorean idazten zuzentzaile ortografikoarekin ohituta -gaizki ohituta esango du baten batek- posta elektronikoko mezuak idazten dugunean ere behar beharrezkoa egiten zaigu askorentzat.
Ikus dezagun nola erabili zuzentzaile ortografikoa posta-mezuak idaztean zenbait web-postatan eta posta-bezero nagusia den Thunderbird-en.

Web-postatan
Euskarazko interfazea duten hiru web-posta zerbitzu aztertuko ditut:

Gmail
Gmail-aren interfazea oro har ezin okerragoa da. Ekinaren ekinaz gauzak non dauden ez badakizu eginkizunak topatzen denbora luzea emango duzu. Zuzentzaile ortografikoa ere ederki ezkutatu dute. Topatu nahi baduzu mezuak idazteko leihoaren beheko ezkerreko izkinan, zakarrontzi baten ondoan dagoen gezitxoan klikatuta agertzen den menuan agertzen da:
Egiaztapen ortografikoa eskatuta kolore horiz nabarmenduko du ezagutzen ez duen testua. Hitzaren gainean klik eginda zuzenketa-proposamenak ikusiko ditugu.


Gmail euskaraz badugu hizkuntza horretan zuzenduko du baina testua beste hizkuntza batean badago alda dezakegu zuzenketa-hizkuntza.


Outlook.com
Posta zerbitzu honek aurrekoa baina interfaze askoz hobea du baina zuzentzaile ortografikoa soilik Internet Explorer nabigatzailean funtzionatzen du, Firefox eta Chrome-Chromium-en ez.

Roundcube aplikazioa erabiltzen duten web-mailetan
Interfaze oso argia eta erabilerraza du. Testua idatzita menuko Ortografia-egiaztapenaren ondoko gezia klikatuta alda dezakegu hizkuntza -40 hizkuntza daude aukeran-.

Egiaztatzailean klikatuta testuaren atzeko planoa negatiboan jartzen da eta ezagutzen ez dituen hitzak agertzen dira. Proposamenak egiten ditu:


Konklusio bezala web-posten artean zuzentzaile ortografikorik hoberena software librez eginiko openmailbox.org orriak eskaintzen du zerbitzurik argiena, errazena eta osoena.

Roundcube aplikazioan oinarritutako web-mailetan
Aplikazio honetan oinarritutako web-mailetan mezuak idazteko pantailan badu OK ikur bat zuzentzaile ortografikoarentzat baina hor ez da euskara agertzen. Euskara zuzentzeko modua da zerbait oker idatzi, bertan eskuin klik egin (1),  zabaltzen den menuan Hizkuntzak klikatu (2) eta euskara hautatzea (3).





Posta bezeroa
Ikus dezagun nola dabilen zuzentzaile ortografikoa Thunderbird posta bezero ezagunean.

Mezuak idazteko leihoaren menuan Ortografia dago: aktiba edo desaktiba daiteke eta ondoko gezian klikatuta hizkuntza alda daiteke.

Ortografia aktibatuta badugu testu prozesadorearen antzera funtzionatzen du: ulertzen ez dituen hitzak gorriz azpimarratzen ditu eta hitzaren gainean eskuin-klik eginez gero zuzentzeko proposamenak egiten ditu eta, aukeratuz gero, hitza aldatzen du.

2014/03/23

Thunderbird gehigarriak: hainbat gehigarri interesgarri

Hona hemen Mozilla etxeko posta-bezeroaren zenbait gehigarri edo hedapen interesgarri:

Kontaktuak sinkronizatzeko gehigarriak:
Bi sinkronizatzaile probatu ditut eta ondo funtzionatzen dute. Biek ala biek sinkronizatzen dute hodeirekin eta, haren bidez, sinkronizatzen dira ordenagailu desberdinetako Thunderbird aplikazioak.

  • Gmail-erako egun martxan dagoen interesgarriena dirudi GContactSync (ez dabil 78 bertsioan).
  • Gainerako kontuetarako CARdav sistemaren bidez (Owncloud, Nextcloud, iCloud...) eta Exchange ActiveSync sistemaren bidez Outlook kontuak  TBsync.   CALdav sistemaren bidez egutegiak ere sinkronizatzen ditu.


Egutegi-agenda eta bera hainbat ekipotan sinkronizatzeko proposamena: lehenik eta behin egutegia bera:

Lightning (78.an integratuta dago, ez da gehigarria) du izena eta hainbat egutegi eduki dezakezu lokalean zein sarean eta sarean partekatuta dauden egutegiak zurearekin batera ikusi. Hilabete, aste zein egun ikuspegiak ditu.

Instalatzeko  Gehigarriak > Eskuratu gehigarriak  edo  deskargatu,  gorde xpi fitxategia eta  Gehigarriak > Kudeatu zure gehigarriak eta engranajearen ikurraren ondoko gezitxoa klikatu eta "Instalatu gehigarria fitxategitik" sakatu eta adierazi non dagoen deskargatu duzun fitxategia.

Lignight-eko egutegiak ordenagailuan gorde beharrean sinkronizatuta edukitzekok interesatzen zaigu sareko egutegiak erabiltzea eta horretarako
hauetako gehigarri bat instalatuko dugu:

Bestelakoak
Identity Chooser mezuak idaztean egiten den ohiko errore bat konpontzen du. Thunderbird erabiltzearen arrazoi nagusietako bat hainbat kontu gestionatzea da. Mezuak idaztean sarritan behar ez genuen kontutik bidaltzen dugu mezua. Hori gerta ez dadin gehigarri honek mezua idazteko klikatzen dugunean behartzen gaitu bidaliko duen kontua hautatzen.
Instalatzeko Tresnak > Gehigarriak > Eskuratu gehigarriak eta Identity Chooser bilatu; bestela hemendik deskargatu eta instalatu. (78. bertsioan ez dabil, haren ordez kontuak bereizteko Border Colors D gehigarria erabili daiteke)



Elkarte edo enpresa batean lan egiten baduzu eta zure mezu gehienak BCC moduan bidali behar baduzu, alegia kopia ezkutu moduan Blend Carbon Copy agian interesatuko zaizu modu hori lehenesteko aukera ematen duen gehigarria: Use Bcc Instead. Instalatu ondoren ezarpenetan lehenetsi behar da BCC modua:


2014/03/17

Thunderbird: zuzentzaile ortografikoa hainbat hizkuntzatan jarri

Thunderbird posta elektronikoa kudeatzeko aplikazioan bi zuzentzaile ortografiko instalatzen dira: ingelesa eta zure aplikazioarena*.

 Beste hizkuntzetako zuzentzaileak instalatzeko aukera ematen du; horretarako menu nagusian Tresnak > Gehigarriak > Eskuratu gehigarriak eta ezkerraldean "Bilatu gehigarri guztiak" jartzen duen leihatilan idatziko dugu "francaise", "español", "catala", edo instalatu nahi dugun hizkuntzaren erreferentzia. Eskaintzen dizkigun aukeren artean egokiena hautatuko dugu eta berdin jokatuko dugu instalatu nahi dugun beste hizkuntzekin.

Ondoren, Thunderbird berrabiaraziko dugu eta mezu berria idazteko "Idatzi" klikatuko dugu, mezuaren beste datuak idatzi ondoren testuaren atalean klik egin eta konposizio barran agertzen den "Ortografia" zabalduko dugu hautatzeko idatzi behar dugun hizkuntza.


Hortik aurrera mezua idatziko dugu eta berak ulertzen ez dituen hitzak gorriz azpimarratuko ditu. Azpimarratutako hitzen gainean eskuin klik egin eta proposamena egingo digu, hautatu dugun hizkuntzan, noski.


2012/01/30

Zuzentzaile ortografikoa Firefox eta Thunderbirden

Jende askok zuzentzaile ortografikoa testu prozesadorearekin lotzen du baina gaur egun idazten den gehiena nabigatzailean eta posta bezeroan idazten da.
Nabigatzailea web orriak ikusteko ezezik idazteko aplikazioa ere bada eta: web-postetan mezuak bidali, blogetan idatzi, txiokatu, formularioak bete, wikietan parte hartu, Google-Docs, sare sozialak eta abar. Eta idazten dugun toki guztietan hanka sartzen dugu -nik behintzat-.
Garai batean Firefox eta Thunderbirden zuzentzaile ortografikoa erabili ahal izateko gehigarrietan Xuxen instalatu behar zen. Gaur egun ez da deus instalatu behar erabili ahal izateko.
Ikus dezagun nola funtzionatzen duen eta nola aktibatzen den.
Idazten dugunean akatsa egiten badugu zuzentzaileak detektatu eta gorriz azpimarratzen du eta azpimarratutako hitzean eskuin klik egiten badugu zuzenketak proposatzen dizkigu (1).


Horretarako, eskuin klik egitean zabaltzen den alboko menuan, Zuzendu ortografia markatuta eduki behar dugu (2) eta haren azpiko Hizkuntzetan mezuaren hizkuntza egokia jarri behar dugu, kasu honetan euskara (3). Mezua gazteleran edo beste erdara batean badago zerrenda horretan hizkuntza aldatuko dugu.
Google Docs-en ez dabil.

Thunderbird posta bezeroan zuzentzaile ortografikoa ere badabil inolako gehigarririk instalatu gabe.



Zuzentzaileak akatsak detektatzea nahi badugu menuan egin behar dugu: Editatu > Hobespenak > Mezu prestatzea eta bertan zuzenketa markatu eta erabili behar dugun hizkuntza zehaztuko dugu.




2010/08/09

Kontaktuak inportatu Gmailera Thunderbirdetik eta alderantziz

Posta kudeatzeko Thunderbird eta Gmail erabiltzen baduzu interesatuko zaizu kontaktuak edo helbide-liburuak partekatzea bien artean. Bi aukera aurkeztuko dizkizut Zindus gehigarria eta esportazioa-inportazioa.

Ziur aski interesgarriena zuretzat bi zerbitzuen kontaktuen sinkronizazioa da, alegia kontaktu bat gehitzen baduzu Thunderbirden automatikoki hori Gmaileko kontaktuetan agertzea da eta alderantziz. Hori da hain zuzen ere Zindusen lana. Zindus Thunderbirden gehigarria edo hedapena da. Instalatzeko Thunderbirden egin Tresnak>Gehigarriak>Eskuratu gehigarriak eta zindus idatzi. Behin instalatuta zure Gmaileko kontua eman eta kito.



Agian bilatzen duzuna da soilik une honetan dituzun kontaktuak batetik bestera pasatzea eta kito. Kasu honetan esportazioa-inportazioa egin behar duzu.

  • Gmailetik Thunderbirdera egiteko errazena Thunderbirdentzako Google Contacs gehigarria instalatzea da.
  • Beste kasuan, alegia Thunderbirdetik Gmailera pasatzeko horrela jokatuko dugu:Thunderbirden klikatu Helbide-liburuan eta egin Tresnak>Esportatu jarri izen bat fitxategiari ad. kontaktuak eta formatuan LDIFen ordez erabil ezazu "komaz banandua"; horrek sortuko du .csv formatuko fitxategi bat. Fitxategi hau ezin dugu zuzenean inportatu Gmailen zeren eta Gmail euskaraz badago ere .csv fitxategi honen eremuak euskaraz ditu eta Gmailen inportazioa ingelesa soilik ulertzen du; beraz kontaktuak.csv fitxategia hau editatu behar dugu Gedit, Notepad edo bestelako testu editorearekin eta kontaktuen aurreko paragrafoaren ordez, eremuen ordena zehazten duen paragrafoaren ordez beste hau jarriko dugu:
first name,last name,display name,nickname,email address,alt email address, work phone,home phone,fax,pager,mobile,address1,address2,city,stat e,zip,country,work address1,work address2,work city,work state, work zip,,,,organization,,,,,,,,,,notes

Gmailen kontaktuak ireki eta goian eskuinean inportatu klikatu, arakatu eta hauta kontaktuak.csv.

2010/01/03

Lightning gehigarria Thunderbirdentzat

(2014/7/17an eguneratua)

Lightning Mozilla Thunderbird posta bezeroari egutegi-agenda bat eransten dio. Osagarri interesgarria oso. Hona hemen pantaila-kaptura bat:


Edozein sistema eragilean funtzionatzen du.
Instalatzeko Thunderbird-en menuan sekuentzia hau segituko dugu: Gehigarriak > Eskuratu gehigarriak > pantailan Lightning proposamena agertuko da, bestela bilatzailean idatziko dugu. Hautatu eta instalatu. Instalatu ondoren Thunderbird berrabiarazi behar da.





Thunderbird abiatzean egutegia ikusteko aukera agertuko da eskuin aldean.

Fitxen bidez adierazten ahal zaio egun, astea, aste anitz edo hilabete ikuspegia nahi dugun. Astea igandean hasita ikusten da.

Astea astelehenean hasita ikusteko eta bestelako ezarpenak aldatzeko Thunderbird-en menuan egin: Hobespenak > Egutegia > Ikuspegia eta Astea noiz hasi atalean astelehena jarri.

Aplikazioak egutegi lokal bat sortzen du eta gehiago sor daitezke kategoriak kolorez banatzeko. Thunderbird ekipo gehiagotan erabiltzen baduzu agian komeni zaizu egutegia sinkronizatzea web baten bidez. Nik Google Calendar erabiltzen dut.

Erabilpena oso intuitiboa da. Gertaerak eta zereginak daude. Lehenengoak egutegian kokatzen dira eta bigarrenek ez dute egun edo ordu zehatzik, beraz, zerrenda batean agertzen dira.

Interesatzen bazaizu edukitzea web-egutegi bat sinkronizatuta Thunderbirdekin gutxienez bi aukera dauzkazu: Google Calendar eta ownCloud-en egutegia.

Gonbidapenak postaz nola egin eta jaso mezu honetan azaltzen da.