Moodle etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Moodle etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/06/16

Nola gehitu Liveworksheets ariketa bat Moodlen

Liveworksheets.com orriak aukera ematen du sortzeko hainbat ariketa mota: hutsuneak bete, lotu, aukera anitz, arrastatu eta jaregin... beti ere irudi, pdf  edo doc formatua duen papererako ariketa batetik abiatuta.

Web honek ariketa interaktiboak sortzeko balio du eta baita ere beste irakasleek partekatutakoak erabiltzeko. Izan ere katalogo handia du, tartean euskarazko ariketa ugari duena.


Mezu honetan ikusiko dugu nola txertatu web orri honetako ariketa bat Moodle ikastaro batean.

1- Bilatuko dugu ariketa: Interactive worksheets > Basque > ikasgaia

2- Ariketa ireki eta ariketa gainean agertzen den zerrendan Embed in my website or blog, alegia kapsulatu nire webgune edo blogean, elementuan klikatuko dugu.


eta irekitzen den kapsula kopiatuko dugu (horretarako web orrian erregistratuta egon behar gara).


3- Gure Moodleeko ikastaroan edizioa aktibatu eta orri bat sortuko dugu.

Bertan htlm edizioa ireki eta bertan kopiatutako kapsula itsatsiko dugu.




Prest.

Talaia eskolako Moodle gunean ikusten ahal duzu nola ikusten dituzten ikasleek tankera honetako ariketak.


2020/04/23

Nola egin ahozko azalpenak edo iruzkinak Moodlen

(Benetako irakasleen iruzkinak entzun ondoren berridatzia)

Bai zereginak deskribatzean bai horien bidalketen kalifikazioa-ebaluazioa egitean Moodlek eskaintzen du aukera fitxategiak eransteko.

Erabilera intentsiboko egun hauetan batez ere ikasle guztiei zeregin guztietan iruzkinak idaztea nekagarria da eta, batzuetan, denbora faltagatik ez dugu egiten edo iruzkinak nahi baino laburragoak egiten ditugu. Ahozko iruzkinak egitea izan daiteke aukera bat lana arintzeko, batez ere teklatuarekin trebeak ez garenontzat.

Deskripzioak zein iruzkinak egiteko Atto editorea erabiltzen badugu* , eta
goiko irudian agertzen den bezala zereginaren ezarpenetan Feedback iruzkinak aktibatuta badugu aukera izango dugu iruzkinean bertan testuarekin batera ahozko iruzkinak. Horretarako Atto editorearen tresna barran barra guztiak erakusteko botoia sakatu eta Txertatu audio grabazioa klikatuko dugu.


Baimendu nabigatzaileari mikrofonoaren erabilera, begiratu mikrofonoaren ozentasuna eta grabatu. Bi minutuko topea dauka. 

Kito

Ikasleak horrela ikusiko du.



Bi minutuko grabazioak motz geratzen bazaizkizu Audio Online Voice Recorder gehigarria instala dezakezu nabigatzailean (denek onartzen dute)
Behin instalatuta nabigatzailearen barran agertuko da bere abiarazlea eta klikatu ondoren honelako interfazea sinplea ikusiko dugu:


Start Recording eginda grabazioa hasi Stop Recording gelditzeko eta Download egindako grabazioa gordetzeko.

Orain ikusiko dugu Moodleen nola aktibatu behar den horrelako grabazioak bidaltzeko aukera;

Demagun zeregina dagoeneko diseinatuta duzula: aktibatu edizioa > sartu zereginaren ezarpenetan eta joan Feedback motak atalera. Bertan aktibatu Feedback fitxategiak (Feedback iruzkinak testukoak dira, horiek ere aktibatzea komeni da sikiera abisatzeko ikasleari audio feedbacka duela).

Zeregina zuzentzean aurretik azaldu dudan moduan grabatu eta gorde dugun audio fitxategia Fitxategiak atalera arrastatu edo txertatuko dugu. 

Irudian ikusten denez testu iruzkina erabili daiteke abisatzek ikasleari iruzkina audio fitxategian duela.














Ikasleak kalifikazioa jasotzen duenean horrela ikusiko -eta entzungo- ditu irakaslearen iruzkinak.






Modu batera zein bestera egin ahozko iruzkinak egitean tentuz jokatu behar du irakasleak, izan ere ikasleak iruzkinaren grabazioa edukiko du.





Oharra:
* Seguru aski aktibo duzun testu editorea Atto izango da, baina mezu honetan duenaren itxura oso desberdina badu izan daiteke TinyMCE editorea edukitzea. Moodleeko erabiltzaileak aukera dugu Atto edo TinyMCE erabiltzeko. Aldatu nahi baduzu zure Moodleeko profilera joan > Aukerak > Editorearen hobespenak eta bertan Atto editorea aukeratu.





2020/03/18

Moodle, nola kontrolatu ikasleen bertaratzea eta parte-hartzea

Moodle erabiltzen da aurrez aurreko ikastaroetan, soilik online diren ikastaroak eta mistoetan. Hori dela aztertuko dugu bertaratzea eta partaidetza.

A - Bertaratzea

Saioak aurrez aurrekoak  direnean edo  online BigBlueButton edo bestelako bideo-konferentzietan.

Bertaratze mota hori kontrolatzeko Moodleek berariazko jarduera bat du: Bertaratzearen erregistroa


Ikastaroaren hasiera izan daiteke toki egokia kokatzeko.



Ezarpenak. Ikas-saioen datak eta orduak zehaztu behar dira. Saioen data-orduen errepikapena zehaztu daiteke. Saio bakoitzean gaitu daiteke ikasleek auto-erregistratzea bere asistentzia -normalean pasahitza edo Qr baten bidez-.

Egoera multzoak editatu daitezke, ohikoak B bertaratua, FJ falta justifikatua, FE falta ez justifikatua, A atzerapena...

 

Erabili aurretik konfiguratu behar da: 

 


Erabilera: Saioaren data iristean gezi berdea sakatuta aktibatuko dugu erregistroa eta ikasle bakoitzaren egoeraren  erregistroa egingo dugu (edo haiek horrela markatu badugu).

Bertaratzea pantailan ikus daiteke hainbat formatutan Txostena eskatuta edo kalkulu orri formatura esportatu daiteke.


B - Parte-hartzea

Moodlera, ordea, ikasleak edozein tokitan eta unean sar daitezke baliabideak kontsultatzera edo jarduerak egitera.

Sartzen al dira gure ikasleak, ikusten al dituzte baliabideak?

Ikasleek zereginak bidaltzen dutenean haien jardueraren berri izaten dugu baina hortik kanpo nola jakin gure ikastaroan sartzen diren eta jarritako dokumentuak, estekak, orriak eta abar ikusten ote duten?.  Jakina, ikasleak matrikulatuta egon behar dute, bisitari gisa sartzen badira jai daukagu.

Hona hemen hiru modu:

1-  Sinple eta azkar, ikusteko ikasleak gure ikastaroan sartu diren menuko partaideetan klikatu eta taulan Azken sarrera ikastarora zutabea begiratu.



2- Txosten zehatzagoak ikusteko ikastaroaren engranajean klikatu eta aukera Gehiago sakatuta ikastaroaren kudeaketarako tresna guztiak ikusiko ditugu eta bertan Txostenak.















  • Txostenen artean ikasleen aktibitate guztia zehazki jasotzen duena Agerraldiak dira. Bertan menuaren bidez zehaztu dezakegu ikaslea, unea, jarduera... eta itxura honetako txosten bat sortuko du:

Zein unetan ikasleak zer egin duen eta zein IPtik




  • Ez hain zehatza baina oso grafikoa da txostenen artean jardueraren osaketa izenekoa. Erakusten duen taulan agertzen dira errenkadetan ikasleak eta zutabeetan jarduerak.

Taula hau oso adierazgarria da, baina kontuan eduki behar dira, gutxienez, pare bat gauza:
  • taula hau ikusteko ikastaroan (eta jarduera bakoitzean) aktibatuta eduki behar dugu jardueraren osaketa, bestetik,
  • kontrol laukietan ertza etena dutenak bidalketak izaten ohi dira eta irakasleak markatu behar du jarduera osatzeko bidalketa egin behar dela. Ertza jarraia dutenak ikasleak egintzat markatu ditu baina irakasleak ezin du bermatu.
 Egun berezi hauetan irakasleok pendiente egon behar gara "deskonektatuta" dauden ikasleak Internet ez dutelako, gailu egokirik ez dutelako... eta, kasu hauetan bide alternatiboak bilatuko dugu. Sikiera zerbait ikasiko bagenu...

2020/03/15

Moodle. ikasleekin komunikatzeko hainbat aukera


Isolatze garai honetan Moodle plataformak irakasle-ikasle eta ikasleen arteko komunikazio aukeren abaniko zabala eskaintzen du. Momentu hona da horien errepaso bat egiteko.

Lehenik eta behin nahi dut azpimarratu puntu bat Moodle plataforman alta emateko ez da behar posta elektroniko konturik. Hau bereziki interesgarria da Lehen Hezkuntzako eskoletarako. Altak ematean, banaka zein CSV bidez, posta kontu bat eman behar da baina ez du zertan erreala izan behar, ikasle156@ezdago.ez  moduko kontuak erabili daitezke. Horrelako kasuetan  komeni da foroan harpidetzak desgaitzea eta zereginetan ikasleei bidali beharreko jakinarazpenak, posta bidalketak ez sortzeko.



Ikasle guztiek jasoko dituzte mezuak, irakaslearenak zein kideenak, goiko panelean eta benetako posta dutenek postaz ere.


Komunikazio tresna nagusiak:

  • Jakinarazpenak (Berrien foroa):  Hauen bidez irakasleek maila osoko ikasleei edo ikasle talde bati bidaliko diote informazioa.
  • Foro arruntak: Ikastaro osorako edo gai zehatz
    baterako. Ikasleek mezuak jasotzeaz gain erantzun dezakete edo zalantzak edo iradokizunak egin ditzakete. Ikasleek elkarri laguntzeko aukera polita da (irakaslearen begiradapean).
  • Bideo-konferentziak BigBlueButton bidez. Ohiko bideo eta audio transmisioaz gain arbela, dokumentu partekatua, pdf aurkezpenak, pantaila partekatzeak eta bestelako tresnak ditu.
  • Egutegia: Ikastaroko eskuineko panelean egutegiak komunikatuko dio
    ikasleari zein eta zer ordutan diren eguneko bideo-konferentziak, zereginak bidaltzeko epemugak...
  • Mezuak: Paneletik edo partaideen zerrendatik irakasleek ikasle zehatz bati edo batzuei mezuak bidaltzen ahal dizkiete. Ikasleek ere irakasleei edo kideei idaztea dute.
  • Inkestak: tresna hau Google Form-en parekoa da. Beraren bidez ikasleen informazioa jaso dezakegu.
  • Blogak: ikastaro bakoitzean irakasleak eta ikasleek blog partikular bana dute. Tresna egokia izan daiteke ikasle bakoitzak kontatzeko egunez egun zer aurrerapenak egin dituen proiektuan.
  • Irakasleak, blokeen bidez, erakutsi dezake zein partaide dauden konektatuta eta, nahi izanez gero, txat bat aktibatu dezake. Txatak normalean ez dira erabiltzen ume eta gaztetxoen ikastaroetan baina egoera berezi honetan, batez ere txikienentzat, lagunekin solastatzeko aukera polita izan daiteke (eta bide batez komunikazio idatziaren lehengo urratsak).
  • Hausnarketak, kontsultak, iruzkinak... eta beste tresna batzuk daude partaideen arteko komunikazioa osatzeko.
Idatziz, ahoz zein bideoz erreminta asko ditu plataformak. Gure esku dago era egokian erabiltzea.

Ez dut bukatu nahi aipatu gabe irakasleak arreta berezia jarri behar duela Internet edota ordenagailua, tableta... ez duten ikasleengan eta, edukita ere, konektatzen ez direnengan. Moodleeren txostenek zehazki esango digute ikasleek konektatu diren, zer ordutan, zer egin duten...

Lehenengo taldeari bestelako komunikazioa eta materialen trukaketa eskainiko diegu eta bigarren taldekoak konektatzeko gurasoen laguntza eskatu beharko dugu.

2020/02/02

Moodle: kalifika nazazu blokea

Nola jakin Moodleko irakasle gisa zeintzuk jarduera ditugun zuzendu, kalifikatu edota ebaluatzeko?

Modu bat da zeregina edo zuzendu beharreko bestelako jardueraren ezarpenak zehaztean Jakinarazpenak atalean markatzea kalifikatzaileari bidalketen berri ematea.

Horrela eginda irakasleak ikasleen bidalketen berri izango du postan.




Sistemak funtzionatzen du baina posta irekitzea estresagarria egiten bazaizu jakinarazpenak kentzen ahal dituzu eta zure aginte panelean Kalifika nazazu blokea gehitu dezakezu. Zuzentzeko asmoa duzunean zure aginte panelera jo eta bloke horrek adieraziko dizu zure ikastaro bakoitzean zenbat eta zeintzuk bidalketa dituzun zuzentzeko.


Bloke hori instalatzeko zure aginte panelera joan:
menua zabaldu eta haren beheko aldean Gehitu blokea eta zerrendako Kalifika nazazu hautatu.


Goiko irudiko laburpena erakutsiko dizu bidalketak ikastaroz sailkatuta. Zehaztasun gehiago nahi baduzu sakatu Zabaldu guztia eta bidalketa kopuruaz gain bidali duen ikaslea eta bidalketaren data eta ordua agertuko da.


Estekan klikatuta jarduerara eramango zaitu (ez zuzenean ikaslearen bidalketara).


2019/12/05

Moodle: urratsak errubrika bat ezartzeko jarduera batean



Errubrikak Moodleek kalifikatzeko duen metodo aurreratu bat da. Errubrika jarduera baten kalifikazio-irizpideak jasotzen dituen taula bat da. Irizpide bakoitzerako hainbat maila deskriptibo eskaintzen ditu. Irizpide eta maila bakoitzari zenbakizko kalifikazio bat esleitzen zaio. Irakasleak kalifikatzen duenean hautatzen du bidalitako lana zein mailan kokatu. Errubrikak berak kalkulatzen du azken kalifikazioa gelaxka bakoitzari emandako ponderazioaren  arabera.

Urratsak:

1- Zeregina definitzean, kalifikazioaren atalean, kalifikazio-metodoan errubrika aukeratuko dugu.

Momentuz ez dugu gehiago zehaztuko baina zeregina definitzen bukatzean egingo dugu "Gorde eta erakutsi".


2- Zereginaren barruan gaudela (ez bazaude klikatu zereginean), ezkerreko goiko izkinako ezarpenetan (engranajean) klikatu eta aukeratu:

  • "Kalifikazio aurreratua", baldin eta zuk edo beste irakasleren batek lehendik sortutako errubrika bat erabili nahi baduzu, dagoen bezala edo moldatua.
  • "Zehaztu errubrika", baldin eta errubrika berri bat sortu nahi baduzu.

3- Egindako bat moldatzeko edo berria egiteko zehaztuko dugu lehenengo kalifikazio irizpidea eta definituko dugu mailak ondoko zutabeetan. Gelaxka bakoitzean mailaren deskripzioa gehituko dugu eta maila horren kalifikazio partziala. Behin irizpide bat bukatzean beste irizpide bat gehituko dugu eta bere gelaxkak beteko, horrela bukatu arte.
Beheko aldean errubrikaren aukerak baieztatu eta "Gorde" egingo.

 Pentsatzen baduzu sortutako errubrika hori beste jarduera baterako erabili ahal izango duzula zu edo zure ikastetxeko lankide batek, orduan gorde txantiloi gisa.

Errubrika txantiloi gisa gordetzeko botoia


4- Errubrika prest dago erabiltzeko. Ikasleak zeregina egin baino lehen ikusiko du errubrika eta horrela jakingo du zein diren kalifikazio irizpideak eta zer egin behar duen kalifikazio ona izateko eta irakasleak kalifikatzeko unean aski izango du klikatzea matrizean dagozkien mailak eta kalifikazioa automatikoki kalkulatuko da. Azkenik ikasleak kalifikazioa ikusiko du eta ikusi ahal izango du haren desglosea.

Errubrika ikasleak zeregina egin aurretik




2019/11/18

Moodle osaketaren jarraipena


Osaketaren jarraipena Moodleek duen tresna interesgarria da. Aktibatuz gero ikasleak ikastaroko bai baliabideetan bai jardueretan, bakoitzaren eskuin aldean, kontrol lauki bat ikusiko du. Kontrol lauki hori markatuta egoteak esan nahi du baliabidea irakurri dela edo jarduera egina dagoela.

Baliabideen kasuan (irakurgaiak, estekak, bideoak...) marka ikasleak eskuz egiten du (irakasleak ez du ikusten) eta jardueretan bidalketa egitean, galdetegia erantzundakoan... automatikoki markatzen da.

Ikastaro baten bi baliabide eta bi jarduera eskuinean osaketaren jarraipena egiteko kontrol laukiak dituztela.

Autokontroleko tresna da, ikasleak jakiteko zein baliabide eta ariketa osatu duen. Ez du balio ebaluaziorako edo kalifikaziorako. Irakasleak ez ditu ikasleen markak ikusten. Bigarren funtzio bat motibazioa da:  material guztiak kontsultatzeko eta jarduerak guztiak egiteko grina pizten du ikasle askorengan.

AKTIBAZIOA

  1. Osaketaren jarraipena egiteko zure ikastetxeko Moodle gunean aktibatuta egon behar du. EAEko ikastetxe publikoetan hori ez dago Moodle kudeatzailearen esku. CAUri (cauf09@hezkuntza.net) eskatu behar zaio aktibatzea (Aginte-panela > Gunearen kudeaketa > Funtzio aurreratuak > Osaketaren jarraipena gaitu -enablecompletion-). Eska daiteke, era berean, era lehenetsian ikastaroetan aktibatuta agertzea ala ez (Berezko osaketaren jarraipena -completiondefault-: erabili berezko jarduera edo ez adierazi jardueraren osaketa).
  2. Ikastaroaren ezarpenetan
  3. Behin hori aktibatuta irakasle bakoitzak bere ikastaroen ezarpenetan osaketaren jarraipen aktibatu edo desaktibatu dezake:
  4. Bukatzeko, ikastaroaren barrenean, baliabide eta jarduera batzuk izan dezakete jarraipena eta beste batzuk ez, eta , dutenek, izan daiteke ikasleak eskuz jarrita edo automatikoa baldintza batzuk betetzean.
    Jardueraren ezarpenetan


2019/09/26

Moodle Egunkaria jarduera

Moodleek ikasleak egiteko hainbat jarduera ditu berez: zeregina, galdetegia eta abar, eta beste batzuk instalatu daitezke pluginen bidez. Horietako bat Egunkaria jarduera da. Haren bidez ikasleak eguneko lana komenta dezake: zer egin duen, zer zalantzak edo zailtasunak izan dituen, zer gustatu zaion... 

Irakasleak ikasleen sarrerak ikusgai ditu:
Bertan sartuta ikasleen sarrerak ikusi, iruzkindu eta, nahi izanez gero, kalifika ditzake:
Jarduera interesgarria izan daiteke ebaluazioaren ikuspuntutik, batez ere proiektuen bidez funtzionatzen duten materietan. Ikaslearen bloga honen funtzio berdintsua izan dezake baina ikaslearentzat bloga ezkutuan geratzen da eta ez du errez betetzearen beharra ikusten, egunkaria, ordea, agerian dago eta irakasleak behartzen ahal du betetzen.

EAEko eskola publikoetan erabili ahal izateko ikastetxeko Moodle arduradunari esan behar zaio CAUri (cauf09[a bildua]hezkuntza.net) eskatzeko Journal plugina instalatzeko.

2019/09/02

Moodle 3.4.3tik 3.6.4ra, berritasun nagusiak

EAEko Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoei eskaintzen dien Moodle plataformako guneak, azken urteko oporraldi guztietan bezala, bertsio berritu dituzte.
Oraingoan pasa den ikasturtean erabili izan dugun 3.4.3 bertsiotik 3.6.4 bertsiora pasa dituzte uztaila eta abuztu bitartean.

Hona hemen hobekuntza nabarmenenak:


  • Behin saioa hasita Boost-eko ezkerreko panelean aginte panela agertzen da. Bertan erabiltzailea matrikulatuta dagoen ikastaroak soilik agertzen dira. Oso praktikoa ikasle zein irakasleentzat. Panel honetan bi hobekuntza inplementatu dituzte:
    • Ikastaro bakoitzari irudi miniatura bat esleitzen ahal zaio. Irudia jartzeko administratzaileak edo irakasleak egin dezake ikastaro bakoitzaren ezarpenak editatuta, ikastaroaren deskribapenaren azpian dago atal bat ikastaroaren laburpeneko fitxategiak izenekoa. Bertara igo edo jaregingo dugu irudia. Irudia nahiko panoramikoa da 340x130 pixelekoa, aplikazioak txikitu eta egokituko du.

 
    • horretaz gain erabiltzaileak erabaki dezake bere ikastaro guztiak ikustea edo batzuk: 
       

Hau da aginte panelak irudiekin hartzen duen itxura: 
  • ikonoak menuetan

  • Atto editorean zuzenean grabatu daitezke soinuak eta bideoak

  • hobekuntzak moodle app-an
  • Galdera bankuko galderei etiketak jartzen ahal zaie eta haien bidez galderak iragazi.
  • mezularitza interfaze berria. Bertan erregistratzen dira bidalitako eta jasotako mezu guztiak.  
  • Nextcloud integrazioa (CAUri adierazi behar zaio zein den ikastetxeko Nextcloud)
  • Arrastatu eta jaregin galderak editatzea orain errazagoa da.
 
Hobekuntzei buruz informazio osatuagoa -baina ingelesez- bi orri hauetan:

Beste alde batetik Hezkuntza Sailak Boost gaia edo itxuran erabiltzen zen estiloen CSSan hobekuntzak egin ditu edukiak hobeto ikusteko. Nire ustez momentu ona zure ikastetxeko gunea Moodleen itxura ofizial berrira pasatzeko. Hori egiteko cauf09@hezkuntza.net kontuan eskatu behar da.

Bukatzeko H5P pluginaren azken bertsioan jarduera berri bat dago: letra-zopa (Find the words). Bilatu behar diren izenak emanda letra-zopa sortzen du. Aukeran dago alboan izenak ikustea ala ez.