2016/12/11

stickpng.com PNG irudi gardenen bilatzailea

Demagun tailerreko lanabesen koadro bat egin behar duzula erreminten
irudia eta izenarekin, edo Xmind-en bidez animali moten eskema bat egin behar dugula adierazgarriak diren espezien irudiekin, edo irakaslea zarela eta irudiak behar dituzula Open-Sankore
bidez arbel digitalean erabiltzeko. Horrelako gauzetarako oso interesgarriak dira atzeko planorik gabeko argazkiak eta irudiak, gardentasuna duten PNG formatuko irudiak.

Hona hemen gardentasuna duten PNG irudien bilatzaile bat:


Bertan bila daiteke izenaren bidez, ingelesez (gogoan izan euskalbar) edo katalogoaren bidez.

Irudiak doanik deskarga daitezke eta egile edo lizentzia konturik ez du aipatzen.

Irudiak kalitate eta tamaina handikoak dira. Irudiak arintzeko deskargatu ondoren Gthumb edo antzeko aplikazioaren baten bidez ireki eta tamaina txikitu daiteke.

2016/12/09

Moodle 3.2 bertsio berriaren aurkezpen bideoa

Abenduaren 3an ikusi du argia Moodle 3.2 bertsioa.

Ekarri dituen berritasunen artean aipatu daitezke: Boots (bultzada) gai berria blokeak menu batean biltzen dituena, mezularitza sistema argiagoa, tours edo aurkezpen ibilaldiak, bideo eta audio erreproduzigailu berria, gaitasunen eskemak inportatzeko aukera...

Hona hemen berritasunen zerrenda osoa (ingelesez momentuz): https://docs.moodle.org/dev/Moodle_3.2_release_notes

Eta bideoan ingelesez eta euskarazko azpitituluekin.


Boost itxura aktibatu dute MoodleCloud-en. Ikusi mezua.


2016/12/08

Nola txikitu PNG irudien pisua Nautilus arakatzailetik

Web orrietan eta blogetan argitaratzen duen jendeak sarritan PNG formatuko irudiak erabiltzen ditu. El atareado blogean zabaldu dute modu bat PNG irudiak arintzeko oso modu errazean, Nautilus arakatzailetik bertatik. Web orrietan elementurik astunena irudiak eta bideoak izaten dira. Irudiak arinduta web orria azkarrago kargatuko da.

PNGak konprimitzeko pngcompress programa proposatzen du, kalitate galera txiki bat dakar baina konpresio ona eta azkarra egiten du. Hona hemen Linuxen nola instalatu, terminalean agindu hauek exekutatuko ditugu:

sudo add-apt-repository ppa:atareao/nautilus-extensions
sudo apt update
sudo apt install nautilus-pngcompress 
killall nautilus

martxan jartzeko Nautilusen gaudela arindu nahi dugun PNG irudi edo irudien gainean eskuin-klik egin eta Compress PNG file... klikatuko dugu.

Egiten duen konpresioa heren batekoa da gutxi gora behera. Goiko irudiaren tamaina ikus dezakezu konprimatu aurretik eta ondoren:

2016/11/28

Nola ordenatu kontuak eta karpetak Thunderbird posta bezeroan

Thunderbird posta bezeroa hainbat kontu kudeatzeko aplikazio librea da. Ezarritako kontuetara joaten da mezu bila eta nahi dugun kontutik bidaliko ditu mezuak kontu desberdinen artean kontaktuen liburuak partekatuz.
Ezkerreko panelean ageri dira posta-kontuak, Thunderbirden ezarritako ordena berean. Ordena hori gustuko ez badugu bada era bat ezarpenetatik aldatzeko baina askoz errazago egin dezakegu gehigarri edo hedapen honekin:


Loturan klikatu eta deskargatuta instala dezakegu baina errazago da Thunderbir-en menuan Gehigarriak > Eskuratu gehigarriak eta bilaketa leihatilan gehigarriaren izena jarrita bilatzea.
Behin instalatuta Thunderbird berrabiarazi behar dugu gehigarria aktibatzeko. Kontuen ordena aldatzeko menuan Gehigarriak > Hedapenak klikatu eta gehigarri honen hobespenetan sartuko gara:


Fitxetan Sort accounts (Ordenatu kontuak) hautatu eta kontuak hautatu eta gora (move up) edo behera (move down) egingo dugu nahi dugun ordenan utzi arte.
Gauza bera egin dezakegu paneleko karpetetan Sort folders (Ordenatu karpetak) izeneko fitxan.
Behin nahi genituen ordenak jarrita gehigarria, nahi izanez gero, desinstala dezakegu.

2016/11/23

Moodle, interfazearen hizkuntzak

Irungo Belaskoenea herri eskolan munduko hizkuntza asko darabilte.
Ikasleek eskolako Moodlearen interfazea euren ama hizkuntzan ikusi ahal izateko aukera inplementatu dute (EAEko CAUra eskatuta) eta hau da emaitza:

Ez eta Nazio Batuetan ez dute hainbeste hizkuntza erabiltzen. Hau da aberastasuna!



2016/11/17

Zim wikia oharrak hartu eta egitekoak kudeatzeko aplikazio librea

Aspalditik nenbilen laneko egitekoak antolatzeko eta ikusteko aplikazio baten bila eta prezio berean testu editore txol interesgarria topatu dut.

Zim testu editore sinplea bat da eta egitura hierarkikoa duten orriak biltzen ditu. Orriak karpeta batean gordetzen dira era automatikoan txt formatuan.

Funtzionalitatea:
  • Oharrak hartu, bileren aktak, ideiak jaso, klaseko apunteak, web-orrien eta fitxategien estekak bildu...
  • Egitekoen kudeaketa: lehentasunak, burututako zereginak...
  • Fitxak: liburuen, pertsonen, elkarteen datuak...

Formatu aldetik orriak pantaila osoa hartzen du -ez dago papererako diseinatua- eta testuari oinarrizko formatua ematen ahal zaio:  estiloak, letra lodia, etzana, marratua, nabarmendua, buletak, numerazioa, kontrol laukien zerrendak...
Horretaz gain formulak, taulak eta estekak erabili daitezke. Formatu hauek marka edo markup bidez gordetzen dira txt fitxategian.

Zim orria hainbat formaturekin
Formatuko markak teklatuaren bidez ere egin daitezke wiki formatuan: * ikurra buleta bihurtzen da, "1." idatzik gero zerrenda zenbakiduna hasten da eta "a." bidez zerrenda alfabetikoa, makoak edo kortxeteak [] kontrol laukia.

Abantailak:
Karpeta oso oso arina da.
Aplikazioa irekitzean orri guztiak irekitzen dira. Dokumentu mordo bat erabili beharrean Zim bidez hainbat dokumentu irekitzen di-da batean.
Zim utzitako orrian irekitzen da.

Desabantailak.
Ez dauka Android edo IOSerako bertsiorik. Aurrerago azaltzen dut nola erabili daitekeen mugikorrean.

Instalazioa:
Aplikazioak Linux-erako diseinatua badago Windowserako bertsioa badu ere -begiratu oharretan-.
Ubuntun PPA bidezko instalazioa egin daiteke. Horretarako terminalean exekutatu hurrenez hurren agindu hauek:

sudo add-apt-repository ppa:jaap.karssenberg/zim
sudo apt update
sudo apt install zim

Behin instalazioa egina aplikazioa aurrenekoz abiatzen dugun unean eskatuko digu koadernoaren izena eta kokalekua. Koadernoa hainbat ordenagailutan sinkronizatu nahi badugu sinkronizatuta dugun karpeta batean kokatzea komeni da. Edozein modutan komeni da karpeta bat sortzea koadernoa kokatzeko.

Pluginak
Zimek dituen aukerak pluginen bidez zabaldu daitezke. Pluginak instalatzeko menuan Edit > Preferences > Plugins fitxa, eta bertan desmarkatu markatuta daudenak eta honako hauek markatzea proposatzen dizut:
  • Print to browser: Zimek ez du inprimatzen baina nabigatzaileak bai.
  • Table editor: taulak erabili nahi baduzu.
  • Task List: egitekoen zerrenda egiteko. Ezinbestekoa.

Egitekoen kudeaketa 
Egitekoak kontrol laukien bidez markatzen dira eta haien lehentasuna esaldiaren bukaerako harridura ikurren bidez markatzen da. Zenbat eta harridura ikur gehiago lehentasuna handiagoa.
Egitekoen ikonoa klikatuta orrietatik barreiatuta dauden egitekoak zerrendatzen dira lehentasunaren arabera.

Behin egiteko ataza burutzen denean ataza ezaba daiteke bere orritik edo, ataza bete denaren konstantzia utzi nahi badugu, kontrol laukia marka dezakegu -egina zein ukatua moduan- eta egitekoen zerrendatik desagertuko da.

Koadernoaren sinkronizazioa
Zim orriak hainbat ordenagailutan sinkronizatuta eduki nahi baduzu instalatuta eduki behar duzu hodeia biltegiratzeko bezero bat, hala nola Owncloud, Nextcloud, Drop Box, Mega...  eta Zimen karpeta nagusia sinkronizatutako karpetan gorde behar duzu. Bigarren ekipoa eta gainontzekoak instalatzean, koadernoaren izena eta kokalekua galdetzen duen unean, aski dugu Brouse-ri sakatuta konpartitutako karpetako koadernoaren kokalekua zehaztea eta jatorrizko koadernoa irekiko du; hartara ordenagailu guztietan sinkronizatuko da koadernoa.

Txantiloiak
Datu base txiki bat egin nahi baduzu aukera duzu orri batean fitxa baten diseinua egiteko eta orri hori koadernotik eraman .local/share/zim/templates/wiki karpetara -Linuxen- eta hortik aurrera txantiloi moduan erabili ahal izango duzu.

Ikasleen datuak biltzeko txantiloi baten adibidea

Koadernoa hainbat ekipotan sinkronizatuta badugu txantiloia ekipo bakoitzean
kokatu beharko dugu erabili izatekotan.

0.66 bertsiotik aurrera euskaraz

Mugikor edo tabletan erabiltzeko
Zim wikik ez dauka app-rik. Dena den ordenagailuan egindako oharrak Android-en kontsultatzea nahiko erraza da Zim wikia sinkronizatuta badugu. Android-en Nextcloud app-a instalatutu dut, irekitzean eskatzen du hodeiaren zerbitzariaren https helbidea (ez du zertan Nextcloud izan behar, Drop Box, Owncloud, Mega, Drive... izan daiteke) eta bertako pasahitza.Une horretan agertuko dira gure hodeiaren karpetak. Puntu horretan Zim-en karpeta hautatu eta menua sinkronizatzeko aginduko dugu. Hori eginda Zim-en txt orriak ikusiko ditugu.

Bi era probatu ditut:

  • Mezu honetan ikusten den irakurtzeko soilik den modu argi interesgarri bat.

  • Ikusteaz gain sortu edo editatu nahiko bagenu kontua pittin bat konplikatzen da. Testu soileko fitxategiak editatzeko app bat instalatu beharko dugu, hala nola Jota Text Editor, haren bidez txt orriak editatzen ahal ditugu eta ondoren gorde eta sinkronizatu egingo ditugu.










Oharrak
  • Zim wikia, noski, Luberri_sisteman dago.
  • Zim wikia Windows instalatzeko badago modu ez ofizial erraz bat web-orri honetatik 0.69.1 bertsioaren .exe fitxategia deskargatu eta instalatzea. Ez dago euskaraz.
  • Frank Donnely mezu honetan kontatzen du nola erabiltzen du Zim Wiki aipu eta laburpen akademikoetarako BibTex formatuan.
  • Zim wikia proiektuaren webgunea.