2015/02/25

Nola egin eta onartu ICS hitzordu edo gonbidapena Thunderbird-Lightning aplikazioan

Lightning Thunderbird posta bezeroaren egutegia da. Aurreko mezu batean azaldu nuen nola instalatu eta konfiguratu Google Calendar egutegia.

Gaur ikusiko dugu nola bidali gonbidapen edo hitzordu bat eta nola jaso eta onartu.

A- Gonbidapen edo hitzordua bidali.

Gonbidapen bat bidaltzeko Lightning egutegian interesatzen zaigun egunean bi klik egin (edo eskuin klik eta Gertaera berria... sakatu. Irekitzen den leihatilan Gonbidatu partaideak hauta.


Irekitzen den leihatilan zehaztuko dugu denbora (1) partaideak (2) -izenak idaztean helbide liburutik hartuko du posta-helbideak- eta partaideen izaera (3) (norbanakoa, taldea, baliabidea edo gela -azken biek erabili daitezke erreserba sistema moduan horretarako baliabide edo gelaren egutegia aldez aurretik sortua) eta gonbidapen mota. Behin onartuta gonbidapenari eransten ahal zaio nahi dugun testua.


B- Gonbidapena jaso eta onartu.

Hitzordu batean parte hartzeko gonbidapena postaz jasoko dugu. Horrela jasotzen dira ere web bidez eskatutako hitzorduak Osakidetza, ITV eta antzekoak. Mezuan hitzorduaren zehaztapenak ikusten dira eta erantsita ekartzen du ICS formatuko fitxategi txiki bat.


Hitzordua Lightning egutegira eramateko egin behar dugu: ICS fitxategia nahi dugun tokian gorde. Ondoren Lightning egutegira joan eta menuan egin Fitxategia > Ireki > Calendar fitxategia eta arakatu eta hautatu gordeta dugun ICS fitxategia.



Egutegi bat baino gehiago badugu aukeratuko dugu zein egutegian agertzea. Horrekin gonbidapena gure egutegian agertuko da.





Pantaila kapturak HotShots aplikazioaz eginak.

2015/02/22

Nondik nora OpenStreetMap.org orrian

Poliki baina gelditu gabe doa aurrera openstreetmap.org webgunea, mapen Wikipedia. Oraingoan bi puntuen arteko bidea bilatzeko aukera jarri dute.


Hasierako puntua eta helmuga herri-izen edo helbideez zehatz daiteke, bai eta txintxeta berdea eta gorria herrestan eraman eta nahi ditugun tokietan lagata.
Bizikletaz, oinez zein autoz joateko aukera dugu.

Biderik laburrena topatuko du eta ezkerrean distantzia, denbora eta bidean hartu beharreko erabakien berri ematen du.

Ez da Maps-en mailara iristen baina dena iritsiko da.

2015/02/15

Nola jarri sinadura Thunderbird posta-bezeroaren mezuetan

Thunderbird posta-bezeroan mezu bat idaztean berak mezuaren bukaeran sinadurako testua jartzea nahi baduzu, horrela egin dezakezu:

Ezkerreko panelean, sinadura jarri nahi duzun kontuan eskuin klik egin eta hautatu Ezarpenak


Irekitzen den leihoan idatz dezakezu zure izen abizenak, lanpostua, enpresa...


Testuari formatua jarri nahi badiozu HTML etiketen bidez egin dezakezu. Era errazean jartzeko klika mezua idazteko eta bertan idatzi datuak eta nahi duzun letra-mota, koloreak, logotipo eta abar egin Fitxategia > Gorde honela eta gorde mezua nahi duzun karpetan. Itxi mezua. Sinatzeko tokian markatu Erantsi sinadura fitxategitik eta arakatu gorde duzun fitxategia. Ados.


2015/02/14

Youtube.com-ek Html5 lehenetsi du.

 

Hamar urte bete dituen Youtube.com-ek erabaki du hemendik aurrera lehenestea HTML5 sistema bere bideo deskargetan zaharkitutako Adobe Flash Player pluginaren kaltean.
Hona Youtuberen oharra.

Bost urtez HTML5-erako bideo deskargak fintzen eta esperimentatzen ibili ondoren sistema lehenetsi bezala dabil honez gero Chromium-Chome, IE11, Safari 8 eta Firefoxen Beta bertsioan. Bost urte hauetan garatu dituzte hainbat teknologia deskargak hobetzeko, hala nola Adaptable Bitrate (ABR) streaming zeinak deskargaren bereizmena eta abiadura sarearen egoerara egokitzen duen, VP9 bideo codec librea pribatiboak diren h264 eta h265 codec-en ordez. Honi ezker bideoen tamaina txikitu da eta banda zabalera txikia izanda ere HD kalitateko bideoekin goza daiteke.

Linux-zaleentzat albiste pozgarria zeren eta Adobe-k  aspaldi honetan ez du garatzen Flash Player-en bertsio berririk. Bai eta smartphone, Xbox eta PS4ko erabiltzaileentzat ere.

Zure nabigatzaileak oraindik flash formatuan deskargatzen badu web honetan eska dezakezu zuri HTML5ean deskargatzea.

2015/02/10

Iñigo IKT blog berria

Iñigo Gebara IKTroak urtearekin batera blog berria ekarri digu informatika, teknologia eta hezkuntza uztartzen, eta hori dena saltsa librean sukaldatua.



Lehenengo mezuak ikusita gure RSS harpidetzan sartzeko meritu osoa du.
Animo Iñigo; egiten dituzunak dokumentatzen asko ikasiko duzu eta guk probetxu aterako diogu.

Urte askotarako!


2015/02/06

"Linuxen instalazioa eta administrazioa eskolan" ikastaroa



Ikastetxean Linux, Active Directory-n integratuta eta zerbitzariko karpetak konpartituta, nola dabilen probatu nahi baduzu agian ikastaro hau interesatzen zaizu. Bertan ikusiko dugu nola prestatu instalazio propioa zure eskolarako eta nola ezarri ekipoetan wifiak, inprimagailuak, arbel digitalak eta abar.

6 orduko ikastaro bera bitan eskainiko dugu:
  • Asteazkenetan goizez (11:00-13:00) otsailaren 11 eta 25ean eta martxoaren 11ean.
  • Asteazkenean arratsaldez (16:00-19:00) otsailaren 25ean eta martxoaren 4an.

EDUKIAK
  • Zertarako Linux. Software librearen abantailak.
  • Linuxen ezaugarri nagusiak.
  • Ubuntu: Mahaigaina, fitxategien arakatzailea, aplikazio nagusiak eta formatuen afera.
  • Linux-ekipoak Windowsen Active Directoryn integratu eta konpartitutako karpetak eta karpeta pertsonalak mapeatu.
  • Distribuzio propioa prestatu eta instalatu.
  • Ekipoen ezarpenak: wifia, inprimagailuak, IP finkoak... 
  • Ekipoen kudeaketa: softwarearen eguneratzeak, programen instalazioa...
  • Dominioaren kudeaketa: Terminal Server...
  • Arbel digitala: Smarten kalibrazioa, Open-Sankoré.
  • Instalazioen erritmoak eta irizpideak.
  • Juniper.
  • Laguntza teknikoa.
  • Posta-zerrenda.
  • Intraneta Linuxen.  
PLAZAK
15 ikastaro bakoitzean.

TOKIA
Irungo Berritzeguneko informatika-gelan (Karrika Nagusia 43).


ZALANTZAK ARGITZEKO
Tlf: 943625144 luz. 18

PREZIOA
doakoa 

IZENA EMATEKO 
Goizekoan
Arratsaldekoan