2015/01/25

LibreOffice Viewer Android-entzat

Prest dago Play Store-n LibreOffice Viewer LibreOffice eta OpenOffice-ren dokumentuak erakusteaz gain (.odt, .odp, .ods, .ots, .ott, .otp) Microsoft Office-renak (.doc, .ppt, .xls, .dot, .xlt, .pps, .docx, .pptx, .xlsx, .dotx, .xltx, .ppsx) ere erakusten ditu.



Beta bertsioa da, beraz oraindik badu zer findu eta konpondu. Hurrengo bertsioan estekek funtzionatuko dute eta SD txartelan arakatzeko gaitasuna izango du.

Aplikazio hau Android 4.0 eta hurrengoetan dabil.

Androiden Play Store-tik deskargatzeko:
https://play.google.com/store/apps/details?id=com.collabora.libreoffice

Moodle: kohorteak erabili edo nola matrikulatu ikasleak taldeka



Ikastetxe batean Moodle plataforma era orokortuan erabiltzen bada irakasleek lan handia dute ikasleak banaka matrikulatzen. Irakasleen matrikulazio lana errazteko eta arintzeko plataformaren administratzaileak sortzen ahal ditu kohorteak.

Kohorteak gune mailako edo kategoria mailako taldeak dira eta aukera ematen diote irakasleari talde osoak matrikulatzea.

Kohorteak sortzea Moodle plataformaren administratzailearen lana da. Normalean ikastetxe batean kohortea ikas-talde baten partaideek osatuko dute. Horrela izango dugu: 1dbhA, 1dbhB, 1dbhC, 2dbhA...
Kohorteetan ikasleei alta emateko, banaka egin badaiteke ere, azkarragoa da CSV fitxategi baten bidez egitea. Mezu honetatik deskarga dezakezu kalkulu orri bat ikasleak kohorteetan antolatuta igotzeko. Hori bai, CSVa igo baino lehen kohorteak sortuak egon behar dira.
Kohortea sortzeko prozedura Moodle Docs dokumentazio-wikian azaltzen da.

Orain ikusiko dugu nola joka dezakegu ikasleak kohorteka matrikulatzeko.
Ikastaro bat sortzean edo pasa den ikasturtekoa berreskuratzean, demagun 1dbh-ko matematika, sortuko ditugu taldeak -gure kasuan A,B eta C-.
Ondoren matrikulazioari ekingo diogu Moodle Docs-en azaltzen den bezala baina kontuan hartuz ikastaroan hiru talde matrikulatuko dugula kohorte banarekin.


Irakaslearen edo administratzailearen rola dugula ikastaroko ezkerreko ezkerreko panelean klikatuko dugu:
Ikastaroaren kudeaketa > Erabiltzaileak > Matrikulazio-metodoak.







Irekiko zaigun taulan gehituko dugu kohorteak matrikulatzeko metodoa horrela:

Eta azkenik irekiko zaigun leihoan aukeratuko dugu matrikulatuko dugun kohortea eta ikastaroaren zein taldetan matrikulatu nahi dugun (horretarako aldez aurretik taldeak sortu behar dira):


Kasu honetan kohortea eta taldea izen bera dute.
Metodo hau errepikatuz irakasle bakoitzak ikasleak taldeka matrikula ditzake bere ikastaroetan.

2015/01/21

Programatzen ikasteko hainbat baliabide

Pil-pilean dagoen kontua da eskoletan programazio informatikoa ikasi behar ote den eta eduki horiek oinarrizkoak izan behar ote duten.

Garai batean bigarren hezkuntzan programatzen ikasten zen, gehien bat BASIC programazio hizkuntzan, neurri batean nork bere programak egin behar zituelako.  Egun edozein gauza egiteko programa mordo eta oso onak daude. Eta programazioa baztertu zen oinarrizko hezkuntzatik.

Penduluak norabidea aldatu du orain. Mendebaldeko hainbat gobernuk ohartu da softwarearen industriak gora egin arren informatikako graduatuen kopurua gelditu egin dela eta kezkatuta omen daude Europa ez ote den esparru horretan atzean geldituko. Zentzu horretan Estonian, Bretainia Handian, Frantzian eta Nafarroan bertan lehen hezkuntzako curriculum-tik hasi dira programazio edukiak sartzen Europako Batasuneko aholkuak jarraituz.

Programatzen ikasteak hainbat zehar lerro edo gaitasun lantzeko oso egokia bada ere, hala nola pentsamendu analitikoa, problemen ebazpena, talde lana eta abar, aditu batzuk, Linus Torvald tartean,  zalantza dute ikasle guztiek landu behar ote duten.

Eztabaidak eztabaida gaurkoan hona ekarri nahi dut programazioaren oinarrizko kontzeptuak Lehen Hezkuntzatik hasita ikasteko hainbat baliabide.


Code.org

Atzean besteak beste Microsoft eta Google dituen ekimen honek webgune oso interesgarria eskaintzen du: code.org, teknikoki bikaina eta pedagogi ikuspuntutik oso landua. Bere helburua da era ludiko eta autonomo batean haur, ume eta gazteek programazioaren oinarrizko algoritmoak bereganatzea.


Programazio hizkuntza erabili beharrean Scratch-ek ezagutarazi dituen eta elkarri atrakatzen edo lotzen diren piezen sistema erabiltzen du. Komandoak, aldagaiak eta abar piezen bidez definitu eta kateatzen dira.

Aipatuaz gain ezaugarriak nagusiak hauek dira:
  • 4,6,8 eta 10 urtetik gorako ikasleentzako 20na orduko ikastaroak.
  • ikastaroek joko-ariketak, bideo azalpenak, ariketa artistikoak... dituzte.
  • area librea formak eta web-jolasak diseinatzeko.
Eguneratzea 2015/12/15ean
Web orriaren hizkuntza aukeratu daiteke. Ez dago euskaraz eta ez du ematen egongo denik. Nire gomendioa da ingelesez egitea: batetik lexiko urria eta erraza erabiltzen du eta bideo-azalpenek azpitituluak dituzte, bestetik programatzen ikastearekin batera ingelesa ikasteko tresna bikaina da.
 
Fede gutxikoa ni. Euskaltzaleen komunitate bikainari esker eta 2015eko azaroaren 7an euskaratzeko maratoia antolatu zuten UEU eta EHU unibertsitatei esker tresna garrantzitsu hau euskaraz erabil dezakegu.


Scratch

MITek diseinatutako programazio aplikazio plataforma-anitza bat da. Piezen bidez istorioa eta jolas multimedia osa daitezke.



Algoritmoak eta aldagaiaz gain sorkuntza multimedia errazten duten pertsonaiak, soinuak, efektuak, sentsoreak, eszenatokiak...

Sortutako programak biltegi batera igo eta deskarga daitezke.
Haren didaktika aurrekoa baino konplexua da, izan ere, Scratch lanabesa da; irakasleak antolatu behar du nondik nora, erritmoa eta abar.

Aukera oso interesgarria da code.org-ekin hasi ikasteko eta Scratch proiektu bezala planteatzea.

Aplikazioaren 1.4 bertsioa  Ubuntun software-zentrotik instala daiteke. 2.0 bertsioa Linux (32bit), Windows eta Mac-erako hemendik deskarga daiteke. Beste modu bat 2.0 bertsioa erabiltzeko web aplikazioa da; ez da instalatu behar baina ikasgelan erabiltzeko konexio ona behar du.

Scratch-en erabilera hezkuntzarako robotikaren mundura zabaldu. Plaka elektroniko eta roboten proiektu nagusiek Scratch-en oinarritutako modulu-programak erabiltzen dituzte: mOway, Lego Wedo, Arduino, mBot...



KhanAcademy-ko "Intro to JS: Drawing & Animation" ikastaroa

Ikastaro hau (https://www.khanacademy.org/computing/computer-programming/programming) planteatu daiteke sekuentzia honetako hirugarren urratsa bezala. Bertan bai, programazio hizkuntza bat lantzen da, JavaScript hain zuzen, weberako eta kasu honetan html5 inguruneko irudia eta animazioari zuzenduta.

Antza handia du core.org webgunearekin: hau ere ikastaro bat da, ondo egituratua, urratsez urrats aurkeztu eta lantzen dira programazio algoritmoak eta irudi estatikotik animaziora pasatzen da. Kasu honetan ere bideo-tutorialak erabiltzen dira azalpenetarako eta ondoren ariketak. Baina ikastaro hau bigarren hezkuntzatik gora erabiltzeko.

2015/01/11

Librezaleen 2015eko egutegia

Prest dago Gorka Azkaratek (Bihar da berandu, egunsentiederra) Librezale.eus elkartearen irudia zabaltzeko prestatutako 2015erako egutegia.

Goiko Download estekatik pdf formatuan deskarga dezakezu ikusi eta inprimatzeko. Beste aukera bat da beheko esketatik deskargatzea odp formatuan (LibreOffice Impress-en formatuan) fitxategia editatu ahal izateko (jai eta data gogoangarriak markatu, lagun eta senideen urtebetetzeak...) testuz zein irudiz.


2015/01/05

Nola lehenetsi ezkutuko kopia edo BCCren erabilera Thunderbird posta bezeroan

 

Postaz mezu bat bidaltzean hartzailea hiru modutara sailka daiteke:

  • Nori, to, a , à
  • Cc
  • Bcc, bcc, co, cci

Lehenengo modalitatean (Nori) hartzaileek mezuarekin batera ikusten dute beste hartzaileen helbideak eta, bidaltzaileak identifikatuta badu, baita izen-abizenak ere. Ondo etortzen da lagunen, senide edo lankideen arteko zenbait mezutan ikusteko nor dagoen deitua, gonbidatua... eta, jakinda mezua nori iritsi zaion ez birbidali behar izateko.

Bigarrena (Cc -carbon copy-) gehien bat lan munduan erabiltzen da:  bezeroari mezua, nagusiari kopia; irakasleak guraso bati mezua eta tutoreari kopia...

Hirugarrena (Bcc -blend carbon copy-) edo ezkutuko kopia taldeko mezuetan erabiltzen da jasotzaileek elkarren berri, besteen helbideak ikusi behar ez dutenean. Hau da, horrelako mezu bat jasotzean ez dakigu nork gehiago jaso duen. Enpresak bezeroei, medikuak pazienteei, elkartearen arduraduna elkartekideei.

Azkena bada zure kasua eta saihestu nahi baduzu deskuidoz, Nori erabilita, zure bezero, sindikatu-kide, paziente, alkoholiko anonimoen taldekide, espioi sekretuen elkartekide edo antzeko kideen izen-abizen eta posta-helbideak agerian jartzea Thunderbird posta bezeroak badu gehigarri bat Bcc-ren erabilera lehenesten duena. Alegia besterik esan ezean hartzaileek ezkutuko kopia jasoko dute:


Instalatzeko egin klik aurreko estekan eta esan irekitzeko Thuderbird-en bidez.
Behin instalatuta berrabiatu Thunderbird eta menuan klikatu Gehigarriak atalean eta Use Bcc Instead-en hobespenak ireki:



Bertan behartu dezakezu Bcc-ren erabilera lehenengo kontrola markatuta edo jar dezakezu, nik dudan bezala: lehenesteko Bcc-ren erabilera (start new and fordwarded messages addressing wiht Bcc) eta  Nori edo Cc erabiliz gero emateko soinu abisu bat lau hartzaile edo gehiago jarriz gero. Zure gustura.


2014/12/27

Zuzentzaile ortografikoa Blogger-en

Blogger, Google-ek blogak editatzeko eskaintzen duen aplikazioa aspalditxo dago euskaraz (ikusi). Gaur ikusiko duguna nola erabili euskarazko edo hainbat hizkuntzetako zuzentzaile ortografikoa.

Oso erraz, mezu bat editatzen ari garela testuaren edozein tokitan eskuin klik egin eta zabaltzen den goitik beherako menuan zuzentzaile ortografikoa aktibatuko dugu desaktibatuta badago eta bertan erabiltzen ari garen hizkuntza aukeratu.

 

 Hortik aurrera ulertzen ez dituen hitzak gorriz azpimarratuko dizkigu eta markatutako hitzaren gainean eskuin klik eginez hura ordezteko aukeraz eskainiko dizkigu.