2013/12/09

Ubuntu: nola konfiguratu BigKeys LX teklatua



Psikomotrizitate arazoak dituzten hainbat ikaslerekin erabiltzen den BigKeys LX teklatua Linuxen USBra konektatu eta badabil baina Alt-Gr teklarik ez duenez hainbat karaktere grafiko, tartean @ a-bildua, egiteko teklatuaren ezarpenetan aldaketa bat egin behar da.

Sistemaren ezarpenak > Teklatuaren diseinua > Diseinuak > Aukerak > Key to choose 3rd level > Left Alt aktibatu, alegia 3. mailako tekla, teklatu arruntetan Alt+Gr dena ezkerraldeko Alt teklarekin funtziona dezala.


Hori eginda a-bildua egiteko Alt+2 egingo dugu. 

Probatu dezakezu beste tekla numerikoak ikusteko zein karaktere egikaritzen diren ALT zapalduta.

2013/12/07

Calibre: nola deskargatu berriak eta blogen mezuak zure liburu elektronikora

Etxean egunkaria jasotzerik ez baduzu edo etxeko norbaitek eramaten badu ondoko bideo-tutorialean ikus dezakezu Berria-ren albisteak (edo beste egunkari batekoak) eta blogetako eguneko mezuak nola deskargatu eta liburu elektronikora pasa bertatik irakurtzeko.

1. zatia: Calibre erabiliaz albisteak eta blogetako mezuak nola eskuratu.




Programaketa behin bakarrik egiten da eta goizero egin behar duguna da programatutakoa deskargatu.

2. zatia: sortutako fitxategia liburu elektronikora pasatzen.


Calibrek Linux, Windows zein OS X bertsioak ditu deskargatzeko. Ubuntun instalatzeko aski dugu software-zentrotik deskargatzea edo terminal batean hau itsastea:

sudo apt-get install calibre

2013/12/02

Linux: nola lotu irudiak terminalen bidez

Irudiak terminalaren bidez elkartu edo lotzeko convert agindua erabiliko dugu. Convert bit-mapa irudiak manipulatzeko Image Magick paketearen partea da.

Hona hemen abiapuntuko bi irudiak

sagarra.png
madaria.png


Bata bestearen alboan jartzeko terminalean irudiak dauden karpetara joan eta idatziko dugu:

convert +append sagarra.png madaria.png frutak.png

Hau da emaitza:

frutak.png
Bata bestearen gainean jartzeko terminalean idatziko dugu:

convert -append sagarra.png madaria.png frutak.png

Hau da emaitza:

frutak.png
Convert aginduak askoz aukera gehiago ematen ditu. Aztertu nahi baduzu
terminalean jarri:

man convert

Irudiak openclipart.org web-orritik hartu ditut. Sagarra Chrisek eta madaria Raulek egin du.

2013/11/22

Ubuntun tipografiak kudeatu font-manager bidez

.ttf  TrueType Fonts da letra-moten fitxategi estandarra da. Ubuntun letra motak deskargatzea eta instalatzea hagitz erraza da: web-orri asko dago tipografiaz eta haietan loturak daude letrak deskargatzeko (adibidez eskuzko letra-moten katalogo hau). Gehienetan .zip fitxategi konprimituan deskargatzen dira, klikatu deskonprimitu eta klik bikoitza eginda instalatzeko aukera ematen du.

Behin instalatuta testu-prozesadorean eta gainerako aplikazioetan erabiltzeko aukera izango dugu.
Dena den tipografia gehiegi izateak badu bere eragozpenak: batetik aplikazioak moteltzen omen ditu eta bestetik letra-mota aukeratzeko zerrenda oso luzea denean zailagoa egiten da aukeratzea.
Hori dela eta, tipografiak kudeatzeko aplikazio interesgarri bat badago: font-manager. Instalatzeko terminal batean honako hau itsatsiko dugu:

sudo apt-get install font-manager

Unity baduzu martxan jartzeko dash-ean font-manager idatzi; Gnome klasikoa erabiltzen baduzu aplikazioa abiatzeko egin eskuin-klik menuko Aplikazioak atalean, eta Sistemaren tresnak atalean sortu abiarazle berria:


Aplikazioak aukera ugari eskaintzen baditu ere niretzat interesgarriena erabili behar ez ditudan letra-motak ezgaitzea da:


Ezker-beheko menuan gure letra-bilduma esportatzeko-inportatzeko eta letra-motak desinstalatzeko aukera ere bai. Ezkerreko paneletik kontrola daiteke letrak gaitzeak eta ez-gaitzeak uneko erabiltzaileari (user) edo erabiltzaile guztiei (all) eragin behar dien.



UPV-ek tipografia propioa aurkeztu berri du. Sustaturako egindako mezuan duzu bi letra-mota deskargatzeko aukera eta pdf interesgarri bat horiei buruz.

2013/11/19

Xnoise Linuxen musika erreproduzitzeko


Xnoise Linuxerako musika erreproduzigailu interesgarria da. Bideoak ere erreproduzi badezake ere musikarako da batez ere praktikoa, izan ere behin instalatuta galdetzen digu musika zein karpetan -edo karpetetan- dugun eta oso katalogo intuitiboa antolatzen digu artista eta diskoen arabera antolatua.


Ezaugarri aipagarri batzuk:
  • Artista, diskoa edo abestiaren bilaketa zuhaitz egituran zehar edo bilatzailearen bidez.
  • Erreprodukzio edo pista-zerrenda edita daiteke abestiak nahi eran ordenatuz eta saio batetik bestera mantentzen du baina ezin da fitxategi batean gorde -momentuz-.
  • Ekualizadorea du eta bertan hainbat aurrezarpen.
  • Ubunturen soinu-menuan integra daiteke: Editatu > Hobespenak  > "Ubunturen soinu-menuarekin integrazioa" markatu.
  • Hobespenetako pluginen bidez beste hainbat gauza egin daiteke, besteak beste abestien letrak bilatzea. 
Ubuntun instalatzeko itsatsi hurrenez hurren agindu hauek terminal batean:
sudo add-apt-repository  ppa:shkn/xnoise
sudo apt-get update
sudo apt-get install xnoise

Beste aplikazioak Linuxerako.
Software-bilduma.

2013/11/17

Nola erreproduzitu DVD orijinalak Linuxen


Openclipart.org orritik hartua

DVD komertzial gehienek CCS (Content Scramble System) eskubide digitalak babesteko (DRM) kodetze-sistema dute. Kodetutako diskoak Linuxen erreproduzitu ahal izateko libdvdcss2 liburutegia instalatu behar da. Berau instalatzeko ireki terminala (Aplikazioak > Gehigarriak > Terminala) eta hurrenez hurren agindu hauek itsatsi eta exekutatu:

sudo apt-get update
sudo apt-get install libdvdread4
sudo /usr/share/doc/libdvdread4/install-css.sh

Orain berrabiarazi ekipoa eta prest.