2012/01/05

LibreCAD 1.0.0 eskuragai

 
LibreCAD bi dimentsiotako CAD marrazkiak egiteko aplikazioa da.
Aplikazio hau QCad community edition-ean oinarritzen da baina haien artean zenbait diferentzia daude: LibreCAD-ek Qt4 interfazea erabiltzen du eta QCad-ek Qt3; autogordetze sistema du, DXF fitxategiak hobeto irakurtzen omen ditu eta plataforma nagusietan dabil (Linux, Mac OSX eta Windows).
Dokumentazio propiorik ez du baina QCad-ena erabili daiteke.

Bertsio hau da egonkor kontsidera daitekeen lehenengoa eta badirudi proiektuak aurrerapen handiak egiten ari dela.

Ubuntun instalatzeko software biltegitik egin daiteke baina azken bertsioa eduki nahi baduzu hobe duzu terminaletik horrela instalatzea:
sudo add-apt-repository ppa:librecad-dev/librecad-stable
sudo apt-get update
sudo apt-get install librecad
Beste Linux distribuzioetan, Windows edo Mac OSX-n instalatzeko jo LibreCAD-en web orrira.

Instalatu dut eta itxura ona du. Bigarren Hezkuntzan marrazketa teknikoa lantzeko oso kontuan hartzeko aplikazioa iruditzen zait. Software librekoen artean agian egokiena izan daiteke. Drafsight ere kontuan hartzekoa da, libre izan gabe doakoa da bigarren hau.


Beste software gomendagarria web honetan.

2012/01/01

2012rako Librezaleen egutegia



Lehengoan kalkulu orri batean oinarritutako 2012rako egutegi zuria aurkeztu nuen mezu honetan, gaurkoan ordea aurkezpen batean oinarritutako bat aurkeztuko dut. Gorka Azkaratek sortu du Librezale.org sustatzeko eta lan txukuna egin du alajaina. Hilabete bakoitzean agertzen dira hilaren hainbat izen, aurreko eta ondoko hilabeteen miniaturak, eta sasoiarekin zerikusia duen esaera zahar bat.

Hona  egutegia Slidesharen ikusteko eta pdf formatuan deskargatzeko.
    Egutegia jaisteko Download klikatu behar da:


    Egutegia editatu nahi baduzu hobe duzu odp formatuan jaistea. Irekitzeko LibreOffice edo OpenOffice behar duzu.

    2011/12/25

    Musique musika erreproduktore elegantea




    Beste batzuen aldean -Rythmbox, Amarok, Banshee... - soila da Musique, ez du irratirekin konektatzen, ez du podcastak hartzen... Zure ordenagailuan dagoen musika erreproduzitzen du soilik baina oso interfaze elegante, erraza, arina eta praktikoa du.

    Kontrako aldean erreprodukzio zerrendak ezin dira gorde, musika karpeta bakarra onartzen du eta ez dago euskaraz.

    Linuxen instalatzeko biltegia erantsi eta biltegi zerrenda eguneratu behar da:

    sudo add-apt-repository ppa:nilarimogard/webupd8 && sudo apt-get update

    Eta, ondoren, instalazioa egin:

    sudo apt-get install musique

    Aplikazioa Soinua eta bideoa atalean ageri da. Martxan jartzen duzun aurreneko aldian galdetuko dizu zein karpetan duzun musika. Adierazi ondoren, konexioa baduzu, last.fm-ren datu basera joko du karatula eta irudien bila.
    Hiru kategoria agertzen dira: artistak, albumak eta karpetak. Bilatzeko leiho bat ere baduzu eskuin aldean. Entzun nahi dituzun abestiak eskuin aldeko erreprodukzio zerrendara eraman eta play sakatu.

    Gustukoa ez baduzu desintala dezakezu.
    sudo apt-get remove musique 
    sudo ppa-purge ppa:nilarimogard/webupd8

    2011/12/17

    Atzo Scratch Txopirekin


    Atzo Donostian ospatu ziren Slun11 jardunaldietan Pablo Garaizarrek Scratch tailerra eman zuen, ondo eman ere.

    Byzanz bidez egindako atzipena

    Scratch inguru multimedia batean programatzeko aplikazioa da. Ume eta gaztetxoentzat pentsatuta dago baina helduak jolasteko -eta programazioa ikasteko- primerakoa da. Lengoaiez programatu beharrean puzzle moduan estekatzen diren fitxen bidez programatzen da. Hainbat fitxa mota dago: mugimendu, itxura, soinua, arkatza, kontrola, sentsoreak, eragiketak eta aldagaiak. 

    Goiko arrainaren gidoia


    Eszenak eta jolasak programa daitezke, bai eta tramankuluak mugitu Lego Wedo, Arduino edo PicoBoarden bidez.

    Scratch Linux, Mac eta Windowsen dabil. Instalatzeko bere web orrira joan behar da, aplikazioa jaitsi eta instalatu. Bertan informazio gehiago eta bideo-tutorialak topa ditzakegu.

    2011/12/16

    Gaur Blender WiliRoarekin

    Gaur Donostian ospatu diren Slun11 -Software librea unibertsitatean- jardunaldietan Guillermo Roak... esatera nihoan Blender irakatsi digula baina, tira, ordu t'erdian Blenderren burua sartzen irakatsi digu. Gaurko saiorako animazio eder bat prestatu du non Blenderren hainbat funtzionalitate ikusten den.


    Blender - SLUN11 from WillyRoa on Vimeo.

    Bideo hau eta Blenderrez egindako irudi eta animazio gehiago Willy Roaren blogean: bad3di.blogspot.com

    2011/12/14

    Linux: Out of Range pantaila

    Linux duten ekipoen abioa Grub pantailarekin hasten da -instalatutako sistemen artean aukeratzeko erabiltzen dena-; bada zenbait ekipotan Grub pantaila ez da ikusten, haren ordez pantaila beltza agertzen da honako errore mezuarekin: Out of Range. Behin Linuxen sartzen denean arazoa desagertzen da baina arazoa da Grub ikusten ez badugu ezin dugula beste sisteman edo aukerak baliatu.

    Kontua da, nik ezagutu ditudan kasuetan bederen, delako Grub pantaila hori 600x480 pixelen bereizmena duela eta hainbat txartel grafikok ezin dute pantaila handietan bereizmen hori erakutsi. Hortik errore mezua.

    Egoera horretan bazaude hona nola konpon daiteken:

    Lehenik eta behin Grub Customizer instalatuko dugu, terminalean hiru agindu hauek itsatsiz eta exekutatuz:

    sudo add-apt-repository ppa:danielrichter2007/grub-customizer
    sudo apt-get update
    sudo apt-get install grub-customizer

    Programa abiaraziko dugu Sistema > Administrazioa > Grub Customizer.
    Hirugarren fitxan, alegia Itxuraren ezarpenak izenekoan bereizmen pertsonalizatua erabiliko dugu eta 640x480 ren ordez bereizmen altuago bat jarriko dugu hala nola 800x600 edo 1024x780.



    Gorde. Aplikazioa itxi. Berrabiarazi. Eta egizu irribarre.