2012/01/01

2012rako Librezaleen egutegia



Lehengoan kalkulu orri batean oinarritutako 2012rako egutegi zuria aurkeztu nuen mezu honetan, gaurkoan ordea aurkezpen batean oinarritutako bat aurkeztuko dut. Gorka Azkaratek sortu du Librezale.org sustatzeko eta lan txukuna egin du alajaina. Hilabete bakoitzean agertzen dira hilaren hainbat izen, aurreko eta ondoko hilabeteen miniaturak, eta sasoiarekin zerikusia duen esaera zahar bat.

Hona  egutegia Slidesharen ikusteko eta pdf formatuan deskargatzeko.
    Egutegia jaisteko Download klikatu behar da:


    Egutegia editatu nahi baduzu hobe duzu odp formatuan jaistea. Irekitzeko LibreOffice edo OpenOffice behar duzu.

    2011/12/25

    Musique musika erreproduktore elegantea




    Beste batzuen aldean -Rythmbox, Amarok, Banshee... - soila da Musique, ez du irratirekin konektatzen, ez du podcastak hartzen... Zure ordenagailuan dagoen musika erreproduzitzen du soilik baina oso interfaze elegante, erraza, arina eta praktikoa du.

    Kontrako aldean erreprodukzio zerrendak ezin dira gorde, musika karpeta bakarra onartzen du eta ez dago euskaraz.

    Linuxen instalatzeko biltegia erantsi eta biltegi zerrenda eguneratu behar da:

    sudo add-apt-repository ppa:nilarimogard/webupd8 && sudo apt-get update

    Eta, ondoren, instalazioa egin:

    sudo apt-get install musique

    Aplikazioa Soinua eta bideoa atalean ageri da. Martxan jartzen duzun aurreneko aldian galdetuko dizu zein karpetan duzun musika. Adierazi ondoren, konexioa baduzu, last.fm-ren datu basera joko du karatula eta irudien bila.
    Hiru kategoria agertzen dira: artistak, albumak eta karpetak. Bilatzeko leiho bat ere baduzu eskuin aldean. Entzun nahi dituzun abestiak eskuin aldeko erreprodukzio zerrendara eraman eta play sakatu.

    Gustukoa ez baduzu desintala dezakezu.
    sudo apt-get remove musique 
    sudo ppa-purge ppa:nilarimogard/webupd8

    2011/12/17

    Atzo Scratch Txopirekin


    Atzo Donostian ospatu ziren Slun11 jardunaldietan Pablo Garaizarrek Scratch tailerra eman zuen, ondo eman ere.

    Byzanz bidez egindako atzipena

    Scratch inguru multimedia batean programatzeko aplikazioa da. Ume eta gaztetxoentzat pentsatuta dago baina helduak jolasteko -eta programazioa ikasteko- primerakoa da. Lengoaiez programatu beharrean puzzle moduan estekatzen diren fitxen bidez programatzen da. Hainbat fitxa mota dago: mugimendu, itxura, soinua, arkatza, kontrola, sentsoreak, eragiketak eta aldagaiak. 

    Goiko arrainaren gidoia


    Eszenak eta jolasak programa daitezke, bai eta tramankuluak mugitu Lego Wedo, Arduino edo PicoBoarden bidez.

    Scratch Linux, Mac eta Windowsen dabil. Instalatzeko bere web orrira joan behar da, aplikazioa jaitsi eta instalatu. Bertan informazio gehiago eta bideo-tutorialak topa ditzakegu.

    2011/12/16

    Gaur Blender WiliRoarekin

    Gaur Donostian ospatu diren Slun11 -Software librea unibertsitatean- jardunaldietan Guillermo Roak... esatera nihoan Blender irakatsi digula baina, tira, ordu t'erdian Blenderren burua sartzen irakatsi digu. Gaurko saiorako animazio eder bat prestatu du non Blenderren hainbat funtzionalitate ikusten den.


    Blender - SLUN11 from WillyRoa on Vimeo.

    Bideo hau eta Blenderrez egindako irudi eta animazio gehiago Willy Roaren blogean: bad3di.blogspot.com

    2011/12/14

    Linux: Out of Range pantaila

    Linux duten ekipoen abioa Grub pantailarekin hasten da -instalatutako sistemen artean aukeratzeko erabiltzen dena-; bada zenbait ekipotan Grub pantaila ez da ikusten, haren ordez pantaila beltza agertzen da honako errore mezuarekin: Out of Range. Behin Linuxen sartzen denean arazoa desagertzen da baina arazoa da Grub ikusten ez badugu ezin dugula beste sisteman edo aukerak baliatu.

    Kontua da, nik ezagutu ditudan kasuetan bederen, delako Grub pantaila hori 600x480 pixelen bereizmena duela eta hainbat txartel grafikok ezin dute pantaila handietan bereizmen hori erakutsi. Hortik errore mezua.

    Egoera horretan bazaude hona nola konpon daiteken:

    Lehenik eta behin Grub Customizer instalatuko dugu, terminalean hiru agindu hauek itsatsiz eta exekutatuz:

    sudo add-apt-repository ppa:danielrichter2007/grub-customizer
    sudo apt-get update
    sudo apt-get install grub-customizer

    Programa abiaraziko dugu Sistema > Administrazioa > Grub Customizer.
    Hirugarren fitxan, alegia Itxuraren ezarpenak izenekoan bereizmen pertsonalizatua erabiliko dugu eta 640x480 ren ordez bereizmen altuago bat jarriko dugu hala nola 800x600 edo 1024x780.



    Gorde. Aplikazioa itxi. Berrabiarazi. Eta egizu irribarre.

    2011/12/10

    2012 egutegia

    2011 azkenetan dago eta 2012an pentsatzen hasi behar dugu.
    Hemen duzu 2012ko egutegi zuria kalkulu orria formatuan. Egutegi hau egokia da, besteak beste, inprimatu eta oharrak idazteko; inprimatu aurretik jaiak, urtebetetzeak eta egun bereziak marka ditzakezu.


    Lehenengo orrian urte osoko ikuspegia dago:


    eta azpian agertzen diren fitxetan urteko 12 hilabeteak:


    Fitxategia ods formatuan dago. Irekitzeko LibreOffice edo OpenOffice behar duzu.