2011/11/29

Gnome 2.x eta KDE mahaigaineko gogokoenak

MuyLinux-ek egindako inkestaren emaitza
MuyLinux blogak egindako inkesta baten berri eman du. 2500 irakurlek erantzun diote "zein da zure Linux mahaigaineko gogokoena?" galderari eta emaitzek argi eta garbi hitz egiten dute Gnome 2.x eta KDE mahaiganekoen alde eta nabarmena da Unity-ren emaitza kaskarra. Ubuntu kudeatzen duen Canonical enpresari oso denbora gutxi geratzen zaio erabiltzaileen eskaerei erantzuteko LTS izango den hurrengo bertsioan.
Blog horretan bertan distroen artean Ubunturen arraskasta jaisten ari dela kontatu digute pasa den astean.

2011/11/23

Frantziako gobernuak beste pausu bat eman du sofware librea administrazioan sartzen



Frantziako gobernuak administrazioak erabiliko duen software librearen mantenuaz arduratzeko  esleipen publikoa argiratu du. Kontratuak hiru urteko iraupena izango du eta bi miloi euro inguruko diru kopurua suposatzen du.
Kontratuak 22 ministerio eta erakundetan aplikatuko da eta barnean hartzen du Linuxen distribuzioak (Debian eta CentOS), bulego-aplikazioak (OpenOffice) eta eta abar, denetara hamar arloko softwarea.

Ez da Frantziako gobernuak ematen duen lehenengo urratsa norabide horretan,  2004an 1500 zerbitzari migratu baitzituen Windows-etik Linux Mandrakera, Gendarmeriak 1912rako 70.000 ekipo Linuxen izango ditu eta Asanblea Nazionalean ere 1200 lanpostu Ubuntun ari dira.


Iturria: LeMondeInformatique

2011/11/15

Google Reader-en espazioa nola kudeatu

Google Reader espazio zuriak txikituta eta titulua-barra kendu ondoren


Duela aste batzuk Google-k Greader-en itxura berritu zuen. Greader edo Google Reader RSS, jario edo harpidetzak irakurtzeko web orria da. Aldaketa horretan espazio zuriak handiek pantaila jaten dute, batez ere notbook eta tabletetan. Ikus dezagun nola konpondu arazo hori Firefoxen:

Google Reader Absolutely Customizable script-a bat instalatu behar da. Delako script-a instalatu ahal izateko aldez aurretik GreaseMonkey gehigarria instalatu behar dugu. Firefox berrabiaraziko dugu. Ondoren aipatu script-aren orrira joan eta install botoia klikatuko dugu. Berriro ere berrabiaraziko dugu Firefox eta GReader-en espazio zuriak dagoeneko ez dira ageriko.
Informazio area maximizatzeko ezkerreko zutabean Subscription-en eskuinean dagoen ikonoa klikatuko dugu eta zerrendaren bukaerako Customize-n klikatuko dugu. Ageriko zaigun leihoan hainbat atal ezkutatzeko aukera ematen du eta gu Logo eand Search bar markatuko dugu. Nik bide batez ezkerreko albo panela pixka bat zabaltzeko probestu dut -175-etik 200 pixelera-.



Horrekin askoz toki gehiago izango dugu informazioa irakurtzeko. Aipatutako scripta Chrmoium-Chromen ere funtzionatzen omen du -zuzenean, Grease Monkey gabe-.

EGUNERATZEA 2011/11/21ean
Gaur jakin dut Google-k jarri berri duela aukera espazio zuriak txikitzeko Google Reader-en ezarpenetan. Horretarako GReader-en ezkerraldeko goiko partean agertzen den gurpil horzdunean klik eginez sartuko gara ezarpenetan eta bertan Confortable modutik Compact modura pasako gara. Dena den logoa eta bilaketa barra kentzeko eta alboko panelaren zabalera kontrolatzeko segitu behar dugu egiten goiko mezuan azaltzen den moduan.

2011/11/14

Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak


Ikasmaterialetako hizkuntzaren egokitasun-irizpideak finkatzeko Aholku Batzordearen eskutik eta EIMA programaren barruan Jose Ramon Etxebarria koordinatu duen taldeak Zientzia eta Teknika alorretako "unibertsitatera iritsi arteko irakaskuntzako testugintzan ageri diren zenbait arazo espezifikori buruzko aholku-gomendioak biltzen dituen liburua argitaratu du Eusko Jaurlaritzak.

Gomendio hauek irakasleentzat ez ezik alor hauen inguruan idazten edo lan egiten duen ororentzat dira interesgarri. Batetik atal orokorrak jorratzen ditu, hala nola sinboloak, zenbakiak eta laburdurak, eta beste aldetik zenbait alor zehatzen arazoak: fisika, matematika, kimika, biologia eta informatika.

Kontsulta liburua da dudarik gabe baina erraz asko eman daiteke aren gaineko begirada orokorra. Paperezko liburua salgai dago eta  pdf formatuan hemendik jaitsi daiteke.

Informatikari dagokionean gomendioen artean bik nabarmenduko ditut -betetzen ez nituelako jakina-. Lehenengoa neurrien gainekoa: kilo edo mila adierazten duen k hain zuzen minuskulaz idazten dela, kb, kB -kilobit eta kilobyte- eta haren gainekoak -mega, giga, tera eta abar- maiuskulaz. Bigarrena ingelesen antzera ahoskatzen ohi dugun hainbat izenen gainekoa, hala nola Google eta Apple; izan ere "l"-z ahoskatzeko ohitura dugu baina idazterakoan irizpide fonetikoaren ordez ortotipografikoa aplikatu behar  da eta deklinatzean Google-k, Google-ren, Apple-k, Apple-rentzat... idatzi behar da.
Esamoldeen aldetik neurtu aditzaren erabilerari gomendioak nabarmenduko nituzke: "Leirek irudia neurtu du eta 800 pixel zabal da "tankerakoak egokiak dira eta ez "irudiak 800 pixel neurtzen ditu" modukoak.

Eskerrik asko parte hartu duten guztiei, batez ere, nabaritzen ez den arren, irakasle izan ditudan Jose Ramon Etxebarria eta Juankar Hernandez-i.

2011/11/13

Linux: bidali dokumentua LibreOffice-tik

Errore mezua bidaltzen saiatzean
LibreOffice-k (eta OpenOffice-k) tresna barran dokumentua zuzenean bidaltzeko aukera ematen duen botoia dute -goiko irudian markatua- baina konfiguratu gabe eta horregatik goiko irudiko mezua agertzen ohi da.

Botoi hori klikatzean posta bezeroa ireki behar da eta berau konfiguratzeko honela egiten ahal dugu: Tresnak > Aukerak > Internet > Posta elektronikoa eta agertzen den leihoan idatziko dugu:  /usr/bin/thunderbird -edo Evolution edo erabiltzen duzun posta bezeroa-.


2011/11/07

Mint Gnome Shell Extension

Ubuntuk saltsa ederra dauka interfazeekin. Azken bertsioan (11.10 Oneiric Ocelot) lau interfaze eskaintzen ditu eta, nire ustez, bakar batek ere ez du ematen 11.04ren Ubuntu Clasic interfazearen maila. Nire aholkua, beraz, argia da: zalantzan bazaude gera zaitez 11.04 bertsioan.

Honezkero bertsio berritzea egin baduzu eta aukerak probatu nahi badituzu Gnome Shell eta  Ubuntu klasikoaren bertsio deskafeinatu bat instala ditzakezu horrela:

sudo apt-get install gnome-shell

Interfaze berriak erabiltzeko amaitu saioa eta erabiltzailearen kutxako gurpiltxoan klikatu:


Zerrenda horretan GNOME Gnome Shell da eta GNOME Classic aurreko bertsioaren Ubuntu klasikoaren imitazio txar bat.


Gnome Shell ibiltzeko azelerazio grafikoa behar du eta Classic azelerazio grafikorik gabeko alternatiba moduan eskaintzen du. Edonola ere badirudi Gnomek lortu duela Gnome Shell azelerazio grafikorik ibiltzea eta litekeena da Ubunturen hurrengo bertsioak klasikoa ez erabiltzea.

Linux Mint Ubuntun oinarritutako distribuzioak Unity eta Shell interfazeekin gustura ez eta Gnome2ko interfaze klasikoaren alde egiten du. Horretarako bi lineatan lan egiten ari da: batetik Gnome2ko fork-a den Mate proiektua bultzatzen du eta bestetik Gnome3ko Shell interfazeari Gnome2ko itxura eta prestazioak emateko gehigarriak prestatzen ari da: Mint Gnome Shell Extension. Bigarren linea horretan aurrerapausoak egin ditu eta dagoeneko probatu daitezke horietako gehigarri batzuk Shell interfazean. Horien bidez lor daiteke:
  • Beheko panela aktiboak dauden atazen adierazleekin.
  • Aplikazioen menu klasikoa.
  • Lekuak, hau da gogoko karpetak agerian. Azken bi hauek eskuineko txokoko Menu-an.

Hona irudi adierazgarri bat:


Zehaztasun gehiago nahi baduzu egin klik irudia zabaltzeko.
Irudian ikus daiteke beheko panela -bi ataza irekita dituela- eta txokoan dagoen Menu klikatuta ageri dira abiarazle-multzo edo dock-a, aplikazio taldeak eta beheko Places botoian klikatuta agertuko litzateke karpeta nagusiak.

Probatu nahi baduzu Gnome Shell-erako gehigarri multzo hau batetik instalatu behar dituzu terminalean ondoko aginduak exekutatuz:
sudo add-apt-repository ppa:webupd8team/gnome3
sudo apt-get update
sudo apt-get install mgse-bottompanel mgse-menu mgse-windowlist
Bestetik abiatu behar duzu gehigarri edo extension hauek: abiatu Advanced Settings aplikazioa eta Shell extensions atalean aktiba itzazu instalatutako hiru gehigarriak (Botton panel, Menu eta Windows list):


Bukatzeko aldaketa hauek aktibatzeko saioa berrabiarazi behar duzu.