Geolokalizazioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Geolokalizazioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016/10/02

Librezaleen urriko proiektua: Osmand Phrases

Librezale elkartean ekimen berria jaio da: hilabeteko proiektua.
Elkartearen helburu nagusia software euskaratzea eta euskarazko softwarearen erabilera bultzatzea, batez ere software librea (edo esan beharko nuke software librea bultzatzea, batez ere euskaraz?). Berdin du.
Partaideak aktibatzeko eta partaide berriak erakartzeko ekimen honen bidez hilabetero proiektu bat proposatuko da proiektu honi bultzada bat emateko.



Urriko proiektua Osmand Phrases da. Osmand mugikor eta tabletetan Open Street Maps-en oinarritutako informazioa eta nabigazioa eskaintzen duen aplikazioa euskaraz dago baina haren parte den Phrases atalean oraindik euskaratzeko lan mardula dago.

Parte hartzea erraza da. Informazio gehiago nahi baduzu mezu honetan dago, bai eta parte hartzeko modua eta aholkuak.

2016/04/11

Nola esportatu arrasto, bide-puntu edo ibilbide bat Vinking aplikazioan

Viking GPS arrastoak, bide-puntuak edo ibilbideak ikuskatu, sortzeko eta editatzeko aplikazioa da, Linuxerako eta Windowserako bertsioak dituena, euskaraz.

Viking aplikazioak datuetarako formatu propioa du, vik formatua, baina formatu hori ez ohi dute onartzen GPS gailuek eta mota horretako aplikazioek. Hori dela eta garrantzitsua da jakitea nola esportatu Viking aplikazioan dugun datuak beste formatu batera.

Ibilbidea esportatzeko ezkerreko panelean ibilbidearen geruzan (ez arrastoan) eskuin klik egin > esportatu geruza eta bertan, besteak beste estandar den gpx eta Google Earthek erabiltzen duen kml esportatzeko aukera dugu. Bertan agertzen ez den formatu batera esportatzeko esportatu GpsBabel bidez hautatu eta karpeten azpiko Hautatu fitxategi-formatua klikatu eta bertan Compiz, Magellan, Ozi eta beste formatu mordo bat edukiko duzu aukeran.

Arrastoak, bide-puntuak eta ibilbideak esportatzeko prozedura

Viking dokumentazioa euskaraz.
Viking Linuxen instalatu.
Viking Windowseen instalatu.

2015/07/28

Google Earth-en denbora lerroa

Google Earth-ek hegazkinetik eta satelitetik hartutako argazkiz osatzen du kartografia eta tarteka irudiak eguneratzen ditu.

Aplikazioan sartzen garenean zonaldeko dituen irudirik berrienak eskaintzen dizkigu baina baita ere irudi zaharrak ikusteko aukera. Irudi horiek ikusteko pantailaren ezkerreko beheko partean ikur baten ondoan agertzen da zona horretako argazki zaharrenaren urtea...


... eta bertan klik eginda goiko aldean agertzen den denbora lerroa erabiltzen ahal dugu zona bera garai desberdinetan ikusteko. Denbora lerro horretan marratxo bertikalez markatuta daude irudien berritzea eta lerro horretatik nabigatzen ikusten ahal dugu zonalde horrek izan duen bilakaera.


Ikus dezagun adibide bat: Oiartzungo Gurutze  auzoko Arkale harkaitzetan dagoen Beloagako gaztelua. Azkeneko bost urtean -gehien bat Nafarroako 1512ko konkistaren bostehungarren urteurrenerako- Josemari Iturrioz eta Beloaga bizirik taldeko beste kideek gazteluaren hondakinen gaineko zuhaitzak kendu eta sasiak garbitu eta horma zaharren oinarria berregiten ari dira.

Google Earth-ek aukera ematen digu ikusteko harkaitza begetazioz estalita eta 2012 eta 2015eko egoera hainbat garbiketa eta berreraikuntza lan eginak.



Hona hemen gaztelua eta proiektuaren gaineko informazioa:
Gazteluaren informazioa: https://sites.google.com/site/beloagagaztelua/
Proiektuaren informazioa: http://www.oiartzuarrak.org/Beloagabizirik

Paseo erraza bada ere oraindik ez dago seinaleztatua, beraz, hemen dago paseoaren ibilbidea gpx formatuan.
Gpx fitxategia GPSean kargatzen ahal duzu edo smartphonean Orux Maps edo Wikiloc app-rekin erabiltzeko. Ordenagailuan ikusteko Viking edo antzeko aplikazioa erabiltzen ahal duzu.

2015/07/22

Nola deskargatu OpenStreetMap-eko mapak Orux Maps-en erabiltzeko

Mezu honetan deskribatuko dut nola deskargatu etxean OpenStreetMap-en mapa bat smartphonaren Orux Maps aplikaziora ondoren konexiorik gabe, offline alegia, erabili ahal izateko.

1. Interesatzen zaigun ibilbidea kargatuko dugu aplikaziora (lehendik Wikiloc-etik edo deskargatuta).



2. Wifira konektatuta kargatuko dugu OpenStreetMap Cyclemap online. Horretarako menu nagusi gorrian hautatuko dugu Mapak > ONLINE > World karpeta > OpenStreetMap Cyclemap. Ciclemap mendian zehaztasun handiena ematen duen OSMren bertsioa (sestra-marrak). Hiriko ibilbide bat egin nahi badugu OpenStreetMap Mapnik hautatuko dugu.


3. Mapa pixkanaka kargatuko da. Ondo kargatzeko zoom egingo dugu egokien deritzogun eskaletan (mendian ibiltzeko, nire ustez, 15 eta 16) eta eskala horietan ibilbide osoa ikuskatuko dugu (eskala horietako irudi guztiak internetetik deskarga daitezen). Eskala zoomaren beheko laukizuzen beltzean ikusten da, zoomaren proportzioaren eskuinean zenbaki txikiz. Eskala horietan bietan mapa ondo kargatu denean, ez lehenago, pasako dugu Orux Mapsen datu basera orain behin behineko memorian dagoen mapa; horretarako menu nagusian Mapak > Creador mapa.


Mapan zehaztuko dugu interesatzen zaigun mapa zatia markatzen ezkerreko goiko ertza eta eskuineko beheko ertza. Ondoren zehaztuko diogu zein eskalatako irudiak deskargatu nahi dugun; gure kasuan 15 eta 16 eta izen bat emango diogu mapari eta esango diogu deskargatzeko.













4. Bukatzeko. Mapa hori erabili ahal izateko menu nagusian egingo dugu Mapak > Abrir mapa > OFFLINE eta adibide honetako zumaia-deba-15-16 aukeratu eta kito. Prest mendian erabiltzeko datu konexiorik gabe.


Bideo honetan ikus dezakezu prozesua Orux Maps-en beste bertsio batean.


Bigarren metodo bat: map formatuko mapak esportatzea Openstreetmaps-etik.

Bigarren metodo hau erabili daiteke mugikorrean edo ordenagailuan. Horretarako joan OpenStreetMaps-en web orrira, lokalizatu interesatzen zaizun area eta goiko ezkerraldeko menuan klika Esportatu:

Pantailako area osoa proposatzen du baina zehaztu daiteke area eskuz. Esportatzeko agindua emana errorea ematen badu klika Overpass API eta segundo gutxi batzuetan mapa prest edukiko duzu deskargatzeko.

Ondoren mugikorra konektatu ordenagailuarekin (onartu mugikorrean bertan) eta kopiatu deskargatu duzun mapa OruxMaps aplikazioaren mapen karpetara.

2015/02/22

Nondik nora OpenStreetMap.org orrian

Poliki baina gelditu gabe doa aurrera openstreetmap.org webgunea, mapen Wikipedia. Oraingoan bi puntuen arteko bidea bilatzeko aukera jarri dute.


Hasierako puntua eta helmuga herri-izen edo helbideez zehatz daiteke, bai eta txintxeta berdea eta gorria herrestan eraman eta nahi ditugun tokietan lagata.
Bizikletaz, oinez zein autoz joateko aukera dugu.

Biderik laburrena topatuko du eta ezkerrean distantzia, denbora eta bidean hartu beharreko erabakien berri ematen du.

Ez da Maps-en mailara iristen baina dena iritsiko da.

2014/10/06

Munduko herrialdeen grafikoak Google Drive-en bidez

Google Drive-ren kalkulu orriak badu munduko herrialdeak eta kontinenteak erakusten duen grafiko mota bat eta oso interesgarria da herrialdeak eta euren datuak era grafiko batez ikusteko.

Ikus dezagun nola egiten diren grafikook eta, bide batez, lanabesak eskaintzen duen hainbat aukera:

1- Erakutsi herrialde baten kokapena munduan edo bere kontinentean.


GDrive-n kalkulu orri berri bat sortu, eta idatzi erakutsi nahi duzun herrialdearen izena ingelesez.
Egin Txertatu > Diagrama eta hautatu munduko maparen irudia duen geodiagrama.
Berak erakusten du herrialdea munduko mapan, zuk alda dezakezu kontinentera eta kolorea ere hauta dezakezu.



Emaitza horrelako zerbait izango da:

Baten beharrean herrialde batzuk erakutsi nahi badugu prozedura bera erabiliko dugu baina herrialdeak zerrenda batean jarrita.


2- Hainbat herrialde erakutsi eta bi edo hiru koloretan.

Herrialdeen zerrendaren eskuinean 1,2 edo 3 idatziko dugu zenbaki bera jarrita kolore bera erakutsi behar duten herrialdeetan.
Lehen bezala Txertatu > Diagrama > Esleitu > Munduko mapa

3
eta ondoren, Pertsonalizatu izeneko fitxan, zehaztu zein mapa eta 1,2 eta 3 kategorien koloreak.


Ariketa hauek egiteko lagungarria izan daiteke munduko herrialdeak euskaraz eta ingelesez duen fitxategia.


3- Sailkatu herrialdeak aldagai baten balioen arabera.

Mundu mailako aldagai edo indikadore datu base interesgarri bat du Munduko Bankua bere web-orrian (http://data.worldbank.org/indicator). Bertan, besteak beste nekazaritza, biztanleria, klima aldaketaren faktoreak, ekonomia, hezkuntza, energia, ingurugiroa, finantzak, osasuna, azpiegiturak, gizarte garapena eta lanari buruzko datuak daude.


Eskaintzen duen taula kopiatu (Ctrl+C), Google Drive ireki, sortu kalkulu orri bat, datuak itsatsi, soberan dauden zutabeak eta daturik ez duten errenkadak ezabatu eta txertatu > diagrama > diagramak > esleitu > geo-diagrama. Behin mapa sortzen duenean eskalaren koloreak aukeratzen ahal dugu.




Behin grafiko edo diagrama sortu ondoren kalkulu orrian txertatu egingo dugu, handia ikusteko grafikoaren eskuineko kontrolean Eraman nire orrira klikatuko dugu eta grafiko kalkulu orri oso bat hartuko dugu. Une honetan pantaila kaptura egingo dugu irudi formatura esportatzeko.



Kaptura egiteko HotShots edo editatzeko aukera duen beste edozein kapturatzailea erabiltzen badugu aukera izango dugu irudiaren gainean errotulazioak egiteko: izenak, geziak, urratsak...



Oharrak:
  • Mapa honetan estaturik ez duten hainbat herrialde agertzen badira ere (Hong Kong, Macau, Gibraltar...) beste batzuk oraindik ez, besteak beste Euskal Herria eta Katalunia.

2013/12/15

Viking 1.5 euskaraz


Viking Linux, Windows eta Mac OS X sistemarako GPS datuak ikusi eta editatzeko mahaigaineko aplikazio librea. Interesgarria OpenStreetMaps.org eta OpenCycleMap.org mapak erabiltzen dituelako. Arrastoak, ibilbideak eta bide-puntuak inportatu, editatu eta esportatu egiten ditu.

Nola funtzionatzen duen ikasi nahi baduzu tutorial ireki bat duzu hemen: https://sites.google.com/view/viking-euskaraz/

1.5 bertsio berrian euskara hizkuntza sartu dute.

Viking Windows-en instalatzeko http://sourceforge.net/projects/viking/ orritik deskarga dezakezu. Debian, Ubuntu eta deribatuetan terminala ireki (Ctrl+Alt+t) eta hurrengo agindua itsatsi eta exekutatu:

sudo apt-get install viking

2013/06/06

OpenStreetMaps geruzak estreinatu ditu

OpenStreetMaps mapa irekia da, wiki moduan erakundeek eta jendeak datuak sartu eta osatu ditzakete: bideak, eraikinak, mendiak... Bestetik lizentzia librea duenez jendeak, erakundeek, enpresek, aplikazioek erabil dezakete bere jardunean.

Biltzen dituen datuak erritmo handian handitzen ari dira eta zenbait kasutan Bing Maps eta Google Maps baino informazio osoagoa eta eguneratuagoa ematen du.

Interfazea ez du sobera erakargarria baina orain horretan ere egin du aurrera: ezker
aldean geruzak kontrolatzeko aukera ematen duen ikonoa sartu dute:


Ikus dezagun Irungo mapa zati batean hiru dira aukera nagusiak: 

Estandarra edo kale-mapa arrunta

Bizikletakoa, txirrindulari eta mendizaleentzat egokia. Irungo bide-gorriak nabarmentzen dira eta mendian sestra-marrak eta zehaztasun handiagoa.

Garraioetakoa, bertan besteak beste trenbidek eta lineako busen ibilbideak nabarmentzen dira.


Proba ezazu: http://www.openstreetmap.org

2013/01/26

Peakfinder: 360ºko panoramikak tontorretik

Larrundik Aiako Harria eta Donostialdea.

Mendizale taldea tontorrera iritsi eta segituan hasten dira komeriak: zein da horko tontor hori? Hau dela, bestea dela. Eztabaida horiek orain laburragoak izango dira. Smartphonea atera eta PeakFinder.org webguneari bisita eginda segituan argituko dira zalantzak eta apustuak.

Begiralekua kokatzeko mapa, mendiaren izena edo koordenatuak erabiltzen ahal ditugu.

Maparen bidezko kokapena

Ipar Amerika eta Europa dira zerbitzu honek eskaintzen dituen zonak.

Europako datuak hemendik eskuratzen ditu:  panoramikak View Finder Panoramas eta NASAren Jet Propulsion Laborator-etik. Mendien izenak Openstreetmaps proiektu libretik.

Lehen mendira joateko bokata eta kantinplora ziren ezinbestekoak, gaur egun smartphonea.


2013/01/06

Bide bat Google Maps-etik Earth-era eta GPS-ra

Google Maps ez da oso tresna egokia menditik ibiltzeko baina mendiko bizikletarako errepide eta pistak erabili daitezke. Ikus dezagun urratsez urrats nola sortu bide bat Maps-en, nola gorde bide hori .KML formatuan eta nola pasa Earth-era perfila ikusteko eta GPSra.

Has gaitezen Google Maps-ekin.

Demagun joan nahi dugula Oiartzungo Gurutze auzotik Aiako Harriaren ondoan dagoen Urdaburu mendira. Google izenaren azpian dagoen Get directions item-ean sakatuko dugu.



Bidearen abiapuntuan klik egin eta Directions from here sakatuko dugu.


Bidearen helmuga lokalizatu, eskuin klik egin eta Directions to here  sakatuko dugu.


Ondoren bidea bilatzeko eskatuko diogu abiapuntu eta helmuga azpiko Get directions urdinean sakatuta.

Bidea zehazteko hainbat aukera dugu: bidea egiteko modua -autoz, garraio publikoz, oinez, bizikletaz-; eta zehaztea dugu bitarteko hainbat puntu, azpiko bideoan ikus daitekeenez.


Behin bidez zehaztuta berau gordeko dugu.

Horretarako ezkerreko panelean bidearen zehaztasunen azpian letra urdinez agertzen den Save to My Maps klikatuko dugu. Izen aukeretan Create a new map... hautatu eta Save klikatuko dugu.





Une honetan ezker panela guztiz aldatzen da eta besteak beste KML aurera agertzen da. Sakatu eta bidea .KML formatuan eta izen egoki batez gordeko dugu.


Google Earth irekiko dugu eta File > Open egin eta gordetako kml fitxategia hautatuko  dugu. Automatiko bidea kargatuko da eta zoom egingo du bidera urbilduta. Bidearen gainean eskuin klik egin eta Show Elevation Profile klikatzen badugu bidearen profila ikusi ahal izango dugu.


Eskuin aldeko goiko iparorratzarekin jolastuz  3D ikuspegi egokiena lor dezakegu.


Bukatzeko gorde dugun .KML formatudun fitxategia GPSean erabili nahi badugu eta gure gailuak KML formatua onartzen ez badu formatu bihurtzaile bat erabili beharko dugu: Linux sisteman GPSBabel aplikazioa oso ondo dabil, bestela bere online bertsioa erabil dezakegu.

Bidea edo track editatu nahi badugu Google Maps-en bertan egin daiteke edo Linux-en Viking aplikazioa erabil dezakegu behin fitxategia GPX formatura bihurtuta eta OpenCycleMaps mapa libreak kargatuta.