2015/10/26

Nola aktibatu Xuxen zuzentzaile ortografikoa Firefoxen


Firefoxen euskarazko zuzentzaile ortografikoa erabiltzeko Xuxen gehigarria instalatu behar dugu. Horretarako gehigarrien web orrian sartu, 'Gehitu Firefoxera' klikatu eta instalazioa bukatzen duenean Firefox itxi eta ireki.


Baina hori ez da nahikoa izango. Testu kutxa batean idazten dugunean euskarazko testua markatuko digu ongi idatzita egon arren zeren eta berak uste du testua gazteleraz dagoela. Beraz, adierazi behar diogu testua euskaraz dagoela. Hori era desberdinetara egiten da web orriaren arabera:


Webmail erako posta mezuetan:

Idaztean gorriz azpimarratutako edozein hitzaren gainean Eskuin klik egin > hizkuntzak > Euskara. Hortik aurrera soilik ulertzen ez dituen hitzak azpimarratuko ditu zuzentzaileak eta hitza zuzentzeko haren gainean Eskuin klik egin eta idazkera zuzena hautatuko dugu zerrendatik. Behin hori eginda ekipo honetan eta webmail honetan gogoratuko du gure hizkuntza aukera.



Moodlen:

Moodleren testu kutxetan gauza bera gertatuko zaigu, hitz guztiak gorriz azpimarratuak agertzen dira. Moodlen, ordea, gorriz azpimarratutako edozein hitzaren gainean Ctrl+Eskuin klik egingo dugu > Hizkuntzak > Euskara. Era berean zuzenketak egiteko ulertzen ez duen hitzaren gainean Ctrl+Eskuin klik egin beharko dugu idazkera zuzena hautatzeko. Aurreko kasuan bezala behin hizkuntza aldatuta Moodlek gogoratuko du.


2015/10/03

Foxit Reader bertsio berria Linuxerako


PDF fitxategiak editatzeko aukera ematen duen Foxit Reader aplikazioak 2009tik ez zuen bertsio berririk Linuxerako eta atera duena ez du funtzionalitate aurreraturik baina oinarrizkoak baditu eta oso interfaze sinple eta interesgarrian.

Foxit Reader-en interfazea


Funtzionalitateak:
Edizioa
  • Nabarmentzeko  tresna (fosforitoa) testua aukeratzeko tresnekin (klik bikoitza eta hirukoitza, Ctrl+A...), azpimarra, gain-marra.
  • Arkatza eta borragoma.
  • Oharrak.
  • Testua ordezteko eta txertatzeko iradokizunak. 
  • Testu edizioa (letra mota, tamaina eta kolore aukerarekin).
  • Edizio guztiak bektorialak dira: aukeratu eta ezabatu, mugitu eta aldatu daitezke.

Laster-markak, bilatzeko tresna eta abar.

Foxit Reader versus Master PDF Editor


Foxit-en abantailak Masterrekiko
  • Interfazea sinpleagoa, intuitiboagoa eta erabilgarriagoa.
  • Nabarmentzeko tresna testuarekin jokatzen du eta ez zonekin.
  • Inprimaketak aukera ematen du inprimatzeko dokumentua edizioekin edo
    gabe. Horrek suposatzen du ez direla zertan gorde behar jatorrizkoa eta editatutakoa.
  • Foxit-en oharrak Evincek erakusten ditu (Masterrenak ez)
Masterren abantailak Foxit-ekiko
  • Erabiltzaile guztientzat instalatzen da.
  • Orriak txertatu, dokumentua zatitu, dokumentuak batu... 
  • Aukera gehiago ditu.



Instalazioa

Instalazioa fitxategi exekutagarri baten bidez egiten da eta aplikazioa edozein erabiltzailek egin dezake eta soilik berarentzako ibiliko da.
Foxit Reader deskargatzeko orrira joan, aukeratu Foxit Reader > Free Download eta agertzen den fitxan sistema aukeratu (Luberriren kasuan Linux 32 bit) eta Download. Deskargatzean deskonprimituko dugu fitxategi kudeatzailearekin eta azalduko da FoxitReader.enu.setup.1.0.0.0909(r186903).run fitxategia; fitxategia exekutatu eta Aplikazioak > Grafikoak atalean agertuko da.


Bukatzeko
Software librean hutsune handia dago PDF fitxategien edizioan. Evince oso aplikazio pobrea da, arina baina edizio tresnarik ez du. Okular aplikazioak baditu edizio tresnak baina soilik Okular-en ikusten dira haren oharrak eta nabarmentzeak. Egoera horrela segitzen duen bitartean Master PDF Editor edo Foxit Reader bezalako software pribatiboa segitu beharko dugu.


Beste Linux-eko aplikazioak
Software bilduma

Moodle: nola ezeztatu matrikulak

Moodle-en matrikulak eskuz egitea erraza da baina matrikulak bertan bera uztea ez da hain intuitiboa.

Ikus dezagun nola ezeztatu daitezke matrikula bat edo batzuk.

Lehenik eta behin kudeatzaile edo irakasle bezala sartu, ikastaroa ireki eta haren kudeaketan Erabiltzaileak hauta eta Matrikulatutako erabiltzaileak.
1- Matrikulazio metodoetan Eskuzko matrikula hautatu eta...
2- Iragazia pasako dugu. Une horretan erabiltzaileen ezkerrean kontrol laukiak agertuko dira. Ezabatu nahi d(it)ugun erabiltzailea(k) hautatu eta...
3- Aukeratutako erabiltzaileekin Ezabatu hautatutako erabiltzaileen matrikula.

Oharra
Sistema honek eskuz matrikulatutako ikasleentzat balio du, kohorteen sinkronizazioaren bidez matrikulatutako ikasleei ezin zaie banaka baja eman.