2010/06/30

Ubuntu: Fitxategiak ekipoan bilatzen



Ez dago dudarik, fitxategiak topatzeko metodorik eraginkorrena berauek karpetatan egoki antolatzea da. Baina metodikoenari ere galtzen zaizkio fitxategiak lantzean behin.

Nola topatu fitxategi bat Ubuntun? Ezagupen teknikorik ez duen erabiltzaile arruntaren eskarmentutik lau aplikazio komentatuko ditut.

Batetik ditugu aldez aurretik informazioa indexatzen (aztertzen eta ordenatzen) ez duten aplikazioak, Ubunturen kasuan bi dira eta sistemarekin batera instalatzen dira:
  • Nautilus arakatzailearen bilaketa tresna. Edozein karpetan gaudela lupa baten ikonoarekin agertzen da. Hitz gutxitan argazkilariaren zaldia baino motelagoa da. 
  • Aplikazioak > Gehigarriak > Bilatu fitxategiak Gnome-search-tool aplikazioa martxan jartzen du eta find, locate eta grep komandoak erabiltzen ditu. Azkarra da eta fitxategiak bilatzeko izanaz gain, haren barneko testu zatiak, tamaina, datak eta abar erabili daitezke.

Bestetik erabili aurretik gure ekipoaren edukia indexatzen duten aplikazioak daude, hauek fitxategien izenak eta beraien barneko testuak aztertu eta terminoen indizeak sortzen dituzte. Horri ezker bilaketak aurrekoak baino askoz azkarrago egiten dituzte. Kategoria honetan Ubuntun gehien erabiltzen direnak Google Desktop eta Beagle dira. Biak instalatu behar dira Google Desktop deb fitxategia jaitsi eta exekutatuta eta Beagle Software-biltegitik. Instalatu ondoren ezarpenak markatu behar dira, batez ere zeintzuk karpeta, posta bezero, RSS eta abar indexatzea nahi ditugun. Biak frogatu ditut eta bakoitzetik hau nabarmen dezaket:
  • Google Desktop goiko panelean agertzen da eta Beagle baino azkarrago dabil baina indexatzeko 30 ordu behar izan ditu; bestetik lehen zortzi elementuak zerrenda batean baina gainerakoak web nabigatzailetik begiratu behar dira. Indexatzen ahal dituen elementuen artean Gmail dago. 
  • Beagle Aplikazioak > Gehigarriak > Bilatu izenarekin agertzen da, lehen aipatutako Bilatu fitxategiak-en ondoan. Ez nahastu. Honek 20.000 inguru fitxategi ordu batean indexatu ditu; Google Desktop baina pixka bat motelagoa da baina emaitzak garbiago eskaintzen ditu, kategorietan antolatuta eta klikatzeko moduan; gainera software librea da. Google-rena bilaketako testua terminoaren edozein partean bilatzen du, Beagle ordea termino hutsa bezala, beraz, honekin  atzetik edo aurretik * komodina erabiltzea planteatu behar dugu.

Labur bilduz, Nautilusena baztertzeko modukoa da. Bilaketak sarri egiten ez badugu -batez ere barneko testuetako bilaketak- gehigarrietako Bilatu Fitxategiak nahiko izan daiteke eta agian panelera eramatea komeni zaizu. Azkenik bilaketak sarri, eta gainera fitxategi barneko testuan bilatu nahi baduzu, indexatzen duten aplikazioetako bat instalatzea komeni zaizu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina