2021/12/05

Nola sinkronizatu Nextcloud egutegi bat Lightning egutegiarekin

 Lightning Thunberbird posta bezeroaren egutegia da. Bertan egutegi lokalak sor daitezke baina interesgarriena lineako egutegiak sinkronizatzea da. Ikus dezagun nola sinkronizatu daiteke Nextcloud hodeian oinarritutako egutegi bat:

Lehenik eta behin egutegiaren webgunera joango gara eta egutegi pertsonalaren esteka pribatua arbelean kopiatuko dugu.

Ondoren Thunderbird ireki eta egutegiaren fitxara joango gara. Bertan klikatuko dugu + ikurrean adierazteko egutegi berri bat nahi dugula.


Esango diogu egutegia sarean dagoela.


Eta CalDav formatua duela. Eskatuko digu jatorrizko egutegiaren hodeian dugun erabiltzaile izena eta itsatsiko dugu arbelean kopiatu dugun arbelaren helbidea.


Azkenik egutegi honentzat asmatuko dugu izen adierazgarri bat eta ditugun beste egutegietatik bereiziko duen kolore bat.

Onartu eta segundo batzuetan ditugun gertaerak sinkronizatuko dira. Hemendik aurrera Lightning-en ikusiko ditugu egutegian sortzen ditugun gertaerak eta bertatik sortu ahal izango ditugu. 

Lightning egutegiaren abantaila handi bat da hainbat egutegietako gertaerak ikusten ahal ditugula batera: pertsonala, lanekoak, elkartetakoak... Zenbait editagarriak izango dira eta beste batzuk ikusteko soilik (jaiegunak...).



2021/11/30

Nola konfiguratu Foliate epub fitxategiak irakurtzeko aplikazioa ikusteko arazoak dituzten ikasleentzat

 Foliate Linux sistemarako liburu elektronikoen irakurtzeko aplikazioa da. Aurreko mezu batean deskribatu nituen bere ezaugarri nagusiak, erabilera, ezarpenetako oinarrizko aukerak eta instalazioa.

Gaur bere posibilitateetan sakonduko dut ikusteko zailtasunak dituzten ikasleei begira (eta ikusmen nekatua dugun irakasleei begira).

Ikusteko zailtasunak dituzten pertsonek bere saioan Foliaten konfigurazioaren aukerak ezagutzea komeni da. Nik aukera batzuk komentatuko ditut baina ez norberak ebaluatu behar du zein komeni zaion. Menuan ditugu aukera guztiak:

  • Letra mota eta tamaina. Orokorrean letra txikia denean serif letrek, alegia bukaeretan dekorazioa dutenak,  errazago irakurtzen omen dira. San serif -dekorazio gabeak- garbiagoak dira baina tamaina batetik aurrera komeni dira.
    San serif eta serif
     
  • Irakurgarritasunari begira propio diseinatutako letra mota bat dago: Atkinson Hyperlegible. Mezu honetan azaldu nuen nola instalatu. Horrela ezarri eta ikusten da Foliaten: 

 

Kaptura honetan ikusten da letra mota eta tamainaz gain pantailaren distira, lerroartea, marjinak eta zabalerak ere kontrola daitezke.

  • Unai Elorriagaren hitzak Atkinson Hiperlegible letran.


  • Itxura edo gaia. Irakurgarritasunari begira kontraste handiko itxurak erabiltzea komeni da.

Argia eta Negatiboa dira, berez kontraste handiena dutenak. Nire ustez atzeko plano iluna dutenek bista gutxiago nekatzen dute.

 Menuko aurreratuetan ere erabaki dezakegu bi zutabeetan edo bakarrean ikustea. Eta ez luzatzeko, azkenik beste parametro garrantzitsu bat aztertuko dugu:

  • Testutik-hizketara. Ikusmen arazo larrietan eta ahoskatzea lantzeko ordenagailuari eskatzen ahal diogu testu irakurtzeko (TTS text-to-speach).
Baina horretarako TTS aplikazio bat gutxienez instalatu beharko dugu.

 

Bi TTS aplikazioak probatu ditut eta eSpeak NG da hoberen funtzionatzen duena euskara eta gazteleraren kasuan, nahiz eta ahotsa oso metalikoa izan. Ubuntu eta deribatuetan instalatzeko terminalean agindu hau itsatsi:

sudo apt install espeak-ng

Ingelesezko testuak, ordea, hobeto irakurtzen ditu, nire ustez, Festival aplikazioa. Ubuntu eta deribatuetan instalatzeko:

sudo apt install festival

Behin aplikazioa(k) instalatuta eta Foliateko hobespenetan hautatuta, erabiltzeko bi era daude: saguarekin pasarte bat hautatu, eskuin klik egin eta kaskoen ikonoan klikatua pasartea irakurriko du edo letra bat edo batzuk hautatu eta Irakurri ozen hemendik klikatu eta irakurriko du harik eta guk, beheko panelean, kaskoen ikonoan klikatu arte.

Irakurgailua aktibatzeko bi moduak

2021/11/25

Luberri_20.04.5 bertsio berria eskuragarri dago

 Luberri Linux ikaskuntzara bideratutako distribuzioak bertsio berria du: Luberri_20.04.5 eta, aurrekoak bezala bi aldaerak ditu Ub Ubiquity instalatzailearekin eta Sb Systemback instalatzailearekin.

Hona hemen bertsioaren berritasunak:

Ubiquity bertsioan harrera-pantailaren (Lightdm-ren) sistemaren ezarpenetatik aldatzea galarazten zuen errorea konpondu da.

Aplikazioa berriak:

  • Scratux 1.4.0.6ren ordez Scratch Desktop 3.3.0 Internet erabili gabe Scratch-en azken bertsioa erabili ahal izateko. Euskaraz jartzeko panelean lurraren ikonoa klikatu behar da.
  • Kruler (Irudiak) pantailako objektuak pixeletan neurtzeko. Praktikoa webgintzan.
  • BackInTime (Sistemaren tresnak): seguritate kopiak egiteko aplikazioa. Hautatu daiteke zeren babeskopia egin eta non, esteka gogorrak erabiltzen dituenez dokumentuen bertsioak gordetzen ditu asko okupatu gabe. Ikastetxeetan zerbitzariak egiten ditu karpeta pertsonalen babeskopia baina bestelakoetarako interesgarria izan daiteke.
  • Tuxmath (Hezkuntza) oinarrizko eragiketa matematikoak jolasen bidez lantzeko. Momentuz ingelesez dago baina erraza da erabiltzen.
  • Sb bertsiotik kimikarako Avogadro eta Kalzium kendu behar izan ditut tokia egiteko. Ondoren instalatu daitezke.

Eguneraketak: sistema eta aplikazioak 2021/11/24 datan eguneratuta. Kernela 5.4.0-89 Sb bertsioan eta 5.11.40 Ub bertsioan.  

Deskargatu nahi baduzu eskuineko panelean Luberri instalazioa elementuan klikatu eta bertsioak eta instalatzeko jarraibideak topatuko dituzu bertan.

 

2021/11/24

Linux: nola instalatu Scratch-Desktop

 Scratch MITek programazioa era dibertigarrian ikasteko sortutako aplikazioa da. Linean erabili daiteke ezer instalatu gabe edo mahaigaineko aplikazioa instalatuta Internetik gabe ere erabili ahal izateko.

Kontua da proiektu ofizialak ez duela eskaintzen Linuxerako bertsioa, baina komunitateak erremedioa jarri dio. Scratux izeneko saiakera bat egon zen baina 1.4.1 bertsioan gelditu zen. Orain Redshade Robotics enpresak Scratch Desktop edo Mahaigaineko Scratch izeneko aplikazioa garatu du eta Scratch 3.3.0 bertsioa eskaintzen du.

Scratch Desktop-en logoa

 Scratch zure Linux ordenagailuan instalatu nahi baduzu joan Github-eko gune web-orri honetara:

https://github.com/redshaderobotics/scratch3.0-linux/tree/3.3.0

eta zure distribuziora dagokion instalatzailea deskargatu. 

Luberri, Ubuntu, Mint, Debianerako scratch-desktop_3.3.0_amd64.deb

Deskargatu duzun karpetara joan eta, toki librean eskuin klik egin, ireki terminalean eta bertan:

sudo gdebi scratch-desktop_3.3.0-amd64.deb

edo

sudo dpkg -i scratch-desktop_3.3.0-amd64.deb

Aplikazioa Hezkuntza atalean agertuko zaizu Scratch Desktop izenarekin. Abiatzeko klikatu eta, erabiltzen duzun aldiro, euskaraz jartzeko paneleko lurraren ikurrean klikatu eta Euskara hautatu.

 

Lineako aplikazioarekin alderatuta bertsio honek ez du Internet behar eta ez du wifi buxadurarik sortzen. Sb3 luzapeneko proiektuak ordenagailuan gordetzen dira eta etxean erakutsi edo osatzeko USB batean edo hodeian gorde behar dira.

Kontuan izan bertsio berriagoak ateratzen direnean lehen aipatutako Github-eko webgune horretan jarriko dituztela.


Linux-GNU beste aplikazio interesgarriak

2021/11/23

Nola sartu Luberri duen ordenagailu bat ikastetxeko Windows - Premia domeinuan

 Luberri sistema prestatuta dator Windows domeinu batean sartu ahal izateko (horretarako Pbis Open eta libpam aplikazioak erabiltzen ditu)

Zertarako sartu domeinuan?

  • Domeinuko edozein erabiltzailek ordenagailua erabili ahal izateko erabiltzaile izena eta pasahitza sartuta. Bestela administratzaileak bakoitzari erabiltzaile bana sortu behar dio.
  • Zerbitzarian partekatuta dauden karpetak erabili ahal izateko. Nork bere erabiltzaile izenekoa eta bere erabiltzaile-taldeari dagozkionak.

Ordenagailua domeinuan sartu ahal izateko sarera konektatuta egon behar du kablez edo wifiz.

Sartzeko scripta hemen dago: Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Domeinuan-sartu

Kontuan izan eskatzen den administratzailea ez dela ordenagailukoa domeinukoa baizik.

Behin datuak sartuta segundo batzuen ondoren pantailan agertuko da SUCCESS hitza adierazten duena prozesua behar bezala osatu dela. Success-en ordez errore mezu bat agertzen bada ordenagailua ez dago sarera konektatuta edo daturen bat gaizki sartu dugu. Hortik aurrera administratzailearen saioa itxi dezakezu eta domeinuko edozein erabiltzailearekin sartu.

Sartzean, goiko paneleko eskuin aldean, erabiltzailearen izena agertuko da eta fitxategien arakatzailean dagozkion zerbitzariko karpetak: pertsona eta orokorraz gain irakasle, ikasle edota administraziokoa. Agertuko ez balira bi arrazoiengatik izan daiteke: ez daukagu pam_mount.conf.xml fitxategia behar bezala konfiguratuta edo ordenagailuari ez dio eman karpeta partekatuak hautemateko. Lehenengo kasuan begiratu mezu hau eta bigarrenean, ordenagailua itzali gabe, saioa amaitu eta saioa hasi.

Luberri Linux: nola ikusi eta erabili domeinuko zerbitzaria edozein ordenagailutik

 Mezu hau EAEko ikastetxe publikoen kasuan oinarrituta dago.

Luberri Linux instalatuta baduzu ikastetxeko ordenagailuren batean eta ordenagailu horretatik kontrolatu nahi baduzu domeinuko zerbitzaria (terminal server) hau da egin dezakezuna:

Abiatu Aplikazioak > Internet > Remmina

Mezua idazteko unean Luberrik Remmina 1.4.2 bertsioa darabil.

Urrutiko ordenagailuak kontrolatzeko hiru protokolo erabiltzen ditu:

  • RDP (Remote Desktop Protocol) Windowsak kontrolatzeko
  • VNC eta SSH Linuxak kontrolatzeko.

Kasu honetan ikastetxeko zerbitzaria Windows Server denez RDP protokoloa erabiliko dugu. 

Ordenagailu horretatik behin edo oso noizbehinka erabili nahi baduzu zuzenean RDPren ondoan idatzi zerbitzariaren IPa. 

 

Zerbitzariaren IPa gogoratzen ez baduzu kontsultatu dezakezu paneleko konexioaren ezaugarriak (ikastetxean zaudela, jakina):

DNS atalean bi helbide agertuko zaizkizu:

  • 8 zenbakiz bukatzen dena ZOR B izango da, Active Direktory kudeatzen duena (erabiltzaileak, taldeak, ordenagailuak...). H
  • 1 zenbakiz bukatzen dena ZOR A izango da, datuak gordetzen dituena. Bertatik esate baterako kontrola dezakezu karpeten baimenak.

Esan bezala, behin sartzeko aski duzu RDPren ondoan behar duzun zerbitzariaren IPa sartu eta, proposatzen duen zertifikazioa onartuta, eskatuko dizun erabiltzailearen izena eta pasahitza sartu eta domeinuaren izena zehaztea (minuskulaz eta luzapenarekin, adib. h000000.net).

Normalean erabiltzen duzun ordenagailuan bazaude komeni zaizu zerbitzarien datuak gordeta mantentzea. Horretarako goiko paneleko + sakatuko dugu.


Eta agertzen zaigun fitxa beteko dugu dagozkion datuekin:


Segundo batzuetan konexioa aktibatuko da. Komeni da 1- zerbitzariaren pantaila Remminaren leihora doitzea eta 2- Remmina maximizatu eta pantaila osora hedatzea.


Remminaren leihoa minimizatzeko goian agertzen den marra zuria klikatu menua zabaltzeko eta beheko irudian ikusten den ikurra sakatu.
 


 ZOR A konfiguratu dugun moduan egin dezakezu ZOR B ekipoarekin eta horrela geratuko da eskaintza behar duzunean erabiltzeko prest.