2021/07/23

Krita euskaraz

 Krita KDE inguruneko diseinu grafikoko aplikazioa da. Oso interesgarria eskaintzen dituen posibilitateengatik, haien artean azpimarratzeko modukoa da konbinatzen dituela raster edo bitmap geruzak eta geruza bektorialak.

 Aplikazioa Linux eta Windowserako bertsioak ditu. Ia erabat euskaratuta badago ere, Linuxen ohiko instalazioa nahiko bertsio zaharra instalatzen du eta termino gehienak ingelesez.  Ikus dezagun nola instalatu azkenetariko bertsioa eta goitik behera euskaraz.

Ubuntu, Linux Mint edo deribatuak erabiltzen baduzu ireki terminala (Ctrl+Alt+t) eta itsatsi eta sartu, hurrenez hurren, agindu hauek:

sudo add-apt-repository ppa:kritalime/ppa
sudo apt-get update
sudo apt-get install krita krita-l10n

Hori eginda, mezu hau idazteko unean Krita 4.4.3 instalatzen da. Ikusten baduzu programa erdizka ingelesez agertzen dela, horrek esan nahi du hizkuntza paketea zaharkituta dagoela. Pakete hori berritzeko ireki synaptic aplikazioa (instalatuta ez baduzu sudo apt install synaptic egin) eta krita-l10n hizkuntza paketea berritzeko eskatu:

hizkuntza paketea 1.4.2.9tik 3.4.4.3-2ra berritzen

2021/07/14

Iñaki Sanz-Azkue loreen gaineko ezagutzaz artikulu ederra

 

 Wikimedia-n
Iñaki Sanz-Azkue biologo, Aranzadiko kide eta irakasleak irakurtzea eta gordetzea merezi duen artikulua idatzi du NAIZen basa loreen gainean, jendeak haien gainean duen ezagutzaz (izenak, funtzioak...), guraso eta irakasleek kulturaren transmisioan duten paperaz eta, besteak beste, loreen kontrako lorezaintzaz.

 

Izanak ez baina izenak bederen ezagutzeko Loretan web orriak gure inguru hurbileko hainbat loreen izenak erakusten digu, koloreen arabera sailkatuta.


2021/06/21

EAEko Hezkuntzako Moodle plataforman 2021-2022 ikasturterako berritasunak

 Urtero moduan jokatuz gero, uztailaren bukaeran EAEko Hezkuntza Sailak eskaintzen duen Moodle plataforma 3.8 bertsiotik 3.10 bertsiora pasatuko da.

Oro har ez dago aldaketa handirik. Itxura aldaketa handiak 2022-23 ikasturtean izango dira 4.0 bertsioarekin. Moodle Docs-en informazioaren oinarrituta, datorren ikasturteko berritasunik interesgarrienak zerrendatzen saiatuko naiz..

 

DENENTZAT


  • H5P integrazioa. Orain arte plugin baten bidez erabili izan da eta 3.9 bertsioan Moodlen integratu da. Badirudi hori nabarituko dela, batez ere kalifikatzeko aukeretan. Besteak beste H5P aktibitate batzuk ikasleen saiakeren segimendua egiteko aukera egongo da.
 
  • Partaideen bilaketa findu. Orain iragazi bidez findu ahal izango ditugu partaideen bilaketak.

 

  • Gora igotzeko gezia. Gaietan hasierara jotzeko gezia egongo da eskuin aldean. Praktikoa gaia luzea izan eta goraino igo behar dugunean.

 

 

  • Gunearen kudeatzaileak aktibatzen badu eta irakasleak, ikastaroaren ezarpenetan gaitzen badu, ikasleek ikastaroaren edukiak deskargatzen ahal dute offline erabili ahal izateko. Hau bereziki interesgarria da etxean internet ez duten ikasleentzat (ezarpenak euskaraz agertuko dira baina dudan probako gunean ezin izan dut aktibatu).


    Irakaslea ikastaroaren deskarga gaitzen.

    Ikaslea ikastaroaren edukia deskargatzen 











     
    • Azterketetan atzera kontua duen kronometroa. Ikasleek momentu oro izango dute ikusgai azterketa bukatzeko zenbat denbora falta den.
     
    Ikasleak azterketa bukatzeko falta den denbora ikusiko du

     
    • Karpetetan irudien aurrebista agertuko da estekaren gainean jartzean.

     


     IRAKASLEENTZAT

    •  Berritasunik deigarriena elementuen hautatzailea da, ikastaroaren elementuak zerrenda bakarrean agertu beharrean fitxetan agertuko dira jarduerak eta baliabideak eta barruan mosaiko eran erakutsiko dira.

     


    •  H5P edukien bankua. Ikastaro bakoitzean Edukien banku bat egongo da. H5P jarduerak sortzeko tokia izango da bankua. H5P jarduera bat erabili nahi dugunean Edukien banku horretatik hartzeko aukera izango  dugu. Horrek erraztuko du jardueren berrerabilpena.

    Edukien bankuko ikuspegia

    • Fitxategien hautatzaileak Edukien bankua agertzen da
       
 
    • Bestetik H5P plugin bat izatetik Moodleko barneko elementua izatera pasa da. H5P integrazio horren ondorioz, errazagoa izango da, besteak beste, irakaslearentzat H5P jardueren ikasleen segimendua eta kalifikazioa.

    • Edizioa aktibatu botoia engranajeko aukeren barruan agertu beharrean engranajearen azpian agertuko da, hartara begi bistan eta eskuragarriago egongo da.



    • Safe Exam Browser. Etxetik egiten diren azterketetan ikaslearen ordenagailua blokeatzeko aplikazioa dela uste dut. Windows eta MacOS-erako bakarrik deskargatu daiteke. Moodle galdetegietan irakasleak behartzen ahal ditu ikasleak aktibatzea. Espero dut oinarrizko hezkuntzan ez erabili behar izatea.
Galdetegiaren ezarpenetan izango den aukera berria.

 
  •  Ikastaroa kopiatzeko aukera gehitu dute engranajean. Moodleko gure gunean dagoen ikastaro baten antzeko ikastaroa egin behar badugu jatorrizkoa kopiatu ahal izango dugu abiapuntu gisa erabiltzeko. Nolabait ikastaro baten ikasleen daturik gabeko segurtasun kopia egin eta beste izen batekin berreskuratzearen parekoa.


  • Moodle.net biltegitik baliabide, jarduerak deskargatzeko aukera eskainiko du. Moodlek badarama denbora bat baliabide eta jardueren biltegi bat prestatzen non irakasle guztiok baliabideak eta jarduera kargatu edota deskargatu ahal dugun. Elementuak ondo etiketatu edo klasifikatuta materia, hizkuntza, ikaskuntza-maila... eta bestelako faktoreen arabera. MooodleNet-era joateko aukera jarri dute baina ematen dit proiektua oraindik berde xamar dagoela. Ideia oso ona da baina ondo diseinatu behar dute eta irakasleok elikatu beharko dugu.
 


 
  •  Ikasleen bertaratzearen kontrola. Jardueren artean orain Bertaratzea agertzen da eta bertaratzearen kontrola eskaintzen du. Aurrena irakasleak saioen datak eta ordutegia definituko ditu, banaka edo hala badagokio errepikapen zehaztuta. Saioan edo haren ondoren irakasleak markatuko ditu faltak justifikazioa eta oharrak zehaztuta. Informazioa txostenen bidez bistaratu daiteke eta kalkulu orri batera esportatu.

 


 Badira beste berritasun batzuk baina hauek dira nire ustez interesgarrienak.

 

 

Hemen duzue 3.9 eta 3.10 bertsioen aurkezpen bideo laburrak. Ingelesez daude baina nabigatzailea euskaraz konfiguratuta baduzu, azpitituluak gure hizkuntzan agertuko zaizkizu.

3.9 bertsioa

3.10 bertsioa

</div>
 
 
 
 

2021/06/11

Nola instalatu Luberri Eskola 2.0ko Toshiba Satellite Pro eramangarri txikietan

Eskola 2.0ko Toshiba Satellite Pro mini-eramangarrietan Luberri sistema instalatzeko sekuentzia hau izan daiteke:

  1.  Sartu Luberriren USB eta piztu. Komeni da Luberriren irudia Systemback edo Rufus-en bidez egina izatea zeren eta batzuk UEFI izan dezakete.
  2. Abio ordena aldatzeko pizteko unean F2 tekla sakatuko dugu (Fn gabe) eta BIOSean sartuko gara.
  3. BIOSean gaudela ezkerreko panelean Advanced > Change boot order                                                                       

  4. USB goraino eraman Up sakatuta


    eta onartu aldaketa (Save and Exit)

 

  

4. Systemback-en menuan bigarren aukera hartu: instalatu. Datuen fitxa bete eta partizioen esleipen taulan aprobetxatuko dugu Ubuntu zaharraren partizioak: 4GB ingurukoari Linux-SWAP esleitu eta onartu eta ext4 partizio handiari sistema (/) esleituko diogu eta aurrera (Next).

 

Oharra:

Probatu dudan ikastetxean hauetako ordenagailu batzuetan CAUk W10 instalatu zieten. Horrelakoetan saiatu naiz Luberri W10ekin batera instalatzen eta ezin. Azkenean W10 kendu eta Luberri jarri dut. Horretarako BIOSean USB arrankea jarri dut baina ez dit utzi saguarekin eta teklen bidez egin behar izan dut. UEFI moduan abiatzen da automatikoki. Partizioen esleipen pantailan ordenagailuko partizio guztiak ezabatu ditut (Delete) eta hauek sortu ditut: 100MBkoa, 4000MBkoa eta gainerako espazio guztia hirugarrenean. Ondoren lehenengoari boot-efi, bigarrenari linux-swap eta hirugarrenari sistema (/) esleitu diet. Gruba EFI partizioan jarriko du. Next, aurrera!

 

2021/06/09

2021-22 ikasturterako egutegia

 Jendeak gero eta gehiago erabiltzen ditu egutegi digitalak baina paperezko edo sasi-digital hau ondo etortzen da planifikazio tresna bezala. 

 Deskarga

 Egutegia LibreOfficeko kalkulu orria da (ods) eta egutegi osoa du lehenengo fitxan...

...eta hilabetez hilabetetakoa hurrengoetan.


editatu daiteke edo zuzenean inprimatu.

2021/06/03

OBS Studioren audio nahastailea

 Aste honetan Josune Igoak formakuntza bat eman du Irungo Berritzegunean ikastetxeen irratien inguruan eta, beste gauza askoren  artean, irrati digitalen inguruan hitz egin dugu eta OBS Studio transmisio aplikazioaz aritu gara.


 

Zalantza nuen ea OBSren nahaste mahai digitalak mahai analogikoaren lana egin zezakeen.

 


Irratia gogoan, proba egin dut. Sortu dut eszena berri bat soilik audioak dituena:

  •  Audio irteeraren kaptura: ordenagailuko audio erreproduzigailua. Musika, zuzeneko bideokonferentzia, grabatutako elkarrizketak eta abarrerako erabili daitekeena.
  • Hiru mikrofono konektatu ditut: Hama mahaigaineko USB, entzungailuen mikroa jack (kaskoarena) eta Trust web-kamera USBrena.



Probatu dut eta ederki kontrolatzen ahal dira bolumenak.  Hori bai toki berean egonda hiru mikroak hiruek hartzen dute soinua. Beraz, irrati bat muntatzean garrantzitsua iruditzen zait  norabide bakarreko mikrofonoak erabiltzea.

Gogoan izan OBS Studio software librea dela eta euskaraz funtzionatzen duela.