2021/02/23

Nola instalatu Luberri Insys batean

 Duela hiruzpalau urte hornitutako ekipo da Insys eta bi gauza kontuan izan behar dira bertan Luberri edo bestelako GNU/Linux instalatzeko:

1- Ordenagailu honek duen sare konexioa GNU/Linuxen ez du funtzionatzen momentuz. Arazo horrek beste konponbiderik izango du baina nik egiten dudana da sare-txartel arrunt bat erosi (11€ inguru), PCI erretiluan jarri eta bertara konektatu ethernet konektorea, edo RJ45-USB3.0 konektore bat (15€ inguru) eta bertara konektatu ethernet(1).

2- Abio diskoa bakarrik funtzionatzen du ordenagailuaren aurreko aldeko bi USB 2.0etan. USBa hor dagoela F8-F12 arteko teklak sakatu Boot order edo abioaren ordena aldatzeko USBa hautatuta. Bestela Esc edo F2 BIOSetik ordena aldatu.

(1): Soluzio hau probatzen baduzu kontuan izan Ethernet-USB moldagailua ez duela edozein USB atakan funtzionatzen. Probatu beharko duzu.

2021/02/16

Luberri_20.04.2 bertsio berria prest dago

Luberrik bertsio berria du gaurtik, luberri_20.04.2 hain zuzen.

Hona hemen bere berritasunak:

  • Instalazio berriak: Scratch (aplikazioa instalatu dut, lehen online lotura zegoen), GoldenDict hiztegia euskara, ingelesa eta frantsesa (Wictionary eta Wikipedian oinarritua).
  • Euskaratzeak: Bertsio honetan Sweet Home 3D eta Draw.io(1) euskaraz daude.
  • Aldaketak mahaigainean: panela orain gardena da aplikazio guztiak itxita daudenean, paneletik software eguneratzailea kendu dut, Lekuak jarri dut, Mapak eta Foliate aplikazioak Hezkuntza atalera bidali ditut, beheko izkina beroa kendu dut.
  • Eguneraketak: sistema eta aplikazioak 2021/2/16

Instalatu nahi baduzu blogaren eskuineko panelean egin klik Luberri instalazioa botoian, deskargatu eta jarraibideak bete. USB live prestatu eta probatzen ahal duzu inolako arriskurik gabe.

Zehaztapenak:

Orain arte Luberrik onlineko Scratch-ekin egiten zuen lotura eta bertsio berriak offline bertsioa darabil, pixka bat zaharragoa baina hobeto eta arinago dabilena.

GoldenDict hiztegiak kudeatzeko aplikazio bat da eta Luberrin konfiguratuta dago euskarazko Wikipedia eta Wikiztegia kontsultatzeko, ingelesekoak ere bai eta frantseseko Wiktionary. Kontsultatu nahi duzun hizkuntza horietako terminoa idatzi eta berak bost toki horietan kontsultatzen du.


Draw.io-ren azken bertsioak (14.1.8) euskaraz dago. Kontuan izan behar da abiatzen den lehenengo aldian irekitzen den leihotxo urdin batean agertzen dela hizkuntza aldatzeko aukera: Language. Hor klikatu eta Euskara hautatu. Aplikazioa berrabiarazi eta euskaraz funtzionatuko du.

Sweet Home 3D etxeak diseinatzeko aplikazioa euskaraz funtzionatzen du Luberri honetan. Beste bertsio batean edo beste Linux batean instalatuta baduzu eta euskaraz jarri nahi baduzu mezu honetan azaltzen da nola egin.

2021/02/14

Sweet Home 3D euskaraz

Sweet Home 3D etxeak eta bestelako lokalak diseinatzeko aplikazio libre, plataforma anitza, sinple eta atsegina da.

Erabiltzeko modua oso erraza da. Gela edo etxea 2D plano batean diseinatzen da eta aplikazioak automatikoki 3D itxura erakusten du beheko leiho batean.


Ordena logikoa izaten da zorua marraztea, kontuan izanik saretaren karratu handiek metro bat dutela, ondoren hormak, gero ateak eta leihoak, eta bukatzeko berogailuak, altzariak, objektuak, argiak, landareak eta etxetik kanpokoak katalogotik hartu eta 2D planora arrastatuko ditugu.

Elementuak mugitu eta biratu daitezke, eta klik bikoitza eginda agertzen den koadroan bere neurriak, testurak, distirak eta abar zehaztu daitezke.

Etxeak solairu bat baino gehiago badu behar dituenak joango gara gehitzen eta osatzen.

Internetetik kargatu daitezke etxe modeloak eta altzari eta osagarrien bildumak.

Behin etxea prest dagoenean nahi dugun ikuspuntutik argazkiak ateratzen ahal ditugu edota bideoa grabatu markatu dezakegun ibilbide baten zehar.

Bideo honetan aplikazioaren hornitzaileak laburbiltzen du etxea osatzeko prozesua.


Aplikazioa Linux, Windows eta Mac-en erabili daitezke. Hemen dago deskargatzeko web orria: https://www.sweethome3d.com/download.jsp

Debian, Ubuntu eta deribatuetan instalatu daiteke terminalean agindu hau itsatsita:

sudo apt install sweethome3d

Instalatzean aplikazioa erdaraz agertuko da -ingelesez sistema euskaraz baduzu-. Euskaraz jartzeko urrats hauek eman behar dituzu:

S
  1. Joan aplikazioaren Itzulpenen orrira eta deskargatu "Other translation supported" atalean dagoen Euskara fitxategia (bertako estekan klik egiten baduzu deskargatuko da ere).


  2. Sistemak proposatuko dizu deskargatu berri duzun basque-6.4.sh3l fitxategia SweetHome3D aplikazioaren bidez irekitzea.

    Ados klikatu onartzeko eta aplikazioa hemendik aurrera euskaraz azalduko da.
 

 


Erabilera ikastetxeetan.

Aplikazioa hau oso interesgarria da lehen hezkuntzatik hasita, institutu eta unibertsitateraino. 

Hain da erraza ez dela ezagutza teknikorik behar. Gazte gaztetatik erabili daiteke. Esate baterako, ikasleei eskatzen ahal zaie bere logelako planoa paper koadrikulatuan marraztea -neurriak hartuta bada hainbat hobe- eta gero, irakaslearen laguntzaz, ordenagailuan diseinatu. Tresna ederra neurriak, eskalak eta matematika orokorrean lantzeko, baita kolorea, diseinua, testurak, argiak eta abar. 

Bereziki interesgarria da, behin oinarrizko erabilera kontrolatzen dutenean, haiek sortzea gogoko logelak, etxeak, lokalak, ikasgelak eta abar.

 

Sweet Home 3D Luberri sisteman integratuta dago eta haren hurrengo bertsioan, noski, euskaraz mintzatuko da. Baina zuk aplikazioa instalatuta baduzu ez duzu itxaron behar, hizkuntza-paketea deskargatu eta inplementatu.

Linuxeko beste aplikazioak kontsultatu ditzakezu.

2021/02/03

Linux, inprimatzeko baimenak

 Luberri sistema eta GNU/Linux gehienetan inprimaketak kudeatzen dituen zerbitzua CUPS aplikazioak ematen du. Aplikazio honek eta Linuxen kernelak azken urteetan asko aurreratu dute eta orain ordenagailuak detektatzen dituzte automatikoki lokalki lokalki lotuta dituzten inprimagailuak eta sareko asko. Zoragarria da sareko administratzaileentzat baina batzuetan arazoren bat sortzen du, esate baterako ikasleei inprimagailuak ere agertzen zaizkie, eta askotan ez da komeni.

Nola galarazi ikasleei instalatuta dagoen inprimagailu bat erabiltzea?

Administratzaile gisa ireki Sistemaren ezarpenak > Hardware > Inprimagailuak eta ikasleei galarazi nahi duzun inprimagailu(et)an eskuin klik egin > Propietateak > Erabilera kontrola.

Hor bi aukera dugu: baimentzea batzuei edo galaraztea guztiei bat edo batzuk salbuetsita. Oro har, gehienetan interesgarriena izango da debekatzea guztiei irakasleei izan ezik. 



Dena den sistema horrekin beste hainbat aukera ere badira.

2021/01/19

Luberri_20.04.1 bertsio berria prest dago

Esaten da edozein 0 bertsioak limatu gabeko izkinak dituela eta hori gertatzen zitzaion Luberri_20.04.00 bertsioari, bazituen limatu beharreko izkin batzuk. 

 

Batetik Linux Mint-ek hartutako erabaki bat zela medio bere Firefox aplikazioan Google bilatzailea erabiltzeko buelta pare bat eman behar dira, eta eskoletan, tamalez, haren dependentzia handia dago eta bueltak emateko tenore gutxi. 'Arazo' hori Ubunturen Firefox instalatuta konpondu dut. 

Bestetik, segurtasun arrazoiak direla medio, bai Ubuntuk bai Mintek gonbidatua saioa baztertu dute. Zenbait ikastetxe, liburutegi, elkartetan, ordea oso erabilgarria da eta Lezoko Xabier Morazaren laguntzari esker bertsio berriak gonbidatu saioa du.

Aplikazio berriak etorri dira Luberri taldera:

  • Chromium nabigatzailea bueltatu da. Linux Mint errepositorio bat berarentzat muntatu du eta horrek bidea erraztu du.
  • Draw.io diagramak egiteko Googlen mahaigaineko aplikazioak online aplikazioa baino arinago funtzionatzen du eta diagrama ez hierarkikoak eta infografiak egiteko tresna baliotsua da.
  • Sound Converter audio formatuen bihurtzailea Handbrake bideo bihurtzailearekin batera bertan behera geratu den Curlew bihurtzailearen tokia oso ondo betetzen dute.
  • Distira kontrolatzeko Brightness and gamma apletta eramangarrien distira paneletik kontrolatzeko aukera ematen du. Hainbat ekipok ez dute teklatu bidez kontrolatzeko aukerarik ematen behar hori aplett berriak betetzen du.

Horretaz gain sistema eta aplikazioak 2021/1/19an eguneratuta daude. 


Luberri_20.04.1 deskargatzeko eskuineko panelean Luberri instalazioa klikatu eta bertsioaren iso irudia deskargatu ahal izango duzu. Iso fitxategi horrekin liveUSB bat sortzen ahal duzu eta haren bidez Luberri sistema live moduan probatu, deus aldatu gabe, eta gustatuz gero instalatzen ahal duzu. LiveUSB edo abio USBa nola sortu, probatu eta instalazioa nola egin instalazio jarraibideetan deskribatzen da.

2021/01/13

Nola gaitu gonbidatua saioa Linux Mint banaketan

Erabiltzaile gonbidatua oso praktikoa da liburutegi, gaztetxe... eta identifikatu gabeko ikasleak erabiltzen dituzten ikastetxeetarako.


Distribuzio nagusiek segurtasun arrazoiak direla medio ezkutatu badute ere hona hemen Linux Minten (Cinnamon eta Mate behintzat) nola aktibatu daiteke. Terminalean itsasi eta exekutatu hurrenez hurren hauek:


sudo apt-get install apparmor-utils
sudo aa-complain /usr/lib/lightdm/lightdm-guest-session

Hori eginda gonbidatu (guest) erabiltzaileak ematen zuen arazoa konpontzen da. Orain aktibatu behar da. Horretarako kontuan izan behar dugu saio-hasierako pantaila (lightdm pantaila) Linux Minten ezarpenetatik konfiguratu daitekeela. Sistemaren ezarpenak > Administrazioa > Saio-hasieraren leihoa  > Erabiltzaileak > Onartu gonbidatu saioak  aktibatu.

Ordenagailua berrabiarazi behar da gonbidatu saioa hasteko. Gonbidatu saioan hastean agertzen da mezu bat gogoan izateko ez gordetzeko informazioa diskoan zeren eta aldiro sortzen du gonbidatu desberdin bat.