2016/12/18

Nola sortu gif animatu bat OBS Studio aplikazioaren bidez

OBS Studio bideo grabazioak eta transmisioak egiteko aplikazioa da. Aurreko mezu batean idatzi nuen haren gainean.
Gaur bere gaitasun bat komentatu nahi dut, GIF animatuak egiteko posibilitatea.

Animazio txikia eta laburra

Pantaila kaptura animatu bat erakutsi nahi badugu eta berau laburra eta oso handia ez bada agian komeni zaigu jartzea GIF animatu moduan eta ez bideo moduan, hartara erreproduzigailua ekidin egingo dugu. Era berean erabiltzen ahal dugu bideo sekuentzia txikietarako.

Ikus dezagun nola egin daitekeen.

Irekiko dugu OBS Studio eta bertan sortuko dugu eszena berri bat. Eszena horretako elementu edo iturburuetan  leiho kaptura sartuko dugu.


Eta ondoren azpiko gurpil horzduna sakatuko dugu zehazteko zein leiho eta nola.

Leiho kapturaren ezaugarriak: zein leiho eta leihoaren zein zati.
Kasu honetan nik bideo bat grabatuko dut bere zati batekin gif animatu bat egiteko. Ez zait leiho osoa interesatzen, beraz azpiko lau kontroletan zehaztuko diot zenbat pixel kendu behar duen alda bakoitzetik.

Grabazioa egin aurretik azalduko diogu ez dugula bideo egin nahi GIF animatua baizik. Horretarako interfaze nagusian, eskuin aldean, Ezarpenak elementuan klikatu eta, ondoren, Irteera atalean hautatuko dugu Grabatzen fitxa. Fitxa honetan Mota atalean estandarraren ordez Irteera pertsonalizatua (FFmpeg) hautatuko dugu eta edukiontziaren formatuan bideo kodek guztien artean gif (Bideoa) hautatuko dugu.


Orain aski dugu Grabatzen hasi eta Grabatzen amaitu eman eta aurreko irudian ikusten den moduan Fitxategi-bidea edo URL-a markatu dugun tokian agertuko zaigu GIF berria eguna eta orduaz izendatua.

Gitarraren sokak


Behin grabazioa bukatu ondoren, hobe dugu Edukiontziaren formatua aldatzea ohiko formatu batera, webm edo mp4 zeren eta hautatzen dugun azkena geratzen da prest hurrengo grabaziorako.


Bideo zatiak GIF animatu bihurtzeko beste metodo batzuk daude. Batetik Mplayer edo El atareaok avcon aplikazioan oinarrituta proposatzen duen 2gif. Beste metodo bat Cloudconvert.com online zerbitzua da.

2016/12/17

Moodle: aldaketak ikastaroen formatuen izenetan



Moodle ikastaroen ezarpenetan zehaztu behar da ikastaroaren formatua. Formatuen izenak izana hobeto adierazteko asmoz lokalizazioaren arduradunek aldaketa batzuk egin dituzte. Hona zein diren aldatu diren formatuen izenak eta izendapen berria:

Formatu irekia   --->  Foro-formatua
Gaika formatua  --->  Gai-formatua
Asteka formatua --->  Aste-formatua

Moodle-en interfazea eta dokumentazioaren lokalizazioan parte hartu edo  hobekuntza eta zuzenketak proposatu nahi badituzu hemen duzu komunitatearen gunea: https://moodle.org/course/view.php?id=42

2016/12/15

Nola sinkronizatu Gmaileko bi kontu Thunderbirden bi helbide libururekin.

Hau izan daiteke ohiko kasu bat: erabiltzaile batek Gmail-eko hainbat kontu ditu, demagun bat pertsonala eta bestea profesionala (Google Suite-ena adibidez), biak Thunderbird-en ezarrita. Ikus dezagun nola sinkronizatu daiteke bakoitza bere helbide liburuarekin.

Thunderbird-en komeni da edukitzea helbide-liburu bana arlo bakoitzerako pertsonala eta profesionala. Horretarako sortzen ahal dugu helbide-liburuak
eta kontaktuak eta taldeak antolatu.


Google-kiko kontuen sinkronizazioa egiteko badirudi egun dagoen Thunderbird-en gehigarririk onena Gcontactsync dena.

Behin Gcontactsync instalatuta Gmaileko kontu bat eskatuko digu eta adierazi behar diogu zein helbide-libururekin lotu behar dugun (eta nola, alegia zein noranzkoan edo noranzko bietan). Era berean helbide liburuen kudeaketa tresnaren menuan Gcontactsync elementua erantsiko dio.



Gure kasuan Gmaileko bi kontu dugunez bigarrena lotzeko goiko irudiko menuan "New Account" hautatu eta esango diogu zein den bigarren kontua, baimendu eta ondoren adierazi beharko diogu zein helbide-libururekin (eta nola) sinkronizatu behar den.

Nola instalatu Adobe Acrobat Reader Luberri erremasterizazioan

EAEko administrazioak tarteka Acrobat bidez egindako formularioak bidaltzen ditu PDF formatuan eta, besteak beste, Linuxen ezin dira ireki.

Ikastetxeko ordenagailuren batean software pribatiboa den Adobe Acrobat Reader instalatu nahi baduzu hona hemen nik erabiltzen ditudan jarraibideak, labur.

Luberri 32 bitekoa bada (ez badakizu terminalean exekutatu uname -a) instalatu Linuxerako dagoen bertsio zahar zaharra baina formularioak betetzeko nahikoa dena Ask Ubuntuko mezu honetan zehazten den eran.

Luberri 64 bitekoa bada aurreko sistemarekin instalatzen da baina bakarrik administratzailearen saioan dabil. Topatu dudan irtenbide bakarra da PlayOnLinux instalatzea Ask Ubuntu dion bezala. Gero aplikazioa erabili behar duen erabiltzailearen saioan sartu, Jokoak ataletik PlayOnLinux abiatu, Adobe Reader DC bilatu eta instalatu. Erabiltzaileari lasterbide bat sortuko dio mahaigainean. Kontuan izan PDF bat irekitzeko arakatzailean bere karpeta nagusira joan beharko duela.


Ea Jaurlaritza noiz konturatzen den zerbitzua emateko dagoela eta ez hiritarrak haren zerbitzuan dantza arazteko.

Moodle Boost gaia probatzen MoodleCloud-en

Moodle 3.2 bertsioak ekarri duen berritasunik nabarmenena Boost itxura berria da. Itxura honek interfazearen antolaketa guztia aldatzen du. Onerako eta txarrerako. Onerako handitzen duelako erdiko zonaldea, aktibitate eta baliabideen alderdia alegia. Hori bai, itxura berri honekin berrikasi behar da aukerak eta kontrolak non dauden.

Erabiltzen duzun Moodle eguneratu bitartean (eta Jaurlaritzarena bada eserita itxaron beharko duzu) bertsio berria MoodleCloud-en bidez proba dezakezu, izan ere gaur MoodleCloud 3.2 bertsiora eguneratu dute.

MoodleCloud berri bat sortzen baduzu Boost itxurarekin etorriko da eta MoodleCloud bat baldin bazenuen eta Boost itxura erabili nahi baduzu aldatu beharko duzu itxura gunearen kudeaketan, beheko irudian ikusten den eran:


Ikus dezagun, gutxi gora behera, zer itxura hartuko duen zure ikastaroa:

OBS Studio aplikazioaz egindako pantaila kaptura GIF formatuan
GIF animatuan ikus daiteke ezkerrean blokerik ez dagoela eta nabigazio menu berrian klikatuta agertzen direla, besteak beste, partaideak eta gunearen kudeaketa. Ezarpenen ikonoan klikatuta bistaratzen dira editatzeko moduaren aktibazioa eta ikastaroaren ezarpenak. Goiko panelean agertzen da erabiltzailearen izena eta irudia eta erabiltzailearen aukerak, hala nola kalifikazioak, bere mezuak eta profila.

Probatu nahi baduzu sartu Santurtziko Euskaltegiko Ikasgelan  eta sakatu goiko ezker aldean dagoen menuan (hiru marratxo horizontal) ikusteko nolatan edozein orritan menua agertzen eta desagertzen den edukiaren zona zabalduz.

Zer iruditzen zaizu Boost itxura?

2016/12/11

stickpng.com PNG irudi gardenen bilatzailea

Demagun tailerreko lanabesen koadro bat egin behar duzula erreminten
irudia eta izenarekin, edo Xmind-en bidez animali moten eskema bat egin behar dugula adierazgarriak diren espezien irudiekin, edo irakaslea zarela eta irudiak behar dituzula Open-Sankore
bidez arbel digitalean erabiltzeko. Horrelako gauzetarako oso interesgarriak dira atzeko planorik gabeko argazkiak eta irudiak, gardentasuna duten PNG formatuko irudiak.

Hona hemen gardentasuna duten PNG irudien bilatzaile bat:


Bertan bila daiteke izenaren bidez, ingelesez (gogoan izan euskalbar) edo katalogoaren bidez.

Irudiak doanik deskarga daitezke eta egile edo lizentzia konturik ez du aipatzen.

Irudiak kalitate eta tamaina handikoak dira. Irudiak arintzeko deskargatu ondoren Gthumb edo antzeko aplikazioaren baten bidez ireki eta tamaina txikitu daiteke.