Organic Maps OpenStreetMaps-eko informazioa erabiltzen duen geo-nabigatzaile librea da eta euskaraz hitz egiten du.
Aurrekoan bere ezaugarri nagusiak aipatu nituen.
Gaur ezaugarri bat zabaltzeko idazten dut. Libre eta euskalduna izan eta ondo funtzionatzeaz gain duen indargune garrantzitsu bat da ez duela konexiorik behar funtzionatzeko. Informazioa deskargatzen diren mapetatik hartzen du. Mapa horiek etxeko wifian deskargatzea komeni da (SDan gorde daitezke) edo behintzat konexioa dagoen toki batean. Hori eginda konexiorik gabe funtzionatzen du eta inportantea da bi faktoreengatik:
- Estaldurarik gabeko tokietan arazorik gabe funtzionatzen du.
- Behar duen informazioa deskargatuta duenez oso azkar dabil eta ez du kontsumitzen.
Mapak deskargatzean informazio grafikoa deskargatzeaz gain POI edo interesgune, komertzio eta gainerako puntuen informazioa ere deskargatzen du: webgunea, posta elektronikoa, telefonoa, irekiera eta itxiera ordutegia... eta ingelesezko Wikipedian informazioa badu sarrera ere eskaintzen du eta "gehiago" sakatuta informazio osoa. Wikipediako informazioa ingelesez, euskarakoa lortu daiteke estekan sakatuta baina konexioa erabili behar du.
Bi bideotxo hauetan ikusten ahal da nola agertzen da informazioa beheko panela goratuz gero. Lehen bideoan interesgunea Txillidaleku da, nonbait ingelesezko Wikipedian ez du artikulurik, baina ordutegiak eta bestelako informazio praktikoa ematen du.
Bigarren bideoan Hondarribiko aireportuko informazioa ikusten da. Kasu honetan ingelesezko Wikipedian badu artikulua eta informazioan ikus daiteke artikuluaren sarrera eta, azpian duen "gehiago" estekan klikatuta, artikulu osoa.